HALAKO BATEAN
Gabriel Celaya

Un buen día, 1973
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2016

 

Zoriontsua izan behar nuen.

Denak agintzen zidan zoriontsua izango nintzela:

txori ergelek eta neukan joera hark

baietz esateko.

 

Esnatu nintzen esanez:

hau dena ondo ez badago, izan zitekeen okerragoa.

Nik jarrai eta jaso —guztira, eguna zen—

alaitasun lañoa.

 

Lore merke batzuk, zinemarako bi sarrera

eta barre bitxi batekin

— badakit, gutxi zen—

libreago egin nahi izan nuen mundua

eta zuri eman ez dakit zer.

 

Lagunek okaztagarria esan zioten hutsegitea egin nuen.

Jende guztiak aipatzen zizkigun beren mingarri askoak

beren Gaztela, beren larritasuna eta beren Unamuno

eta neskato itsu bat, eta hil-hurren zen astoa.

 

Espantuzko heroiek, Zurbaranek eta bere praileek

Coriako mila ergelek, iraganaren krakak,

eta Hegoaldeko ume horiek torero kimu

argiro didate erakusten ez naizela beraiendarra.

 

Beraiek ez baitzuten nahi ni zoriontsua izatea.

Xaloki garbia. Edo euskalduna. Esateko moldea.

Patetikoak eta alferrak, bortitzak eta zikinak,

maketoek enganatu egin nahi naute. Ikusten dut ordea:

 

Armak, hautsa eta izerdia, nolako kiratsa Cid horrek!

Zenbat harrotu eta itsumen! Gaztela hiltzeko!

Nire herrian zabal eta osasungarri hartzen da arnasa:

itsasoa eta haize garbia! Euzkadi bizitzeko!

 

Horrela egin diot bertsotan ene laztanari. Bai!

Gorde dezatela beraientzat hegoaldekoek beren festa nazionala,

gurea bizitzea besterik ez da, eta ez hiltzea, ez hiltzea

ezta zezentxo bat ere. Oro har, ez hiltzea.

 

HALAKO BATEAN
Gabriel Celaya

Un buen día, 1973
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2016