Populuei agur
Huy Can

euskaratzailea: Lucien Etxezaharreta
Maiatz 30, 1998

 

 

Testu hau Huy Canek idatzi zuen Kuban, Habanan, 1968ko urtarrilaren 15ean. Garai hartan amerikarrak aire bonbardaketa salbai izugarriak Hanoi eta Viet-Nam iparraldearen gainerat egiten ari ziren, gerla gorria zelarik Hegoaldean. Walt Whitman (1819-1892) poeta estatu batuarrari, berdin arartekaritza zerbait egin zezan, halako dei handia egin zion Huy Canek, idatzi zuen poema bat gogoan (“Agur populuei”). Populuen askatasun egarriari elkor zen Amerikari bidali mezu politiko handia da nolazpeit. Duela 30 urte idatzi testu honek baluke gaur komentatzeko aitzakirik.

 


                       I

Walt Whitman, pizten bahintz
Nolako agurra eginen hioke munduari,
Nolako agurra populuei?
Hire abots ferdearekin nazioak agurtu hintuen,
Hire abotsaren usain onarekin eta belar hostoen daldaran,
Papo iletsu eta bizar loratuzko pentze haunditik ateratu abotsarekin,
Agurtzen hintuen.
Hire demokrata abots handiz agurtzen hintuen.
Bainan Walt Whitman,
Orain haute populu askatuek maite,
Orain dituk agurtu behar abots
          berriarekin.
Populuak sekulan baino azkarrago, sekulan baino biziago dituk,
          Walt Whitman!
Populuak lur hontan berriz sortzen ari dituk, sekulan baino
          sustraituagoak.
Ongi sustraituak, populuek munduko gaztetasuna egiten die.
Populuek berritz Lurraren freskura egiten die.
Hozitze haundientzat onak diren berotasun gozoa
          egiten die ere.
Aa! Populuak! Walt Whitman!
Munduaren osasun dituk, iguzkiak sekulan berotu duen
          odol gorrienaz gorritu odola,
Bere hamar mila urteetan zutik jarria den munduaren bizkortasuna,
Betiereko gaztetasunari itzuli munduaren gaztetasuna.
Populuak munduaren pentze handi dituk.
Walt Whitman, mendi zelaiak ikusi dituk,
Ibai eta itsasoen abots haundia entzun duk,
Eta hire abotsa ortzia bezala mintzatuko duk,
Itsas sagaioaren gisa,
          gaineko haize kosmikoa bezala.
Munduko ur bildu guziak baino sagaiotsuago,
          egun populuak ikusiko hintuzke,
Populuetarik jalgitzen den haize haundi hori entzunen huke
          gizakiaren goietarik
          ufatzen duen haize haundi hori,
Nazio berpiztuen arnas naturala den
          haize haundi hori.
Planetaren klima berri horretan hire bular zabala
          neurri berri batzuetara zabal litaikek.
Longitudeak eta latitudeak hurbildu dituk.
Populuak elkarri hurbildu dituk,
          Lur haundiago baten egiteko,
Lur gazteago bat jendeek gaztetu duten
          mundu batean.


                       II

Walt Whitman, munduko su mendi itzaliak
          agurtzen hintuen: eta Vesuvioa eta Etna;
Hire bularrek seguraz ere munduko sabelaz erretzen
          ari diren su horiek piztu nahiko zituzketeian.
Bainan gaur hire bular lasaituek senditzen ote ditie
          populuen su mendiak, populuen Etna eta Vesuvioak
          kontinente guzietan piztuak:
          eta su mendi beltzak, eta su mendi horiak,
          eta berdin su mendi xuriak.
Ez duka Lurra beroxago senditzen?
Ez duka senditzen bere ardatza pixka bat fitexago
          itzulika ari dela gure martxen erritmoan?
Jainkotasunaren ideia sortu zituzten lekuak
          agurtzen hintuen.
Bainan egun zer ospe handiagoarekin ez hintuzke agurtuko
          populu ideia baiezten dituzten tokiak,
Nolako harrotasunez ez huke agurtuko
          jendearen baieztea.
Nolako pasione eta zorionarekin hire eztarriak
          eta hire mihiak ez ziztean kontatuko
          askatasun kantu berriak,
Kantu bestela sakonagoak, Lurraren martxa
          bezala diren kantuak,
Gaur martxa ezin geldiarazian jarriak diren
          esklabo bularretan lehenago preso ziren kantuak.
Kantuak jendeen aintzinean joaki direlarik
          basa eta erakargarri.
Oi! Walt Whitman, gizaki ideia bera
          mila aldiz berritua duk; oxigeno berri bat
          airean erretzen ari duk.
Odol berri bat zainetan taupadaka zabilak
          eta giza ekaia nahasi eta ihaurtua duk
Humanitate gaztea kantari.eta gizakien kantua
          gazte bihurtzen,
Poza eta entusiasmoa gazte bihurtzen,
Sendimendu zahar horietan inongo Darwin batek
          agertu mutazioak balira.


                       III

Populuak, Walt Whitman, Lur hain zahar eta hain gazte honen
          lore hoberenak dituk
          fruitu hoberenak,
Populuak altxatzen ari dituk biharko uzta aberatsen
          hazi onak bezala.
Eta hi, Whitman, lur hontan etzan haizena
          hihaur hazi on bezala,
Entzuten dituzka populuen martxa haundiak
          munduaren bizkarrean
          Ekuadorretik Poloetaraino, Poloetarik Ekuadorreraino!
Entzuten dituzka Pazifikoaren, Itsas Indiarraren, Atlantikoaren
          orrialde haundien firfirak
          liburu berria itzultzean!
Sekulan ez duk gure Lurra hain okupatua eta alaia izan
          bere kurtsan,
Populuek, lehen, sukaldeetan —orhoit hadi
          Langston Hughes!— nagusientzat
          platen prestatzea baizik ez zitean egiten;
Orain populuak munduko etxe haundian
          nagusi sartzen an dituk.
Berrantolatzen ari die —goitik behera— bizi hau
          lehen hain gaizki moldatua.
Populuek ez die gerla asmatu, Walt Whitman,
Bainan azken gerlak eginen ditie harekin akabatzeko,
Populuek hartuko die gizakiak sortu su guzia beren eskuetan,
Munduko kolore guzien berregiteko, biziaren koloreak
          berregiteko.
Ez dea egia, Walt Whitman, populuak beti
          lurrontzi eta zeramika egile onak izan direla,
—Hirea ere, eta enea beste hainbeste,
          edo berdin gehiago—,
Kolore eder galduak berrasmatzen jakingo die
          eta berriak sortzen
Akabatuko die jainko eta demonioen
          ilunabarraren griseria hori.
Lurra itzulikatuko duk beti jendeen eskuen artean
          lurrontzi egile baten errota erraldoiaren gisa,
Eta Lurra bera ontzi eder bilakatuko duk
          urna greziar guziak baino ederrago.
Unibertsoaren orretik jendearen eskuak
          edertasun urnak jalgiko ditie.
Populuek ez die gerla asmatu, bainan gerla
          beren gauza bilakatua duk, Walt Whitman.
Populuek adiskidetasuna asmatu die eta adiskidetasuna
          jendeen bihotzean geldituko duk.
Populuen bihotzean adiskidetasuna egonen duk
          hazi on baten gisala,
Populuek gizakia berrasmatuko die
          gizakiak sortu jainko guziak baino ederragoa.


                       IV

Agur beren etorkizunaren jabe diren populuei!
Gure mendea ez duk akabatzekotan, Walt Whitman:
          heren on bat gelditzen zaiok
          denbora galduaren berreskuratzeko.
Bere azken ibilaldia mendeen bidetan
          ibilaldi ederrena izanen duk.
Populuak, zuetarik asko oraindik gose zarete,
          oraindik hotz duzue, ikaran zarete,
          Lurraren gerriari zintzilik
Unibertsoko xinaurri hori, beltz, xuri.
Populuok, independentzia eta libertate gose gara oraindik.
          Noiz arte gizaki bizi sakrifizioak
          mundu hontan izaitea gatik baizik?
Agur populuei, beren problema eta esperantzei,
          beren gudaldi eta garaipenei,
Agur beren heroe hil eta biziei,
          diamantea bezain iraunkor
          eta jada bezain garbi direnei.
Aa! Munduko leihor bazterretarik
          nola ferdetasun eta freskura haizea altxatzen ari den!
Zuek zarete ene arimaren eguraldi,
          ene mihiaren sapore,
Jusaren jusa zarete, harmonia berrien pizle
          ixiltasun bihotza.
Kanta dezagun populuen kantu zahar eta berria,
Kanta dezagun gizakiaren adimen zahar eta berria.
Oi, hi, Poesia, jende eta populuen ezti,
          agur hiri ere!
Giza erle kofoin handia hegal kolpe handiz
          aireztatzen ari da
          eta hazi irin eta eztigai berriez betetzen.

 

Populuei agur
Huy Can

euskaratzailea: Lucien Etxezaharreta
Maiatz 30, 1998