JAINKOAREN HITZAK
Ramon Valle-Inclan

(Baserritar trajikomedia)
 
1963
euskaratzailea: Gabriel Aresti
Susa, 1986

 

 

AURRENEKO EGUNA

 

 

 

Lehen irudia

 

(San Klemente, Viana del Priorko albo-eliza. Bi bideen gurutzaren gainean, zelai baten erdian, hilobiak eta altzipresak. Pero Gailo sakristauak erromaniko mandioaren azpian, kandelak amatatzen ditu. Hilik dirudien gizon zaharra da, aurpegia eta eskuak oriak, sotana eta apaiz-kapelua. Hatzamarrak astintzen ditu, haien punten gainean egiten du putz, eta mandioko pilareen kontra igurtzen ditu. Eta beti dago bere buruarekin hizketan, aurpegia ilun, eta solasak zentzurikan gabe).

 

PERO GAILO.— Hoek bide erdi erdian paratu dira, aldareari begira. Bide askotatik dabiltzan hoek, jende bihurriak dira. Legerik txarrenekoak. Nora doazan, han erakusten dituzte haien arterio txarrak. Eta nun paratu diren! Oro parte txarrekoak! Lanikan egiten ez, eta bai bideetan zeihar dabilen jente bihurria!...

 

(Pero Gailok bekokitik pasatzen du eskua, eta buru gaineko lau biloak zutik geratzen zaizkio. Haren begi ezkelek kaminora begiratzen dute, eta bertan olgetan ikusten dituzte bi zirkolari, senar emazte parea, eta haiekin haur txiki bat, bien ohakidetzaren frutua. Andrea, triste eta lirain, gona labur, mantar urdin, orrazi eta trentza-mordo. Gizona, bixera-txano, kitarra, eta soka gorri zahar bati loturik zakur jakintsua. Bidertzean daude jarririk, elizara begira. Hitz egiten du gizonak, eta, andreak, haur negartia astindurik, aditu egiten du. Andre honi zein lur aldean, holako izen batekin deitzen diote, Julia, Errosa, Matilde edo Pepa Morena. Gizonaren izena ere misterio bat da, baina andreak Artizarra diotsa. Andreak gizonagandik Pena Gutxiren deitura errezibitzen du).

 

ARTIZARRA.— Haur hori hiriren batetik gauez iraganez, soltatzea komeniko litzake. 

PENA GUTXI.— Aita gaiztoa! 

ARTIZARRA.— Ona ala gaiztoa, haren aita naizenik eztakit. 

PENA GUTXI.— Ahuntzaren gradoa zuk hartzen duzu.

ARTIZARRA.— Haurraren aita izanik ere, nire esne txarrik hereta dezan ez nuke nahi. 

PENA GUTXI.— Zer darabiltzu buruan? Neretzat eztizut amodiorik eskatzen; aita onaren erraiak izan ditzazula eskatzen dizut. 

ARTIZARRA.— Halakoxeak ditut! 

PENA GUTXI.— Semea aldaratzen bazait, edo zure tranpa txarrekin hiltzen bazait, saihetsean sartuko dizut. Artizarra, semerik gabe eznezazu utz. 

ARTIZARRA.— Beste bat eginen dugu. 

PENA GUTXI.— Urrikal zaitez, Artizarra! 

ARTIZARRA.— Doinuz alda. 

PENA GUTXI.— Gartzela batetik eskapatua!

 

(Artizarrak arabuiozko keinu bat egiten du, eskuaren atzekaldeareki zaflada bat ematen dio bere maitaleari ahoan. Honek paineloaren bazterra pasatzen du ezpainetatik. Zapian odola ikusirik, ama galduak negar egiten du. Bien bitartean, maltzurki barre egiten du gizonak, metxerotik txispak ateratzen dituen artean. Pero Gailo sakristauak elizako pilareetan besoak altzatzen ditu).

 

PERO GAILO.— Zuen ejenplo txarrekin ez beste edonora joan, eta ez honera, Jainkoaren aurrera!

ARTIZARRA.— Jainkoak zer egiten dugun, eztu begiratzen, aurpegia gugandik itzulirik baitaduka.

PERO GAILO.— Deskomekatua!

ARTIZARRA.— Honrarik haundienarekin! Hogei urte dira eliza batean sartzen eznaizela.

PERO GAILO.— Deabruaren adiskidantza atsegin duzu?

ARTIZARRA.— Nire haurraren aitabitxia da.

PERO GAILO.— Orain hortzak irritzen dituzu, baina egun batean garraskatuko zaizkitzu.

ARTIZARRA.— Tenore horren bildur eznaiz.

PENA GUTXI.—Basapristiak ere bildur dira.

PERO GAILO.— Portaera guztiak daduka bere premioa edo bere gaztigoa: hala irakasten digu Elizama Santuak.

ARTIZARRA.— Doinuz alda, laguna. Polka hori ezta gaurkoa.

PERO GAILO.— Ni isiltzeagatik, eztu Jainko gure Jaunak hatzamarrik bajatzen.

ARTIZARRA.— Ederki!

 

(Buruan zapi nabarra duelarik, atso batek irtetzen du elizatik; gero beste batzuek ere. Kanore haundirik gabe, ateratzen dira, eta ur bedeinkatuz ureztatzen dituzte hilobiak. Azkenak lau arrodako aska batetik tiratzen du, nano buru-urtu batek erdi-lokarturik dantzatzen duen ohaxka. Joana Erreginak, merkatu, erromeria eta erietan eskean dabilen pobre lur-koloreko eta oinutsak, sakristau haren nebari galdatzen dio).

 

ERREGINA.— Mezatan komuniorik, nola etzenduen eman?

PERO GAILO.— Kopoian etzegoen hostiarik.

ERREGINA.— Jauna errezibitu nahi ukan nuen. Lurrak deitzen dit.

PERO GAILO.— Eztadukazu gogo haundirik.

ERREGINA.— Ama horrek nire baitan jaten du.

PERO GAILO.— Ama deritzazu lurrari! Bekatari guztion ama da. Eta iloba, itzarten da? Honek ezagumenturen bat argitzen du, arreba nirea.

ERREGINA.— Urrikaria.

 

(Haren begi ezkelak jartzen du Pero Gailo nanoaren gainean, tontoaren itxura buru haundia mugitzen duena. Zaldi moduko aho bizar-beltzean pausatzera datortzan euliak uxatzen ditu amak. Karrotik tiraka, zelaia igaratzen du, eta kaminoko itzaletara ateratzen da. Zirkolariaren zakurrak, atzeko anken gainean zutik, itxura lur-koloreko eta triste haren gainean dantza-pauso bat saiatzen du. Geldiro makurtu egiten da animalia, eta ankartean buztana, hilaren usainarentzat zakurrek gordetzen duten oihuarekin egiten du zaunka. Txistu egiten du Artizarrak, eta zakurra, berriz atzeko anken gainean zutik, ugazabarengana doa, begi bat keinaturik barre egiten duena).

 

ARTIZARRA.— Animalia honek tratua egina dio Satanas lagunari.

PERO GAILO.— Demonioak botatzeko orazioak esan ditzaion topatu arte, eta hola igortzirina batean leher dadin arte.

ARTIZARRA.— Biak lehertuko gara.

PERO GAILO.— Egiarekin duda egiten duzu.

ARTIZARRA.— Bekatua ezagutu didazu.

PENA GUTXI.— Erretolika dakartzu.

ARTIZARRA.— Erdu honera, Koinbra! Eta kontuz nola erantzuten diozun galdera honi. Eskumarekin BAI. Ezkerrarekin EZ. Eta buztanarekin EZTAKIT. Eta orain gezurrik gabe erantzun: osaba honi, andreak adarrak iminitzen dizkio? (Koinbrak, beti zutik, buru zuri-beltza mugiturik, belarrien puntetako kaxkabelak entzun arazirik, gogoeta egiten du. Apurka apurka, profetaren espirituak harturik, haren ugazabaren aurrean geratzen da geldi, eta duda labur baten ondoan, belarrietako kaxkabelak dardarka, hasarre haundiarekin mugitzen du ezkerreko anka).

ARTIZARRA.— Lagun, ezetz dio Koinbrak. Orain beste gauza bat esanen digu: Koinbra, hemengo lagun honek koroatuen Hermandatean parte hartuko duen ala ez, ezagutzeko jakintza naikoa izanen duzu? Eskumarekin BAI. Ezkerrarekin EZ. Eta buztanarekin, gure damatxo galanta EZTAKIT.

 

(Koinbra, zaunka eginik eta buztana mugiturik, zutitu egiten da berriz ere, eta anketako ikara arin batekin, ugazabari begiratzen dio. Belarrietako kaxkabelek ikara laze eta mehea dute. Zirkolariak, begiak keinaturik hortzak irritzen ditu, eta bat-batean zakurra eskumako anka jasotzera erabakitzen da).

 

ARTIZARRA.— Ezoteduzu hutsik egiten, Koinbra? Agur egizu, Koinbra, eta barkazioa eska zaiozu lagun honi, gezurra esan baitiozu.

PERO GAILO.— Infernuko kasta! Arnegatu baten burlek eztute irainik egiten.

ARTIZARRA.— Laguna, jokoa balitz bezala hartu behar duzu. Abia zaitez, Pena Gutxi!

PERO GAILO.— Barre politak eginen dituzu infernuetan.

 

(Pena Gutxik haren zapi haundia hartzen du, bertako tolesetan haurra paraturik, eta zirkolariak bizkarrera kargatzen du Txori Jakintsuaren kaiola),

 

PENA GUTXI.— Aitaren erraiak edukitzazu, Artizarra!

ARTIZARRA.— Ahoa isilik!

PENA GUTXI.— Bizitza honetako gatiberioa apurtuko dut. Zuregandik apartatuko naiz.

ARTIZARRA.— Kortejatzera joanen natzaitzula pentsatzen duzu? Enganaturik zaude, beraz.

PENA GUTXI.— Behin joan zinen eta gizon bati eman zenion heriotza.

ARTIZARRA.— Etzen hura nire asmoa izan.

PENA GUTXI.— Kolpea niri emana baldin bazitzaidan, zergatik huts egin zenduen?

ARTIZARRA.— Doinu horrekin akaba. Txoriak badu garaurik?

PENA GUTXI.— Eztu jan nahi.

ARTIZARRA.— Nun aurkituko genduke honen pareko beste bat. Satanas lagunari eskatuko diogu?

PENA GUTXI.— Kanore exkaxa.

 

(Haurrak, amaren besartean, kontsolamentuak galtzen ditu, eta ibiltariaren bizkarrean balantzan egiten du zortea dakarren txoriaren kaiola: Eguzki pean urrezkoa, Ilusiaren Gaztelua).

 

 

 

Bigarren irudia

 

(Kamino baten gaineko arboladi bat. Joana Erreginak, itzal artean, Kaminoaren ertzean haren painolo loratua hedaturik, limosna eskatzen du, eta nanoak, askaren lasta marragan etzanik, manta adobatuaren azpian bizioz beterik, haren keinua egiten du).

 

ERREGINA.— Arrazoiaren argirik eztadukan urrikariarentzat, karitatea! Zertaz baliatuko da urrikaria, bestela?

 

(Honela solasean hari den bitartean, eskuekin sabela estuturik, intzirina egiten du. Errosa Tatulak, erromerietako eta hazialdietako denpora onean eskean dabilenak, atso prudente eta errijentaren kontseiluak ematen dizkio).

 

TATULA.— Santiagoko hospitalean bazeunden, hobe. Minak izugarriro etorri zaizkitzu.

ERREGINA.— Urte askotan izan ditut.

TATULA.—Eta zoriona duzu seme horrekin, ogirako labe batek baino balioago baitu.

ERREGINA.— Haren ohantzatik atera baledi, haren amaren kontra ganibet biluz batekin joko balu ere.

TATULA.— Jainko gure Jaunak modu hortako eman zizun, eta hala kunplitzen da Haren borondate santua.

ERREGINA.— Inoiz eznaiz haren kontra altzatu.

 

(Suspirioka eta errenka, merkatari aberatsengana joaten zen, eskuetan limosna eskatzeko katilua zeramalarik. Tratulari batek, mendiko zekorrak dakarzkienak, bidetik apartatzeko agindua ematen dio).

 

TRATULARIA.— Aizu! Ganadurik uxatu gabe!

 

(Eskalea, saihetsak estuturik, haritzetako itzaletara bihurtzen da. Kristalaren antzean ditu begiak, eta ahoa lurraren kolorekoa. Mendiko zekorrek, ilunak eta beltzak, hautsezko hodei batean egiten dute korrikan).

 

ERREGINA.— Hilen naiz ni, bai, hilen naiz!

TATULA.— Haundia da mina?

ERREGINA.— Bekatuaren lekua bera jaten dit katu batek.

TATULA.— Saihetseko mina!

ERREGINA.— Anizete txurruta batek bizia ekarriko dit.

TATULA.— Norbaitek ekarriko du botila bat.

ERREGINA.— Jaunak edeki bitzait Haren ateak!

TATULA.— Munduko nekeez Zerua irabazten da.

ERREGINA.— Gaur akabo!

 

(Ahoa lurraren kontra, biloa maxelen gainean eta eskuek belarra hartzen dutelarik, makurtu egiten da. Gonaren azpian, bernak eta oin ortutsak ezkozkoak dira. Errosa Tatulak asaldu haundiarekin begiratzen dio.)

 

TATULA.— Jaiki zaitez! Bide honetan arimarik ez errenda, alabatxua! Konfesioa eta Jaunarekin bakea egin behar duzu.

ERREGINA.— Egun ederra gaur! Janaririk ezta faltako!

TATULA.— Minak zentzua arrobatzen dio.

ERREGINA.— Zapi hori har zaidazu, gainean diru gehiago ezpaitzaio kabitzen. Isil zaitez, Laureano! Ederra da mundua!

TATULA.— Aita San Bladi benedikatua! Hiltamuko eldarnioak etorri zaizkio.

ERREGINA.— Marelo, limoi ur baxo bete ekar! Dirua daukat, Marelo! Dirua daukat!

TATULA.— Joana Erregina, ez hemen akaba! Jaiki zutik! Goazen baserrirantza, justiziarekin ezpaitu har-emanik eduki.

ERREGINA.— Ederra zeruan izarra!

 

(Erlikia mingarri hura jaso nahi du Tatulak, eta gorputz errez eta desegina erorten da berriz lurrera).

 

TATULA.—Ai ene larritasuna!

 

(Hurrundik, mahasti motzen artean, mutiko bat agertzen da, eta haren ostean lurrean etzanikako beste itxura bat igarten da. Mutikoak, eskuan makila hartu ondoren, bizkarrean kargatzen du egurgileen zama. Mikeltxo Padronekoa da, bideetan dabilen bat. Hari, bere trazakatik merkatuetan egiten diote maiz irain. Mikeltxok eleztuna darama belarrian, arrakadaren moduan).

 

ERREGINA.— Erdu honera, kristaua.

MIKELTXO.— Zu sokorritzeagatik, hurbil nadukazu.

TATULA.— Erdu honera, mundura ekarri zinduen arimagatik.

MIKELTXO.— Nire amagiharreba zen nitzaz erditu zena.

TATULA.— Utz koplari. Min haundi bat egin zaio Joana Erreginari.

MIKELTXO.— Asunekin igurtz zaiozu ipurdia.

TATULA.— Erdu honera, kristau gezurrezkoa.

MIKELTXO.— Osaba Miau ere, badator orain.

 

(Mahastiaren azpian zegoen bestea ere jaiki egiten da, eta argitara dator. Lehengo zirkulari hura bera da, askotan andre penatu batekin ikusi dena, Artizarra deitzen ziona).

 

MIKELTXO.— Joanen gara, Osaba Miau?

OSABA MIAU.— Heriotzaren keinua besterik ezkenduke ikusiko.

MIKELTXO.— Airea zuri bigalduko dizu.

OSABA MIAU.— Koinbrari igorri diote pizkatean.

TATULA.— Zeren errezeloan zaudete, maradikatuok?

OSABA MIAU.— Gure izen propioez deitzen baitigute, goazen bada harantza.

 

(Lagun biak, kaminora bidean doaz. Mikeltxok mihinaz bilatzen du ahotik hurbil dadukan orin bat, eta besteak metxeroa iharrausten du. Haritzen itzalpean, atso eskalea datza, geldi eta zapaldurik. Haren anka biak gona petik ateratzen dira, ezkozko kandela bien moduan).

 

TATULA.— Joana Erregina! Joana Erregina!

OSABA MIAU.— Arrapostaren ez zai egon: Hobe haren familiari abisuak egiten badizkiozu. Egiaren erdia besterik eztuzu deklaratzen: Bazter honetan mina sartu zaiola, eta minarekin bukatu dela. Andre hori zendurik dago.

TATULA.— Aita San Bladi! Bihotz bera edukitzeak justiziaren aurrera narama.

OSABA MIAU.— Zer esanik eztago nire izenik eztela afer honetan aipatuko.

TATULA.— Eta hil egin dela nor da, bada, konturatu?

OSABA MIAU.— Eznauzu aipatuko, ez.

TATULA.— Eta deklaratzera deitzen badidate?

OSABA MIAU.— Eznauzu aipatuko.

TATULA.— Hainbeste beldurrek, zer esan nahi du?

OSABA MIAU.— Zure larruarekin fandero bat egin dudala.

 

(Zirkolaria arboletako itzaletara hurbildu da, eta Albazeteko labanaz bi belar-izpi ebakitzen ditu. Errosa Tatula, prudenteki, bere zapatak jazten ditu kaminoaren ertzean, bizkarrean galburuz beterikako zorroa, eskua makulua, berri txarra ematera abiatzen da. Hariztiaren itzalpean, nanoak, euliz zikindurik, bere keinua egiten du. Mikeltxo Padronekok, mihina ezpaineko orinean, esku biribilak sartzen ditu karroko marragapean, eta handik diruz beterikako poltsa bat).

 

OSABA MIAU.— Zilarraren hotsa du.

MIKELTXO.— Katemearen kaka.

OSABA MIAU.— Ikus dezagun.

MIKELTXO.— Negozio hau nirea da.

OSABA MIAU.— Hain zikoitza zarenik eznuen inoiz uste ukan, laguna! Zuk eztuzu nahi, hau bien negozioa izan dadila, eta hori da, beraz, hemen erabaki behar den gauza.

MIKELTXO.— Ze tribunaleren aurrean?

OSABA MIAU.— Pleituaren epaia Koinbrak ematen badu?

MIKELTXO.— Deabruarekin eztut pleiturik nahi.

 

(Zirkolaria jaiki egiten da, eta zigarroa ebakitzen du bere ganibet urreztatuarekin. Gero pauso bi egin ondoren, egurgilearen kutxaren gainean jartzen da. Mikeltxok, irri oker batekin eta oso zurbil, gerrikopean ezkutatzen du poltsa).

 

OSABA MIAU.— Mari polit! Borondate onean poltsa hori ezpaduzu ateratzen, zure bihotzarekin izanen du adiskidetasuna nire ganibetak.

MIKELTXO.— Zurekin zebilen andre hartaz, zer izan da?

OSABA MIAU.— Jaiotetxera oinez.

MIKELTXO.— Bide luzea?

OSABA MIAU.— Oso luzea!

MIKELTXO.— Munduko akabantza?

OSABA MIAU.— Zeutako plaza!

MIKELTXO.— Bertan dago gartzela nagusia.

OSABA MIAU.— Eta Espainiako lorea.

MIKELTXO.— Ibar hori ezagutzen duzu?

OSABA MIAU.— Mari polit, handik eskapatu nintzen. Zu zerbaitean zerbitza albazenezat...

MIKELTXO.— Eta hainbeste korritu ondoren, ezta zuretzat hobeki izanen diru hau niretzat uztea?

OSABA MIAU.— Mari polit, doinuz alda. Vianako kolejiatan behin izan zen lapurraz oroitzen naiz orain.

MIKELTXO.— Gezur bategatik gartzelan sartu baninduten, kulparik ez edukitzeagatik bota ninduten gero kalera.

OSABA MIAU.— Bide-berrietako tabernan behin txantzetan egon ginaden egun batez etzara akordatzen?

MIKELTXO.— Koplak!

OSABA MIAU.— Negozio haretan sarturik egon zinela dio Koinbrak.

MIKELTXO.— Kanta zaharrak!

OSABA MIAU.— Behin zaharrak izan ziren, baina lapurrak bertara sartu ziren leihoaren azpian, arrakada hau aurkitu zuen. Har zazu, bada, belarrian daramazun zirtziloaren anaia baita, eta bion artean parti dezagun dirua. Eta zuk proba hau ezpaduzu nahi, Goardia jaunengana joanen gara biok.

MIKELTXO.— Diru zakarra! Gorrotatzen dut! Zorionean konpondu egin gara azkenik. Amoratuen hasarrea beti laburra da.

 

 

 

Hirugarren irudia

 

(Beste bide bat. Teilatuen azpian kalabaza ferde oriak umatzen dirade, eta garitegietan zakurren kateak entzuten dira. Bidea iturri batera doa, arbolartean. Zozoek egiten dute oihu, eta baserritar andreak pitxerrarekin doaz, baserriko esa-mesak kontatuz. Errosa Tatula agertzen da, bere gona luzeekin, berri txarraren ekarle).

 

TATULA.— Benedikatua izan dadila Jainkoa, hain isilak baitira beti haren zuzenbideak! Hor atzean gelditu da trinkarik gabe Joana Erregina. Deiadar egin nion, baina ezta mugitzen. Heriotzearen kolorea dauka. Herrira joateko hainbeste antsia ezpanu, Lesongo Gurutzean bizi den haren ahizpari abisatzera joanen nintzake. Zuen artean bizi da inor alderdi haretan?

ANDRE BAT.— Aurrez aurre ditugu etxeak.

TATULA.— Notizia itsusi hori eramanen diozu?

ANDRE BAT.— Arima entregatu du, zure akorduz?

TATULA.— Heriotzearen kolorea dadukala, hori besterik ezin desaket nik.

ANDRE BAT.— Eritasunak jaten zuen bere barrenean aspalditik. Haren trabaju, eguzki eta euriak akabatu zaizkio, beti karrotik tiratuka. Hiloriari ze asturuk igurikiko dio orain? Nora irauliko da?

TATULA.— Ongi konsideratzen baldin bada, karga bat izan liteke edo ezliteke izan. Joana Erreginak egun batean guk urte betean baino arno gehiago edaten zuen, eta dirurik gabe eztute arnorik saltzen. Hiloriak mantenua ematen zion. Karro batekin zeinbat irabazten den, eztakizue ongi! Bihotzak urrikaltzeko, eztago bide hoberik. Zazpi errealetik gora ateratzen zuen Joana Erreginak egunean. Eta nundik zuk, gorputz sendo horrek, horren erdia ere aterako?

 

(Bi amalaba, pitxerrak buru gainean, sendatik doaz iturriko itzaletara. Ama, zuria eta rubia, begi-alaia, gorputzean eta hizpidean harmoniatsua. Alaba berriz, txatxala-xamar, esnearen modukoa, ilargiaren, behiaren eta ogiaren borobiltasunarekin).

 

ANDRE BAT.— Honera datortza Gaila amalabak. Haren familiakoak dira hauk.

TATULA.— Mari Gaila, defuntuaren neba batekin dago ezkondurik. Pero Gailo, paperetan Pedro Erreinukoa agertzen da.

ANDRE BAT.— Pausuan ezagutzen zaie berririk eztakitela.

TATULA.— Mari Gaila, erdu, zure koinatari gaitz bat egin zaio, eta estratako itzaletan datza atinik.

MARI GAILA.— Ze koinata?

TATULA.— Joana Erregina.

MARI GAILA.— Ai ene, Tatula, esaidazu argiro zendua baldin bada, indarrak baditut-eta.

ANDRE GUZTIAK.— Zuk beste dakigu hemen.

 

(Mari Gailak pitxerrari uzten dio lurrera erorten, buruan daraman zapia soltatzen du, eta alabaren aurrean, larriturik suspirioz dagoena, trajediazko eta antigualeko mugimentuetan besoak zabaltzen ditu. Baserritarren buruak, durundio erlijotsu batean, negargileari makurtzen zaizkio, baserriko iturriko itzalpean antigoaleko eta komediazko edertasuna piztutzen duena. Bidearen gainekaldean gelditurik, besoetako borobiltasun malenkoniatsua zabaltzen du, mintzoaren borobiltasun zentzukorrekin batera).

 

MARI GAILA.— Pitxerra hauts, Simoniña! Simoniña, pitxerra hauts! Asturuaren tristea! Despota baten alabaren moduan akabatzen da! Inoiz ere etzuen familiaren abarorik onartu nahi ukan. Ai, kuinata gurea, odolak etzizun deitzen, eta orain deitu dizu senda bateko lurrak, guztiek zapaltzen duten lurrak! Pitxerra hauts, Simoniña!

ANDRE BAT.— Planto bat egiteko eztago aproposagorik!

ANDRE BAT.— Sehaskatik datorkio grazia.

ANDRE BAT.— Gaztelaniaz alkate andre baten moduan egiten du.

MARI GAILA.— Ai koinata, euriak eta eguzKiak, bideak egitea eta nekeak sufritzea, halakoa izan zen mundu honetan izan zenduen erromeria! Ai koinata, hasarrez apurtu zenduen familia! Lege txarra eduki zenidan, koinata! Ai koinata, anabolenen mihinek astitzen zinduzten!

TATULA.— Familiak, guraso-semalaben artean ezpada, separaturik mantendu behar dira.

ANDRE BAT.— Odolaren legeak beti ematen du bere sententzia.

TATULA.— Batzutan ere ukatu egiten da.

MARI GAILA.— Nire bularrean ez sekulare, Tatula!

TATULA.— Hala ematen du antzak!

MARI GAILA.— Ahora eramateko ogirik gabe geratzen banaiz ere, karroaren kargua hartuko dut.

TATULA.— Karroak, bideetatik erretiratzen ezpaduzu probetxua dakar.

MARI GAILA.— Probetxu flakoa izanen da, gure etxeko gobernua abandonatu ezkero.

TATULA.— Alokairuan jar. Eta halakorik gertatzen baldin bada, aurren nirekin mintza.

MARI GAILA.— Kontuan edukiko dut. Niri ematen badidaten karroaren enpeinua, eztut ostoporik jarriko. Defuntu zendua, nire gizonaren arreba zen, eta senlde hurbilagorik eztaduka.

TATULA.— Pleitua zuek eta Marika Erreinukoaren artean izanen da!

MARI GAILA.— Pleitua! Zergatik egonen da pleiturik? Karitatea dadukat nik, barrenak hala esakatzen didalako. Neba nagusiari nola kargua disputatuko zaio? Justiziaren aurrean presentatzen bagara, pleitua nebak irabaziko du, bestela eztago zuzeneko legerik.

TATULA.— Zure menpean jarritzen baldin bada, mintzatu zertaz garen oroi...

MARI GAILA.— Ezetz diotsut orain. Traturik eztugu egin.

TATULA.— Traturik eztago zierto, baina zertaz mintzatu garen gogoratzen baldin bazara...

MARI GAILA.— Ahaztutzen etzaidanez gogoratuko naiz.

TATULA.— Zure atera deituko dut.

MARI GAILA.— Ordu onean izan dadila.

ANDRE BAT.— Karroak ogirako labe batek beste balio du.

ANDRE BAT.— Garizko ogia!

MARI GAILA.— Fortuna txarra izan zenduen, koinata! Zugandik ikas bezate anabolenek! Bidertz batean konfesiorik gabe, hil behar!

 

(Simoniñak, zuri, xinple, aurpegi-borobil, begiak estuturik, amaren moduan egiten du negar, eta pitxer apurtuaren aurren besoak zabaltzen ditu).

 

 

 

Laugarren irudia

 

(Kaminertzean, hariztia. Joana Erregina, zerura begira dago lurrean etzanik, eta bularraren gainean gurutze bat daduka, erramu fresko bik egina. Oin ortutsak eta anka ezkoaren kolorekoak, kandela biren itxuran ateratzen dira. Bastian Kandas baserriko alkateak, andre hilari goardiak egiten dizkio, eta benedikatuko bazuen bezala airean besoak, agintzen du).

 

ALKATEA.— Zuek mutilak, hemen tinko egon, defuntu zenduaren oinetatik aldaratu gabe. Legeko Ministroa agertu baino lehen, munduko ezein gauzagatik eztuzue permitituko, inork gorputza mugi dezala.

 

(Baserriko andre batzuk allegatzen dira, gona zabal. Farolen argitasuna, mantilen beltztasuna. Esku artean aurpegia daramalarik, atso makurtu bat dator haien artean, oihuka. Batzutan lurrera botatzen du beso zabalik, eta negarretako solasak egiten ditu. Marika Erreinukoa da, defuntuaren ahizpa).

 

MARIKA.— Nun zaude, Joana? Betiko isildu zinaden! Gure Jaunak deitu zizun, hemen gaudenaz akordatu gabe! Nun zaude, Joana? Nun finitu zinen, nire ahizpa?

NESKA BAT.— Konformidadea izan, izeba Marika! (Izeba Marika, andreek lagundurik eta mantuak estaldurik, makurrik dabil Defuntuaren parera heltzen denean, hari besarkatzen zaio).

MARIKA.— Ai, Joana, ahizpa nirea, zuria zaude! Zure begiok eztute ikusten! Aho horrek eztio hitzik egiten zure ahizpa honi! Opilik dastatzera etzara nire atean berriz ere geldituko! Haiekin itsutzen zinen! Merkatu egun azken honetan ere afaldu genituen batera! Koipearekin eta perrezilarekin asko gustatzen zitzaizkitzun.

 

(Negar egin ondoren, belaunen gainean makurturik geratzen da, intzirina eta heiagoraka. Inguruan eserten zaizkio andreak, bide arteko kasoak, terrepenteko heriotzak eta arima penatuen gerterak kontaturik, eta ipui hoien interesa galtzen denean, Marika Erreinukoak negarrari jarraitzen dio. Hariztian zeihar, Gailo senar-emazteak etorten dira. Andreak sorbalden gainean dakar mantila; gizonak kapa luzea eta makila aberatsa. Arreba, besteak ikusirik, belaunbikotik jaikitzen da, eta dramatikoki besoak zabaltzen ditu).

 

MARIKA.— Berant gazteatu zaituezte! Nik egunaren gehiena bota dut hemen, eta gorputza akitu egin dit lurraren hotzak.

PERO GAILO.— Zerbaiten kargo duen gizona ezta bere buruaren jabe, Marika. Eta nola gertatu zen gertaera gertu hau?

MARIKA.— Niri galdatzen didazu? Galde defuntuari egiozu, harek beste inork ezpaitizu arrapostarik emanen.

PERO GAILO.— Nere arreba zendua bideetan barrena ibilteak sendo deitzen zion, eta azken akabo batean bideetan barrena zebilelarik, heriotzea aurkitu du.

MARIKA.— Hori berberori pentsatua nuen nik! Jainkoak gaitza guztiok anpara!

 

(Sakristaua, bere begi inoiz baino ezkelagoak garbiturik, nanoaren karroari hurbiltzen zaio).

 

PERO GAILO.— Ema zurtz zaude, Laureano, eta jakin ere eztakizu! Ama zurea, arreba nerea zendu da, Laureano, eta jakin ere eztakizu! Aitatzat eskeintzen natzaitzu.

MARIKA.— Inuxentearen kargoa niri dagokit.

MARI GAILA.— Guk ere eztugu urrikaria abandonatuko.

 

(Mari Gailak aurpegi hasarreorra daduka. Koinatak bere arbuioa eta mesprezioa erakusten du).

 

MARIKA.— Nebari mintzatzen nintzaion.

MARI GAILA.— Baina ihardetsi, nik egiten nuen.

ALKATEA.—Naikoa da.

PERO GAILO.— Zeren zai gaude, Bastian?

ALKATEA.— Justiziaren zai.

PERO GAILO.— Hemen argi-kizun gutti dago. Defuntuak ur ustelen bat edan zuen, eta horrek hil zuen. Mahastietako sulfatoek urak pozoatzen dituzte, eta heriotzak darkazkite.

ALKATEA.— Nire behi nabarraz gogoratzen zarete?

MARI GAILA.— Erregina baten modukoa zen hura.

ALKATEA.— Hil hurran eduki nuen, eta aurrera belar egosketa batekin atera nuen. Zazpi errealetik gastatu nuen botika.

ATSO BAT.— Ur mortalak daude.

PERO GAILO.— Holakoak daudela, eztut dudarik egiten, eta gorputz mindua mintzenago dute. Barrenak usteltzen dizkiote.

MARI GAILA.— Jaunen artean, pitarrari beti begira, eta uren kontra eztiote ezer.

ALKATEA.— Jaunen artean, pitarrari txarki begiratzen diote edari gozoagoez gustatzen baitira.

MARI GAILA.— Anizatu jelatua!

 

(Kaminotik jueza ikusten da etorten, behor dotoreki apaindu baten gainean zaldun. Haren ondoan txinela dator. Andreek, belaunbiko eta hatzamarrak putzituki, haien faroletako ipurtagiak piztutzen dituzte. Negar nagusi batekin hasten dira).

 

MARIKA.— Joana, nire ahizpa, egiazko mundu horretan nire senarrarekin topatzen baldin bazarade, gorderik diodan legea esanen diozu. Berriz ezkontzerik nola nahi eznuen kontatuko diozu, eta okasio ederrak izan nituela, halare. Orain zahar nago, baina edaderik hoberenean utzi ninduen. Esanen diozu nire atzean zebilela amerikano aberats bat, eta aurpegirik ezniola inoiz begiratu! Gaztelu bat moduko mutil bat!

MARI GAILA.— Koinata, bideetako lorea, Jainko gure Jaunaren ondoan zaude orain! Koinata, hainbeste neke sufritu zenduena, Haren mahaian erregalatzen zara orain! Aingeruen bailean zaude orain! Gaurtik aurrerantzean, zure ogiak arroltzak eta kanela izanen ditu! Ai gure koinata, Jondone Petriren ipuiak, nork entzunen lituzke orain zurekin!

 

 

 

Boskarren irudia

 

(San Klementeko eliza. Abarrartean ilargiaren argia agertzen da. Farola batzuek, lur gainean zutik, defuntuaren gorpuaren inguruan, beren olio argiak zabaltzen dituzte. Gorpuak bere formak, izare zuri baten azpian moldatzen ditu. Gauebelako baserritarrek —kapak eta mantilak— elizaren babesa pean edaten dute pitarra. Sorgin biltzarretako zentzu lorratu eta sakona daukate mintzoek, pausoek eta itzalek).

 

PERO GAILO.— Lehen hasiera bat esana nuen nik, defuntua iturri pozoatsu batetik edateagatikan zendu zela, ganadu eta kristauen artean hola desgraziarik asko egon baita azken bolada honetan.

MARI GAILA.— Eta hiloriak ere ur beretik txurrutaren bat edan otezuen, lastartean egin baitzuen botaka. Diti haur bat balitz bezala, garbitu behar ukan dugu, burutik oinetara. Eta haren barrabilak eztaude herbaildurik, ez!

MARIKA.— Zaude isilik, koinata! Halako trabajuakatik eztaukazu zergatik arnega, karroaren ardura nire gain hartzen baitut nik.

MARI GAILA.— Neba hor duzu! Harekin zaitez konpon!

MARIKA.— Zer esanen duzu zuk, neba?

PERO GAILO.— Gizonaren besoak egokiagoak dirade, karga bat eramateko.

MARIKA.— Karroaren ardura niri gomendatzea, hori zen defuntuaren borondatea. Maiz deklaratu zidan!

MARI GAILA.— Lekukoak nun daude, Marika?

MARIKA.— Nebarekin mintzatzen naiz.

MARI GAILA.— Baina nik aditu dizut, bai.

MARIKA.— Defuntuak borondatea deklara baleza..

PERO GAILO.— Zu zaitez mintza, nire arreba bukatua! Hea zure asmoa familiako legerik ukatzea zen.

TATULA.— Erantzunari ez itxadon, gorputz hilak ezpaitira mintzatzen.

ALKATEA.— Bularrean eztu airerik, eta airerik gabe eztatxeka surik, ezta hitzik egiten

PERO GAILO.— Baina mirariak gertatzen dira.

ALKATEA.— Antigoalean bai, baina gaurko denporan heriotzearen gurdiari eztio inork idirik kentzen.

MARIKA.— Eta bi nebarreba propiok elkarren artean duten hauziaren gainean izan dira solas guzti hauk eginak.

MARI GAILA.— Nebaren dretxoak errespetatzen baldin bazenitu, ez litzake hauzirik izanen.

MARIKA.— Lege-gizonen iritzia entzun beharko da.

ALKATEA.— Abogaduaren atera jotzen baduzue, are gehiago nahastatuko zarete. Legea ezagutzen duten bizar prestuak baserritik irten gabe aurkituko dituzue.

PERO GAILO.— Zure iritzia zein da, Bastian?

ALKATEA.— Nire iritzia ematen badizuet, etzarete ez bat ez beste kontentatuko. Legea eztuzue inork alde.

MARI GAILA.— Nebari ezaldio deitzen.

ALKATEA.— Legearen deierarik zuk eztuzu aditzen.

MARI GAILA.— Baina badago hemen latina dakiena!

ALKATEA.— Mezakoa ezta legeko latina.

PERO GAILO.— Zure iritzia zein da, Bastian?

ALKATEA.— Onartuko ezpaduzue, zertarako eskatu?

MARIKA.— Iritzia eskatzen dizugu, eta ematearekin kunplitu egiten zara.

ALKATEA.— Defuntuak seme inuzent bat legatu beharrean, behi pare bat legatuko balu, nork behi bat eramenen luke gortatik. Hala diost enteleguak. Eta karro bi baleude, nori berea.

TATULA.— Pleiturik ez litzake egonen.

ALKATEA.— Baina nola bat bakarra dagoen, hala karga hori zuen artean partitu behar duzue.

TATULA.— Ezta karga, probetxu baino.

ALKATEA.— Pro indivisoko ondasunak dira.

MARI GAILA.— Ai gure Bastian, lezio ederra irakasten diguzu, baina karroa nola parti eztiozu. Aho bitako ganibetarekin, nola ebakiko duzu ogia?

ALKATEA.— Baina eihara asko ikusi dut, astegun bakoitzean jabe diferente batentzat eho zuena.

NESKATXA BAT.— Nire aitak egunean hamabi orduan ehotzen du Andrasko errotan.

MARIKA.— Honela badirudi gauza egokia izanen dela, karroa familien artean partitzen badugu, zeini egun batean.

ALKATEA.— Konparazio baterako: Eihara bateko partelientak zarete. astelehenetik asteazkenera batak ehotzen du, eta ostegunetik larunbatera besteak. Igandeak txandaka partituko dira.

TATULA.— Hola ezta pleiturik izanen.

MARIKA.— Zuk hitz egin behar duzu orain, neba.

PERO GAILO.— Hemen hauzo honek proposatzen duena haren burubidea da, eta hartu edo utzi guk egin behar dugu. Nire sentiera manifiesto dago, zurea berriz orain deklaratu behar duzu.

MARIKA.— Nerea ere zurearekin dago, eta hortik ez naiz ni aldaratzen.

MARI GAILA.— Okerrak dituzue hitzok.

MARIKA.— Eguzkia baino argiagoak.

ALKATEA.— Ikus dezagun, Marika, hea ni ere zure bideetan abiatzen naizen. Nire iritzian hitz hoiekin esan nahi duzu zure nebak onartuko duena, zuk ere onartuko duzula.

MARIKA.— Zierto.

ALKATEA.— Eta zuk zer diozu, Periko Erreinukoa?

MARI GAILA.— Galtzaundi honek ere baietz dio.

ALKATEA.— Beste zer esanik eztago, bada.

MARIKA.— Honela asteko hiru egunean karroa nire karguan, eta beste hiru batean koinatarenean.

ALKATEA.— Igandeak erdi bana.

TATULA.— Gizon treberik gabe, parteak egin dituzue.

MARI GAILA.— Kopa batekin zelebratu behar da. Pitar botila bete ekarzazu, senarra.

PERO GAILO.— Zure leiho pean dago, defuntuaren anden ondoan.

MARI GAILA.— Nanotxuari kopa bat emanen diogu.

ALKATEA.— Edaten du?

MARI GAILA.— Eta sano atsegin du. Batekin nola konformatzen ezten, ikusiko duzue. Edariz zoraturik dago.

TATULA.— Bideetan zeihar hainbeste eguzkiak... hainbeste euriak. Erreparo hori gabe, hil eginen zen.

MARI GAILA.— Kopatxu bat edan nahi duzu, Laureano?

TATULA.— Botila erakuts zaiozu, hitzetan ezpaitu zentzurik aditzen.

 

(Mari Gailak, galant eta eder, defuntuaren oinetara zutik, errondetako baxoa betetzen du, eta pitarraren usaina delizioski hartzen du).

 

MARI GAILA.— Bastian, lehena zuk edanen duzu, hauzia erabaki baitzenduen.

ALKATEA.— Mundu guztiaren osasunean, beraz.

MARI GAILA.— Zuen ondoan, nanotxoak edanen du. Orain dastatuko duzu. Laureano.

TATULA.— Trumoia egin dezan emaiozu. Ederki ematen du trumoiaren hotsa!

MARI GAILA.— Begiraiozue, Jainkoarren, mihina nola ateratzen duen.

NANOA.— Hu! Hu! Honera ekar!

MARI GAILA.— Nork ematen dizu?

NANOA.— Amamak!

TATULA.— Zer da hori, Laureano?

NANOA.— Hu! Hu!

MARI GAILA.— Nola eskatzen da?

NANOA.— Arraio! Hu! Hu!

MARIKA.— Txurruta emaiozu, ernegurik eztezala bota.

MARI GAILA.— Edan nahi baduzu, trumoiarena egin behar duzu.

NANOA.— Miau! Fu! Miau!

MARI GAILA.— Leloa! Horla katuak egiten du.

TATULA.— Laureano, trumoiaren egin, orain emanen baitizugu edatera.

NANOA.— Pist! Tun! Tun! Tun! Sst! Tun!...

ALKATEA.— Txurruta irabazia du.

MARI GAILA.— Oso atsegina da mutila.

PERO GAILO.— Edonori ukituko dio bihotza.

MARIKA.— Defuntua ongi irakatsi zion! Gure ahizpa izanarren ere, andre probetxuzkoa zen. Ai gure Joana, zori gaitza izan zenduen zure egunetan!

MARI GAILA.— Negarrean segitzeko, igurikazu egunari, eta zure kopa har zazu, besoak bakoari eusterekin kantsatu egin baitzaizkit.

 

(Besteak suspirio egiten du eta pitxarra iruntzi baino lehen mantil-bazterrarekin sikatzen ditu ezpainak. Gero, txurruta batez, arbuiozko aiero batekin, baxoa hutsitzen du. Ipui bat kontatzen hasten da atso bat, eta Nanoak, buru haundia lastozko burrukoaren gainean astindurik, bere deiadarra egiten du hilerriaren hezetasunean).

 

NANOA.— Hu! Hu!

ZAPOA.— Kroa! Kroa!

 

 

JAINKOAREN HITZAK
Ramon Valle-Inclan

(Baserritar trajikomedia)
 
1963
euskaratzailea: Gabriel Aresti
Susa, 1986