JAINKOAREN HITZAK
Ramon Valle-Inclan

(Baserritar trajikomedia)
 
1963
euskaratzailea: Gabriel Aresti
Susa, 1986

 

 

BIGARREN EGUNA

 

 

 

Seigarren irudia

 

(Lugar de Condes. Ateaurrean mahastiak dituen baserri zaharra. Larrainak, garitegiak, lastategiak. Egunaren urratsa, izarrak amatatzen dira, goizeko lehen oihuak, behien eta zekorren orroiak. Estalbe ilunetatik itzal batzuk, farolekin, sartu eta atera egiten dira, belarra galtzarpean eramanik. Laberen batean artoa egosten da, eta zelaietako lurrinak etxe iratzar berria urrineztatzen du. Marika Erreinukoa, bere atalasean jezarririk aza batzuk gosaltzen ditu).

 

HAUZO BAT.— Karroaren zai zaude, izeba Marika? 

MARIKA.— Atzotik. 

HAUZO BAT.— Gaila koinatak beraz, tardatzen du. 

MARIKA.— Koinata! Hitz horrek mihina lotzen dit. Lapur haundi horri, bularraren barrenean beste argi batzuk dakarrelarik, bideen gainetik erorten zaio gaua, eta eguna etorri arte ostatuetan eta tafernetan galtzen du prestutasuna. 

HAUZOA.— Kopa bat edan ondoren, ederki alegeratzen da. Aita San Bladi, barreak egin ditugu aspaldion Ludobinaren ardandegian! Gondarreko itsuak, hura ere katuarekin egonik, biak elkarrekin juntatzeko eskatzen zion, eta besteak sententzia galantekin tapatzen zion ahoa. 

MARIKA.— Zorrotza da itsu hori, halajaina! 

HAUZOA.— Orduan etzirudien zorrotza. Eta kopletan mintzatzen zitzaizkion elkarri: Badakite hoiek fanderoa jotzen. 

MARIKA.— Arnoak eginikako mirakuluak. Andrearen dezentzia galdu nahia. 

HAUZOA.— Edaten duena ere eztu pagatzen! Haren solas ederragatik eta ateratzen dituen kopla zorrotzakatik komitatzen diote askok. 

MARIKA.— Hori da, bada, inoiz ezagutu eznion grazia! Eta gure nanotxuaren atsekabeak erremediatzeko biderik eztagoela... Eztu mutilagatik begiratzen, karroko lastorik eztio ganbiatzen, barrabilik eztio garbitzen, eta Aita San Lazaro baten moduan dago urrikaria zauriz beterik. Hori da arima beltza! 

HAUZOA.— Baina karroak naiko probetxu ematen du. Batek baino gehiagok nahiko luke beretzat ondasun hori! 

MARIKA.— Bai, hari bai ematen dio naiko, eguzkipean eta euripean atera ezpaitu damu, herririk herri. Nirekin berriz bestela gertatzen da. Nire odolekoa nola den, urrikaltzen natzaio, eta nekerik beste eztik ekarten. Egun guztian karrotik tiratu ondoan, eztut sekula pezeta bat irabazi. 

HAUZOA.— Zure koinatak arnotan gastatzen du gehiago. 

MARIKA.— Ni dezentziak loturik nago. 

HAUZOA.— Eta edaten duenean, nanoari ematen dio. 

MARIKA.— Irabazirik daduka urrikariak edari hori. 

HAUZOA.— Anizetea ezta gauza ona harentzat izanen. 

MARIKA.— Gehiegi baldin bada, ez; baina kopatxu batek zizareak hiltzen dizkio. 

HAUZOA.— Bat baizik ezpalitz gehiago ere... 

MARIKA.— Zer esanik eztago! 

HAUZOA.— Eta gaur zure koinata Mari Gailari etzaiozu itxadon.

MARIKA.— Hitz hori isil zazu! Koinata! Litxar haundi hori nire familian inoiz sartu ezpalitz, hobe! Eta neba nirea, hain dago enganaturik...

HAUZOA.— Pero Gailok elizan kantatzen du, eta Mari Gailak tafernan.

MARIKA.— Egia haundi da andreok Sugearen alabak garadela! Eta nire nebak eztu bere lotsarik ezagutzen!

HAUZOA.— Harek dirua ikusten du.

MARIKA.— Ezta hori ere.

HAUZOA.— Mari Gaila Vianako merkatura joan da, nik uste. Probetxu hori eztu galdu nahiko.

MARIKA.— Eta egun bat ebatsiko dit hala. Aurrerantzean eztit holakorik eginen. Karroa bihurtzen didanean, eztiot atzera emanen. Sekretu bat kontatuko dizut: Nire atera jotzera etorri zitzaidan ahizparen itzala. Haren bekatuak sorturikako semeak mundu honetan sufritzen dituen nekeak ikusirik, esan zidan beste baten eskuetan eztuela ikusi nahi. Karroaren kargua hartzea egindu zidan, eta lapur horri burdinazko kateak iragarri zizkion mundu honetan eta bestean. Eta gezurrra badiotsuk, kondena nadila!

HAUZOA.— Ametsetan holako gauzak ikusten dira.

MARIKA.— Itzar itzarrik nengoen.

HAUZOA.— Eta honela mintzatu zitzaitzun zenduaren arima?

MARIKA.— Bai. Inori etzaiozu esan.

HAUZOA.— Mutu izanen naiz.

 

(Hauzoa etxean sartzen da, sukaldeko sua begiratzera. Ate aurrean oilaloka bat dago, eta pikondo baten gainean hiru mutikok, haragiak erakutsirik, gosaltzen dute).

 

 

 

Zazpigarren irudia

 

(Gaztainadi bat; bertan olgatu egiten dute Vianako Andre dona Marietara doazin eskaleek, eta holako jenteek. Mari Gaila, mentura berri haretan alai, harnas estuka eta barreka, argiz beterikako kaminotik dator, karrotik tiratuka).

 

MIKELTXO.— Urre naikoa ateratzen duzu tresoro horretatik.

MARI GAILA.— Ez xentimorik ere.

GONDARREKO ITSUA.— Hiloriaren barrabilak erakusteko ateraldiarekin edonori lapurtzen diozu zilarra.

MARI GAILA.— Dirurik eztabil aspaldi honetan.

LIMOI UR SALTZALEA.— Dirua ikusten denean ere, ezta gehiegi ikusten, eta pobreok are guttiago.

GONDARREKOA.— Eta dirurik guttien itsuok ikusten dugu.

MIKELTXO.— Dirurik eztago, eta dagoen apurra Osaba Miauk eramaten du bere tranpekin.

MARI GAILA.— Osaba Miau! Haren gainean entzun dut zerbait, eta bai haren zakur Koinbraren gainean ere. Bista haundiko eta probetxu haundiagoko litxarra da.

MIKELTXO.— Zeruak kondenatua!

 

(Maria Gailak gaztainondoen itzalpera arrimatzen du karroa, eta bertan eserten da, begiak eta ezpainak maleziaz eta alaitasunez dirdira).

 

MARI GAILA.— Bernatik gora ardi haundi bat datorkit, eta harrapatu nahi dut. Etzazu begira, Pedroneko Mikel!

MIKELTXO.— Zeren beldur zara? Nik tatxaren bat ateratzearen? Orok dakigu bernak okerrak dituzula.

MARI GAILA.— Okerrak eta argalak!

GONDARREKOA.— Zurekin penarik eztago. Herririk herri biok elkarrekin ibilirik, ogerleko politak irabaziko genituke. Zuk bizi molde honi eztiozu sekula utziko.

MARI GAILA.— Herentzia arnegatuak ekarririkako ondasuna da.

MIKELTXO.— Erregeren Palazioa abandonatu zenduen?

MARI GAILA.— Nire etxea abandonatu nuen, eta bertan erregina nintzen.

LIMOI UR SALTZALEA.— Txarki joanen zaitzu zuri, andrea, baina lehen hezurra zendukan lekuan, haragia daukazu orain.

TATULA.— Kolore berriak atera zaizkitzu aurpegira.

MARI GAILA.— Beti ukan ditut arrosaren koloreak; beraz arno zalea naizela esan dute. Nire portaera onak ematen zizkidan koloreak!

 

(Eskaleak, beltz eta dostalari, arbolen itzalpean etzanik, barre egiten dute. Kaminotik, nazarenoaren habitoarekin, neskato batek bildots bat dakar, eta haren gurasoeri, bi laborari zahar, hortzak irritzen dizkio. Arropa dotorez jantirikako neskak igaratzen dira, merkatarien eta deboten artean).

 

LIMOI UR SALTZALEA.— Sekulakoa izanen da aurten Vianako merkatua.

MIKELTXO.— Aurten sona Bezango kristoarenak du.

MARI GAILA.— Merkatu hurrun hoek zuentzat dira onak, gorputzak libre baitituzue. Baina nola eginen ditut nik zazpi legoa karrotikan tiratuka?

GONDARREKOA.— Konpainia on bat bila zazu, eta horrela bidea txandaka egin dezakezu. Karrotik galantzia onak ateratzeko, onak dira mendiko merkatuak. Bertan Jainkoaren grazia ikusten da edonundik.

MARI GAILA.— Aurten Arnoiako San Kanpiora eznaiz faltako.

GONDARREKOA.— Eta probetxua aterako duzu, nirekin konpontzen bazara.

MARI GAILA.— Elkarrekin bagaude akort, baina zure akordua nirekin ohean sartzekoa da, eta hori etzazu nigandik espero.

TATULA.— Jainkoak hala nahi duela, bekatua zuek baino poteretsuagoa baldin ezpada.

MARI GAILA.— Nire haragi arrosazkoak maradikatu honek ukitzen ditu. Aparta zazu esku hori, alu horrek!

GONDARREKOA.— Erdu enekin, Mari Gaila!

MARI GAILA.— Begira pospolu bat daukazun!

GONDARREKOA.— Bazkaria egosi nahi duzu?

MARI GAILA.— Bista ona daukazu!

GONDARREKOA.— Sardinaren usaia etorri zait sudurrera. Mari Gaila, bion bazkaria batera bilduko dugu?

MARI GAILA.— Nire aldetik, lau aranke jarri detzaket, ate batean eman zizkidatenak. Janari honek edaria eskatzen du.

GONDARREKOA.— Nire faltrikaran eskua sar zazu, bertan gauza onak aurkituko baitituzu.

MARI GAILA.— Tunante hori! Fraileak baino hobekiago bizi zara.

 

(Mari Gailak, beso biluz eta trentza mordoak zapiaren azpian baturik, abar batzuk piztutzen ditu, eta suaren mihinak kantari jaikitzen dira. Ereinotzaren eta sardinaren usaia dakar keak, arno garratzaren eta arto onaren oroitzapenarekin. Agure agurgarri bat, lokarturik zirudiena, geldiro jaikitzen da. Bularra errosarioz beterik dauka, eta sorbaldatik zintzilika, pelegrinoaren zurdatza).

 

PELEGRINOA.— Zer eskeintzerik ez edukitzea damu dut, nire kristauak, zuekin parte hartzearren.

MARI GAILA.— Zure poltsan zerbait dagoela badirudi.

PELEGRINOA.— Nire penitentzia besterik eztago barrenean.

GONDARREKOA.— Urdaiazpikoren bat, seguru asko!

PELEGRINOA.— Loak hartzen nauean burua deskantsatzeko harria.

 

(Poltsa zabaltzen du eta handik harri borobil bat erakusten du, erdian zilo zabal dadukana, penitentziazko lo luzeen azterrena. Mari Gaila, mirari haren aurrean, biguntasunez gozatzen da).

 

MARI GAILA.— Erdu honera, zorionekoa, eta parteak eginen ditugu zurekin.

PELEGRINOA.— Laudatua izan bedi Jainkoa!

MARI GAILA.— Laudatua izan bedi beti!

 

(Mari Gailak surtatik sardinak apartaturik, erratilu baten gainean paratzen ditu. Gero itsuaren poltsatik, ogia eta zahatoa ateratzen du, eta lekua uzten dio pelegrinoari, mahaitzat hartu duten kaparen inguruan. Jaten duten bitartean, itsuak, barre algara maltzur batekin, usaia egiten dio ogiaren gainean duen sardinari).

 

GONDARREKOA.— Burrukoa harrizkoa du, baina aginak gogorragoak ditu. Penitentzia txarki lo eginarentzat da, ez txarki janarentzat. Santu maradikatua!

PELEGRINOA.— Ezer jan gabe hiru egunean egondua naiz.

GONDARREKOA.— Aseagatik?

PELEGRINOA.— Penitentziagatik.

GONDARREKOA.— Engainio hoietan ibiliak gara, laguna.

 

(Serafinaren antzean entzuten ditu Erromesak hitz hauk, eta itsuak, ahoa tragoarekin freskotu ondoren, barre egiten du, berriz atzera. Mikeltxo Padronekok, itzal haietan goardasol bat atondurik, keinu maleziati bat egiten du eta aire bat kantatzen du. Goardien parea, beltz eta hautsez beterik, litxarrak lokarturik dauden itzalpeetan sartzen da. Hura heltzen ikusirik, isildu egiten dira guztiak).

 

GOARDIA BAT.— Herririk herri ema galdu batekin zebilan bat eztuzue ikusi? Poloniako kontea?

GONDARREKOA.— Politika horretako jentearekin ezkara tratatzen.

GOARDIA.— Izen horrekin bilatzen du hori justiziak.

GONDARREKOA.— Izena, larrua baino errezago, aldatzen da.

MIKELTXO.— Ze ofiziotan enplegatzen da sujeto hori, goardia jauna.

GOARDIA BAT.— Gaiztoenetari, eta zuek hura ez ezagutzeak franko harritzen nau.

GONDARREKOA.— Batzuk mundua prestutasunarekin egiten dugu, eta beste batzuk prestutasunik gabe.

MARI GAILA.— Hala uste dute Goardia jaunek ere.

GOARDIA BAT.— Nik guztiok sartuko zinduzket, eta hola eznuke hutsik eginen. Kontuz zer egiten duzuen, zelatan baikaude beti!

MARI GAILA.— Gure egintzak eguzkiaren argia bezain klaro daude, Goardia jaunak.

GOARDIA BAT.— Kontuz, halaz ere!

 

(Goardia jaunek, atsegin ezak, burlazko eta bildurrezko begiraden pean alde egiten dute. Korreajeak, fusilek eta kapeluek argiz beterikako kaminoan egiten dute txinpart).

 

GONDARREKOA.— Bista bezalako prendarik eztago. Ilunpetan gabiltzanok baino itsuagoak dira hoek.

MIKELTXO.— Hala gerta leiteke.

GONDARREKOA.— Santu berbera seinalatzen duzula deritzat.

MIKELTXO.— Nik eztut ezer menturatzen.

GONDARREKOA.— Nire ahoa zigulaturik dago.

MARI GAILA.— Hori da mintzatzeko modua!

GONDARREKOA.— Guk elkar ongi entenitzen dugu.

MIKELTXO.— Miau!

 

(Mutil maltzurrak, arbola bateko subilaren kontra, goardasola nola atondu zuen begiratzeagatik zabaltzen du, eta aire berri bat kantatzen du. Mari Gailak, begiak erdi hertsirik eta hortzak irriturik, entzuten dio).

 

MARI GAILA.— Doinu polita! Habanera dirudi.

LIMOI UR SALTZALEA.— Osaba Miauk munduko bazterrik azkenetik ekarri zuen doinu hori.

MARI GAILA.— Aurrenez ezagutzen dudan egunean, barreak eginen ditugu. Eztut ezagutzen, eta hiru gauean harekin eta haren zakurrarekin egin dut amets.

MIKELTXO.— Zure ametseko gizonak Osaba Miauren aurpegia eduki dezala besterik, ezlitzake faltako.

MARI GAILA.— Padroneko, holakorik gertatuko balitz, Deabruarekin tratua egina duela esanen nizuke.

 

 

 

Zortzigarren irudia

 

(Mari Gailak, karroa mugitzen du, eta parabolak esplikatzen ditu. Jenteari deitzeko, fanderoa jotzen du. Euri lasterren artean, eguzki printzak. Vianako besta burua. Kolejiatako bazterrak. Arkupeetan txoznak. Apaindura ferde eta gorriak. Kolejiataren ondoan, kanpo bat gora. Haritz itzalak eta haziendak. Ostatuko atean, unaien aldarriak, mutilen alaitasuna, agure-atsoen ditxoak, eskaleen solasak eta letariak. Padroneko Mikeltxok, ostatulariaren begirada pean, plater haundi bat atontzen du, lore urdinez horniturikako baxera. Koinbra, kolore haunitzez jantzirik, jentartera oldartzen da, eta zirkolariaren sorbalden gainean txori magoaren gaztelua agertzen da; haren ezkerreko begia oihal ferde batez estaldurik dator. Osaba Miauk, bere txozna egiten du ostatuko ataurrean, eta Koinbrari dantzan eraginik, txirula bat jotzen du. Profetaren moduan, sar atera egiten da txori magoa bere gaztelutik. Bere zapi loratua arreglatzen du Mari Gailak sorbalden gainean, eta zirkolariak begira dezaiola nahirik, Osabaren txirulan dagoen soinuan, kopla bat kantatzen du).

 

MARI GAILA.— Hango beroarekin,

                           banengoke Kuban,

                           zurekin joatearren,

                           maitea,

                           eznuke egingo dudan.

MIKELTXO.— Zure ametseko gizona ezagutzen duzu?

MARI GAILA.— Estaldurik daraman begiak itxura aldatzen dio.

MIKELTXO.— Andre honi txoriak iragan dezaiola etorkizuna. Nik pagatuko dizut.

OSABA MIAU.— Eta nik eztiot ezer kobratuko, gehiago merezi baitu andrearen graziak. Kolorin, andre honen patua atera zazu. Kolorin, haren asturuari galda zaiozu.

MARI GAILA.— Nire zoria parte txarrekoa da.

 

(Kolorin, kapelu ferde eta fraka ori, gazteluko atean agertzen da, mokoan asturua dakarrela. Mari Gailak papera hartzen du, eta gizonari ematen dio, irakur dezan).

 

OSABA MIAU.— «Benus eta Zeres. Juntaera honetan zabalduko dira zure asturuaren leihoak. Zeresek frutuak emanen dizkitzu. Benusek berriz, lizentziak. Zure asturua andre ederrarena izanen da. Zure tronoa, udaberrikoa».

MARI GAILA.— Egia okerrak! Nire asturua parte txarrekoa izanen da.

 

(Mahastiaren azpian, ostatuko ateen gainean zabalik dagoena, uraren moduko argi ferde batean ikusiren dira itxurak. Mikeltxo Padroneko, baxera konpondu eta, jentartera sartzen da, orinaren gainean mihina, barre bihurri batekin, besoak bularraren gainean, olatuen antzean dabilelarik).

 

MIKELTXO.— Zergatik daramazu begi bat estaldurik, Osaba Miau?

OSABA MIAU.— Bat bakarrarekin asmoak ikusten dizkitzudalako, Izeba Marimutil.

MARI GAILA.— Beste baten bila ez joan, Padroneko.

OSABA MIAU.— Begi estaldu honek itsusitu ala edertu egiten nau, andrea?

MARI GAILA.— Erakusten badidazu, konparatuko dut. Bestela ez.

OSABA MIAU.— Sekretuki apartatuko gara gero, konparatzeko.

MARI GAILA.— Horrekin zer esan nahi duzu?

OSABA MIAU.— Hea akort geratzen garen!

MARI GAILA.— Hala nahi baldin baduzu, bai.

 

(Gondarreko itsua, burutsik, esku artean katilu bete arno duelarik, ostatuko atean agertzen da. Aurpegia argi dakar, ongi jan eta hobeki eta hobeki edanagatik).

 

GONDARREKOA.— Mari Gaila, edatera erdu.

MARI GAILA.— Eskerrik asko.

GONDARREKOA.— Eztarria fresko edukitzearren edan zazu, Mari Gaila. Barrenetik zure kopla entzun nuen.

 

(Mari Gailak ezpainak legortzen ditu buruan daraman zapiaren barrenarekin, agure maltzurraren eskuetatik katilu gainezkatu eta gorria errezibitzen du, eta arnoa eztarrian kantari dagoelarik edan egiten du).

 

MARI GAILA.— Kanelaren parekoa da!

GONDARREKOA.— Konterrian bildua.

MARI GAILA.— Eta berate honetan gozoagoa da.

GONDARREKOA.— Amandiko arno zuri bat dastatu nahi duzu orain? Marrubiaren zaporea du.

MARI GAILA.— Bizimodu ederra daramazu.

GONDARREKOA.— Dastatu nahi baduzu, sar zaitez.

MARI GAILA.— Eta buruan min egiten badit?

GONDARREKOA.— Ganbarara joanen gera lotara.

MARI GAILA.— Tema kondenatua! Neska arin baten konpainian nola etzaude zu?

GONDARREKOA.— Neska kaxkarinak eztira nire gogokoak. Itsu batek andre zentzuduna behar du.

OSABA MIAU.— Aldrebes dirudi. Ikusten eztuen bezala, edertasunik eztezake prezia, eta ukitzen duenean, haragi gogorrak deseoko ditu.

GONDARREKOA.— Zureak nola dira, Mari Gaila?

OSTATULARIA.— Haur egin ondoren eztago ugatz gogorrik.

MARI GAILA.— Hori andre bakoitzaren kondizioak erabakitzen du. Nire haragiak, haurra egin nuenean, harria baino gogorragoak ziren.

GONDARREKOA.— Orain nolakoak dituzun, utz zaidazu ukitzen.

MARI GAILA.— Zurekin joateko gogo baduzu, eskuak geldi edukiko dituzu.

OSABA MIAU.— Alde egiten baduzu, eztezakegu konparaziorik egin.

MARI GAILA.— Begi ezkelaren konparazioa?

OSABA MIAU.— Hala fede!

MARI GAILA.— Gero batuko gara.

OSABA MIAU.— Ostatuan igurikiko didazu?

MARI GAILA.— Lagun honekin esperoko zaitut, tardatzen ezpaduzu.

 

(Mari Gailak agure maltzurraren bizkarra jotzen du, eta karrotik tiraka, ostatuan sartzen da. Atariko ilunpean sartu baino lehen, bihurtu egiten da, eta begi keinu batekin kanpoan geratzen direnak salutatzen ditu).

 

OSABA MIAU.— Andre horren gatza ezta maiz paraje honetan ikusten. Badaki, gero, mintzatzen!

LIMOI UR SALTZALEA.— Gatzeko eta lujoko andreak sarri jaiotzen dira alderdi honetan. Munduan batek badu sona, hemengoak. Karolina Otero! Donibane Valgako kamineroaren alaba! Frantzesen erregerekin ohean sartzen dena.

OSABA MIAU.— Fratzesak eztute erregerik.

LIMOI UR SALTZALEA.— Bertan agintzen duenarekin, orduan.

OSABA MIAU.— Han Errepublika dago, Espainian ere egon behar lukeena. Errepubliketan herriak agintzen du, zuk eta nik, osaba.

LIMOI UR SALTZALEA.— Orduan norekin sartzen da ohean Donibane Valgako kamineroaren alaba? Ipui hori ezpaita gezurrezkoa! Eta alaba hori ezta haren amaz ahatzi! Eskean ibiltetik kendu zuen, eta taberna bat erosi zion.

TATULA.— Mari Gailak ere holako asturu bat eduki ahal ukan zukeen!

MIKELTXO.— Lagun honen koplak!

LIMOI UR SALTZALEA.— Lagun honek, munduan asko ibilia baita, badaduka hori nundik jakin.

OSABA MIAU.— Andre hori, ongi dirijitzeko esku pare trebe bat baleduka, beste sartu zen ohean sartuko litzake hura ere.

LIMOI UR SALTZALEA.— Asko diozu.

OSABA MIAU.— Ez naiz ni lehen, hori diodana. Kolorinek ere asturu hori igarri dio, eta haren mokoan etorkizunaren ezagutza dago. Txoriaren zori ona bila zazue, jaun andreok! Txoriaren zori ona bila zazue!

 

 

 

Bederatzigarren irudia

 

(San Klementako eliza, arratsaren eroritzean; hegaztinaz eta itzal morez dago beterik. Pero Gailo sakristaua, arkupean dabil, eskuetan giltzak daramazkielarik. Sakristauaren bizar beltz urdin zuriek eta maxela sakonek zirioetako su oria dirudite. Elizatikan atso debot berantiarrak ateratzen dira, eta hilobi bateko lur freskoaren gainean otoitz egiten du Marika Erreinukoak).

 

PERO GAILO.— Agur, Marika! Ateratzen zarenean, ataka herts.

MARIKA.— Nirekin mintzatu gabe, etzaitez joan. Utzidazu azken gloria honi amen bat eman dezaiodala.

 

(Giltzek hots egiten dutelarik, arkupe ondoko paretean jezartzen da sakristaua. Zinatzen da Marika).

 

MARIKA.— Zein izan zen gure tratua?

PERO GAILO.— Zergatik hitz hoek, Marika?

MARIKA.— Eztuzu konprenitzen? Agirian dago!

PERO GAILO.— Argitasunik ematen ezpadidazu...

MARIKA.— Karroari zer gertatu zaio?

PERO GAILO.— Zuk beste dakit nik.

MARIKA.— Honela uzten diozu emazteari bidea okertzen.

PERO GAILO.— Honra nork estal badauka.

MARIKA.— Ene neba, behin oilar superra izan zinen, eta orain gangarretik tiratzen dizute! Zure honra ez begiratzeko, zer eman dizu andre gaizto horrek?

PERO GAILO.— Sugearen parea zara Marika!

MARIKA.— Egia biribilak esaten dizkitzudalako, ofenditu egin behar nauzu.

PERO GAILO.— Gaitz-esaleeri ez kasorik egin, Marika!

MARIKA.— Gaitz esaleak balira egiaz, andre hori, bere portaera etoiagatik gure familiaren lotsa baita!

PERO GAILO.— Hainbeste esanarekin nire prudentziaren akabuan nago, orain buztana besterik ezpaitu.

MARIKA.— Ebaki zazu azken buztan hori, zure arreba egiazko honengan zure ohorearen hamorrua paga zazu!

PERO GAILO.— Eznuen zuregatik hitz egiten, hitz egin badezaket ere. Haunitz dira mihin gaiztoak!

MARIKA.— Begietako estalkia eroriko zaitzu, bai, noizpait.

PERO GAILO.— Ze arraio egin dezaket? Zure nebaren galera bilatzen duzu.

MARIKA.— Akerraren adarrak kendu nahi dizkitzut.

PERO GAILO.— Gal dadila hura!

MARIKA.— Honra edukiko duzu.

PERO GAILO.— Bai. Gartzela batean.

MARIKA.— Etzazu hil, ez; baina jo zazu.

PERO GAILO.— Harek jotzen nau ni.

MARIKA.— Gogorrik egizu.

PERO GAILO.— Bularretik nago! Pentsa zazu!

MARIKA.— Badakit zer pentsa.

PERO GAILO.— Ezer konpontzeko, hil beharko dut. Makila batekin eztut ezer lortzen, nire kontra bihurtzen baita. Pentsa zazu!

MARIKA.— Separa zaitezte!

PERO GAILO.— Ezta ezer erremediatzen.

MARIKA.— Andre gaizto horrek esklabo zaduzka.

PERO GAILO.— Egun batean beste mundura bidaltzen badut, heriotzera kondenatuko naute.

MARIKA.— Sufritzen badakizu.

PERO GAILO.— Nire galera deseo duzu, eta deseo horrekin urkamendira jasoko nauzu. Mihin gaiztoek kalamozko soka eskeintzen didate, nire kontra deitzen diote borreroari. Galduen artean ikusten naiz! Zure neba, Marika, urkaturik akabatuko da. Gaur gauean ganibeta zorroztuko dut. Nire arimaren gainean eznuke zure damurik nahi izango.

MARIKA.— Niri ematen didazu kulpa! Honra galdu eta atzera irabazi nahi baduzu, hola gertatuko da.

PERO GAILO.— Ezpain gaitzesaleek deklaratzen didaten asturua da. Mihin gaizto hoek sutan kiskal ditezila! Bere zuzeneko bidetik tatxarik gabe zoan gizona, hola galtzen dute. Ene urrikaria! Marika, nire arreba bihotzeko, eztizut pena ematen?

MARIKA.— Estaldurik daukat bihotza.

PERO GAILO.— Kalabozo iluna apaintzen didazu.

MARIKA.— Ordu gaiztoan zinen jaio. Zure pentsamentua kunplitzen baduzu, eztut sekula luturik erantziko. Neba maitea, lehenago ikusiko zinduzket lau kandelaren artean, ezen ez ganibeta zorroztutzen. Etxeko atearen aurreko jelosia arrabiatuak, etzuen sekula burubide onik eman. Ai, gure neba maitea, falta gabe kondenatuko zaituzte! Zure ohorea defenditu nahi duzunean, katea bat jartzen duzu zure lepoaren gainean. Ganibeta ezkuta zazu, neba, etzazu zorrozt. Etzaitez gal, zerren hori pentsatu beste egiten dudanean, arima guztia piztutzen zaidan ema galdu horren kontra. Ana Bolena bigarren hori karroarekin desagertu zaigu. Ai, ene nebaren urrikaria! Ohorea zergatik izanen da hain tiranoa, lurreko hamiltegietara igortzen baitzaitu zure emaztearen bila?

 

(Andre haren erretolikak, itzal morez, ihintzetako freskotasunez eta txorien hegaldaketa malezia gabeez beterikako arkupeetako isiltasunean, lehendabiziko inuzentzia sakratuan sorturikako estakuru beltzen zentzua daduka. Baserrira bidetik egiten du sakristauak ihes. Haren sotana meharrak eta haren kapelu zorrotzak sorgin baten itxura ematen diote. Arratseko errezoarekin beterikako artadietan galdu bezala bihurturik, beso beltz, luze eta meheak altzatzen ditu).

 

PERO GAILO.— Bekatuari entregatzen neraukiozu! Bai, bekatuari entregatzen neraukiozu!

 

 

 

Hamargarren irudia

 

(Zeru izarreztatua. Karabinero baten etxola, plaian botea eta erdi desegina. Zilarrezko itsas uhinak haitzen kontra zabaltzen dira; barko zaharretako istilen oroitzapena; hurrutiko boiak argitu egiten dira; portuko tabernan koplak eta kartak dira. Mari Gailak, karrotik tiratuz etorririk, etxolaren azpiatik aditzen du. Kaxkabel arinak entzuten dira. Koinbra agertzen da plaian. Eta tabernako atean Osaba Miauren itzal beltza ikusten da. Mari Gailak deitzen dio).

 

MARI GAILA.— Hurrutirago goazin.

OSABA MIAU.— Etzaitez ezeren bildur izan.

MARI GAILA.— Nire honragatik begiratu behar dut. Elkarrekin bildurik ikusten bagaituzte, zarata naikoa aterako dute.

OSABA MIAU.— Etxola barrenean ezkutatzen bagara...

MARI GAILA.— Hain hurbil etzaitut eduki nahi, laguna. Nire soinetik beso hori erretira zazu.

OSABA MIAU.— Erpeekin eznezazu mehatxa.

MARI GAILA.— Nire portaera da. Mundutik nola zabiltza lagun on baten konpainiarik gabe?

OSABA MIAU.— Bihotzak nola irabazten diren, oraindik eznaute ikasi.

MARI GAILA.— Zeini egin zenion, bada, mandatua?

OSABA MIAU.— Andreen etsaia naiz.

MARI GAILA.— Eta haren bila zabiltza beti.

OSABA MIAU.— Bat bakarraren bila. Zure bila.

MARI GAILA.— Gauaren beroa! Lehen bazenbiltzan andre galant batek lagundurik.

OSABA MIAU.— Ezagutu zenduen?

MARI GAILA.— Zurrumurrua aditu nuen. Nun dago orain?

OSABA MIAU.— Mundua abandonatu du.

MARI GAILA.— Hitz horrekin zer esan nahi duzu?

OSABA MIAU.— Bere burua hil duela.

MARI GAILA.— Abandonatu zenduelako?

OSABA MIAU.— Bururik etzedukalako.

MARI GAILA.— Edo zure bihotza galdu zuelako.

OSABA MIAU.— Zuregatik eztu batere gizonek bere burua hil?

MARI GAILA.— Badakizu kortejatzen.

OSABA MIAU.— Ni izanen naiz lehena.

MARI GAILA.— Nire aurpegiak eztu hainbat merezi.

OSABA MIAU.— Zuk eztakizu zure edertasunik neurtzen.

MARI GAILA.— Eta zuk bai, ongi mintzatzen.

OSABA MIAU.— Eztuzu nire heriotzerik deseoko.

MARI GAILA.— Ez zurerik, ez inorenik. Deabruak infernuetara! Beso hori zazu ken!

OSABA MIAU.— Kilika egiten dizut?

MARI GAILA.— Bai. Geldi gera zaitez, jentea baitator!

OSABA MIAU.— Inor eztator.

MARI GAILA.— Baletorke. Ausarta zara!

OSABA MIAU.— Etxolan sar gaitezin.

MARI GAILA.—Temosoa zara!

 

(Gizonak lagunkiro laztantzen du andrakumea, eta hau, maitakor, haren bularraren gainean makurtzen da. Bolanderek argi koloratuak ateratzen dituzte itsasoaren gainean. Bezperetako kanpaiak entzuten dira. Bolanderetako argiaren pean, Kolegiatako torreak agertzen dira. Mari Gailak, etxolako atean makurturik, karta bat hartzen du hareatik).

 

MARI GAILA.— Zazpiko ezpata! Zer igarriko du?

OSABA MIAU.— Zazpi neke kenduko dituzula zure bizitzatik, gaur Osaba Miaurekin lo egiten baduzu.

MARI GAILA.— Eta asteko egun guztietan lo egiten badut?

OSABA MIAU.— Zure bizitzako guztiak.

MARI GAILA.— Jainkoa deklaratzen zara.

OSABA MIAU.— Holako sujetorik eztut ezagutzen.

 

(Mari Gailak eztu etxolan sartu nahi, begiak hersten ditu eta lizentzietako arnoaren barreak egiten ditu. Arlotearen laztaneri amore emanik, badiotsa, liluraz).

 

MARI GAILA.— Poloniako kontea zara?

OSABA MIAU.— Utziozu ipui horri.

MARI GAILA.— Etzara?

OSABA MIAU.— Ez, eznaiz; baina hura ezagutzen eztudanik ezin desakezut.

MARI GAILA.— Haren adiskidea baldin bazara, ongi eginen duzu goardiak haren bila dabiltzala badiotsazu.

OSABA MIAU.— Harek eztakiela usteko duzu? Gazteaturik baotedago!

MARI GAILA.— Etzara zu?

OSABA MIAU.— Soinuz alda.

MARI GAILA.— Aldaturik nago.

OSABA MIAU.— Sar zaitez.

MARI GAILA.— Eta karroarekin zer eginen dut?

OSABA MIAU.— Kanpoan utz. Sar gaitezin, bekatu dagigun eta bidean abiatuko gara.

MARI GAILA.— Musika ederra.

OSABA MIAU.— Ea!

MARI GAILA.— Osaba, eznauzu maite.

 

(Arloteak andrearen mosua aginkatzen du, eta hau intziriaz eta menturaz entregatu egiten zaio. Ilargiaren argiak bien itxurak seinalatzen ditu etxolako atearen kontra).

 

OSABA MIAU.— Zure odola edan nuen!

MARI GAILA.— Zuri entregatzen natzaitzu.

OSABA MIAU.— Badakizu zein naizen?

MARI GAILA.— Nire katarra!

 

 

 

Hamaikagarren irudia

 

(Gailotarren etxean. Eskaratz lurrezkoan kriselua keztatzen da, eta oiloak sukaldeko harrien azpian bilatzen dute babesa. Simoniñak, erdi lokarturik, gonak soltatzen ditu, eta sakristaua goitik jasten da, ortutsik eta sotana zahar batez jantzirik. Esku batean ganibet luze bat dakar, eta bestean pitxar bat).

 

PERO GAILO.— Nire honra mendekatuko dut! Nire honragatik begiratu behar dut! Andrea gizonaren galera da! Ama Birjina, hola ezpalitz Eskriturak ezlirake beteko! Andrearen barrenetik sierpea agertzen da! Bai agertzen da! Zazpi buruko sierpe bat!

SIMONIÑA.— Zer dio aitak? Lotara zoaz!

PERO GAILO.— Ahoa isiltzen baduzu, obeditu eginen duzu.

SIMONIÑA.— Legeak eztioen moduan edan duzu gaur. Lotara zoaz, mozkortia!

PERO GAILO.— Ganibeta zorroztu behar dut.

SIMONIÑA.— Mozkortia!

PERO GAILO.— Gau guztian eznaiz geldituko! Nire honra mendekatzeagatik! Nire honragatik begiratzeagatik! Zorrotza izanen da ganibeta! Galtzeko arriskuan nago. Aitarik gabe eta amarik gabe geratuko zara, Simoniña, emazurtz! Pentsa zazu! Begira ganibeta nola zorroztutzen den! Tximistaren txinparta dakar! Eta zu, gaisoa, negarretako haran honetan zer eginen duzu? Ene Simoniña, honraren legeak aitarik gabe utziko zaitu!

SIMONIÑA.— Tema maradikatua ekarri dizu pitarrak!

PERO GAILO.— Aitarik gabe geratuko zara! Lotsagabe haundiaren burua ebakiko dut ganibet honekin, eta biloetatik zintzilik Alkate Nagusiari eramanen diot: Berorren Mesedeak gartzelan sartuko nau. Buru hau nire espulsa legezkoarena da. Nire honragatik begiraturik ebaki nion. Berorren Mesedeak bai jakinen du eta liburuetan ikasiko du ze gaztigoren naizen merezient.

SIMONIÑA.— Isil bedi aita, odol guztia jelatzen baitzait! Kontu hoiekin burutik egin zaituzte! Hoek dira arima beltzak!

PERO GAILO.— Senarrarengandik apartatzen den emazteak, zer du eskatzen? Eta esenplo gaiztoek, zer dute eskatzen? Ganibeta! besterik ez! Ganibeta!

SIMONIÑA.— Pentsamentu dohakabeetan etzaitez arroba, aita!

PERO GAILO.— Eskribiturik dago! Andrea, zure lotsagabekeria buru ebakiarekin pagatuko duzu! Emazurtz geratuko zara, eta merezi duzu; zure emazurtzeziak eztit dolurik egiten. Ikus hau, ganibeta argitzen nola den!

SIMONIÑA.— Arnegatua! Zu etzara nire aita. Zure itxura hartu du demonioak! Hirutan arnegatua! Nire amaren kulpa haundia, zein da? Zertan dago manifest?

PERO GAILO.— Haren kulparik eztakusazu. Hura bilaturik, eztakusazu. Eta teilak jasotzen dituen aizea badakuzazu? Heriotzeko epaia daduka zure amak.

SIMONIÑA.— Epai hori Jainkoak igor bezaio, aitatxo! Odolez ezitzazu zure eskuak zikint! Berriz ere ezpaitituzu sekula garbituko! Eta ama bihurtuko eztenik, nork diotsu?

PERO GAILO.— Bidean galdu den ardiak harakintzan eginen du negar. Gure artean etzaitez sar, Simoniña! Aparta zaitez! Andre zikin horri biloetatik eutsiko diot! Eskaratzetik tarrast eramanen dut! karraisia egizu, izorratu alua! Hortz artean harri bat eramanen duzu, ahardiak bezala.

SIMONIÑA.— Trankil zaitez, aitatxo. Beste trago bat eta lotara.

PERO GAILO.— Isil zaitez, deabru! Hemendik alde egin zezan, zergatik zabaldu zenduen atea? Sukaldearen azpian ezkutaturik, etzen eskapatuko.

SIMONIÑA.— Koba sakon batean, hobe. Eta orain trago eder batekin alegra zaitez.

 

(Kamisutsik, sorbaldak biluzik, pitxer bete pitarra hartzen du, eta hordiaren ahora jasotzen du, baina honek eskuarekin kentzen du bistatik).

 

PERO GAILO.— Zuk lehen zazu edan, Simoniña!

SIMONIÑA.— Anizatua da!

PERO GAILO.— Neretzat tantatxo bat utzirik, edan zazu zuk! Etxetik aldaratzen zait emaztea!

SIMONIÑA.— Hondarrak edanik, pentsamentu dohakabeak uxa itzazu.

PERO GAILO.— Andrea gizonari zor zaio, eta gizona andreari. Elkarren gorputza gozatzen dute Sakramentu Santuagatik.

SIMONIÑA.— Andre berri bat bilatzen baduzu, aurkituko duzu, ezpaitzara zu hain zaharra eta hain urrikaria. Etxetik kanpoan arrima zaitez, beste bat hemen gobernatzera ezpaita sartuko.

PERO GAILO.— Eta gauean etsai tentalariak asaldatzen banau?

SIMONIÑA.— Latinekin espantatuko duzu.

PERO GAILO.— Eta zurekin bekatu egitera banakar?

SIMONIÑA.— Deabrua kanpora.

PERO GAILO.— Sorbaldak estal itzazu, nigan bekatuak kafia egiten baitu.

SIMONIÑA.— Edan eta lotara.

PERO GAILO.— Zure bernak biribilak dira, Simoniña!

SIMONIÑA.— Ni osoa gizena banaiz, eztadukat bernak zergatik argalak izan.

PERO GAILO.— Zuria zara.

SIMONIÑA.— Behar eztenari ez begira.

PERO GAILO.— Gona bat jantz zazu, eta koba sakont dezagun.

SIMONIÑA.— Eldarnio hori berriz ere?

PERO GAILO.— Burua hausten dit.

SIMONIÑA.— Zoaz ohera.

PERO GAILO.— Zu nirekin bertan sartzen ezpazara, eznau loak hartuko.

SIMONIÑA.— Ganibeta utz! Ongi legoke biak ohe berean sartuko bagina.

PERO GAILO.— Engana dezagun.

SIMONIÑA.— Orain eztiozu leporik ebakiko?

PERO GAILO.— Ahoa isil.

SIMONIÑA.— Zuti zaitez, eta bernetan ez zimurrik egin.

PERO GAILO.— Ederra zara.

 

(Simoniña, harnas-estuka, etzauntzara darama hordia. Kamisa sorbaldetatik erorten zaiola, trentza mordoa deseginik, kriselua hartzen du eta goiko ganbarara doa lotara).

 

PERO GAILO.— Erdu, Simoniña! Erdu prenda! Bekokian koroa jartzen dit, eta jar dezaiogun igoal bat. Nun zaude, ukitzen ezpaitzaitut? Orain nire erregina zara zu. Ostikatzen banauzu, berdin dit. Diru faltsoa bihurtuko diogu. Demonio gorri horrek, nola barre egiten duen! Bularraren gainean paratu zait. Alde egidazu, Simoniña! Prenda bihotzekoa! Uxa zaidazu!

 

(Simoniñak, kriselua eskuan duelarik, eskillaratik aditzen du. Hordia lokartzen da).

 

 

 

Hamabigarren irudia

 

(Viana del Prior. Kanpaien hotsa. Izarrek argiturikako gaua. Ostatu bat erribalean. Bertan daude eskaleak eta lege guztietako ibiltariak, segalari beltzak, baigile damandretuak, hibai-ondoko andre oihal-saltzaileak, pikaro tunanteak eta Hospitale Santura heltzearren soinean maindirea eta eskuan makila eskean dabiltzan eri beilegiak. Halabeharrak atari haundi haretan bildu ditu. Bertan eztago sukaldearena eta ukuilutako atearen gainean zintzilika dagoen kriselu batena beste argirik. Errosa Tatula, karrotik tiratuka, faltrikara arakatzen du).

 

TATULA.— Legezkoa da pezeta hau, Ludobina?

 

(Ludobinak, txikia, bilo-gorri, biribila, diruaren hotsa egiten du, hatzamarrekin iguzten du, kriseluaren argi adarreztatuan begiratzen du).

 

LUDOBINA.— Ona dirudi. Ikasazu zuk, Padroneko.

MIKELTXO.— Tatxarik eztu.

TATULA.— Zakur haundietan emaidazu, Ludobina. Legezkoa ez izanaren bildur nintzen, datorren eskuagatik. Txoriarekin dabilen gaztelarrak eman zidan.

MIKELTXO.— Osaba Miauk.

TATULA.— Buru arin hori Mari Gailari juntatu zaio. Plazan daude biak, amoratu parearen moduan su jokoak ikusten, eta hain jente haundia nola dagoen, karroaren gomendioa eman zidaten. Ongi libertitzen dira, gazteak.

LUDOBINA.— Gaztetasunetik guti geratzen zaie.

MIKELTXO.— Buztan ebakitzekoa. Pandero bereko larruak dira.

 

(Atariko ilunpeetatik, mutil haundi eta bizardun bat ateratzen da, soldado lizentziatua. Beso bat mozturik dago, eta limosna eskatzen du, esku batekin akordeoia joarekin).

 

SOLDADUA.— Mari Gaila ezta halako gizon batentzateko laguna. Lehengoa bai, hura bazen galanta eta modukoa!

MIKELTXO.— Lehengoak haur bat zeraman aldean, eta oraingo honek berriz, nanoaren karroarekin dirutza bat ateratzen du. Osaba Miauk, nano buru haundi hori Espainiaren borobiletik paseatuaz, urre asko irabaziko du.

SOLDADUA.— Ezta nano hori guk ikusi dugun gauzarik harrigarriena.

TATULA.— Baina izanen da.

MIKELTXO.— Osabak, zakur ardidun bat harturik, Koinbra diru poltsa franko hori egin zuen.

TATULA.— Mari Gailak, nanoaren gomendioarekin ezluke ezer eginen.

SOLDADUA.— Ezta beste munduko gauza.

MIKELTXO.— Madrileko bertako jai batean erakusteko zer da. Ludobina, kopa bat emaiozu, nik pagatuko baitizut. Papera ere ekarzu, kapelu bat eginen baitiot.

SOLDADUA.— Buru lodi horretarako, lau kilo beharko dituzu.

NANOA.— Hou! Hou!

SOLDADUA.— Bizar, txepa eta txano gorri batekin diru asko irabaziko zenduke.

NANOA.— Hou! Hou!

MIKELTXO.— Eta Osaba Miauren eskuetan erortzen baldin bazara, medailia guzti hoiekin ikusiko zara.

TATULA.— Beste kopa bat pagaturik, entzun zaiozue. Golkoan bi kopa daduzkanean, munduko gauzarik barregarriena ere eginen luke. Ihelarena egizu, Laureano.

NANOA.— Koak! Koak!

MIKELTXO.— Beste kopa bat nahi duzu, Laureano?

NANOA.— Hou! Hou!

MIKELTXO.— Beste bat emaiozu, Ludobina.

LUDOBINA.— Zure kontuan hiru dira, eta hiru zakur haundi.

MIKELTXO.— Duro honetatik kobra zazu.

LUDOBINA.— Gora aberastasuna!

 

(Mikeltxok, barre bihurri batekin ahoa okertzen duelarik, edan arazi egiten dio nanoari, eta hau karroko lastoetan etzanik, atseginagatik makurtzen ditu begiak. Tximiniako kanpaiaren azpian desegindu egiten da haren epilepsiaren garraisia).

 

NANOA.— Hou, hou!

MIKELTXO.— Edan zazu, Napoleon Bonaparte.

SOLDADUA.— Kaiserrarenak bezalako bigoteak pintaizkiozu.

MIKELTXO.— Apaiz baten koroa moztuko diot buruaren puntan.

TATULA.— Bekatua zer den badakizu.

 

(Sukaldean, senar-emazte zahar batzuek eta morez jantzirikako neskato zuri batek afaria partitzen dute. Opilak, arnoa eta marrubiak. Neskatoak, mugitzen eztelarik, egurrezko atso-agureen artean, ezkozko kandela bat dirudi; zaharrei berriz, ongi ikusten zaizkie zimurrak. Nanoaren garraisiak neskatoaren aho tristean irribarre baten lorea iminitzen du).

 

NESKATOA.— Gure bestako ogia nahi duzu, Laureanotxo?

NANOA.— Kontxo!

TATULA.— Neska bat ikusten duenean, pikarotu egiten da.

 

(Nanoa, epilepsiaren ikararekin, eskuak astindu eta begiak zuritu egiten ditu. Neskatoak marrubiak eta opilak uzten ditu karroaren gainean, eta haren gurasoen artera bihurtzen da. Haren jantzi morearekin eta ezkozko eskuekin birjina martiri bat dirudi atso-agureen artean).

 

AMA.— Ludobina, eztezaiotela hainbeste edan arazi, hil eginen baitute!

TATULA.— Hitzaren maradikatua!

 

(Nanoak, begi iraulirik eta ezpain beltzen artean mihin morea, ito egiten da. Haren buru haundiak, ebakirik balego bezala, maldatik behera doan bola bat dirudi).

 

LUDOBINA.— Airerik etzaiozue ken.

MIKELTXO.— Putzu batean sar zaiozu burua, bustiarekin joan eginen baitzaio mina.

LUDOBINA.— Tatula kanpora eramazu, hemen dantzarik ezpaitut nahi.

 

(Ahoa geroago eta okertuago, karroko maindire adobatua apurtzen du, eta haren esku ikaratuetan zorroztasunak agertzen dira. Agure atso neskatoak kristauki anparatzen dira sukaldeko suaren ostean).

 

ATTA.— Hemen gertatua ezlitzaioke defuntuari gertatuko. Hura esku-zabala zen, baina kopa bana emateko...

LUDOBINA.— Karroa kanpora eramazu, Tatula.

MIKELTXO.— Putzuan sar, hori ezpaita ezer.

SOLDADUA.— Heriotzea besterik ez!

LUDOBINA.— Zantano barrabano! Nire teilatupean eztut hau nahi.

TATULA.— Guztiz ezta oraindik hilen!

LUDOBINA.— Nire etxearengatik begiratu behar dut. Zure errua da, Marimalo!

MIKELTXO.— Kopak nire poltsatik pagatu ondoren...

 

(Baina nanoak bere azken ikara egin du. Haren esku haurkoiak, ezkozkoak, maindiren adobatuaren gainean juntatzen dira, eta haren buru haundi urdinak ebakiturik zirudien. Bertara jotzen zuten mandeuliek).

 

LUDOBINA.— Nire etxean eztut holakorik nahi! Zantanea! Zoazte guztiak hemendik kanpora!

TATULA.— Kanpora noa, bai. Baina, arren, eztezala inork esan hau nola gertatu den.

LUDOBINA.— Hemen eztu inork ezer ikusi.

 

(Atsoak karrotik tiratzen du, eta ate ondoan, ilargiaren zuriarekin Mari Gaila agertzen da. Haren itzalak, soinu zaharretan hartua, zilarrezko gauaren kontra ematen du).

 

MARI GAILA.— Zori on dizuela denori!

LUDOBINA.— Ordu onean etortzen zara.

MARI GAILA.— Ze misterio gertatu da, bada?

TATULA.— Heriotzeak eztu gazteatzen.

MARI GAILA.— Nanotxoa?

LUDOBINA.— Akabatu zaio epea.

MARI GAILA.— Ezpatak desgrazia dakar. Osaba Miauri gazteatu zitzaion. Burubidea eskatuko nioke orain.

MIKELTXO.— Nun geratu da?

MARI GAILA.— Zaldunen kasinotik deitu zioten.

LUDOBINA.— Lurra eman behar zaio. Beste burubiderik eztago.

MARI GAILA.— Lur benedikatua?

LUDOBINA.— Zitroi arbola baten azpian eztuzu ehortziko!

NESKATXA GELDIAREN AITA.— Jainkoaren legeak hala agintzen du. Ama anparatzen duen gurutzearen beraren azpian enterra zazu semea ere.

MARI GAILA.— Hila karroan eramaten dudalarik, gau osoan ibili beharko dut. Arnegatua izan bedi demonioa! Kopa bat zerbitza zaidazu, Ludobina, Tragoa zurrutarekin. Eta erreal erdi bat pagatzeko, beste bat ekarridazu. Osaba Miauk nigatik galdatzen baldin badu...

LUDOBINA.— Arrapostua emanen zaio. Mari Gaila, kanpora zaitez! Nire ondasunen gainean eztut heriotzaren usainik gura.

MARI GAILA.— Gure Jaun Urrikiorra, probetxuak eraman eta kalteak utzi egiten dizkidazu! Faltrikara diruz betetzen zidana mundo honetatik aienatu da. Jesus Nazareteko, bideetan barrena ibiltzeko babesa eta ezkutua kendu didazu, eta beste sostengurik eztidazu trukean eskeini! Nigatik eztuzu mirakulurik eginen, etxeko labea eztidazu ogiez beteko, Jesus Nazareteko!

 

 

 

Hamairugarren irudia

 

(Artizarrez beterikako gaua. Mari Gailak karrotik tiratzen du artadietako habarrotsez beterikako estrata zuri batetik. Oihu egiten du kukuak. Bukatu ondoren, Aker Deabruaren barrea entzuten da. Arroka baten gainean eseririk dago, bizar zarratua, aire bolada batek astindurik. Deitu egiten dio Mari Gailak.)

 

MARI GAILA.— Batean, ilargiaren argia. Bian, eguzkiaren argia. Hiruan, Maisuaren oholak.

AKERRA.— Uhuruhu!

MARI GAILA.— Arnegatua!

AKERRA.— Gaur ongi okertu dizkidazu adarrak.

MARI GAILA.— Lauean, oilarraren oihua.

AKERRA.— Uhuruhu! Buztanean muin egidazu!

 

(Leku hura mutatu egiten da. M. Gailak, hibar dirdirante batetik galtzada bat zeharkatzen du. Akerrak, bidearen erdian anketan eseririk, barre egiten du).

 

MARI GAILA.— Bostean, eskribiturik dagoena. Seian, Erregeen izarra. Zazpian, heriotzezko ezkoak.

AKERRA.— Erramatea ematen duzunean, dantzan eginen dugu.

MARI GAILA.— Zortzian, Purgatorioetako suak. Bederatzian, hiru begi eta hiru oin. Hamarrean, Mikel Arkanjeluaren ezpata. Hamaikan, brontzezko ateak zabaltzen dira. Hamabian, Deabru Nagusiaren erraietan lehertzen da Jaunaren trumoia!

 

(Mari Gailak trumoiari igurikitzen dio, baina Akerraren barrea besterik eztantzu. Berriz ere mutatzen da lekua. Bide gurutz baten gainean eliza bat ikusten da. Inguruan sorginek egiten dute dantzatu. Atetik dirdira gorri bat ateratzen da, eta aizeak kea eta sardina errearen usaina dakar. Akerra, kanpandorrearen puntaren puntan, irrintzina egiten du).

 

AKERRA.— Uhuruhu!

MARI GAILA.— Behin eta mila bider arnegatua.

AKERRA.— Zergatik eznauzu ezagutzen.

MARI GAILA.— Beltza, inoiz etzindudan ikusi.

AKERRA.— Erdu nerekin dantzara.

MARI GAILA.— Zure erromerien berri jakin nahi eztut.

AKERRA.— Uhuruhu! Aireetatik eramanen zaitut, eguzkia eta ilargia baino gorago! Uhuruhu!

MARI GAILA.— Zure poterea gorrotatzen dut.

AKERRA.— Zure bidearen bukaeran para zenezadala nahi duzu? Putz egite hutsarik bertan paratuko zaitut.

MARI GAILA.— Badakit.

AKERRA.— Gau osoan eztuzu zure bidea ibiliko.

MARI GAILA.— Atzera, Akerra, utzidazu igaratzen.

 

(Mari Gailak karrotik tiratzen du, baino ezin mugi dezake. Astun sentitzen du, harrizkoa balitz bezala. Irrintzina egiten du Akerrak).

 

AKERRA.— Gau guztian etzara zure atera helduko. Nire laguntzarik eztuzu nahi?

MARI GAILA.— Ze preziotan emanen didazu.

AKERRA.— Debalde. Bidajea bukatu bezain laister, dantza eginen dugu.

MARI GAILA.— Hori besterik ezpaldinbada...

AKERRA.— Hori besterik ezta izanen.

MARI GAILA.— Zu baino lagun hobea badadukat.

AKERRA.— Zure menturan mentura zaitez, bada.

 

(Akerra barreka oldartzen da, eta kanpandorretik itzaltzen da, bertako oilarraren gainean. Berriz ere mutatzen da lekua eta lehengo estrata da atzera, artadietako habarrotsekin. Mari Gaila aire bolada batek eramaten du, oinekin lurra ukitu kasik egin gabe. Oldarra gehitu egiten da, eta hegazi doa airean, haragiaren atseginarren suspirioka. Artilezko solomo baten astinera sentitzen du gona pean, eta ez erorteagatik besoak luzaturik, Akerraren adar okerrak aurkitzen dituzte bere eskuak).

 

AKERRA.— Uhuruhu!

MARI GAILA.— Nora naramazu, beltza?

AKERRA.— Dantzara goaz.

MARI GAILA.— Nundik?

AKERRA.— Ilargiaren adarretatik.

MARI GAILA.— Ene, konortea galduko dut. Erortearen bildur naiz.

AKERRA.— Anketatik har nezazu.

MARI GAILA.— Iletsua zara!

 

(Mari Gailak konortea galtzen du, eta hodeietatik eramana ikusten da. Ilargiaren adarretatik pasatuz gero begiak zabaltzen dituenean, bere etxearen aurrean dago).

 

 

 

Hamalaugarren irudia

 

(Simoniña, kamisutsik eta ortutsik, goiko ganbaratik dator. Eskaratz beltz eta hutsean, atean deitzen duten kolpeak entzuten dira).

 

SIMONIÑA.— Gogorrik deitzen dute, aita.

PERO GAILO.— Bai...

SIMONIÑA.— Nor den galdetuko dut?

PERO GAILO.— Eta galdetzearekin zer galduko duzu?

MARI GAILA.— (Kanpotik). Zabaldu eginen duzue, maradikatuok?

SIMONIÑA.— Ama da, atzera bihurtzen da. Legezko andrea da.

PERO GAILO.— Jainkoak daki zer estakuluk ekarten duen.

SIMONIÑA.— Pospoluak nun daude?

PERO GAILO.— Nire eskuan etziren geratu.

MARI GAILA.— (Kanpotik). Maradikatuok! Gau osoan ilargiaren pean edukiko nauzue?

SIMONIÑA.— Pospoluak bilatzen ditut.

MARI GAILA.— (Kanpotik). Sekuletako hastapenetik nadukazue hemen kanpoan.

SIMONIÑA.— Kriselua piztu arte igurikazu.

 

(Sakristauaren itzal luza eta mehea agertzen da. Tximiniaren azpian, Kriselu piztuak balantzan egiten du geldiro, eta neskatxak, sorbaldetatik atorra erortzen zaiolarik, ateko aldabak zabaltzen ditu. Ilargiaren argitan agertzen da Mari Gaila, beltz eta eder. Biderdian, iraulirik dago karroa).

 

MARI GAILA.— Lotan harriak zarete.

PERO GAILO.— Gorputz lanak nekatuek eztute erbiak bezala begi zabaldu batekin lorik egiten.

MARI GAILA.— Zer diozu, latin-zalea? Lokarturik inoiz itzartuko ezpazina, hobe!

PERO GAILO.— Etxera bihurrera eztadukazu hitz hoberik, ema galdua?

MARI GAILA.— Bururik etzaidazu hauts!

PERO GAILO.— Are pozikago ebakiko nizuke lepoa.

MARI GAILA.— Zoratu egin zara, latin-zalea.

PERO GAILO.— Nire honra, nun dago?

MARI GAILA.— Kantu ederra dakarzu orain.

PERO GAILO.— Gizaurrean galdu zara.

MARI GAILA.— Buruko zorriak zapaldu beharko dizkitzut.

SIMONIÑA.— Burrukan ezegizue!

MARI GAILA.— Onak izanen dira latinak, gure ondasuna baldin galdu badugu.

SIMONIÑA.— Nanotxoa, ama?

MARI GAILA.— Hil zen.

PERO GAILO.— Zer gertatu zaio, bada? Ustekabeko minen bat?

MARI GAILA.— Bai. Gure ondadea finitu da.

PERO GAILO.— Orain eztu sufritzen.

MARI GAILA.— Ehun erreal bildu ditut azken aspaldi honetan.

 

(Hortzekin soltatzen du Mari Gailak zapiko bazterra, eta dirua erakusten dio eskuaren gainean. Simoniña, argi hoiek itsuturik, negar egiten du).

 

SIMONIÑA.— Gure etxetik eguzkia aienatu da. Gure etxeko onura bukatu da. Gugatik begiratu gabe joan da mundu honetatik.

PERO GAILO.— Abisu egin behar diogu nire arrebari.

MARI GAILA.— Haren etxetik buelta bedi Simoniña bihar goizean goizetik...

SIMONIÑA.— Jainkoaren Ama, franko hasarratu eginen da nire izeba.

MARI GAILA.— Tautik eztiozu esanen. Karroa atearen aurrean utziko diozu, eta honerantza etorriko zara, beste gabe.

SIMONIÑA.— Karroa eraman beharko dut?

MARI GAILA.— Bai, maradikatua, batere dudarikan gabe. Nire poltsak eztio beztitzaleari pagatuko.

PERO GAILO.— Justiziari eztiogu hola ezer deklaratu beharko.

SIMONIÑA.— Eta izeba akort ezpaldin badago?

MARI GAILA.— Bere teilatupean nanoaren gorputza edukiaz, gatziturik kontserba dezala!

PERO GAILO.— Hori honela deliberaturik, eguna urratu baino lehen kunpli bedi.

MARI GAILA.— Zentzu ona mintzatu da zure ahotik, latin-zalea.

SIMONIÑA.— Izebarenera eznaiz helduko amandalean lau harri eraman gabe.

PERO GAILO.— Isil zaitez, txarki hazia! Zure izeba da, eta eztiozu kalterik eginen.

MARI GAILA.— Txarki tratatzen bazaitu, teila guztiak apurtuko dizkiozu.

PERO GAILO.— Gauaren azken aldiaz baliatzen bagara, ezta holakorik gertatuko.

MARI GAILA.— Etzara txarki mintzatzen.

PERO GAILO.— Senitarteko pleituak galazi behar dira. Simoniña, zuk atearen aurrean utziko diozu karroa, eta zaratarik atera gabe, bihurtu eginen zara.

SIMONIÑA.— Eta amak, honera etorri baino lehen, zergatik etzuen hori egin?

PERO GAILO.— Gizonek asmaturikako ideiak dira.

MARI GAILA.— Isilik zaude, latin-zalea! Dotrina hori entenitzen eztudala uste duzu?

PERO GAILO.— Etzaitut guttietsi nahi, baina gizonok beste argi argiago batzutakoak gara.

SIMONIÑA.— Hil bedi ipuia!

MARI GAILA.— Hil eta lurpean. Gau pizka honetaz balia zaitez, eta zure izebarenera eramazu karroa.

SIMONIÑA.— Dardaraz nago.

MARI GAILA.— Dama fina zara, gero!

SIMONIÑA.— Heriotzeak bildurtu egiten nau.

MARI GAILA.— Ea! Karroa eramazu!

SIMONIÑA.— Bideak ilunpean daude!

MARI GAILA.— Hortik etorri zaitzu ama.

PERO GAILO.— Etzaitez errebela, Simoniña.

SIMONIÑA.— Nirekin etor zaitez, aitatxo.

PERO GAILO.— Atetik mintzatuko natzaitzu, Simoniña.

MARI GAILA.— Erretolikekin etzazu tarda, maradikatua.

 

(Simoniñak gonak lotzen ditu dardaraz, painoloa jazten du buruan, eta kanpora doa zinaka eta aieneka. Ilargiaren argitan, karro beltzetik tiratzen du. Karroan nanoaren buru haundiak bere keinua egiten du. Haur haren eskuek, maindirearen gainean gurutzaturik, ezkoa dirudite. Pero Gailok, atearen erdian belaunbiko, beso zabalik, bere solasaren lagunta igortzen dio alabari).

 

PERO GAILO.— Obedi zazu...! Amen-jesus batean allegatuko zara...! Banantzuzu...? Etzaren bildur...! Ilargia dago zeruan...! Banantzuzu...?

SIMONIÑA.— (Hurrundik). Mintza zakizkit, aitatxu!

 

 

 

Hamabostgarren irudia

 

(Goizean goizik, arrosa koloreko argiak, txorien txirriotxioak. Pikondoetan adar artean besoak zabaltzen dituzte txorimalo apurtuek, eta Marika Erreinukoaren atearen aurrean bi zerrik egiten dute orroa karroaren gainean. Atso zikin eta kalbo batek leiho batetik ateratzen du burua, eta deiadarka uxatzen ditu animaliak).

 

MARIKA.— Kanpora...! Kanpora...! Lapur nagusiok, kanpora! Zeruko Jauna balia bekit, urdexkak karroaren gainean daude. Isilean ekarri didate. Arima gaiztoek abisatzeko solasik eztidate eduki.

 

(Marika, gona txarki jantzirik, ahuntzarenak bezalako ditiak kamisatik kanpoan, eskaratzetik ateratzen da, eskuan erratz bat daramalarik).

 

MARIKA.— Kanpora, lapurrak! Kanpora, erremediorik gabekoak! Arima, etzaitez espanta! Etzaitez eskapa, arima! Aurpegi guztia jan diote urdeek, ene! Zerriek jan dute gure urrikaria! Hotzik dago, eta hilik!

 

(Haren deiadarretara hauzoak datorzkio: Teilatuen azpian zabaltzen diren leihaka meharretara ateratzen dira, patinetara biltzen dira, estalpeetatik datortza; sorginak, garraisia hutsean, zerrien ankan kolpeatzen ditu. Hauek orroaka, karrora itzuli nahi dute. Serenin Bretaleko mintzatzen da orain, agure eskolatu bat, ukuiluko atean farola bat iraungitzen duena).

 

SERENIN BRETALEKO.— Munduan eztago gobernurik. Orain abereek begiramenturik gabe jaten dituzte kristauak.

 

(Andre ernari bat, patin baten gainean bere haurrek inguraturik dagoena, zinatu egiten da, eta haurren gainetik zabaltzen ditu besoak, heriotz geldi baten ezagugarri tristea).

 

ANDRE ERNARIA.— Jaunkoaren Ama! Jainkoaren Ama!

SERENIN BRETALEKO.— Nanoak hilargiaren pean lo egin du, seguru asko.

LEIHAXKA BATEAN DAGOEN ANDRE BAT.— Hala gerta liteke.

ANDRE ERNARIA.— Jainkoaren Ama! Jainkoaren Ama!

MARIKA.— Isilean ekarri didate gauez, eta ni deidar batez itzartu gabe, atean jo gabe, isilean joan dira. Haien portaera zikinak motibatu du heriotz hau.

ANDRE ERNARIA.— Amak deitu dio zerura.

MARIKA.— Hemen duzue gorputz hotz hau! Aurpegia eta eskuak jan dizkiote zerriek! Erraiak mintzen dira, bista ere mintzen da, harakintza hau ikusirik! Lekukoak zarete! Animaliek jana!

SERENIN BRETALEKO.— Animaliek eztakite.

LEIHAXKAN DAGOEN ATSOA.— Agirian dago, bai.

MARIKA.— Hondakin hauk ikusirik, ikaratu egiten dira barreneko erraiak! Nire ataurrean abandonatu zaituzte, Laureanotxo! Arima harroek heriotzea eman dizute.

LEIHAXKAN DAGOEN ATSOA.— Animaliek aginka egin ziotenean garraisiaren bat ez eginak gezurra dirudi.

NESKATO BAT.— Eta nola dakizu garraisiarik egin etzuela?

MARIKA.— Itzartuko nintzen.

ANDRE ERNARIA.— Nik eztut gau osoan begirik hertsi.

LEIHAXKAN DAGOEN ATSOA.— Gezurra dirudi, bai.

SERENIN BRETALEKO.— Eta zerriek aurrez aldetik hilikako gorputz bat besterik jan etzutela, nola dakigu? Kontuan eror zaitezte odolikan korritu eztela! Eta karroak odolez beterik egon behar ukan zuen. Ilargiaren freskurak hila da.

LEIHAXKAN DAGOEN ATSOA.— Eta hilik ekarri bazuten?

SERENIN BRETALEKO.— Justiziarekin nahastaturik ikusiko zarete.

MARIKA.— Kulpantea ezta libre geratuko.

LEIHAXKAN DAGOEN ATSOA.— Isilean etorri ziren.

MARIKA.— Bidegabe honen kontra herrialdeko bizar prestu guztiak hasarratuko dira. Bizita nork kendu dizu, Laureanotxo? Mintza zakizkigu!

SERENIN BRETALEKO.— Holako akusaziorik etzazu inoren gainean jaurtiki, inor ezpaitoa bere interesaren kontra.

MARIKA.— Nire babespean akabatu dela esan nahi duzu?

SERENIN BRETALEKO.— Jaunaren borondateak berekin eraman duela esan nahi dut.

MARIKA.— Eta zergatik nire etxaurrera hain isilean ekarri zidaten? Haien esku zikinen artean bukatu zitzaigun urrikaria.

SERENIN BRETALEKO.— Hola baldinetarian baldin bada, eramezu atzera. Haiek egin zuten bezala, zuk ere egizu.

LEIHAXKAN DAGOEN ATSOA.— Misterio haundia da hau.

 

 

JAINKOAREN HITZAK
Ramon Valle-Inclan

(Baserritar trajikomedia)
 
1963
euskaratzailea: Gabriel Aresti
Susa, 1986