IHESA
Gabriel Celaya

Fuga, 1961
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2016

 

Pentsatzen dudana jakingo banu!

      Nire eromena asmatzea da,

            itsu.

Nire poza ez gelditzea da,

      nire egia,

            haizearena.

Batekoz bestera aipatzen ditut gauzak

      eta bere aitzikoari

            alderatzen diot erreala.

Ezer ez dago

      bere horretan.

            Dena da hegal bakoitia iduri.

Eta horrela gezurrez

      dut esaten egia:

            hor doaz bertsoak, hor konpon.

Bata bestearen ondotik. Anizten.

      Baina ibaiaren besoak

            jasotzen ditu, laztanduz.

Eta orduan ez dugu pentsatzen

      gurtu egiten dugu

            ez dakiguna,

beste garai bateko

      haur bat bezala baitago hortxe

            edo, berdin dio, haur bat bezala.

Lilurazko gaztetasuna,

      naturaren loria,

            beti irisgarri, sekula ez iritsia!

Poetok dauzkagun amarruetan

      ageri da, bat-batean, zoro,

            egia bat:

gladioloaren eztandan

      osorik dagoen

            unean uneko egia.

Ez da pentsatu behar.

      Ez da gelditu behar.

            Ez da batu behar.

Detailerik inozoenean,

      handitasuna

            sutan.

Su-hildako jauregietan

      ateak danbadaka

            eta haizea nagusi.

Zoro baten gisa noa

      ez dakidanetik

            ez nakitenetik barrena

eta ez dut konbinatzen

      —alegia, ez dut errimatzen—,

            galtzeko dut jokatzen.

Ez dut sinesten

      nik, ez dakit nork jazarrita

            esaten dudan ezer.

Bere milaka aldaketekin

      zafratzen nau

            errealitateak.

Mundurik gabeko jainko bat

      bezalakoa naiz.

            Jainkorik gabeko mundua naiz.

Banaiz

      edo agian ez naiz

            proiektu bat: gizakia.

Eta hitz egiten dut —esate baterako—

      harrigarria izan arren

            iturriek hobeki mintzatzea.

Askotariko ezpaleko

      edertasunen artean

            zer dioen ez dakien

poetaren

      miraria daukagu,

            eman eta eman ari da

sinesten du litekeena

      ez du inoiz egiten

            bertso mortala.

Ez da pentsatu behar.

      Maitea!,

            oro da argi bera

argi aldakorra

      argi hutsaren basakeria,

            sinesteko

amaitzeko

      bakerako,

            ni edo ura

pasatzen den bezala

      alegia deus ez

            poesiak

daraman bezala.

      Eta ez du konpontzen.

            Hil egiten du.

 

IHESA
Gabriel Celaya

Fuga, 1961
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2016