POLTSA-LAPURRA
Andrea Camilleri

Hilabete bat Montalbanorekin
Igela, 2011
euskaratzailea: Fernando Rey
armiarma.eus, 2019

 

      Polizia-buruak eskura beste inor izan ez eta kongresu eta biltzarretara Montalbano Montelusako polizia-etxearen ordezkari bidaltzen zuen bakanetan, komisarioak zigortzat edo bere kontrako iraintzat hartzen zuen. Parte-hartzaileen hitz puztuak, ongietorriko agurrak, laudorioak eta kritikak, arrakasta-desirak eta apokalipsi seguru baten iragarpenak entzuten zituenean, halako nekeak eta nahigabeak hartzen zuten ezen gainerakoen galderei “bai” edo “ez” ilun eta murduskatuekin erantzuten zien. Eztabaida orokorrari egin behar zion ekarpena murritzmurritza zen: hamabost lerro ederki kostata pentsatuak, gaizki idatziak eta okerrago irakurriak. Mugetako poliziarentzako Europako araudiari buruz Montalbanok eman beharreko hitzaldia hirugarren laneguneko goizeko hamar eta erdietarako zegoen programatua, baina, lehenbiziko egunaren bukaerarako, leher egina zegoen, eta bere artean egiten zuen etsiko ote zuen beste bi egunez. Palermoko Centrale hotelean zegoen ostatu hartuta: ongi pentsatuta aukeratu zuen, bere lankide italiar eta atzerritar guztiak beste hotel batzuetan zeudelako hain zuzen. Halako ilun beltzaren barreneko argi bakarra Giovanni Catalisano izan zen, haur-eskolatik batxilergora bitarteko ikaskidea, afaltzera gonbidatu baitzuen. Oihalen handizkako salmentan aritzen zen; bi seme-alaba zituen bere emazte Assunta Didiorekin, zeinak herentzian hartua baitzuen bere aita Antonioren, hots, Palermoko printze-etxeetako monzù ospetsuaren sukaldaritzarako gaitasunaren hamarrena. Hamarren hori, halarik ere, aski eta sobra zen: komisarioa sinetsia zegoen hiltzeko momentuan Assuntina andreak prestatzen zituen bazkariez oroituko zela, eta, hortaz, mingarriagoa izanen zitzaiola joan beharra. Bigarren eguna bukatu zenean, Ingalaterrako, Alemaniako eta Holandako ordezkariak ingelesez, alemanez eta nederlanderaz mintzatu ondoren hurrenez hurren, Montalbanok lehertzeko zorian zuen burua. Horregatik, bere adiskide Catalisano bila joan zitzaionean, berehalaxe sartu zen autoan. Afaria espero baino hobea izan zen, eta afalondoko solasaldia hagitz lasaigarria: Assuntina hitz gutxiko emakumea zen, baina bere senar Giovanni, ordainean, erantzun bixi eta burutsuko gizona zen. Komisarioak halako batean erlojura begiratu zuenean, ia goizaldeko ordu bata zela ikusi zuen. Orduan, jaiki, bikoteari goxoki agur esan, larruzko jaka jantzi, eta kalera atera zen, bere adiskideak laguntzeko eginiko eskaintzari ezezkoa emanda.

      — Hotela hurbil dago. Ez kezkatu, ez ezazu lanik hartu, hamar minutuko paseoak on eginen dit. Atera eta segituan, bi ustekabe desatsegin izan zituen: euria, eta hezurrak gogortzen zizkion hotza. Orduan, hotelera ustez gogoratzen zituen lasterbide batzuetan barna joatea erabaki zuen. Eskuan, biltzarrean eman zioten karpeta zeraman: ezker eskuarekin, buru gainean eutsi zion, euritik pixka bat babesteko, gogotik ari baitzuen. Kalexka bakarti eta argi gutxikoetan ibili eta gero, galtzak urez txipaturik, desanimatu zen: okerreko bidea hartua zuen, ez zen dudarik.

      Catalisanoren eskaintza onartu izatera, ordurako, hoteleko gelan egonen zen, babespean. Kalexkaren erdian zutik zegoen bitartean, duda egiten baitzuen zer zen hobe -atari batean babestu eta atertu arte esperatu edo kemena hartuta aurrera segitu-, atzetik hurbiltzen ari zitzaion moto baten hotsa aditu zuen. Pasatzen uzteko baztertu, baina durduzaturik gelditu zen motoaren asots burrunbatsua zela-eta, bat-batean azeleratu baitzuen. Durduzak istant bakar bat iraun zion, baina norbaitek artean ere euritik babesteko buru gainean zeraman karpeta kentzen saiatzeko aprobetxatu zuen. Tirazoaren ondorioz, komisarioa jiratu, eta motozalearen parean gelditu zen; motozalea, berriz, hankak pedaletan, karpeta kentzeko eginahalak egiten ari zen, baina Montalbanok indarrez eusten zion ezkerreko eskuko behatzekin. Tirabira zentzugabe hark segundo batzuk iraun zuen: zentzugabea, bai, karpeta, garrantzirik gabeko paperez betea, balio handiagokoa bihurtu baitzen lapurraren begietan Montalbanok halako enpeinuarekin eusten zionez. Komisarioa erreflexu onekoa izan zen beti, eta hartan ere bai, eta kontraerasora pasatzeko gauza izan zen. Motoari jo zion ostiko bortitzak areago ahuldu zuen lapurraren oreka kaxkarra, eta lapurrak nahiago izan zuen amore eman, abian jarri, eta alde egin. Baina ez zen oso urrutira joan, zeren, kalexkaren bukaeran kasik, buelta eman, eta farola baten azpian gelditu baitzen, motoa erralentian zuela. Goitik behera beltzez jantzita, burua kasko integralaren barrenean ezkutaturik, motozalea irudi mehatxugarria zen, Montalbanori berriz ere desafio egiten ari zitzaiona.

      — Eta zer arraio eginen dut nik orain? —galdetu zion Montalbanok bere buruari, larruzko jaka bere lekuan jartzen zuen bitartean.

      Ez zuen berriz karpeta buru gainean paratu; erabat txipatua zegoen: ura lepotik sartu, bizkarretik jaitsi, eta galtzetatik behera ateratzen zitzaion, baita zapata barrenera ere. Buelta erdia egin, eta lasterrari eman? Ezta pentsatu ere: barregarri geldituko zen, eta, gainera, motozaleak berehala harrapatuko zuen, aise, eta mendekua hartu. Aurrera jarraitzea, beste aukerarik ez zegoen. Montalbano, poliki, ezkerreko eskuan karpeta balantzaka eramanez atzera-aurrera, oinez hasi zen, egun eguzkitsu batean paseoan balebil bezala. Montalbano motozaleari hurbiltzen, eta motozalea hari begira, zirkinik ere egin gabe: estatua bat zirudien. Komisarioa moto aldera joan zen zuzenean, eta, aurreko gurpilaren parera ailegatuta, gelditu egin zen.

      — Gauza bat ikustea nahi diat —esan zion motozaleari. Karpeta ireki, eta irauli zuen: paperak lurrera erori ziren, busti, eta lohiz zikindu. Eta itxi ere egin gabe, Montalbanok karpeta hutsa ere bota zuen lurrera.

      — Probetxu handiagoa aterako huen atso bati pentsioa ebatsita.

      — Nik ez zieat ebasten emakumeei, ez zaharrei ez gazteei —ihardetsi zuen lapurrak mindu antzean.

      Montalbanok ezin izan zion sobera ongi erreparatu ahotsari, kasko barrenetik aski mudatua ailegatzen baitzitzaion.

      Batek daki zergatik, komisarioak desafioan aurrera egitea erabaki zuen.

      Jakaren barreneko sakelara esku bat sartu, diruzorroa atera, ireki, ehun mila lirako billete bat aukeratu, eta lapurrari eskaini zion.

      — Aski duk dosi baterako?

      — Ez diat limosnarik onartzen —esan zuen motozaleak, Montalbanoren eskua bortizki baztertuz. —Hala bada, gabon pasa. A, aizak, esadak gauza bat: zer kale hartu behar dut Centralera ailegatzeko?

      — Dena zuzen, bigarrena ezkerrera —erantzun zuen lapurrak sekulako naturaltasunez.

 

      Montalbanoren hitzaldia behar zen orduan hasi zen, hamar eta erdietan, eta hamaikak laurden gutxitan bukatzekoa zen, hamabost minutuko eztabaidari lekua egiteko. Baina hizlariaren eztulaldi, eztarri-leuntze, arnasots eta atruxen artean, hamaikak arte iraun zuen. Aldi bereko itzultzaileek beren denbora guztiko momentu latzenak pasatu zituzten: jendaurrean hitz egin behar zuenetan komisarioari agertzen zitzaion totel-solasari, oraingoan, sudurmintzoa gehitu zitzaion, hau da, sudurra tapatuta izanda kontsonanteen soinua aldatzen duzuneko mintzaira bitxi hori. Ez zuen inork deusik ere ulertu. Nahasmendu-une baten ondoren, denboraren arduradunari argia piztu zitzaion, eta hasiera eman zion eztabaidari. Horrela, bada, Montalbanok modua izan zuen biltzarra utzi eta polizia-etxera joateko. Gogoan zuen Palermoko polizia-burua zenak, urtebete lehenago, tirazoen kontrako brigada berezi bat sortu zuela, eta horri publizitate handia eman ziotela uharteko telebista eta egunkariek. Zerbitzuaren berri ematen zuten argazki eta grabazioetan, kaleko arroparekin jantzitako polizia gazteak ikusten ziren, irristailuen eta moto berri eta distiratsuen gainean, poltsa-lapurrei jarraitzeko, atxilotzeko eta lapurtutako gauzak berreskuratzeko prest.

      Brigadako burutako, Tarantino komisario-ordea proposatu zuten. Gero, ez zen berriz hitzik aditu iniziatiba hartaz.

      — Tarantì, hi arduratzen haiz oraindik poltsa-lapurren brigadaz?

      — Zer, adarra jo nahian? Sortu eta handik bi hilabetera desegin zuan brigada. Konprenituko duk: hamar gizon lanaldi erdian, eta egunean, batez beste, halako ehun ebasketa!

      — Zera jakin nahi nian…

      — Begira, alferrik duk nirekin mintzatzea. Nik txostenei zigilua jarri besterik ez nian egiten; irakurri ere ez nitian egiten.

      Telefonoa goratu, purrustada bat bota, eta berriz utzi zuen. Ia berehalakoan, norbaitek atea jo, eta hogeita hamar urte inguruko gizon bat azaldu zen, jator itxurako gazte bat.

      — Salvo, hau Palmisano inspektorea duk. Palmisano, Montalbano komisarioak gauza bat galdetu nahi dik.

      — Zure esanetara.

      — Jakin-mina besterik ez da, txikikeria bat. Zer dakizu antzinako moto bat erabiliz egindako poltsa-lapurretez?

      — Zuretzat zer da antzinako moto bat?

      — Zer dakit nik! Laverda bat, Harley-Davidson bat, Norton bat…

      Tarantino irriz hasi zen.

      — Hori burutazioa! Ume bati goxokiak lapurtzeko Bentley batean joatearen pareko!

      Palmisanok, aldiz, serio jarraitu zuen.

      — Ez, ez dakit deus. Nahi duzu beste zerbait?

      Montalbano beste bost minutuz gelditu zen solasean bere lankidearekin; gero, agurtu, eta Palmisanorengana joan zen.

      — Etorriko zara nirekin kafe bat hartzera?

      — Ez dut denbora askorik.

      — Bost minutu aski izanen dira.

      Polizia-etxetik atera, eta aurkitu zuten lehenbiziko ostatuan sartu ziren.

      — Bart gauean gertatu zaidana kontatu nahi dizut.

      Poltsa-lapurrarekiko enkontrua kontatu zion.

      — Atxilotzea nahi duzu? Ez dizu deus lapurtu, nik dakidala —egin zuen Palmisanok.

      — Ez. Ezagutu nahi nuke, besterik ez.

      — Nik ere bai —onartu zuen inspektoreak, ahotsa apalduz.

      — Norton 750 bat zen —gaineratu zuen komisarioak—, seguru baino seguruago nago.

      — Konforme —onartu zuen Palmisanok—, eta goitik behera berdin jantzita zihoan, kasko eta guzti.

      — Bai. Ezin izan nuen matrikula ikusi plastikozko zerrenda beltz batekin estalita zegoelako. Zer diozu zuk?

      — Brigadan lanean ari nintzen bigarren hilabetean izan zen. Gutxi falta zen eguerdian banketxeak ixteko. Commerciale-ren parean nengoen, eta gizon bat atera zen poltsa batekin. Orduan, Norton 750 beltz batean zihoan tipo batek tiraka kendu zion. Hari segika atera nintzen. Baina alferrik: nik Guzzi bat neukan.

      — Lapurra azkarragoa zen?

      — Ez, nagusi, hobea. Zorionez, ez zegoen zirkulazio handirik. Ennako gurutzeraino ailegatu ginen, hura aurrean eta ni atzean. Orduan, baso-pista batera sartu zen.

      Eta ni atzetik. Nonbait, motocrossa egin nahi zuen. Baina, bihurgune batean, nire motoak harri-txintxarretan labain egin, eta ni hegan atera nintzen. Kaskoak salbatu ninduen, baina eskuineko zangoa odoletan nuen, min ematen zidan. Altxatu, eta, aurrenekoa, bera ikusi nuen. Gelditua zen. Irudipena izan nuen zutik jartzeko gauza izan ez banintz niri laguntzera etorriko zela. Nolanahi den, hari begirik kendu gabe Guzzira hurbiltzen ari nintzen bitartean, espero ez nuen zerbait egin zuen. Poltsa lapurtu berria goratu, eta erakutsi zidan. Ireki, barrenera begiratu, berriz itxi, eta bide erdira bota zuen. Gero, Nortonarekin buelta eman, eta ospa egin zuen. Mainguka, poltsa biltzera joan nintzen. Ehun milioi zeuden ehun milako billetetan. Polizia-etxera itzuli, eta txostenean zera idatzi nuen: borroka baten ondoren berreskuratu nuela lapurtutakoa, baina lapurrak ihes egitea erdietsi zuela. Motoaren marka ere ez nuen paratu.

      — Ulertzen dut —esan zuen Montalbanok.

      — Tipo hori ez zebilen diru bila —gehitu zuen Palmisanok isilune baten ondoren, bere arrazoibideari akabera emanez bezala.

      — Eta, zure ustez, zer nahi zuen?

      — A! Beste zerbait agian, baina ez dirurik. Pertsona argia zen Palmisano hori.

      — Izan duzu inoiz antzeko kasuren baten aditzerik?

      — Bai, handik hiru hilabetera. Orain beste toki batean ari den lankide bati gertatu zitzaion. Hark ere berreskuratu zuen lapurtutakoa: lapurrak berak itzuli zion. Hark ere, txostenean, ez zuen identifikaziorako datu baliozkorik eman.

      — Beraz, noizbehinka paseatzera ateratzen den lapur bat dugu…

      Palmisanok ezezkoa egin zuen buruaz.

      — Ez, komisario jauna, ez da “noizbehinka” paseoan ateratzen, zuk diozun bezala. Desafiorako grinari eutsi ezin dionean baizik ez du egiten. Galdetu nahi didazu besterik?

 

      Alferrekoa zen jatea: katarroak zapore guztiak estaltzen zizkion. Biltzarra hiru eta erdietan hasiko zen berriz; hiru ordu luze zituen manten azpian bero-bero egoteko. Gelara aspirina bat eta telefono-liburua eraman ziezazkiotela eskatu zuen. Gogora etorri zitzaion zaletasun guztiek, berdin zeta-harrak hazteak zein etxean bonba atomikoak fabrikatzeak, bakoitzak bere elkartea duela, klub bat, bazkideek elkarri informazioa edo pieza arraroak emateko, eta, noiz edo noiz, mendiko txangoren bat-edo antolatzen dutela. “Motocar” bat aurkitu zuen, baina ez zekien zer zen, gero “Motoclub” bat, eta horren telefonoa markatu zuen. Gizon-ahots goxo batek erantzun zuen. Komisarioak, nahasi antzean, berriki Palermora aldatua zela adierazi zion, eta informazioa eskatu zuen, igual klubean izena emateko. Besteak erantzun zion ez zegoela horretarako inongo problemarik, eta, gero, bat-batean ahotsa apalduz, bestea zer sektatako kidea den galdetzen duenaren tonuaz, esan zion:

      — Harleyzalea zara?

      — Ez, ez —erantzun zion komisarioak xuxurlaka.

      — Zer moto duzu? —Norton bat.

      — Konforme. Orduan, hobe duzu Nor-clubera joan, gure adarretako bat baita. Har ezazu telefono-zenbakia.

      Arratseko zortzietatik aurrera aurkituko duzu norbait.

      Badaezpada ere, berehala markatu zuen. Ez zegoen inor. Beste ordubetez egiten ahal zuen lo, biltzarraren itxiera-ekitaldira joan baino lehen. Esnatu zenean, oso ongi zegoen: katarroa ia erabat joana zitzaion. Erlojura begiratu, eta, hasieran, izutu zen: zazpiak. Alferrik zenez biltzarrera agertzea, patxadan ibili zen, estutu gabe. Zortziak eta bostean, hoteleko atondotik telefonoz deitu, eta neska gazte baten ahots fresko batek erantzun zion. Hogei minutu gabe, klubaren egoitzan zegoen, eraikin dotore bateko beheko solairuan. Ez zegoen inor: bakarra, telefonoz erantzun zion neska gaztea, diru-ordainik gabe bulegari-lana egiten zuena gaueko zortzietatik hamarrak arte. Zeregin berean aritzen ziren, txandaka, klubeko bazkide gazteenak. Hain atsegina zen non komisarioak ez zion kontatu nahi izan Palermon bizitzen jarritako nortonzalearen istorioa. Nor zen esan zion, eta horrek ez zuen erreakzio bereziki kezkagarririk sortu gaztearengan.

      — Zergatik etorri zara hona?

      — Ba, begira, elkarte eta klub guztien zentsua egitea agindu digutelako, kirol klubena eta bestelakoena. Ulertu duzu?

      — Ez —erantzun zuen gazteak—. Esadazu zer nahi duzun, eta nik esanen dizut, hau ez da elkarte sekretua.

      — Denak zarete hain gazteak?

      — Ez. Rambaudo jaunak, konparaziora, aspaldi bete zituen hirurogei.

      — Baduzu taldearen argazkirik? Neskak irribarre egin zuen.

      — Zer interesatzen zaizu, izenak edo aurpegiak? —eta Montalbanoren atzeko pareta seinalatu zuen—.

      Orain bi hilabetekoa da —gehitu zuen—, eta denok gaude.

      Argazki bat zehatz eta argia, aire zabalean hartua, mendian. Hogeita hamar lagunetik gora, denak uniformaturik: goitik behera beltz, eta botekin. Komisarioak arreta handiz begiratu zien aurpegira. Bigarren lerroko hirugarrenera ailegatu zenean, bihotzondoko bat sentitu zuen. Ez zekien nola eta zergatik, baina seguru zegoen berari irribarre egiten zion hogeita hamar urte inguruko gazte atletiko hura zela lapurra.

      — Asko zarete —esan zuen.

      — Kontuan izan probintzia osoko kluba dela.

      — Jakina. Baduzu erregistrorik?

      Bazuen, eta ordena perfektuan. Bazkidearen argazkia, izena, abizena, lanbidea, helbidea eta telefonoa. Motoaren matrikula, ezaugarri nagusiak eta bestelako xehetasunak. Bazkide-kuotak sei hilabetetik eguneratuak. Beste datu batzuk. Orri-pasaka begiratu zuen erregistroa, sakela batean zeraman gutun-azal baten atzealdean apunteak hartzen ari zelakoa eginez. Gero, neskari irribarre egin, telefonoz hitz egiten ari baitzen, eta atera zen. Buruan hiru izen eta hiru helbide zituen. Baina Nicolò Nuccio abokatuarena —Libertà kalea, 32, Bagheria, 091232756 telefonoa— letrakera beltzean idatzita bezala zeraman.

 

      Kontua lehenbailehen konpontzea zen hoberena. Topatu zuen lehenbiziko telefono-kabinan zenbakia markatu, eta ume batek erantzun zion.

      — Kaixo! Kaixo! Nod zada zu? Zed nahi’zu? Lau urte ere ez zeukan.

      — Aitatxo hor da?

      — Odain deituko’iot.

      Telebista ikusten ari ziren; zeraren ahotsa aditzen zen… Norena zen ahots hori? Ez zuen denborarik izan bere buruari erantzuteko.

      — Nor zara?

      Ahotsa kaskoak itota eta mudatuta adituagatik, komisarioak ezagutu egin zuen. Ez zegoen zalantza izpirik.

      — Montalbano komisarioa naiz.

      — A! Badut zure aditzea.

      — Baita nik ere zurea.

      Besteak ez zuen erantzun, ez zuen galdetu. Montalbanok telefonoaz bestaldeko arnasa-hots sakona aditzen zuen. Bigarren planoan, telebista. Orain bai: Mike Bongiorno aurkezlearen ahotsa zen.

      — Zu eta biok bart gauean elkarrekin egon ginela pentsatzeko arrazoiak ditut.

      — A, bai?

      — Bai, abokatu jauna. Eta berriz elkartzea nahi nuke.

      — Bart gaueko toki berean?

      Itxuraz behinik behin, ez zuen batere kezkatzen harrapatu izanak. Are gehiago, bromazale ageri zen.

      — Ez, sobera deserosoa. Nire hotelean esperatuko zaitut, Centrale-n, badakizu. Bihar goizean, bederatzietan.

      — Hantxe izanen naiz.

 

      Ongi bazkaldu zuen portuaren ondoko jatetxe batean. Hamaikak aldera hotelera itzuli, eta, bi orduz, Simenonen nobela bat irakurtzen aritu zen, oraingoan ez nobela beltza. Ordu batean, argia itzali, eta lokartu zen. Goizeko zazpietan, gelara kafe espres bikoitza eta Giornale di Sicilia eramateko eskatu zuen.

      Zutik eta izerdi-patsetan jarrarazi zuen berria letrakera beltzean idatzia zegoen, lehenbiziko orrialdean: agerikoa zen berria juxtuan ailegatua zela inprimatu zezaten. Zioenez, aurreko gaueko hamar eta erdietan, geltokitik hurbil, poltsa-lapur bat harribitxi enpresa bateko agente bati erakusgai-sorta ebasten saiatu zen, eta merkataritzako agenteak, gogor egiteko, tiro egin, eta hil zuen. Guztien harridurarako, lapurra identifikatu zuten: Nicolò Nuccio abokatua zen, hogeita hamabi urtekoa, bat ere diru problemarik ez zuena, Bagheriakoa. Nucciok —jarraitzen zuen egunkariak— ez zuen bizitzan inongo premiarik lapurtzen ibiltzeko. Tirazoa egiteko erabilitako motoak -Norton beltz bat- hamar bat milioi lira balio zuen. Zer ote zen hura? Nortasun erdibitu bat? Tragedia bihurtutako broma bat? Erronka absurdo bat?

      Montalbanok egunkaria ohe gainera jaurti, eta janzten hasi zen. Nicolò Nucciok bazeukan bilatzen ari zena, eta komisarioak, agian, Montelusarako zortzi eta erdietako trena hartzen ahalko zuen. Handik deituko zuen Vigàtako polizia-etxera. Eta baten bat joanen zitzaion bila.

 

POLTSA-LAPURRA
Andrea Camilleri

Hilabete bat Montalbanorekin
Igela, 2011
euskaratzailea: Fernando Rey
armiarma.eus, 2019