HILETETARA JOATEN ZEN GIZONA
Andrea Camilleri

Hilabete bat Montalbanorekin
Igela, 2011
euskaratzailea: Fernando Rey
armiarma.eus, 2019

 

      Ekaitz batean tupustean hautsi zen amarra batek garbi-garbi moztu zion ezkerreko zangoa Cocò Allettori, eta, ondorioz, bere lanbidea utzi behar izan zuen: kaiko langileen kapataz-lana. Zangoko protesiak ez zion uzten zaldainetan eta ontzietako oholen gainean harat-honat ibiltzen.

      Gizon bakartia zen -gure lurrean, meharra zarela eta andrearen edo seme-alaben kezkarik ez duzula esan nahi du horrek-, eta gobernuaren pentsioak pobrezia duin baterako bidea ematen zion, eta bere anaia Jacopok, diruz hobekixe ibilki, zapata pare bat edo traje berria erosten zion premia zuenean. Cocòk berrogei urte beteta izan zuen istripua. Zutik egoteko modua izan eta berehala, ohitura bat bereganatu zuen: egun santu guztia portuko ontzien joan-etorriei begira ematea, amarratzeko eskora batean eserita. Eta ikusi ahal izan zuen, urtetik urtera, nola murrizten ari zen kargatzera edo deskargatzera sartzen eta amarratzen ziren ontzien kopurua, harik eta, bakar-bakarrik, Lampedusako posta-ontzia gelditu zen arte: ez zegoen esperantza handirik, ez zuen bueltarik portuaren koma egoerak; kargaontzi handiak eta petrolio-ontzi erraldoiak itsas zabalean ikusten zituzten, zerumugan.

      Orduan, Cocòk betikoz esan zion agur portuari, eta udaletxe ondoko izkina-harri batera aldatu zen, Vigàtako kale nagusira. Egun batean, hotsandiko hileta-segizio bat iragan zen bere aurretik, buruan musika-banda zeramana, baita berrogeita hamar koroa ere; ez zuen inoiz jakin zerk bultzatu zuen, halako indar bridaezinarekin, bere dantzari-ibileraz besteen atzean jartzera: hilerria zegoen mendimuinoraino jarraitu zion hileta-gurdiari.

      Harrezkeroztik, ohitura bihurtu zitzaion: euria ari edo haizea ibili, ez zuen huts egiten hileta bakarra ere. Gizonak edo emakumeak izan, zaharrak edo umeak, han zegoen beti.

      Baina behin, Jainkoak Totuccio Sferrari bere ondora deitu zionean (“Jainkoak, nonbait, tutean edo briskan aritzeko gogoa du” zioen jende guztiak aho batez, Totucciok bere bizitzan tutean eta briskan jokatu besterik egin ez zuelako), denak ohartu ziren Cocò ez zela bildu segiziora, eta elkarri galdetzen zioten zergatik ote zen. Simone Sferrak—hildakoaren anaia, itzal handiko gizona— iraintzat hartu zuen, berarenganako erdeinutzat. Hiletaren segizioa utzi, eta Cocòren etxera joan zen kargu hartzera. Deitu zuen, baina ez zion inork erantzun. Alde egitekotan zela, norbait intzirika ari ote zen iruditu zitzaion: zirt edo zarteko gizona zenez, atea bota, eta hantxe aurkitu zuen Cocò, odol-putzu batean. Nonbait, Cocò erori, eta zauri larria egin zuen buruan. Orduan, hots bat zabaldu zen: berak lagundutako hildakoei eskerrak salbatu zela Cocò.

      Hiletak urritu, eta Cocò, izkina-harrian eserita, urduritzen hasten baldin bazen, arima errukitsuren bat hurbiltzen zitzaion, eta berri bihotz-altxagarriak eramaten zizkion:

      — Erretoreak oliadura eman omen dio Ciccio Buterari. Ordu bakar batzuetako kontua da.

      — Agidanez, On Cosimo Laurentanoren semea, Ferrarian zebilela kolpea hartu zuena, ez da bizirik aterako.

      Cocò goizean goiz jaikitzen zen, argitu baino lehenago, eta, Castiglione kafetegia ireki bezain laster, mahaitxo baten aurrean esertzen zen, brioxe labetik atera berriak noiz ailegatuko zain. Bi jaten zituen, limoi-izotzarekin batera -basokada eder bat-, eta, gero, berriz atera, eta kartelak itsasten zituzten gizonen lanari begira egoten zen. Udalaren bando eta publizitate kartelen artean, egunero izaten zen bazterki beltzeko eskelaren bat. Zorioneko egunetan, jakinarazpenak bi edo hiru izaten ziren, eta Cocòk ordua apuntatzen zuen, eta, batez ere, hileta zer elizatan ospatuko zen, asko baitziren. Gripe gaiztoak zahar eta haur asko eraman zituenean, Cocò akituta gaixotu zen kasik, esfortzu ikaragarria baitzen goizetik gauera herriaren mutur batetik bestera lasterka joatea, baina lortzen zuen, eta ez zuen hileta bakar bat ere galtzen.

 

      Montalbano komisarioak gaizki ulertu ote zuen iruditu zitzaion bat-batean, Vigàtan lanean hasi zenez geroztik ezagutzen baitzuen.

      — Nola? —egin zuen.

      — Tiro egin diotela Cocò Allettori —esan zuen berriz Mimì Augello komisario-ordeak.

      — Hil dute?

      — Bai, tiro bakar batez; aurpegian eman ziotek. Izkina-harrian eserita zegoan, goizeko lehenbiziko orduan, kafetegia noiz irekiko zain.

      — Bada testigurik?

      — Bai, to! —erantzun zuen Mimì Augellok hotz eta motz.

      — Kontaidak —esan zuen komisarioak.

      Eta horrek esan nahi zuen ikerlana, manera onez, Augelloren bizkar uzten ari zela.

 

      Handik lau egunera, herri guztia bildu zen Cocò Allettoren hiletan; inortxok ere ez zuen galdu nahi izan: segizioaren erdian umea egiteko arriskua zuten emakumeak; seme-alabek eta ilobek lagundurik zutik egoteko aski lan zuten atso-agureak; eta udalbatza oso-osorik. Azkenetan zegoen gizon bat ere joan zen zerraldoaren atzetik: Gegè Nicotra, gaitz sendaezin batek joa, artean ere berrogeita hamar urte ez zuena. Gegè hiletan egoteak jendearen bihotza hunkitu zuen; jendeak ez zekien nork ematen zion pena handiagoa: hildakoak edo artean bizirik egonda ere erremediorik gabe kondenatua zegoenak.

 

      Komisarioa berehala ohartu zen ikerlanak ez zuela fruiturik emanen. Gauza bakarra zegoen garbi: Cocòri aurpegian egin zioten tiro, hazpegiak ezabatu nahi izan balizkiote bezala; hiltzailea harengandik metro batera edo pare batera jarriko zen, zutik edo auto baten barrenean eserita. Baina, zergatik? Cocòk ez zion sekula kalterik egin inori, ez zuen etsairik. Orduan? Ikusi behar ez zuen zerbait ikusi izanen zuen hiletaren batean? Baina Cocò, bere ibilera baldarrean, burumakur joaten zen beti, lurrera begira, behaztopa egiteko beldurrez bezala. Eta zerbait ikusi izan balu, nori esanen zion? Harentzat asko zen egun oso batean hiru hitz esatea. Isila bainoago, hildakoa bezain mutua zen.

       “Sekula ez diat esapide egokiagorik aditu horretarako”, pentsatu zuen Montalbanok bere artean.

 

      Cocòk joaterik izan ez zuen lehenbiziko hileta, ordurako hiru egun baitzituen hilik, Gegè Nicotrarena izan zen, zeinak, Cocòri hilerriraino lagundu eta gero, etxera itzuli, eta andrea erosketa batzuk egitera joana zela aprobetxatuz, bi lerro idatzi, eta tiro egin baitzion bere buruari, bihotzean.

       “Barkatu, etsiak hartua nago; ez dut jasaten gaixotasuna”, zioen ohar laburrak.

 

      Montalbanok gogoeta egin nahi bazuen problemaren batez, edo, besterik gabe, haize pixka bat hartu, fruitu idorren paperezko kono bat erosten zuen, hau da, txitxirio txigortuak eta kuia-pipitak, eta paseo luzea egiten zuen mendebaldeko kaiaren gaineko faroraino. Eta hausnarrean joaten zen, ahoarekin eta burmuinarekin.

      Paseo haietako batean, sesioan ari ziren bi arrantzale bereizi behar izan zituen. Itxuraz behinik behin, irain, keinu eta hitz zakarretatik borrokara pasatzekotan zeuden. Komisarioak, gogoz kontra badere, bere betebeharra bete zuen: bere burua aurkeztu, tartean sartu, bietako bati besotik heldu, eta besteari urruntzeko agindu. Azken horrek, hala ere, pauso batzuk eman eta gero, jiratu, eta oihu egin zion bere etsaiari:

      — Hi nirera ez haiz etorriko!

      Montalbanok besotik helduta zuen gizonak, birbirrekoak inarrosita bezala, ezpainak hozkatu, eta ez zuen ahoa ireki. Bestea behar adina urrundu zenean, komisarioak gizonaren besoa askatu, eta kargu hartu zion esanez argi-itturriarena ez egiteko, liskarra hortxe bukatua zela.

      Faroaren azpira ailegatu zenean, arroka batean jarri, eta txitxirioak eta kuia-pipitak jaten hasi zen. “Hi nirera ez haiz etorriko!”

      Esaldi aditu berriak oihartzuna egin zion buru barrenean.

      — Hi nirera ez haiz etorriko!

      Siziliar ez den batentzat, hitz haiek ilun samarrak ziren, baina ura bezain gardenak ziren Montalbanorentzat. Hauxe esan nahi baitzuten: “hi ez haiz nire hiletara etorriko, ni joanen nauk hirera, lehenago akatuko haut eta”.

      Komisarioa ez aurrera ez atzera gelditu zen; gero, bat-batean, jaiki, eta lasterka joan zen herri aldera, eta, bitartean, zineman ikusten ariko balitz bezalako irudia sortu zitzaion buruan.

 

      Gaixotasuna dela-eta hiltzera kondenatua dagoela daki gizonak. Gehienez ere aste bakar batzuk gelditzen zaizkio, ohean batera eta bestera dabil begirik bildu gabe, lo hartu ezinik. Ondoan, andrea du, lo, lasaitzeko eta lotarako pastilla mordoa hartuta, egunero-egunero ezinbestean gurutzatu behar duen larriminezko mortuan ahanzturaren oasi txiki bat bereganatu nahian. Argia piztu gizonak, eta gaumahaiko iratzargailuari beha gelditu da: pasatzen den segundo bakoitzean aditzen du heriotzaren pauso-hotsa hurbiltzen. Goiztiriko lehenbiziko argiak une larriak dira, beti, asmo gaiztoak dituenarentzat; gizona garbiro ohartu da eskastu zaiola gelditzen zaizkion egun apurrei kemenez heltzeko gaitasuna. Hilko da, bai, eta ongi daki laster hilko dela, ia-ia hutsik dagoela hareazko erlojuaren goiko anpulua.

      Isilik jaiki da ohetik, andreari loa ez galarazteko. Jantzi, errebolberra sakelan sartu, eta deblauki atera da etxetik, bere burua hiltzeko asmotan, baina urrutian, ez duelako andrea esnatzerik nahi eta bera bertan aurkitzea hilzorian odolez blaitutako maindireen artean.

      Kalera atera denean, hantxe ikusi du Cocò Alletto, izkina-harrian eserita, hontza iduri. Han dago, geldirik. Zain.

       “Nire hiletaren zain zegok”, pentsatu du gizonak.

      Orduan, Cocòren parean plantatu, berari begira baitago jakin-gosez, errebolberra atera, eta, bitan pentsatu gabe, tiro egin dio. Aurpegian, heriotzaren behakoa itzaltzeko, begietara so baitu. Baina, berehala jabetu da ez dagoela heriotza errebolber tiro batez hiltzerik, zeinen alferrekoa eta zentzugabea izan den egin duena: barren-huts utzi du funtsik gabeko hilketa horrek; orain ia-ia ez du indarrik etxera itzultzeko, deusen berririk ez duen andre horren ondora itzultzeko.

 

      Bulegora ailegatu bezain laster, Jacomuzziri telefonatu zion, hau da, Montelusako polizia zientifikoko buruari. Bilera batean zegoela esan zioten, mezu bat utziko ziotela, eta Jacomuzzik berak deituko ziola libre gelditu bezain laster.

      Polizia zientifikoak Cocò Alletto hil zuen bala zeukan, eta baita Gegè Nicotraren bihotzetik ateratakoa ere. Eta errebolberra. Bi balak arma beretik atereak baziren, inolako zalantzarik gabe frogatuko zen Montalbanoren hipotesia, delituaren aitorpena Gegèk berak sinatu balu bezalaxe.

      Irribarre egin zuen, pozik.

      Eta gero?

      Supituko galdera hark burmuina gurutzatu zion. Sentitzen zuen poza lausotzen hasi zitzaion. Eta gero?

      Zer egin behar zuen? Bere biktimaren hilobitik pauso bakar batzuetara hilik zetzan pertsona hilketaren errudun deklaratu? Zer arraiotarako balio zuen horrek?

      Eta bera pozik gelditze hutsagatik, alarguna berriz oinaze-putzu batean murgildu?

      Jo zuen telefonoak.

      — Zer nahi zenuen? —galdetu zuen Jacomuzzik.

      — Deus ez —erantzun zuen Montalbano komisarioak.

 

HILETETARA JOATEN ZEN GIZONA
Andrea Camilleri

Hilabete bat Montalbanorekin
Igela, 2011
euskaratzailea: Fernando Rey
armiarma.eus, 2019