JAINKOAREN HITZAK
Ramon Valle-Inclan

(Baserritar trajikomedia)
 
1963
euskaratzailea: Gabriel Aresti
Susa, 1986

 

 

HIRUGARREN EGUNA

 

 

 

Hamaseigarren irudia

 

(Gailotarren etxean. Lurrezko eskaratz keztatuan bi senar emazteak daude. Teilatuaren gainean harri burlagarri bat erorten da, eta atearen aurrean mutiko dostalariak koplari daude).

 

MUTIKOEN KOPLAK.— Tunturruntun! Mari Gaila. Tunturruntun! Dantzan egin zuen. Tunturruntun! Mari Gailatxa. Tunturruntun! Etzen gero ongi erditu. 

MARI GAILA.— Ama nagusiaren semeak! 

PERO GAILO.— Prudentzia euzu! 

MARI GAILA.— Arrajea! 

PERO GAILO.— Bakea eman dezaiguten, bakea emaiegu. 

MARI GAILA.— Oraindik are gehiago merezi duzu. 

PERO GAILO.— Emagaldu diplomatua! 

MARI GAILA.— Ahuntz titulatua!

 

(Isilik geratzen dira. Sorgin baten itxura ikusten da, atetik barrenera begiratzen duena. Errosa Tatula da, hortz-aginik eztuena, makulu baten gainen makurturik datorrena. Mari Gaila harekin mintzatzen da. Biak sartzen dira. Mari Gailak kantatu egiten du).

 

TATULA.— Zer diostazu, Pero Gailo?

PERO GAILO.— Zahartu egiten garela, Tatula.

TATULA.— Maunkarik eztuzu oraindik apurtzen.

MARI GAILA.— Ez maunkarik, ez frakarik. Afrikatar lehoiaren moduan dago nirekin hasarraturik, mihin gaiztoen kontuek eragina. Lepoa egin nahi zidan.

TATULA.— Gizonak mintzatu egiten dira.

MARI GAILA.— Mintzatzearekin kontentatzen badira...

 

(Maria Gailaren bularra intzirina sakon batek jasotzen du. Besoen eta gerriaren mugimentu ederrez, pitxerra hartzen eta kopa bat betetzen du, kateme baten kariniokeriarekin dastatu ondoren, senarrari eskeintzen diona).

 

MARI GAILA.— Edan.

PERO GAILO.— Jainkoa hartu nahi nuen.

MARI GAILA.— Nire kopatik edan zazu.

PERO GAILO.— Nire kontzientzia arindu nahi nuen.

MARI GAILA.— Honela arbuiatuko nauzu?

PERO GAILO.— Nire arimaren gaina kulpa beltz bat dadukat.

MARI GAILA.— Edan zazu, nik eskeintzen baitizut.

PERO GAILO.— Nire arima ezta nirea.

MARI GAILA.— Bildurrik gabe edan zazu.

PERO GAILO.— Ustelkeria!

MARI GAILA.— Beste inola eztaki mintzatzen, Tatula.

PERO GAILO.— Andre eskandalagarria!

MARI GAILA.— Ilargiak joa!

 

(Kanpora oldartzen da sakristaua, baina atetik igaran gabe geratzen da ikaraturik, buruko ileak larriturik, beso zabalik. Marika Erreinukoa, mantarraz estaldurik, etxerantza baitator karrotik tiratuka).

 

PERO GAILO.— Sekuletako bukaera, arreba Marika.

MARIKA.— Eman didazuena, bihurtu egiten dizuet.

MARI GAILA.— Gorputz hotz hori, hilotz hori, eztuzu nire etxaurrean utziko.

 

(Marika Erreinukoak, erantzun baino lehen, burua bihurtzen du: Haren atzean itzal eta begirada etsai bat nabaritzen baitu. Simoniña, iturritik zetorrelarik, eskuak gerriaren gainean, biderdian dago zutik. Tenore honetan, amaren antza haundia du).

 

SIMONIÑA.— Erregalo hori eramazu, andre izeba.

MARIKA.— Pasatzen utzidazu.

SIMONIÑA.— Etzara pasatuko ere.

MARIKA.— Buruko gangarra ebakiko dizut, gainera.

SIMONIÑA.— Erdu honera, aita.

PERO GAILO.— Nolako eskandaloa dakarkidazu etxera?

MARIKA.— Zure odoleko defuntua da.

PERO GAILO.— Eta zurekoa ere, Marika.

MARIKA.— Nire eskuetan etzen hil.

MARI GAILA.— Bizirik entregatu genizun, koinata.

MARIKA.— Koinata! Hitz maradikatu horrek mihina lotzen dit.

MARI GAILA.— Mintza zaitez! Erantzunen zaitzu!

MARIKA.— Txarki ezkondua!

PERO GAILO.— Zuen ahoa heriotzak merezi duen errespetoa zigula beza. Haren presentziak zuen hitz gaiztoak uxa bitza.

TATULA.— Bildurtu egiten gaituzu.

SIMONIÑA.— Orraztu zaitez, aita.

PERO GAILO.— Atean dagoenak ileak larritu dizkit. Lur santua eskatzen du.

MARIKA.— Emaiozu, bada. Baina nire esku artean etzen hil, eta ezta nire kontu izanen.

MARI GAILA.— Sorgin zikoitza!

MARIKA.— Txarki ezkondua!

PERO GAILO.— Marika, zoaz! Nire etxetik zoaz! Aingeru batentzateko ehorzketa edukiko du ilobak.

SIMONIÑA.— Nire aita hain aberatsa zenik eznenkien.

MARI GAILA.— Zoroa!

MARIKA.— Utzidazu igaratzen, Simoniña.

SIMONIÑA.— Ez inolare.

MARIKA.— Orratz hau sartuko dizut bular artean, bestela!

SIMONIÑA.— Sorgina!

MARIKA.— Orratzarekin zilatuko dizut bihotza, bestela!

SIMONIÑA.— Zatozkit, ama, laguntzera.

MARI GAILA.— Maradikatua, utziozu alde egiten.

PERO GAILO.— Simoniña, sar zazu hilotz hori etxe barrenera. Garbitu eta nire arkondara plantxatuarekin beztitu behar dugu, Jainkoaren presentziara abiatu behar baita.

SIMONIÑA.— Badantzuzu, ama?

MARI GAILA.— Entzun bai. Isilik geratzen naiz, hala baina.

TATULA.— Istilu berririk etzazue atera. Elizako atearen aurrean karroa hiru egunean edukirik, ehorzketa pagatzeko beste eta gehiago bilduko duzue.

MARI GAILA.— Dagoen beroarekin usteldu eginen da hiru egunean.

TATULA.— Pattarrak kontserbaturik dago.

PERO GAILO.— Aurpegia garbitu behar diogu, bizarra ere kendu eta lorezko koroa bat jarri behar diogu. Errugabea zegoen bezala, aingeruaren errezoa tokatzen zaio.

MARI GAILA.— Zu, latin-zalea, eztuzu mezatara deituko? Ezkilak nola entzunen dira, zuk jotzen ezpadituzu?

 

(Atetik datorren argia estaldurik, bere sotana meharrean beltzitua, eguzkiaren egoerari igartzen dio tenorea sakristauak, eta elizarantza doa, bertako giltzak aterarik. Etxearen inguruan berriz ere entzuten da mutikoen kopla).

 

MUTIKOEN KOPLAK.— Tunturruntun! Mari Gaila. Tunturruntun! Zer gertatu zaio? Tunturruntun! Mari Gailatxa. Tunturruntun! Txarki erditu baitzen.

 

 

 

Hamazazpigarren irudia

 

(Mari Gaila eta Errosa Tatula sekretuki mintzatzen dira etxostean, txorimaloak besoak zabaltzen dituen pikondoaren azpian: Txorimaloak, sotana apurtu batez jantzirik, bi erratz gurutzatu presentatzen ditu gorputzetzat).

 

TATULA.— Orain misteriorikan gabe mintza gaitezke.

MARI GAILA.— Has zaitez, bada.

TATULA.— Behin batean karta jokoak iragarri zizun asturuaz gogoratzen zara?

MARI GAILA.— Kaxkarina!

TATULA.— Hiru bide atera zitzaizkitzun amodiozko prendak.

MARI GAILA.— Azti txarrak izan ziren.

TATULA.— Zuk ere irakurri zenituen.

MARI GAILA.— Nire asturua ezta aldatzen.

TATULA.— Zuk nahi eztuzulako... Abisu bat dakartsut.

MARI GAILA.— Zer da?

TATULA.— Zureak nahi dituen baten hitzak.

MARI GAILA.— Osaba Miauk bigaltzen zaitu?

TATULA.— Berehala jarri diozu erreparoa sujetoari. Haren mandatua zer den ere jakinen duzu?

MARI GAILA.— Mandatu polita izanen da.

TATULA.— Ikusi nahi zaitu.

MARI GAILA.— Arraiea! Karroaren amaia ikasi zuenean, ze abegi jarri zuen?

TATULA.— Presente egon zirenei galdeturik, juez baten moduan enteratu zen egiaz. Jakin behar duzu. Mikeltxo Marimutilek eman zion beste pattarretik hil zen nanotxua.

MARI GAILA.— Lapur horrek izan behar... Eta Osaba Miauk, enteratu zenean, zer esan zuen?

TATULA.— Berehalaxe, etzuen ezer esan, zigarro bat lotzen zuen bitartean.

MARI GAILA.— Pentsamentuak ostendu nahi zituen.

TATULA.— Ongi ezagutzen duzu. Geroxeago guztiekin edan zuen, eta lehenik Mikeltxo Marimutilekin. Aizearen pean eduki zuenean, gainera egin zion salto, burutik kendu zizkion ileak, eta gero frakarik gabe jaurtiki zuen bidera. Barreak egin genituen bertan!

MARI GAILA.— Eta Ludobina?

TATULA.— Zoratu egin zen, barrearren.

MARI GAILA.— Ezotedu Osaba Miarekin tratamenturik Ludobinak?

TATULA.— Izan du, seguru asko.

MARI GAILA.— Lehen izan badu, orain ere badu.

TATULA.— Jelosia duzu.

MARI GAILA.— Libreak dira.

TATULA.— Osaba Miau zugatik itsurik dago.

MARI GAILA.— Begi batetik.

TATULA.— Zurekin hitzegiteko deseoak argiro deklaratzen dizu.

MARI GAILA.— Andre bakar batekin eztu aski?

TATULA.— Hala derantzutsazu?

MARI GAILA.— Oraindik eztizut ezer erantzun.

TATULA.— Besterik eztut espero.

MARI GAILA.— Pentsatu behar dut.

TATULA.— Bihotzaren aginduak bapatekoak dira.

MARI GAILA.— Hala omendira...

TATULA.— Zer derantzutsazu?

MARI GAILA.— Musika horretarako eznago prest.

TATULA.— Bizimodu ona galtzen duzu!

MARI GAILA.— Etxerik gabe biderik bide...

TATULA.— Pezetak kontatzen dituzun bitartean...

MARI GAILA.— Eguzkiak eta euriak...

TATULA.— Ostatuetan janen duzu...

MARI GAILA.— Bai, nire beldurrak...

TATULA.— Erregina baten parekoa izanen zara! Zuretzat eman dizkit galtzerdi hauk eta zirtzilu dirdirante hauk. Galtzerdiak janzten badituzu, isterrak nola hersten dizkitzuten esanen diot.

MARI GAILA.— Karioak dira galtzerdiak?

TATULA.— Primerako jenerua! Gaurko jauntxoek konejutegiak deitzen diete.

MARI GAILA.— Humore ona dadukate.

TATULA.— Osaba Miaurentzat, zer diostazu?

MARI GAILA.— Eskerrik asko.

TATULA.— Besterik gabe, Mari Gaila?

MARI GAILA.— Besterik nahi badu, bila datorrela.

 

(Txinpart urreztatuz estaldurikako hibaiari begira, hortzak irritzen ditu Mari Gailak. Hibai-ertzetik, ijito-talde bat doa, hartz eta pertzekin. Mari Gailak kantatzen du).

 

MARI GAILA.— Mandatua bigaltzen

                           baldin badidazu,

                           zugatik suspirioz

                           edukiko nauzu.

TATULA.— Osaba Miauk leku aparte batean hitzegin nahi zaitu.

MARI GAILA.— Despedida emateko, bai.

TATULA.— Besterik eman nahi ezpadiozu, despedida emaiozu. Zer ihardesten duzu?

MARI GAILA.— Andre amoratuak zer ihardetsiko du?

TATULA.— Harek dioen lekura azalduko zara?

MARI GAILA.— Bai.

TATULA.— Egiaz?

MARI GAILA.— Egiaz.

TATULA.— Kopa bat eskein zaidazu, eta zure mandatuarekin joanen natzaio.

MARI GAILA.— Sar gaitezen etxera.

TATULA.— Igurikazu.

 

(Atsoak Mari Gailari eusten dio besotik. Gizon lotu batekin dator bidetik goardia. Pikondoaren itzalpean, bizar agurgarrietako eta harrizko burrukoko erromesa ezagutzen dute).

 

MARI GAILA.— Urrikariena harrapatzen dute beti.

TATULA.— Enganaturik zabiltza. Hori Poloniako kontea da.

MARI GAILA.— Hori? Osaba Miau zela uste ukan nuen.

TATULA.— Osaba Miauren konterria zirkoarekin otxaboak ateratzean dago.

MARI GAILA.— Pikaro tunantea!

TATULA.— Bai gizon atsegina!

MARI GAILA.— Hortik datorkit harenganako gorrotoa.

 

 

 

Hamazortzigarren irudia

 

(San Klemente. Erroma moduko eliza, haren harri urreztatuekin. Baserri ferdea. Bakeak eta usain gozoak. Errekaren esmeraldaren gainetik ametsezko bide gazteak trazatzen ditu eguzkiak. Baserriko paretaren gainean jarririk dago Osaba Miau. Simoniñak, arkupeetan, karroaren ondoan belaunbiko, ehorzketarentzat eskean dago. Burruko zuri baten gainean dago nanoaren buru haundia, ezkozko kopeta kameliaz koroatuarik. Eta haren gorputzak beztidura urdin eta urreztatuaren azpian, bere antz geldia markatzen du. Sabelaren gainean, andre ernari batena abezain putzitua, zakurrez eta errealez beterikako plater batek limosnak biltzen ditu, eta kobre beltzen gainean iheri, pezeta dirdirante bat ikusten da).

 

OSABA MIAU.— Zer? Diru asko biltzen da?

SIMONIÑA.— Zerbait harrapatu dugu.

OSABA MIAU.— Zer galdu duzuen eztakizue!

SIMONIÑA.— Zuk baizik eztaki munduan inork?

OSABA MIAU.— Fenomeno hauk persona bigunak dira, eta kontu haundia eduki behar da haiekin.

SIMONIÑA.— Kontu haundia gendukan gero!

OSABA MIAU.— Niri kontatuko didazu, neskatxa? Eztut, bada, nik karroa ikusten, estalperik merkeena eztadukala, pintura apaingarririk batera gabetandik? Eta fenomeno hau Madriletako jaia batean erakusteko zer zen!

SIMONIÑA.— Halako solasekin ongi nahasketatu zioten burua nire amari!

OSABA MIAU.— Zure ama andre egokia da.

SIMONIÑA.— Zuk uste ezpaduzu ere.

OSABA MIAU.— Eztut burlaka esan. Nirekin endredatu bazen, pobrezatik irtenen zen, oraingo.

SIMONIÑA.— Nire amak franko begiratzen du bere kondutagatik, eta eztu endredorik gura.

OSABA MIAU.— Holako endredoak legezko tratuak dira.

SIMONIÑA.— Eta prestutasunaren galerak.

OSABA MIAU.— Dirua irabaztearren juntatzen diren persona biren komenientzia. Legezko tratuak. Alokamentuan hartuko nuen nik karroa; arrazoi on bat pagatu ondoren, tiratzeko zakur bortitz bi paratuko nizkion... eta, zer esanik eztago!

SIMONIÑA.— Orain erremediorik eztago!

 

(Simoniñak heiagora egiten du, eta arkupetako lauzen gainean zutiturik, karroaren ondotik jaikirik, ezkozko buruan jaten duten euliak uxatzen ditu. Intzentsuaren usaina dakarten atso debot batzuek elizatik irtetzen dute).

 

SIMONIÑA.— Ehorzketan laguntzeagatik limosnatxo bat!

ATSO BAT.— Usandurik dago!

BENITA JOSTUNA.— Noiz ehortziko duzue?

SIMONIÑA.— Naikoa diru biltzen dugunean.

BESTE BAT.— Usteldurik dago!

BENITA JOSTUNA.— Ederki josi duzue beztidura. Lasta sakuak hobeki behar dira josi.

SIMONIÑA.— Arrentzat naiko dotore dago.

BENITA JOSTUNA.— Nork josi dio?

SIMONIÑA.— Amak.

BENITA JOSTUNA.— Eztu kuidado haundirik jarri.

SIMONIÑA.— Jostuna ezta.

BENITA JOSTUNA.— Hari hoberik etzendukaten?

SIMONIÑA.— Hogenik eztaiozu bila, eta zakur haundi bat botazu!

BENITA JOSTUNA.— Eztadukat.

SIMONIÑA.— Orratzarekin gutti irabazten duzu.

BENITA JOSTUNA.— Prestuki bizitzeko. Ez ahatz hau: Prestuki bizitzeko!

SIMONIÑA.— Orduan zuregatik gezurrak esaten dituzte.

BENITA JOSTUNA.— Baliteke, baina nire fama eztago holako mihinetan.

SIMONIÑA.— Jauntxoekin dadukagu tratamentua.

BENITA JOSTUNA.— Zu baino pobreagoa, baina prestua.

SIMONIÑA.— Hori da prestutasunaren ametsa!

BENITA JOSTUNA.— Hori da gehien maitatzen dudana.

SIMONIÑA.— Eta guttien gordetzen duzuna.

BENITA JOSTUNA.— Zer esan nahi duzu?

SIMONIÑA.— Guztiak prestuak garela, baina gero...

BENITA JOSTUNA.— Aitearen eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean! Gaztetasuneko mintza-modu egokia iruditzen zaitzu?

SIMONIÑA.— Haundikiekin tratamenturik eztadukadan bezala, damandreen modurik eztazagut.

BENITA JOSTUNA.— Banoa! Beste elerik eztut nahi.

SIMONIÑA.— Sosik atera gabe?

BENITA JOSTUNA.— Halaxe. Bai.

SIMONIÑA.— Munduan zurea baino karitate hoberik ezpalego...

 

(Pero Gailo elizako atean agertzen da. Aldareetan iraungirik kea botatzen duten kandeletako usaina dakar. Barreneko ilunabarrean txinpart urreztatuak adierazten ditu ateko arkuak).

 

PERO GAILO.— Berriketazalea zara, kontxo!

SIMONIÑA.— Mintzatzen bazaizkit, arrapostua ematen dut.

PERO GAILO.— Izaera berekoak zarate andre guztiak.

OSABA MIAU.— Baina andreak honela izanik ere, haek gabe eztago bestarik, laguna. Eta zu etzaitez kexa, lagun galanta baitadukazu. Erromeria bat egin genuen behin elkarrekin, eta bertan ikusi nuen nola portatzen den, eta tontoeri nola dirua sakatzen dien.

SIMONIÑA.— Entzuzu nola guztiak nire amaz mintzatzen diren! Munduan zuk baizik beste inork eztio bururik apurtu nahi.

PERO GAILO.— Isil zaitez, Simoniña!

SIMONIÑA.— Beste behin ere, kontuez kida zaitez.

 

(Koinbra anka bietan zutitzen da, eta sakristauaren inguruan dantzan buztana mugitzen du. Honek begi txarrekin begiratzen dio. Koinbrak, erreberentzia haundirik gabe, sotanari usain eginik, eztul egiten du).

 

OSABA MIAU.— Hotzak botaizkitzu kanpora, Koinbra!

PERO GAILO.— Trumoi batez leher zaitez!

OSABA MIAU.— Anka eska zaiozu, laguna.

PERO GAILO.— Ez naiz ni zure lagunartekoa.

OSABA MIAU.— Zer lagunarte da gurea, beraz?

PERO GAILO.— Deabruarena!

OSABA MIAU.— Koinbra, gezurretik bizi da jentea.

SIMONIÑA.— Ona izateagatik etzaituzte aurpegian markatu.

OSABA MIAU.— Zer sinisten duzu, neska?

SIMONIÑA.— Jainkoagan sinisten dut.

 

(Osaba Miauk ezpain bazterrean dadukan zigarro punta botatzen du, eta gero estaldurik daraman begia agertu ondoren, keinu bat eginik oihal ferdearen ostean ezkutatzen du).

 

OSABA MIAU.— Ongi ikusi duzu markaturik eznagoela.

SIMONIÑA.— Gaiztakeriaren bategatik estaltzen duzu.

OSABA MIAU.— Personen barrenean ikusten duelako. Hainbeste ikusteagatik, erre egiten da, eta estaldurik eraman behar dut. Pareten eta intentzioen atzean dakus.

SIMONIÑA.— Agur Maria! Hola sorginek dakuste.

PERO GAILO.— Deabrua, gehiegi ikusi nahi izateagatiak errebelatu zen.

OSABA MIAU.— Deabrua jakin nahi izateagatik errebelatu zen.

PERO GAILO.— Ikustea eta jakitea arbola bereko frutuak dira. Amai gabe bakoitzean begi bat eduki nahi ukan zuen deabruak, denpora igarana eta etorkizuna ikusi.

OSABA MIAU.— Bere borondatea egin zuen azkenean.

PERO GAILO.— Bere borondatea Jainkoa hainbat izatekoa zen, eta inoiz igaratzen ezten orduaren aurrean itsutu egin zen. Hiru begiradekin Jainkoa izanen zen.

OSABA MIAU.— Jakintza haundia dadukazu, laguna.

PERO GAILO.— Liburuetan estudiatzen dut.

OSABA MIAU.— Hori da digorrezkoa!

 

(Bidetik, artadietan, atso makurtu baten traza beltza agertzen da. Zirkolaria baserritik joaten da, eta Koinbrari egiten dio txistu. Kanpoko atean Errosa Tatularekin egiten du topo. Hori baitzen atsoa).

 

OSABA MIAU.— Harekin mintzatu zinen?

TATULA.— Eta bihurtzeko gelditu ginen.

OSABA MIAU.— Ze moduz dago?

TATULA.— Itsurik dago zuregatik. Gizon batzuek andreeri ematen dietet pagua txarki daki.

OSABA MIAU.— Egun batean uzten nauen edo uzten dudan? Mundua korriturik geratuko da!

TATULA.— Mundua eta trabailuak!

OSABA MIAU.— Ezta atzeratuko?

TATULA.— Deabruak berak piztutzen du kandela hori.

OSABA MIAU.— Andre meritugarria da.

TATULA.— Alabari begira zaiozu. Hogei urte, eta amaren barre batek beste eztu balio.

OSABA MIAU.— Beste jasa bat daduka amak.

TATULA.— Haragi gogorrak eta neskatxa gazte baten guztiziak hain txarki jatearekin kontserbatzeak gezurra dirudi.

OSABA MIAU.— Begietako bista galduko dut, Tatula.

TATULA.— Zu zara tunantea.

OSABA MIAU.— Noiz geratu zinen harekin?

TATULA.— Lekua eta ordua agintzen didazunean.

OSABA MIAU.— Lurralde hauk eztitut ongi ezagutzen. Nundik dago hemen kanaberadi bat?

TATULA.— Asmo on batek kidatzen zaitu.

 

(Atsoak ile urdinen azpian hatz egiten du, eta barre maltzur batean aho hortz agin gabea agertzen duen bitartean, zirkolariak, begitik oihala kendurik, larrain ferdeetara ematen du begirada.).

 

 

 

Hemeretzigarren irudia

 

(Esmeralda amets-mirailadun bat da Erromako historiaren hibai jainkotiarra. Kobrezko behiek haren ertzera edaten dute, eta eguzkiaren argitan lihoak zuritzen dituzte geriza bezala neskek, eta erretabula zaharretan ikusten den eztiaren koloreko damandre zaharkituek. Lo-galez beteriko arratsaldean basoak isiltasun taupari eta hozen bat du. Mikeltxo Padroneko agertzen da, eta ezer esan gabe, keinu misteriotsuetan, jenteari deitzeko zabaltzen ditu besoak. Hurrutirik batzuek galdatzen dute).

 

NESKA BAT.— Zer da, Padroneko?

BESTE BAT.— Urritza apur zazu, eta barrenean zer dagoen esaizu.

MIKELTXO.— Zoazte begiratzera, begiak alaituko baitzaizkitzue.

NESKA BAT.— Zer den esaizu.

MIKELTXO.— Txori-kafia bat.

 

(Serenin Bretalekok, patriarkaren antzean semeekin eta ilobekin serez uztatzen duenak, kapela okertzen du, legelari zahar baten keinu malmutz horrekin).

 

SERENIN BRETALEKO.— Ene, pikaro jokalaria, argiak ematen dizkidazu. Larrutan daude andre gizon batzuk.

MUTILEN OIHUA.— Uhuruhu! Ikustera goazen.

NESKA BAT.— Deabrua bera zara zu, Mikeltxo Padroneko!

 

(Ote oriz estaldurikako arroka batzuren gainean, eguzkiaren kontra ikusten da artzain beltz bat, abaila jiratzen duena, eta haren aldean artzanor beltz bat).

 

KINTIN PINTADO.— Gezurra baldin bada zure berna hazkarrez etzara baliatuko Padroneko. Abailarekin zaurituko zaitut.

ATSO BAT.— Beste deabru bat!

KINTIN PINTADO.— Nun da ezkontza hori?

MIKELTXO.— Kanaber artean.

KINTIN PINTADO.— Uhuruhu! Ikustera goazen.

MIKELTXO.— Artzanorarekin espanta itzazu.

KINTIN PINTADO.— Erregeren ihizak.

BAT.— Hara nun eskapatzen den gizona.

BESTE BAT.— Harrapa dezagun!

KINTIN PINTADO.— Ihiza hori hartzeko eztago zakurrik.

NESKA.— Libre joan dadila. Gizonak berea egiten du. Andreek begiratu behar dute.

MUTILEN OIHUA.— Uhuruhu! Neska harrapa dezagun!

 

(Agureak eta mutilak, larrainetako lana utzirik, mugarrietara oldartzen dira. Hibaindoko kanaberen artean sartzen dira ausartenak, zakurrak kilikatuz. Neska batzuk irribarre lotsaor bat dadukate, begietan hasarrea atso askok. Mari Gaila, oihuka, bidera ateratzen da, haren gonak zakurren antzartean daudelarik).

 

BAT.— Norekin egiten zuen larru?

BESTE BAT.— Osaba Miaurekin, lehengo Artizarrarekin.

MARI GAILA.— Honra lapurrak! Ama nagusiaren semeak!

BAT.— Ahardia!

BESTE BAT.— Atorrutsik dantzatuko duzu!

ATSO BAT.— Andreen lotsa!

ASKO.— Atorrutsik dantza beza! Atorrutsik dantza beza!

MARI GAILA.— Itsurik gera zaitezte! Ahuntzak! Akerrak!

 

(Mari Gailak, mutilek eta zakurrek jarraikiturik, hibaiondotik egiten du korrikan, gerritik gona apurtua eskuekin goratzen duelarik, bertako apurreretatik bernen zuritasuna ikusten zaion bitarten. Milon Arnoiakoak, digante gorri horrek, bere gurdiarekin ebakitzen dio bidea, eta alegrantza zoroarekin irrintzina egiten du. Harri bat jasorik, gelditu egiten da Mari Gaila).

 

MILON.— Uhuruhu!

MARI GAILA.— Harrapatzen nauenari, deskalabro bat eginen diot.

MILON.— Harri hori soltazu.

MARI GAILA.— Nire burua defenditzeko jasotzen dut.

MILON.— Soltazu!

MARI GAILA.— Etzaitez arrima, Milon!

 

(Morroia, barre algara basatietan salto batean aurreratzen da, eta harriak bularra jotzen dio. Mari Gailak, begiak gorriturik, beste bat bilatzen du, baina digante gorriak besartean hersten du).

 

MILON.— Uhuruhu! Nirea da!

BAT.— Milonek harrapatu du!

MARI GAILA.— Solta nezazu, Milon! Sekeretuki eskatzen banauzu, entregatuko natzaitzu! Solta nezazu!

MILON.— Etzaitut soltatuko.

MARI GAILA.— Basatia zara, eta beste behin zure andrea lotsapean jartzearen etzara bildur.

MILON.— Nire andrea eztu asmo horrek tentatzen.

MARI GAILA.— Etxean nor dadukazun txarki dakizu.

MILON.— Isil zaitez, doilorra!

MARI GAILA.— Solta nezazu, eta beste behin, nahi duzun lekura probetxu baterako abisatuko zaitut. Solta nezazu!

MILON.— Zoaz eta gal zaitez, kondenazio batera bainaramazu.

 

(Mari Gailak digantearen besartetik egin du ihes, bular hutsik eta burutsik).

 

BAT.— Eskapatuko da!

BESTE BAT.— Eztaidiela ihesik!

ASKO.— Segi dezaiogun! Jarraiki dezaiogun!

KINTIN PINTADO.— Hezurrak apurtuko dizkitzut.

 

(Zakurra jaurtikitzen dio, eta korrikan egiten du hibaiondotik iheslariaren atzean abaila bueltaturik. Pausuen hotsak doaz ondarraren gainetik. Mari Gaila eskapurik gabe dago).

 

MARI GAILA.— Arima beltzak! Infernuetatik irtenak!

KINTIN PINTADO.— Atorrutsik dantzatuko duzu! Zure gorputza erakutsiko duzu!

MARI GAILA.— Etzakizkit hurbil, Kaifas!

KINTIN PINTADO.— Zure ezkutuko grazia ezagutuko dut!

IRRINTZINAK.— Uhuruhu!

MARI GAILA.— Zarrazenuak! Infernuetako negroak! Zuen kulpaz desorduan erditzen bainaiz, gartzelara eramanen zaituztet.

BAT.— Tranpa horretzaz etzara baliatuko.

BESTE BAT.— Atorrutsik dantzatuko duzu!

KINTIN PINTADO.— Gorputza erakutsiko duzu!

MARI GAILA.— Horregatik korrituko nauzue? Amarik nagusienaren semeak, atorrutsik eta biluzik dantzatuko dut!

IRRINTZINAK.— Uhuruhu!

MARI GAILA.— Baina gaizki tratatzera inor eztadila ausarta! Itsutu arte begirauzue, baina eskurikan etzazue sar!

IRRINTZINAK.— Uhuruhu!

 

(Mari Gailak atorra eranzten du, eta haragiak dardar, gona apurtuetatik ateratzen da. Sorbalda batetik odoljariotxu bat ateratzen zaio. Antzinateko soinu-neurriarekin, ausart eta triste, urrez estaldurikako hibaiaren aurrean altzatzen du bere biluztasun zuria).

 

MARI GAILA.— Honekin konforma zaitezte!

IRRINTZINAK.— Uhuruhu!

BAT.— Milonek jaso beza gurdira!

BATZUK.— Milonen gurdira!

KINTIN PINTADO.— Haren tronuan dantza beza!

IRRINTZINAK.— Uhuruhu!

 

(Belar gizenezko mendi urrintsu eta arraodaria, gurdia, bere idi urre-kolorekoekin, digante gorria itaurrean, hibaialdeko habarrotsen gainen faunaldien gurenda bezalakoa zen).

 

 

 

Azken irudia

 

(San Klemente. Hermita hura, isiltasun heze eta ferde batean, artadietako otoitz arratsaldetarren artean, eta Erroma moduko harriak eguzkitan urreztatuak. Arkupeetan sakristauaren sotana. Haren aurretik igaranik, bi mutiko lotsagabek kanpandorrera igotzen dute).

 

PERO GAILO.— Jainkotiar errespeto falta.

MARIKA.— Falta gabe, eztakit zer den.

TATULA.— Mutilak sartu dira orain! Gazteria galdua!

SIMONIÑA.— Hezur bat apurtu zaiezu, aita.

PERO GAILO.— Laudatua izan bedi Jainkoa!

MARIKA.— Penitentziarik gabeko haragia!

ARTADIETAN BAT.— Pero Gailo, andrea biluzik dekartzute, gurdi baten gainean, munduko lotsari emana.

 

(Pero Gailo belaunbiko erortzen da, eta bekokiarekin jotzen ditu arkupeko hilobiak. Haren buruaren gainean, zororik dantzatzen dute kanpaiek, eta faunalia basotarraren soinuak elizara heltzen da. Sakristauaren bekokiak, harlauzetan, hilerri bateko oihartzunak ateratzen ditu).

 

MARIKA.— Adarrak apurtuko dituzu hor.

PERO GAILO.— Iruntz neza lurrak!

TATULA.— Nundik eskandalo hau?

ARTADIETATIK.— Zerura begira ikusi omendute, gorputzaren gainen amorante bat zedukalarik.

SIMONIÑA.— Gezurra!

ARTADIETATIK.— Nik eznuen ikusi!

PERO GAILO.— Eta egia dioen inork ere etzuen ikusi!

TATULA.— Hala da!

 

(Pero Gailok, sotana zapaltzen duelarik, korrikan egiten du, eta elizako atetik itzaltzen da. Kanpandorrera igonik, elai baten modua eskaileretatik egin ondoren, kanpaietako arkuetatik begiratzera ateratzen da. Faunaliako gurdia bidetik dator, eta haren inguruan, mutil talde alegereak egiten du salto. Haren gainean zuri eta biluz, belarrez estaldu nahi da Mari Gaila. Sakristaua, beltz eta luze, teilatura ateratzen da, teilak apurtzen dituelarik).

 

BAT.— Irendua!

MUTILEN KOPLA.— Tunturruntun! Mari Gaila. Tunturruntun! Dantzan egin nahi ukan zuen. Tunturruntun! Mari Gailatxa. Tunturruntun! Atorra erantzi zuen.

PERO GAILO.— Ezkondu ginen eliza bertara andre adulteriogilearen bila itzultzeko agintzen dit Sakramentu Santuak!

 

(Pero Gailo, teilatuaren bazterrean egonik, burua jaurtikitzen du behera. Hegaldaketa beltz batean erortzen da, eta besoak zabalik, sotana apurturik, zapaldurik geratzen da. Heriotzearen aurpegia jarritzen zaio. Gero errenka jaikitzen da, eta eliza barrenera sartzen da).

 

BAT.— Hil zinela uste ukan nuen.

BESTE BAT.— Zazpi bizitza ditu.

KINTIN PINTADO.— Uhuruhu! Begira nola adarrak lurrean utzi dituen!

 

(Sakristaua atera egiten da arkupetik, kandela piztu bat eta ameza-liburu bat dakarrelarik. Haren itxurak misterioa ematen du. Liburua zabalik eta apaiz-kapelua okerrik, garaitza itsusiaren gurdira heltzen da. Hari ongi-etorria emateko bezala, gurditik andrea jasten da, alua eskuarekin estaltzen duelarik. Esku haren gainean iraungitzen dio kandela sakristauak, eta bertan jotzen du liburuarekin).

 

PERO GAILO.— Bekaturik eztadukana, lehen harria bota beza.

BATZUK.— Adarduna!

BESTE BATZUK.— Zikiriatua!

 

(Trufak, burlak eta txantzak entzuten dira, harriak datortza eta airean besoak astintzen dira. Hasarreak eta urguiluak mihinak soltatzen dituzte. Berba herrikor eta judu bat hatsa igaratzen da).

 

ATSO BAT.— Gizonen lotsa eta ahalkea!

 

(Elizako salutu batekin bihurtzen da sakristaua, meza liburu zabalduaren gainean begiak okertzen dituelarik, eta otoitz zuria errezatzen du latinez).

 

SAKRISTAUAREN OTOITZ LATINA.— QUI SINE PECCATO EST UESTRUM, PRIMUS IN ILLAM LAPIDEM MITAT.

 

(Andre biluziari ematen dio sakristauak kandela iraungia, eta eskutik eramaten du arkupeetatik, hilobietako lauzen gainetik, eta... latinaren mirakulua! Liturji eta erlijio zirrada batek kontzientziak mugitzen ditu, eta aurpegietako dizdira odolgarria aldatzen du. Arima zahar eta haurkoiek bizitza eternalaren usaina egiten dute. Bildurraren apartatzen denik, eta prudentzia eskatzen duenik, ezta falta. Hitz latinak, enigma eta liturji dardararekin, mirakuluetako zerura hegazketatzen dira).

 

SERENIN BRETALEKO.— Dantza honetatik aparta gaitezen.

KINTIN PINTADO.— Ni ere banoa, ganadua gobernatu behar baitut.

MILON.— Eta egin dugunak justiziara eramaten bagaitu?

SERENIN.— Ezkaitu eramanen.

MILON.— Baina eramanen bagindu?

SERENIN.— Justiziarentzat ahoa zigula, eta tormentuak ahal den moduan aguanta!

 

(Baserriaren gainean daude iheri ilunabarreko urreak. Mari Gailak, harmoniaz beterik haren biluztasunean, hilobietako harlauzen gainean ortutsik zapaldurik, negarren azpian sentitzen du bizitzaren neurria. Arkupeetako itzalpeetan sarturik, kameliaz koroaturiko nanoaren buru haundia aingeru baten burua iruditzen zaio. Senarraren eskuak kidaturik, andre adulteriogilea elizaren babes pera anparatzen da, eta urrezko erantzute erlijiotsuak inguraturik, latin ezagutu gabean, arima gogorren mundu mirakulu-zale haretan igartzen ditu).

 

JAINKOAREN HITZAK 

1963 urteko uztailaren seian

 

 

JAINKOAREN HITZAK
Ramon Valle-Inclan

(Baserritar trajikomedia)
 
1963
euskaratzailea: Gabriel Aresti
Susa, 1986