BERE IZENA NABARRA
Cecil Day-Lewis

Bassarai, 2006
euskaratzailea: Jose Luis Padron
armiarma.eus, 2022

 

Nahi izan zuten nahiago, hain ziren izan kemeneko, hil amore eman baino

 

LEHENENGO ATALA

 

Askatasuna ez da hitz hutsa,
politikariaren hitz-modua, jauntxoaren diru-saria
edo zoroaren mozkorraldia. Hilkor da, haien irudia
zikindu baino lehenago hil edo hiltzen utzi nahiago duten
gizon odol egarririk gabeen tankeran.

Hilkor da, baina bere errautsetik da suspertzen beti-beti;
helduta lurrari estu-estu, eta hala ere txoria bezain hegalari
gizakiaren bihotza hunkitua den hartaraino.

Ukimena du goizalba bezain errugabea,

baina ito egiten bekaizkeriak. Hitz hutsa baino gehiago da.

 

Gizakiak aurpegi bi ditu: sortzea eta heriotza.

Eskulturagilearen antzera, lehengaia jo ohi du eta zizelaz landu,
forma lortuko badu, eta poz-grina biak bat dira.

Ereiten ari da alaitasuna edo heriotza gizonengan horrelaxe
haragiak bere egia adierazi arte.

Ez zegoen hura su-garretan biltzerik

kantagai ditudan gizonen gogo-asmotan, samin eta alaitasun
biziera umil baten emaitza. Ez zuten haientzat nahi izan
heroiaren handikeriarik sekula, baina Historiak haien baitan
landu zuen izaki librearen irudi bizi betikoa.

 

Urtea: hogeita hamazazpia. Hila: martxoa. Eta gizonak,
iberiarren semeak, itsasoetan barne-barrena.

Herri bakezalea, handinahirik gabea,

bere legearen eta bere independentziaren maitale,

Kantauri itsasoko, Euskaldunen Herriko, gizonak.

Arrantzaleak, beren lanbidea ez beste maltzurkeriarekin, Bizkaiko
itsasbidea zeharkatu zutela maiz, edo Ternuako
laino hezea,- pilota-jokoan abilak,

haiena baino jolas handiagorik ez zen itsaso guztietan barna
haien beraien sare artean bidutzia aurkitu zuten arte.

Nabarra, Gipuzkoa, Bizkaia eta Donostia ontzi leialek
itsas hesia gainditzeko, Galdames

babesten zuten alde bietatik, haren txanpon eta errefuxiatu-zama
Baionatik Bilbora, gerraren eztanda-hotsak gora egiten zuela
sekulako ibar zahar lasaien barna7.

Bosteko egunaren senti-sentian, ipar-mendebaleko haizea
iluna zen, lainoarekin bateratsu. Ez zekiten
halako patu izugarririk izango zutenik olatu barruan zain,-
arrain-ontziak erne, lagunak izukaitz,

Kantauri itsasoko, Euskaldunen Herriko, gizonak.

 

Aurrerantz ziren poliki-poliki, itsas hats izoztu
baten pean harrapakinari, bere odol jan-edanari heldu
nahi dion basapiztiaren azal-jantzia bezala harro egina.

Haiek ere, marinel adoretsuak, itzuleraren

festarekin amets ziren, agur bandera eta haurren ongi etorriarekin.

Irudiak beira ilunean bezain

edo koblakari baten begiratuan bezain lauso, ontzi-taldea bilduz zijoan,
galduz egun argiaren oihal-lainoaren gorputz arrotza
harian hartuz. Lainoa ospatu zuten ospatu noiz eta
Galdames ontzia —zama ederrez betea— urrundu zen arte.

 

Aurrera egin zuten aurrera kapitain ausartek,
amildegirantz zuzen tinko, jakiteke nola lurrak,
nola laino lagunak patu baterantz zeramatzan.

Atertu zen ustekabean, piztiaren begiratua zaintzen
duen antzerki-oihala bezala, eta egun argiaren ankerrean
Bizkaia, Gipuzkoa, Nabarra eta Donostia ontziek
elkar ikusi zuten, sakabanaturik, eta zerua ere

estaltzen zien mendi gaindiezinarekin topo egin,
sumendidun uhartea edo altzairuzko erraldoia,
haien aurrez aurre Canarias ontzi matxinoa.

Hamar tona bai ontzi hark, pisu handitako bat

arrain-ontzi gaixo luma-pisuaren kontra,

eta atzetik zuen Pasaia bidean, bere kanoien aginduetara,

estoniar kargaontzi bat armaz gainezka

heriotzaren merkatariek Espainari bidaliak.

 

Isiltasuna dator gurutze-ontzi erraldoiaren
eta bousen bizkarretaraino; garbi da zeru-goia,
itsas laino huraxe ere etsi eta badoa
eta elkar zaintzen ontziek, une bat,
zur eta lur golko orrolariaren parez pare.

Ezin topo egite horri ihes egin,

ezta egin nahi ere: askatasuna bizi-sena baitzen

haiengan, odola, klima edo ondarea bezala,

beren semeak baino bereagoa. Bizkaia eta Gipuzkoa ontziek,

ahulago izaki, eta horren jakitun, beren kanoi txikiegiak batu zituzten.

Canarias ontzian, teutondar artilleroek

kanoi-baterietan presto —gizon-armak arituak

doitasun oso eta krudelean—

su egin zuten, eta egunaren aurpegi-itxuran

keak egin zuen heriotza egia bakar.

 

BERE IZENA NABARRA
Cecil Day-Lewis

Bassarai, 2006
euskaratzailea: Jose Luis Padron
armiarma.eus, 2022