ITZULERA
Gabriel Celaya

El retorno, 1973
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2016

 

Banator ene Euzkadi maite

banator apal zugana

mendiak eta urruntasunak

ez nazatela engana:

sentimendu bat handia daukat

nigan lurpean datzana

zaharra eta samurra baina

mingarri egiten du lana.

 

Urrun batetik zait niri mintzo

esaten ez dakidana

eta izan nintzen umetxoa da

barruan joka dudana:

orain baietz esaka ari zaizkit

inoizkoak banan-bana

argi agertzen zaizkidalako

han-hemen eta hor barna.

 

Han-hemen eta hor barna agertzen

ahaztutako iragana

hutsik gabeko mundu hartako

detaileen erasana.

Jostailuzko ikuskizun xalo

berde, erraz eta otzana,

baserrien pareta zuriak

nabarmentzeko orbana.

 

Euzkadi, ikasiko zaitut berriz.

Hainbat pauso naiz emana

bazirenik ez nekien munduz

itzultzeko zuregana!

Mundurako, mundurako izan da

beti euskaldunon afana

baina zuk duzun bakera berriz

etortzeko nintzen joana.

 

Euzkadi, zuztar neurea, zaitut

noizbait jaio nintzen ama,

bizitzen oso nekatu eta

besotan gozo naukana.

Hementxe zaude aterpe sendo

zergatik gabe, bai jauna

hain beroa eta hain sakona

lo har dezadan emana.

 

Ene Euzkadi maitagarria

ene herritxo laztana

zertan esplika, nola adierazi

sentimen honen bakana.

Zeure iragan berbera daukat

zaharra naiz: bizi izana.

Ene Euzkadi, gaixorik nator,

hiltzen lagun nazazu, ama.

 

ITZULERA
Gabriel Celaya

El retorno, 1973
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2016