DOHAINEN BIGARREN POEMA
Jorge Luis Borges

Otro poema de los dones
El otro, el mismo, 1969
euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz&Mintz, 64, 2018
armiarma.eus, 2018

 

Eskertu gogo diot

zio eta ondorioen labirinto jainkozkoari

          unibertso berezi hau osatzen duten izakien aniztasuna,

 

eskertu arrazoimena,

          zeinak ez dion labirintoaren

                    plano batekin amets egiteari utziko,

 

eskertu Elenaren begitartea

          eta Ulisesen egonarria,

 

eskertu gogo diot maitasuna,

          zeinak beste lagunak ikusarazten dizkigun

                    jainkoak berak ikusten dituen erara,

 

eskertu

          diamante trinkoa eta ur jarea,

          algebra, leihar zehatzen jauregia,

          Angel Silesioren txanpon mistikoak,

          Schopenhauer,

                    zeinak menturaz unibertsoa deszifratu baitzuen,         

          suaren garra,

                    ezein gizakik ezin baitu begiratu

                    antzinako lilura hura azaldu gabe,

          kaoba, zedroa eta sandaloa,

 

eskertu

          gatza eta ogia,

          larrosaren misterioa

                    kolorea zabaltzen baitu berak ikusi gabe,

          1955eko bezpera eta biharamun batzuk,

          ordokian aziendak eta ostantza

                    gobernatzen dituzten unaiak,

          Montevideoko goiza,

          adiskidetasunaren artea,

          Sokratesen azken eguna,

          gurutze batetik bestera ilunabar hartan

                    elkarri esandako hitz haiek,

          Islameko amets hura

                    mila gau eta bat gehiago iraun zuena,

 

eskertu

          infernuari eta su arazgarriaren dorreari

                    eta aintzazko esferei buruzko

                              beste amets hura,

          Swedenborg,

                    zeina solasten baitzen aingeruekin

                              Londreseko kaleetan,

          nire baitan batzen diren erreka ezkutu eta lekutakoak,

          Nortunbrian, duela ez dakit zenbat mende,

                    hitz egin nuen hizkuntza

          saxoien ezpata eta harpa,

 

eskertu

          itsasoa, zeina desertu distiratsua

                    eta ez dakizkigun gauzen zifra bat

                              eta bikingoen epitafioa baita,

          Ingalaterrako berbazko soinua,

          Alemaniako berbazko soinua,

          urrea,  

                    bertsoetan diz-diz dagiena,

          negu epikoa,

          irakurri ez dudan liburua: Gesta Dei per Francos,

          Verlaine, xoriak bezain xumea,

          kristalezko prisma eta brontzezko pisua,

          tigrearen marrak,

          San Franciscoko eta Manhattan uharteko dorre garaiak,

          Texaseko goiznabarra,

          Epistola Morala izkiriatu zuen sebilar hura,

                    zeinaren izena, berak nahiko zuen bezala, ez baitakigu,

          Seneka eta Lukano, Kordobakoak,

                    zeinek espainiera baino lehen

                              espainiar literatura guztia idatzi baitzuten,

 

eskertu

          xake-joko geometriko eta oparoa,

          Zenonen dortoka eta Royceren mapa,

          eukaliptoen senda-usaina,

          hizkuntza,

                    jakituria-irudi egin dezakeena,

          ahanztura,

                    iragana ezabatu edo aldatzen duena,

                    usadioa,

                    ispilu gisa biderkatu eta egiaztatzen gaituena,

          goiza,

          hasiera baten ilusioa ekartzen baitigu,

          gaua,

                    bere ilunpea eta bere astronomia,

          adorea eta besteen zoriona,

          aberria,

                    jazminetan edo ezpata zahar batean hautemana,

          Whitman eta Asisko Frantzisko,

                    poema idatzi baitzuten,

 

eskertu

          poema agortezina,

                    izakien batuketarekin nahasia,

                              azken bertsora sekula helduko ez dena

                                        eta pertsonen arabera bilakatzen dena,

          Frances Haslam,

                    zeinak seme-alabei parkamena eskatu baitzien

                              hain geldiro hiltzeagatik,

          loaren aurrekoxe minutuak,

          loa eta heriotza,

                    altxor isileko bi horiek,

 

eskertu aipatzen ez ditudan barru-barruko dohainak,

 

eskertu gogo diot musika,

          denboraren eite misteriotsua.

 

DOHAINEN BIGARREN POEMA
Jorge Luis Borges

Otro poema de los dones
El otro, el mismo, 1969
euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz&Mintz, 64, 2018
armiarma.eus, 2018