BERE IZENA NABARRA
Cecil Day-Lewis

Bassarai, 2006
euskaratzailea: Jose Luis Padron
armiarma.eus, 2022

 

HIRUGARREN ATALA

 

Orain Nabarra kementsua bakarrik da ringean,

zeru alargunaren azpian, itsasoa aldamenean,

eta hala ere tripulazioa bere tokian tinko,

txapelak jantzita, erronkan oihu egiten

eguzkiaren beheran, norgehiagokaren ordu mindu ilunean.

Bete zuen bere lana, egina ere bai bera baino hamar aldiz
handiagoa zen ontziarekin borroka. Bazuten atzera itzultzerik.
Baina nahi antzean zeuden, hura nahastu
eta Galdamesen ihesaldia gordeko zuten itxaropenaz, haren
bihotz eta diru zama, hain baliotsua dena.

Nahiz eta armaz hobeagoa, Canarias ontziak,
ikusirik oraindik euli hark ziztada egin zezakeela,
urruti antzean eutsi zion haren tiramenaren ertzean,
keari heldu eta tiraka bezala zirkulu bat eginez.

Baina Nabarra ontziak, bere berezko adorean,
saihets aldeari eutsi zion kanoi biak erabilgarri nahian.

 

Geldo izan zen bertan borroka, luze gabea su-tiroen
taupada ilunabarraren erdi-erdian.

Harroturik eta nahasturik, iluna zen zeruan ilundua,
eta itsasoa, zuloz josia, borrokaldiarengatik ziztuka.

Geldo joan zen bertan gudaldia
gurutze-ontziaren alde egin baitzuen denborak.

Gori-gorian Nabarrako armak, bere berrogeita hamabi
marineletatik asko ziren hilik, eta gainerakoak gaizto zauriturik,
bustirik haiena beraiena eta besteena ere bai zen odolaz.

Sute bi artean lehiatu ziren, gurutze-ontzitik zetorren
trumoi prozesioari, azpilanean,
sugarrak ontzi pitzaduretatik mingarriago
ke-jantzian gorpu guztiak biltzeraino.

Lauak eta erdi inguruan, Nabarra zen aurre-atzetik sutan.

 

Norainoko borondate garbiak eutsi zituen oraindik ur gainean,

nahiz eta itsasontzia baino zen izan zuloz jositakoa:

txarki astindua, zuloa egina, zatirik ez bere onean

piztia izugarriaren burdina arma-burrunbaren

barnean. Begi bistan zituzten portuak,

hegoaldera, haurtzarotik hain maite itsaslabarrak,

kuttuna zitzaien biziera baten irudiak,

baina kuttunagoa haientzat tiranoen eskutik salbu ikustea.

Askatasuna ez zegoen haien eztarrian bakarrik, gora behartzen

zituen burdinazko keinu bat, libre izateko egarri-mina bezala.

 

Donostia txikiak, isil-moduan eta erne

bere kanoi ahulekin, ikusi zuen nola Nabarra ontzitik

txalupa bat uretaratu zuten, eta mantso, karramarro nekatu bat bezala,

haiengana hurbildu. Zeruari eskerrak eman zizkioten

haien bizitzak zaintzeagatik. Gerturatu berehala,

zauriturik dakusate aurraunlari-taldea, eta haien arraunak

odolaz blai, min-olde nabari bat bezala.

Soka-mutur zenbait jaurti zituzten gizon haien lagungarri
eta ontzian bertan sendatzeko, haur bati bezala.

Baina laster ohartu omen ziren beren okerraz.

 

Izan ere, txalupan zutik, gizon haietako batek
oihu egin zien: «Gure kapitainak eskatzen ditu
bendak eta ur-upelak: Jo gero Bermeorantz.

Pilota partida honi amaiera eman behar
diogu-eta». Ihes egin zezatela malko artean arrenka,
baina euskaldunek ez zuten amaiera arte etsiko.

Ontziko sutea menperatuko zuen
ur nahikoa jaso eta arraunean
Nabarra ontzirantz berriro ibar odoletan
joanik, haien arnasaren azkena.

 

Eman zituzten bi ordu gehiago borrokan, eta artean

burdina-mordo hutsa baino ez zen ontzia

haien oin azpian. Sua zebilen zigorkari berriz ere.

Ezertarako ez branka aldeko kanoia, popa
etsaitaratu zuten eta borrokari eman,
heriotzaz barren-barrendik jakitun, baina ontzia,
betetzerainoko ur guzti hura ere, ez zen gauza haien maite-gogoa itotzeko:

gizonezko bat noiz eroriko eta gorpu-arimak argizkoak
balitu bezala pizten zituen heriok.

Borrokatu ziren, eta zazpietan egin ere tiroetan azkena.

 

Ofizialetatik denak hil ziren bat ezik.

Eta, bat ezik, gainerako mekanikariak ere bai.

Tripulaziotik, hamalau baino ez bizirik,

eta hauek ere larri zaurituak. Gauak ke-hautsezko isilaldia josi zuen
Nabarra ontziaren hizkuntza mutu zela.

Portuak, hegoaldean, ilun beltzaz bete ziren
eta behatoki bihur itsaslabarretatik haien lagunek
egun itzalaren itzala aitortu zuten, beren begiekin
bandera zuriaren bila zirela. Ordea,
hamalauko talde hura zen itsasertzera arraunean.

 

Canariaseko txalupa zeharketan zetorren
halako txakur zakar beldurgarria balitz bezala atzetik
segika. Hala ere, mamu-itxurako tripulazio hark
bere patua galdu nahi ez: oraindik ere atera zuten
azken ahaleginerako indar nahikoa, arraunak gora ekarri
eta gertuko txalupa eskuko bonbaz jo nahi izan zuten.

Baina haien indar guzti-guztia, zegoeneko Historia egina,
agortua zen ezinean: ez zuten, neke-minez gaixoturik, hura jo
eta preso hartu zituen etsaiak
Nabarra ontzia itsaso isilean hondoratuz batera.

Kemen handiz eman zuten bizitza. Kantauriko olatu magalean
dira haien hezur etsigaitzak kulunkatzen eta haizeak aieneka jarrai
gainerakoak hilzorian hartzen dituen kartzelan, beren ontziak bezala.

 

Kantauri itsasoko, Euskaldunen Herriko, gizonak.

Jende xehea zen hura. Ez zuten haientzat nahi izan
heroiaren handikeriarik sekula, eta maite beren usadioak
maite zituzten etsi baino bizitza bera galtzerainoko maitasunaz...
Hil bitez hitz hauek ere eta kontatzen duten gertaera ere hil bedi
baina eman fruitua eman dezala haren aleak
askatasuna gizakiaren aditza izango den garai honetan.

 

Askatasuna hitz hutsa baino gehiago izan zen,
politikariaren hitz-modua, bakea irainduz,
herrialde hori tortura mahai gainean jarri zuena;
harentzat, Historiaren lotsagarri,
azpijokoaren maskor hutsa baino ez.

Kantatzen ditudan haiengan, askatasuna haragi zen

gorpu hilkorrean, burdina goria;

baina norainoko amodio-goietan jarri zuen guda-lehiak.

Argitan jarrai bizi-bizi bereak emandako goi-izar antzean,
jada hondoraturik Nabarra ontzia itsas beheko azpian.

 

BERE IZENA NABARRA
Cecil Day-Lewis

Bassarai, 2006
euskaratzailea: Jose Luis Padron
armiarma.eus, 2022