MUSEOA
Jorge Luis Borges

El Museo
El Hacedor, 1960
euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz&Mintz, 64, 2018
armiarma.eus, 2018

 

ZIENTZIAREN ZORROZTASUNAZ


INPERIO HARTAN, Kartografiaren Arteak halako Perfekzioa lortu zuen ezen Probintzia bakarraren mapak Hiri oso bat hartzen baitzuen, eta inperioaren mapak, Probintzia oso bat. Denborarekin, Mapa Neurrigabe horiek ez ziren nahikoa eta Kartografoen Kolegioek Inperioaren Mapa bat eraiki zuten, zeinak Inperioaren neurri bera baitzuen eta berarekin bat egiten baitzuen zehazki. Hurrengo Belaunaldiek, Kartografiaren Azterketan hain zaleak izan ez eta, Mapa eskerga horri Alferrikakoa iritzi zioten, eta ez oieskeriarik gabe Eguzkiaren eta Neguen Zakartasunera utzi zuten. Mendebaldeko basamortuetan luzaroan diraute Maparen Hondar zatituek, non Animaliak eta Eskaleak bizi diren; Herrialde osoan ez dago Geografia Diziplinen beste erlikiarik..

Suárez Miranda: GIZASEME ZUHURREN BIDAIAK, LAUGARREN LIBURUA, XLV. KAP., LLEIDA, 1658.

 

LAUDUNA

 

BESTE BATZUK HIL ZIREN, BAINA hori iraganean gertatu zen

Heriotzara (ez du inork inoratzen) isurien den aroa  baita.

Izan liteke ni, Yaqub Almansurren meneko hau,

Hiltzea nola hil behar izan zuten larrosek eta Aristotelesek?

          ALMOTASIM MAGREBTARRAREN DIBANA (XII. mendea).

MUGAK


BADA Verlaineren lerro bat berriz gogoratuko ez dudana,

bada kale hurbil bat nire pausoei galarazi zaiena,

bada ispilu bat azken aldiz ikusi nauena,

bada ate bat munduaren azkeneraino zarratu dudana.

Nire liburutegiko liburuen artean (ikusten ditut)

bada bat edo bat jadanik sekula irekiko ez dudana.

Uda honetan berrogeita hamar urte beteko ditut;

heriok erkindu egiten nau, etengabean.

Julio Platero Haedoren IDAZKUNAK lanetik (Montevideo, 1923) .

poetak bere ospea adierazten du


Zeruaren zirkuluak nire loria neurtzen du,

Ekialdeko bibliotekek nire bertsoen lehian jarduten dute,

emirrak nire bila dabiltza ahoa urrez betetzeko

aingeruek buruz dakite nire azken zejela.

Nire lanabesak apaltasuna eta larrimina dira;

ainintz sortu hilik.

Abulcasim el Hadramiren Dibanetik ( xii. mendea)

arerio eskuzabala


Magnus Barfodek, 1102 urtean, Irlandako erresumen konkista osoari ekin zion; bere heriotzaren bezperan Muirchertabach Dublingo erregearen diosal hau jaso omen zuen:

Zure gudarosteetako lagun izan daitezela  urrea eta ekaitza, Magnus Barfod.

Bihar, nire erresumako zelaietan, zoriontsua izan dadila zure gudua.

Zure errege eskuek ezpataren oihala ehundu dezatela beldurgarriro.

Antzara gorriaren jaki izan daitezela zure ezpatari aurre egiten diotenak.

Aintzaz ase zaitzatela zure jainko ugariek, odolez ase zaitzatela.

Egunsentian garaile izan zaitezela, Irlanda zapaltzen duzu errege hori.

Zure egun ugarien artean batek ere ez dezala dirdir egin biharkoak beste.

Zeren egun hori azkena izango baita. Zin degizut, Magnus erregea.

Zeren haren argia ezabatu orduko,  garaitu eta ezabatu egingo zaitut, Magnus Barfod.

Amhang zur Heimskringla (1893), H. Gering-ena.

le regret d'heraclite


NI, HAINBESTE gizon izan naizen hau, ez naiz inoiz izan

Matilde Urbach bere besarkadan zorabiatzen zen hura.

Gaspar Camerarius,  Deliciae Poetarum Borussiae-n, vii, 16.

In memoriam J.F.K.


BALA HAU antzinakoa duzu.

1897an Uruguaiko presidentearen aurka jaurti zuen Montevideoko mutil batek, Arrenondok, zeinak denbora luzea emana zuen inor ikusi gabe, konplizerik ez zuela jakin zezaten. Hogeita hamar urte lehenago, jaurtigai berak Lincoln hil zuen, aktore baten ekintza kriminal edo magikoaren bidez, zeina Shakespeareren hitzek Marko Bruto, Cesarren hiltzailea, bihurtu baitzuten.  XVII. mendearen erdira heltzean mendekuak Suediako Gustavo Adolfo hiltzeko erabili zuen, guda baten hondamendi publikoaren erdian.


Lehenago bala beste gauza batzuk izan zen, zeren Pitagorasen transmigrazioa ez dagokie bakarrik gizakiei. Ekialdean bisirrek jasotzen duten zetazko kordoia izan zen, Alamoaren babesleak suntsitu zituzten baionetak eta fusilak izan zen, erregina baten lepoa moztu zuen xafla triangeluarra izan zen, Askatzailearen haragia eta Gurutzearen egurra zeharkatu zuten iltze ilunak izan zen, buruzagi kartagotarrak burdinazko eraztun batean gordetzen zuen edena izan zen, arratsalde batean Sokratesek edan zuen kopa lasaia izan zen.

Denboraren arginabarrean Kainek Abelen aurka jaurti zuen harria izan zen eta gaur imajinatu ere egiten ez ditugun eta gizakiekin eta euren etorkizun miragarri eta hauskorrarekin amaitu ahal izango duten gauza asko izango da.

 

MUSEOA
Jorge Luis Borges

El Museo
El Hacedor, 1960
euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz&Mintz, 64, 2018
armiarma.eus, 2018