POLIZIAK ETA LAPURRAK
Andrea Camilleri

Hilabete bat Montalbanorekin
Igela, 2011
euskaratzailea: Fernando Rey
armiarma.eus, 2019

 

      Taninè, Nicolò Zito telebistako kazetariaren andrea, Montalbano komisarioaren lagun apurretako baten andrea alegia, senak aginduta aritzen zen sukaldeko lanean, hau da, prestatzen zituen jakiek ez zioten jarraitzen sukaldaritzaren inongo arauri: bere izaera aldakorraren eta inprobisazioaren ondorio ziren.

      — Gaur gustura gonbidatuko hindudan etxean gurekin bazkaltzera —esaten zion batzuetan Nicolòk Montalbanori—, baina, zoritxarrez, uste diat ez dela egun egokia.

      Horrek esan nahi zuen Taninèri zerbait okertu zitzaiola eta pasta sobera egosia zegoela (edo gordinik), haragia motela (edo itsasoko ura baino gaziagoa), edo saltsa gaizki, hura ez jateagatik hiru urteko kartzela-zigorra nahiago izateko gisan, eta urte haietako bat zigor-gelan. Baina asmatzen zuenean, dena zuzen zihoanean, hura gozamena!

      Hogeita hamar urtetik gorako emakume ederra zen, mardula eta haragi trinkokoa, gizonei lizunkeria lurtarrenak pizten zizkiena. Taninèk sukaldean berarekin egoteko gonbita egin zion batean -ez zuen inoiz jende arrotzik onartzen bertan-, harri eta zur gelditu zen Montalbano, ohartu zenean pastarako gozagarria prestatzen ari zen andre hura kiloak galtzen ari zela, ballet-dantzari moduko zerbait bihurtzen ari zela, eta, keinu ttikiak eginez su batetik bestera zihoala bere lanean murgildurik.

      Orduko hartan, aurreneko eta azkeneko aldiz, hari begira, aingeruak etorri zitzaizkion gogora.

       “Ea Taninèk ez didan eguna izorratzen”, egin zuen komisarioak bere artean, autoan Cannatello aldera zihoan bitartean. Aldarteari dagokionez, ez zegoen, ez, bromatarako. Jaiki eta segituan, lehenbizi leihotik begiratu ohi zuen, itsasora eta zerura, etxetik bi pausora baitzituen: kolore bizi eta argiak izatera, halako jokabidea zuen egun guztian; hala ez bazen, gauzak okertu egiten ziren bai berarentzat bai irispidean jartzen zitzaion edonorentzat.

      Urtero, apirileko bigarren igandean, Nicolòk, Taninèk eta bien seme Francescok —orduan zazpi urte zituen— ofizialki irekitzen zuten Cannatelloko oporretako etxea, Nicolòri aitak herentzian utzia. Eta tradizio bihurtua zen lehenbiziko gonbidatua Salvo Montalbano izatea.

      Bertara ailegatzeko, bide erosoen eta lasterrena eta Cannatellotik bi kilometrora utziko zuena hartu beharrean, komisarioak ardi-bideak, mandokamioak eta autoa zuritzen zioten bide hautsez beteak ibiltzen zituen. Une haietaz baliatzen zen Sizilia ia desagertuarekin atsegin hartzeko: Sizilia latz eta basa, lastoaren horiko ordeka errearen paisaia, noiz edo noiz dado zurien gisako nekazari-etxe ttarrek etena. Bai, lur madarikatua zen Cannatello: ereiten edo aldatzen zen deus ere ez zen errotzen. Isats-sastrakek, basa-luzokerrek eta kaparrondoek baizik ez zuten ematen nolabaiteko berdetasun-arindua. Ehiza-lurra zen, hori bai, eta noizean behin isats-landareren baten atzetik ziztuan ateratzen zen erbiren bat. Ia-ia bazkalorduan ailegatu zen. Postrearen usain gozoak -erositako hamabi cannoli eder- auto guztia betetzen zuen, eta horrek gosea piztu zion.

      Haren zain zeuden denak atean: Nicolò, irribarrez; Francesco, urduri; eta Taninè, begi distiratsuz pozaren pozez. Montalbano lasaitu egin zen; agian egunak mereziko zuen, ongi hasi baitzen. Francesco, ia-ia autotik ateratzeko denbora eman gabe, saltoka hasi zitzaion inguruka.

      — Jostatuko gara polizia eta lapurretan? Aitak errieta eman zion.

      — Emaiok bake pixka bat. Jostatuko haiz bazkaldu ondotik!

      Egun hartan Taninèk plater ikusgarri batekin luzitu nahi izan zuen. Platerak, batek daki zergatik, “maitemina” zuen izena. Auskalo: ogi xerra ttiki txigortuekin jaten zen zerriki zopa hark (birika, gibela, barea eta giharra), agian, maiteminarekin zeukan zerikusia, eta ez sabeleko minarekin.

      Isiltasun erabatekoan gozatu zuten zopaz; Francesco ere, izatez ipurtarin samarra, ez zen batere mugitu, bere amak atondutako zapore-paradisuan buru-belarri sarturik.

      — Jostatuko gara polizia eta lapurretan?

      Galdera -hertsagarria, ezin saihestuzkoa- hiru helduek kafea hartu eta berehala ailegatu zen. Montalbanok begiradarekin laguntza eskatu zion bere adiskide Nicolòri. Une hartantxe ez zen gauza izanen mutikoaren atzetik lasterka ibiltzeko.

      — Osaba Salvok siesta txiki bat egin behar dik. Geroago jostatuko zarete.

      Cannoli. Siziliako postre tipikoa, inaute-denborakoa gehienbat. Orez egindako tututxoak dira, barrenean gazta-krema daramatenak.

      — Begira —esan zion Montalbanok haurrari, muturtu zela ikusita—, egin dezagun gauza bat: hemendik ordubetera, zatoz ni esnatzera, eta denbora luzea izanen dugu jostatzeko.

      Nicolò Zitok dei bat jaso, eta Montelusara itzuli behar izan zuen telebistako kontu presakoren bat zela-eta, eta Montalbanok, gonbidatuen logelara erretiratu aitzinetik, bere adiskideari esan zion berak eramanen zituela herrira bueltan Taninè eta semea.

      Biluztu orduko, begiak itxi egiten zitzaizkion. Etzan, eta lo sakonak hartu zuen.

      Begiak itxi berriak zituela iruditu zitzaion Montalbanori Francesco iratzartzera etorri eta, beso bat astinduz, honela esan zionean:

      — Osaba Salvo, ordu bat pasatu da. Kafea ekarri dizut.

      Nicolò joana zen ordukoz; Taninèk txukundua zuen etxea, eta orain aldizkari bat irakurtzen ari zen kulunkaulki batean. Franceso desagertua zen; ezkutatzera joana zen kanpora.

      Montalbanok autoa ireki, atzealdean edozein larrialditarako gordetzen zuen zira zahar bat atera, gerrikoa lotu, pelikula amerikarretako ikertzaile baten antz handiagoa izate aldera lepoaldea goratu, eta umearen bila hasi zen. Francescok, hagitz trebea ezkutatzeko artean, izugarri ongi pasatzen zuen “egiazko” komisario batek segitutako lapurraren itxurak egiten.

      Nicolòren etxea landu gabeko bi hektareako lur zati batean zegoen eraikia, eta lur landu gabe hark malenkonia eragiten zion Montalbanori, lur puska haren ertzean teilatu erdi eroriko etxe xume bat zegoelako, lurra zeinen abandonatua zegoen nabarmentzen zuena. Nonbait, komisarioaren aspaldiko nekazari-jatorria sumindu egiten zen utzikeria haren kontra.

      Montalbano ordu erdiz ibili zen Francescoren bila, eta, gero, nekea sentitzen hasi zen, zerriki-zopa eta bi cannoli handi haiek artean bueltaka baitzebilzkion sabelean. Seguruena umea ahuspez etzanda egonen zen, isats-landareren baten atzean, emozioz eta erne berari begira. Mutikoaren ezkutatzeko gaitasun deabruzkoak gauera arte bilaka aritzera behartuko zuen.

      Etsitzea erabaki zuen, eta mutikoari amore eman zuela oihu egitea, ozen. Gero, Francesco edozein bazterretatik aterako zen, eta prenda eskatuko zuen berehalaxe, hau da, komisarioak bere ikerketetako baten kontakizuna egitea, behar bezala apaindua. Montalbano ohartua zen hildako, zauritu eta tiroak zituzten ikerketak zituela mutikoak gustukoenak.

      Etsi behar zuen unean, pentsamendu bat piztu zitzaion buruan: eta mutikoa etxe hondoratura sartu bada, nahiz eta Taninèk eta Nicolòk zorrotz-zorrotz agindu ez sartzeko bera bakarrik sekula?

      Lasterrari eman, eta hatsanka ailegatu zen etxe eroriaren parera; atetxoa, bere erroetatik aterea, erdi irekita zegoen. Komisarioak ostiko batez ireki, atzealdera salto egin eta, eskuineko eskua sakelan sartuta eta behatz erakuslearekin destatuz mehatxu egiteko, esan zuen mehatxu-ahots apal lakarraz, Francescori pozaren pozez irrintzia aterarazten zion ahotsaz alegia:

      — Montalbano komisarioa nauk. Hiruraino kontatuko dut. Ateratzen ez bahaiz, tiro eginen diat. Bat… Itzal bat mugitu zen etxe kalamastra haren barrenean, eta, komisarioaren begi irekiagoaren aurrean, gizon bat agertu zen, eskuak goratuta.

      — Ez egin tirorik.

      — Armaturik hoa? —galdetu zuen Montalbanok, bere harridura menderatuz.

      — Bai —ihardetsi zuen gizonak, eskua jaisteko keinua eginez jakako eskuineko sakelan zeukan arma hartzeko. Agerikoa zen arriskua, desitxuratua ikusten baitzen sakela.

      — Ez mugitu, edo tiroz josiko haut —mehatxatu zuen Montalbanok, behatz erakuslea luzatuz. Gizonak berriz goratu zuen besoa. Zakur amorratuaren begiak zituen, edozertarako prest dagoenaren desesperazio-airea, bizar luzea eta arropa zikin eta zarpailtsua. Gizon arriskutsua, inondik ere, baina nor arraio zen?

      — Segi, etxe hartarantz.

      Gizona oinez hasi zen, Montalbano atzean zuela. Autoa aparkaturik zeukan eremura ailegatu zenean, komisarioak Francesco ikusi zuen autoaren atzeko aldetik agertzen, nerbioak airean, eszenaren lekuko.

      — Ama! Ama! —deitu zion.

      Taninè atera azaldu zen, semearen larritasun ahotsak izuturik, eta begiratu bakar batekin ulertu zuen zer nahi zuen komisarioak. Etxera sartu, eta berehala atera zen ehizako eskopeta batekin ezezagunari destatzeko. Nicolòren aitarena izandako bi kanoiko eskopeta zen, kazetariak sarreraren ondoan zeukana zintzilik eta, jakina, deskargaturik; Nicolòk, ohartuki behinik behin, ez zuen sekula izaki bizidunik hil; andreak esaten zuen bere senarrak ez zuela gripea sendatzen baziloak ez hiltzeagatik.

      Komisarioak, izerditan, autoa ireki, eta eskularruen kutxatik pistola eta eskuburdinak atera zituen. Arnasa sakon hartu, eta eszenara begira jarri zen. Gizona geldi-geldi zegoen, eta, eskopetarekin hari destatuz, Taninè -beltzarana, ederra, ile-adatsa haizeak astindurik-, Far Westeko film bateko andre heroi haietako bat iduri.

 

POLIZIAK ETA LAPURRAK
Andrea Camilleri

Hilabete bat Montalbanorekin
Igela, 2011
euskaratzailea: Fernando Rey
armiarma.eus, 2019