BERE IZENA NABARRA
Cecil Day-Lewis

Bassarai, 2006
euskaratzailea: Jose Luis Padron
armiarma.eus, 2022

 

BIGARREN ATALA

 

Lehendabiziko kanoikadak ur-aparra eragin eta Matxitxako
lurmuturraren granitozko bizkarra jarri zuen dar-dar batean,
zuhaitzak haizearen aurka ari diren han bertan egin zuen ziztu,
harritik harrira jira-jauzika. Emakumeek aditu zuten,
azokara bidean zirela edo elizara,
zorigaiztoko kolpea bailitzan. Beldur-kezkaz haratago,
hots doinu harekin baletor bezala zorion berregitea
euskaldunengana, mendebalean hotz zebilen
laino-multzo artetik atera zen Galdames,

Canarias ontziaren mutur hats izoztuaren aurre-aurrean.

 

Ez zuen hark itxaron bere bost jaurtigaiak botatzeke,

eta ikara-larriak hartu zuen ontziaren bizkarra

jada lainoarena ez zen ke artean,

eta Galdamesak, haur eta emakume-multzoak

eroririk elkar tupust egiten zutela,

haren tiramenari ihes egin zion. Beldur-ikara larriak

astindu zituen haien gorputzak gogor, ordu arte bil-bil eginak

behe lainopean arkumeak bezala, geldi-geldiak kargaontzian

fardelak bezain. Baina piztiek dute orain

mehatxatzen, eta bandera zuria jaso kapitainak.

 

Canariasek pairuan jarri zuen estoniar gerra-ontzia
eta poliki-poliki gerturatu ere bere harrapakin aldera.

Lasaiegi: ez zen estoniar ontziaren ametsik
gaiztoenean ere sartzen bere marrazo haginetatik
ezer kendu ahalko ziotenik ontzi txiki halakorik.

Bien bitartean, Nabarra eta Gipuzkoa ontziek,
gizonak eta armak guda-borrokarako gertu,
aurrera lasai gabe. Bitan jo zuten Gipuzkoa
eta geyser bihur itsasoa ur-aparrez bor-bor
kanoi handien su egite etengabean.

Donostia txikia, isil-moduan eta aiduru

—haren kanoi txikiak ez ziren gauza,

labanatxoa bezala leviatan haren kontra—

maniobra ausarta baten lekuko izan zen, ohi ez bezalako balentria

ontzigintza-historian: Bizkaiaren laster-aldia

altzairuzko atomoa bailitzan, ero-zoramenez,

estoniar ontzi harengana bidean zuzen,

haren zeinu-banderak astinduz, ozeanoko itsas apar plazan

zezenaren bizkarrean aurrez aurre sartuko diren banderillak bailiran,

gordetze arren bere hegal-aldeak Canarias ontziaren begi-luzetatik.

 

«Nortzuk zarete? Zein duzue helmuga?», banderak galdezka.
«Munizioa daramagu, Pasaiara garamatzate»,
estoniarrak erantzun. «Zatoz portura», «Ezin dut».

Eta Bizkaiak, tinko: «Jarrai guri», eta kanoiak jartzen ditu

kargaontziaren saihetsalde handirantz begira,

zer dio ezkutatzen ausardiaz egindako zeinu elkar truke hark

Canariasen begiradari. Baina matxinoak ohartzen dira

ez dela alferrikako elkarrizketarik izan

eta estoniar ontzia Bermeorantz biratzen

dakusate, eta Bizkaiak haizebe aldera jotzen.

 

Euskaldunentzat bizitza zen, munizioa nahikoa

baitzeraman ontziak: itxaropen galduekin

gogaituak, hainbesteraino zauriturik beren lurra,

gehien behar zutena zekarten, «askatasuna» hitz hutsa baino ez den

haien krudeltasun atzerakoiaren aurrez aurre).

 

Hontza ur-gainean pausatua bezala,

Canarias ontziak, zur eta lur, seinaleak luzatu zizkion,
handiegia iruditu baitzitzaion

portuan sartu nahi bazuen: erabaki zuen arrain-ontziak
hondoratu ostean, bereganatuko zuela harrapakina berriro ere.

 

Era hartan oso armatuak, aurrera jarrai

heriotza langintza, jakin badakite

beren tiramen luzeagoak mendean hartuko duela

bous ontzien kemena: haren tiro egiteak, olatuen gora eta

beheran,

tigre azal itxura marrazten du kearen

baso basatian. Ternuako arrain-ontziek

ordu arteko irtenaldietan ezagutu gabeko

haize-kolpea hartzen dute: burdinazko ekaitzak dira

haien bizkar gainetik, haiek zapuzten,

baina borrokari eusten diote itzalez jantzitako ilunabarrean.

 

Lau arma baino ez matxino ontzi nagusiaren kontra,

guda-borrokak etenik ere ez

Gipuzkoa ontziko pitzaduretatik ere sua ageri

eta arrisku larrian bolborategia. Lur jota
itzuli ziren Nerbioi aldera, eta sugar arrosa lorea
ontziaren bular gainean

domina bat bezala, Areetan zenbaketa egin zutenean
eta ilaran jarriak, luze-luze lurrean hilotz
eta ke-hautsez zipriztindurik, gizonetan laurdena.
Kantauri itsasoko, Euskaldunen Herriko, gizonak.

 

BERE IZENA NABARRA
Cecil Day-Lewis

Bassarai, 2006
euskaratzailea: Jose Luis Padron
armiarma.eus, 2022