Kronopioen eta famen istorioak
II KRONOPIOEN ETA FAMEN ISTORIOAK
BIDAIAK
Famak bidaian joaten direnean, hauek dira beren ohiturak hiri batean gaua ematerakoan: fama bat hotel batera doa eta zuhurtziaz ikertzen ditu prezioak, maindireen kalitatea eta alfonbren kolorea. Bigarren fama polizia-etxera doa eta agiri bat lantzen du deklaratuz hiru famen ondasun higigarriak eta higiezinak, eta orobat beren maleten edukiaren inbentarioa. Hirugarren fama ospitalera doa eta guardiako medikuen eta haien espezialitateen zerrendak kopiatzen ditu. Egiteko horiek amaiturik, bidaiariak hiriko plaza nagusian biltzen dira, ikusi dutenen berri ematen diote elkarri, eta kafe etxean sartzen dira aperitiboa hartzera. Baina lehenago elkarren eskuak hartzen dituzte eta errondan dantzatzen dute. Dantza horri “Famen bozkarioa” esaten zaio. Kronopioak bidaian doazenean, hotelak beterik aurkitzen dituzte, trenak joanak dira, oihuka ari du euria, eta taxiek ez dituzte eraman nahi edo larrutik kobratzen diete. Kronopioek ez dute adorea galtzen, irmoki uste baitute gauza horiek guztiei gertatzen zaizkiela, eta lo egiteko orduan esaten diote elkarri: “Hiri ederra, hiri benetan ederra”. Eta gau guztian amets egiten dute jai handiak daudela hirian eta berak gonbidatuak daudela. Hurrengo egunean oso-oso pozik jaikitzen dira, eta horrela dute bidaiatzen kronopioek. Itxaropenek, sedentarioak baitira, gauzek eta gizakiek bidaiaraz ditzaten uzten dute, eta estatuak bezalakoak dira, ikustera joan behar direnak, berek ez baitute lan hori hartzen.
OROITZAPENAK IRAUNARAZTEA
Beren oroitzapenak iraunarazteko, haiek baltsamatzeari ekiten diote famek, era honetan: oroitzapena zehatz-mehatz finkatu ondoren maindire beltz batez biltzen dute behatzetatik bururaino eta zutik ezartzen dute gelako hormaren kontra, hau dioen txarteltxo batekin: “Quilmes-erako txangoa”, edo: “Frank Sinatra”. Kontrara, kronopioek, izaki desordenatu eta epel horiek, etxean barrena han eta hemen uzten dituzte oroitzapenak, oihu alaien artean, eta han erdian dabiltza berak, eta bat lasterka igarotzen denean, leun laztantzen dute eta esaten diote: “ez min hartu, txo”, eta orobat: “kontuz eskailerako mailekin”. Horregatik dira famen etxeak txukunak eta isilak; kronopioenetan, berriz, beti egoten da iskanbila handia eta ateak kolpeka. Etxepekoak kronopioen kexu dira beti, eta famek keinu ulerkorrez mugitzen dute burua eta begiratzera doaz ea txarteltxoak zein bere tokian dauden guztiak.
ERLOJUAK
Fama batek horma-erloju bat zuen eta astero ematen zion giltza arreta handiz. Kronopio bat igaro zen eta hura ikustean barrez hasi zen, bere etxera joan eta orburu edo basaorburu erlojua asmatu zuen, modu batera eta bestera esan ahal eta behar baita. Kronopio honen basaorburu erlojua espezie nagusiko orburua da, hormako zulo batera zurtoinak finkaturik dagoena. Basaorburuaren hosto kontaezinek oraingo ordua eta gainerako ordu guztiak markatzen dituzte, halako eran non kronopioak hari hosto bat kentze hutsarekin badakien jada ordu bat zein den. Ezkerretik eskuinera kentzen dituenez gero, hostoak beti ordu zuzena ematen du, eta egunero hosto bira berri bat ateratzen hasten da kronopioa. Bihotzera heltzean denbora jada ezin da neurtu eta erdiko arrosa more amaigabean bozkario handia aurkitzen du kronopioak, orduan olio, ozpin eta gatzarekin jaten du, eta beste erloju bat jartzen du zuloan.
BAZKARIA
Kronopio bat, ez lanik gabe, iritsi zen bizitzen termometro bat gauzatzera. Halako gauza bat termometroaren eta topometroaren, fitxategiaren eta curriculum vitaearen artean zegoena. Adibidez, kronopioak fama bat, itxaropen bat eta hizkuntza-irakasle bat hartzen zituen bere etxean. Bere aurkikuntzak aplikatuz, ondorioztatu zuen fama infra-bizitza zela, itxaropena para-bizitza, eta hizkuntza-irakaslea inter-bizitza. Kronopioari berari zegokionez, apur bat super-bizitzatzat hartzen zuen bere burua, baina areago poesiagatik egia izateagatik baino. Bazkalorduan kronopio honek bere solaskideei hizketan entzunez gozatzen zuen, zeren uste baitzuten gauza berberez ari zirela, eta ez zen horrela. Inter-bizitzak izpiritua eta kontzientzia bezalako abstrakzioak erabiltzen zituen, para-bizitzak atariko haizea bailitzan —egiteko delikatua— entzuten zituenak. Infra-bizitzak, noski, gazta birrindua eskatzen zuen une oro, eta super-bizitzak berrogeita bi mugimendutan zatikatzen zuen oilaskoa, Stanley Fitzsimmons metodoa. Azkenburukoetan bizitzek agur esaten zieten elkarri eta nor bere zereginetara joaten zen, eta mahaian heriotzaren puskatxo solteak baino ez ziren gelditzen.
MUSUZAPIAK
Fama bat oso aberatsa da eta neskamea du. Fama horrek musuzapia erabiltzen du eta paperontzira botatzen du. Beste bat erabili eta paperontzira botatzen du. Erabiliriko musuzapi guztiak botatzen ditu paperontzira. Bukatzen zaizkionean beste musuzapi kaxa bat erosten du. Neskameak musuzapiak biltzen ditu eta beretzat gordetzen ditu. Famaren jokaeraz oso harritua dagoenez, egun batean ezin dio eutsi eta galdetzen dio ea musuzapiak benetan botatzeko diren. —Ergela alaena —dio famak—, ez zegoen galdetu beharrik. Hemendik aurrera nire musuzapiak garbituko dituzu eta nik dirua aurreztuko dut.
MERKATARITZA
Famek ureztatze hodien fabrika bat muntatua zuten, eta kronopio asko kontratatu zituzten biribilkatze eta biltegiratze sailetan. Kronopioak beren sailetara joan orduko, bozkario ikaragarria. Ureztatze hodi berdeak, gorriak, horiak eta moreak zeuden. Gardenak ziren eta haiek saiatzean ura zebilela ikusten zen bere burbuila guztiekin, eta intsektu harritu batekin batzuetan. Kronopioak oihu handiak egiten hasi ziren eta tregoa dantzatu nahi zuten eta dasta dantzatu, lan egin beharrean. Famak sutu ziren eta berehala ezarri zituzten barne araudiko 21, 22 eta 23 artikuluak. Horrelako egitateak ez zitezen errepikatu. Famak oso axolagabeak direnez, kronopioak aldeko zirkunstantzien zain gelditu ziren eta hodi asko kargatu zituzten kamioi batean. Neskato bat aurkitzen zutenean, hodi urdin zati bat ebakitzen zuten eta oparitzen zioten, hodi saltoan ibili ahal izateko. Horiek horrela, kantoi guztietan ikusi ziren burbuila urdin gardenak sortzen, barnean neskato bat zutenak, katagorri bat zirudiena bere kaiolan. Neskatoaren gurasoen desira zen hari hodia kentzea lorategia ureztatzeko, baina jakin zen kronopio maltzurrek zulatu zituztela, halako eran non ura txiki-txiki eginda gelditzen baitzen haietan eta ez baitzuen ezertarako balio. Azkenean gurasoak nekatu egiten ziren eta neskatoa kantoira joaten zen eta salto eta salto egiten zuen. Hori koloreko ureztatze hodiekin kronopioek hainbat oroitarri apaindu zituzten, eta hodi berdeekin tranpak jarri zituzten afrikar erara arrosa-lorategiaren erdi-erdian, itxaropenak bana-banaka erortzen ikusteko. Itxaropen erorien inguruan kronopioek tregoa dantzatzen zuten eta dasta dantzatzen zuten, eta itxaropenek beren ekintza aurpegiratzen zieten hau esanez: —Kronopio anker krudelak! Anker alaenak! Kronopioek, ez baitzieten inongo gaitzik opa itxaropenei, jaikitzen laguntzen zieten eta hodi gorri puskak oparitzen zizkieten. Horrela, itxaropenek etxera itzuli ahal izan zuten eta beren irrika biziena gauzatu: lorategi berdeak hodi gorriez ureztatzea. Famek fabrika itxi zuten eta oturuntza bat eskaini zuten, betea egon zena hileta-hitzaldiz eta hasperen handien artean arraina zerbitzatzen zuten kamareroz. Eta ez zuten kronopio bakar bat ere gonbidatu, eta itxaropenetatik, arrosa-lorategiko tranpetan erori ez zirenak soilik, zeren besteek hodi puskak gorde baitzituzten berentzat, eta famak haserre baitzeuden itxaropen horiekin.
FILANTROPIA
Famak gauza dira eskuzabaltasun handiko keinuak egiteko, adibidez fama honek itxaropen gajo bat aurkitzen duenean kokondo baten oinean eroria, eta, altxatzen lagundurik, bere autoan eramaten duenean etxera eta jaten ematen eta dibertimendua eskaintzen harik eta itxaropenak indarra izan eta kokondora berriro igotzen ausartzen den arte. Fama oso zintzoa sentitzen da horrelako egintza baten ondoren, eta izan ere zintzoa da, baina ez zaio bururatzen itxaropena berriro eroriko denik kokondotik egun gutxiren buruan. Hortaz, itxaropena kokondoaren oinean berriro eroria dagoen bitartean, fama hau oso zintzoa sentitzen da bere klubean eta pentsatzen du nola lagundu zion itxaropen gajoari lurrean eroria aurkitu zuenean. Kronopioak ez dira berez eskuzabalak. Igarotzen dira gauza hunkigarrienen ondotik, hala nola itxaropen gajo bat izatea, zapata lotzen ez dakiena eta negarrez ari dena espaloiaren ertzean jarrita. Kronopio horiek ez diote begiratu ere egiten itxaropenari, erabat lanpetuak daudenez armiarma-hari bati begiekin segitzen. Horrelako izakiekin ezin da ongintza egin koherentziaz, horregatik lagunarte filantropikoetan famak dira zuzendaritzako kide guztiak, eta liburuzaina itxaropen bat da. Beren postuetatik famek ikaragarri laguntzen diete kronopioei, eta hauei bost axola zaie.
KRONOPIOEN KANTA
Kronopioek beren abesti kutunenak abesten dituztenean, halako eran gogoberotzen dira non erraz harrapatzen baitituzte kamioiek eta txirrindulariek, leihotik erortzen dira, eta galtzen dute sakeletan zeramatena eta are egunen kontua. Kronopio batek abesten duenean, itxaropenak eta famak hura entzutera joaten dira, nahiz eta ez duten haren oldarra askorik ulertzen eta oro har eskandalizatu samar sentitzen diren. Korroaren erdian kronopioak besotxoak jasotzen ditu eguzkiari eutsiko balio bezala, zerua erretilu bat eta eguzkia Bataiatzailearen burua balira bezala, eta hortaz kronopioaren abestia Salome biluzia da dantzatzen famentzat eta itxaropenentzat zeinak hor baitaude aho zabalik eta bere buruari galdetzen ea apaiz jauna, ea egokitasuna. Baina azken batean zintzoak direnez (famak zintzoak dira eta itxaropenak tentelak) txalo egiten diote kronopioari azkenean, zeina ikaraturik itzultzen baita bere onera, ingurura begiratu eta txalo egiten hasten baita bera ere, gizajoa.
ISTORIOA
Behin batean bazen kronopio txikitxo bat etxeko ateko giltzaren bila ari zena gau mahaian, gau mahaia logelan, logela etxean, etxea kalean. Hor gelditzen zen kronopioa, ateko giltza behar baitzuen kalera ateratzeko.
KOILARA ESTUA
Fama batek aurkitu zuen bertutea mikrobio biribila eta hankez betea zela. Berehala koilarakada bat bertute eman zion amaginarrebari edatera. Ondorioa izugarria izan zen: andre horrek uko egin zien bere iruzkin mingarriei, klub bat sortu zuen bidea galduriko mendigoizaleak babesteko, eta bi hilabete baino gutxiagoan halako portaera eredugarria erakutsi zuen non bere alabaren akatsak, ordu arte nabaritu ez zituenak, begien bistakoak gertatu baitzitzaizkion, famaren ikara eta harridurarako. Etsi-etsian koilarakada bat bertute eman behar izan zion emazteari, zeinak gau hartan bertan abandonatu baitzuen, hura oiesa, ezdeusa iruditu zitzaiolako, hots, oso urrun bere begien aurrean dirdiran igeri zeuden arketipo moraletatik. Famak luzaz pentsatu zuen eta azkenean flasko bat bertute hartu zuen. Baina berdin-berdin jarraitzen du bakarrik eta triste bizitzen. Kalean bere amaginarrebarekin edo emaztearekin gurutzatzen denean, elkarri diosal egiten diote errespetuz eta urrundik. Ez dira ausartzen elkarrekin hitz egitera ere, halakoa baita norberaren perfekzioa eta kontaminatzeko duten beldurra.
ARGAZKIA MUGITUA ATERA ZEN
Kronopioa etxeko atea irekitzera doa, eta eskua sakelan sartzean giltza ateratzeko, giltzaren ordez pospolo kaxa bat ateratzen du, orduan kronopio hori oso atsekabetzen da eta pentsatzen hasten da ezen giltzaren ordez pospoloak aurkitzen baditu, izugarria izango litzateke mundua bat-batean higitu izan balitz, eta beharbada pospoloak giltzaren tokian badaude, orduan billete zorroa pospoloz betea egon liteke, eta azukre ontzia diruz betea, eta pianoa azukrez betea, eta telefono aurkitegia musikaz betea, eta jantzitegia abonatuez betea, eta ohea janzkiz betea, eta lore ontziak maindirez beteak, eta tranbiak arrosaz beteak, eta landak tranbiez beteak. Hortaz kronopio hori izugarri atsekabetzen da eta lasterka egiten du ispilura bere burua ikusteko, baina ispilua apur bat zeharka dago eta ikusten duena sarrerako aterki ontzia da, eta bere usteak sendotzen dira, eta negar batean hasten da, belauniko erortzen da eta bere eskutxoak batzen ditu, ez daki zertarako. Etxepeko famak hura kontsolatzera datoz, eta orobat itxaropenak, baina orduak igarotzen dira kronopioa bere etsipenetik atera eta kikara bat te onartu aurretik, edan baino lehen luzaz behatu eta aztertzen duena, agian gerta baitateke kikara bat teren ordez inurritegi bat edo Samuel Smilesen liburu bat izatea.
EUGENESIA
Kontua da kronopioek ez dutela seme-alabarik izan nahi, zeren kronopio jaioberri batek egiten duen lehen gauza bere aita zakar iraintzea baita, egunen batean bereak izango diren zorigaitz guztien metaketa ikusten baitu ilunki haren baitan. Arrazoi horien ondorioz, kronopioek famen esku uzten dute beren emazteen ernalketa, zeina gauzatzeko beti prest baitaude famak, izaki libidinosoak direnez gero. Uste dute, bestalde, era horretan kronopioen nagusitasun moralari azpiak janez joango direla, baina nahasi egiten dira baldarki, zeren kronopioek beren erara hezten baitituzte seme-alabak, eta aste gutxitan kentzen diete famekiko zernahi antzekotasun.
ZIENTZIETAN DUTEN FEDEA
Itxaropen batek fisonomi tipoetan sinesten zuen, hala nola sudur-motzetan, arrain aurpegikoetan, aire sarrera handikoetan, olibakaretan eta bekaintsuetan, intelektual aurpegikoetan, ile-mozle estilokoetan, etab. Talde horiek behin betiko sailkatzeko erabaki sendoa harturik, ezagunen zerrenda luzeak eginez hasi zen, eta goian aipatu kategorietan bereizi zituen. Hortaz lehen taldea hartu zuen, zortzi sudur-motzek osatua, eta harriturik ikusi zuen ezen egiatan mutil horiek hiru azpitaldetan zatitzen zirela, hots, sudur-motz bibotedunetan, boxeolari motako sudur-motzetan eta ministerioko mandatari estiloko sudur-motzetan, talde bakoitzak zituelarik 3, 3 eta 2 sudur-motz hurrenez hurren. Kideak talde berri horietan bereizi orduko (San Martín-eko Paulista kafetegian, non lan handiarekin eta kafe izozdun ez gutxirekin bildu baitzituen) konturatu zen lehen azpitaldea ez zela homogeneoa, zeren sudur-motz bibotedunetako bi mapatxe motakoak baitziren, bestea japoniar itxurako sudur-motza zelarik inongo zalantzarik gabe. Azken hau alde batera utzirik arrautza gogor eta antxoarekiko ogitarteko on baten laguntzarekin, bi mapatxeen azpitaldea antolatu zuen, eta bere lan zientifikoen liburuxkan erregistratzera zihoanean mapatxeetako batek alde batera begiratu zuen eta beste mapatxeak beste aldera begiratu zuen, eta horren ondorioz itxaropenak eta gainerakoek ikusi ahal izan zuten mapatxeetako lehena sudur-motz nabarmen brakizefaloa zelarik, beste sudur-motzaren burezurra askoz egokiagoa zela kapelu bat zintzilikatzeko eramateko baino. Horrela desegin zitzaion azpitaldea, eta ez du merezi gainerakoez hitz egitea zeren beste kideak igaroak baitziren kafe izozdunetik pontxera, eta kontua puntu horretara helduta gauza bakar batean baitzuten denek antza, hots, itxaropenaren kontura edaten jarraitzeko borondate irmoan.
ZERBITZU PUBLIKOEN OZTOPOAK
Begira zer gertatzen den kronopioekin fidatzen zarenean. Irratiaren Zuzendari Nagusi izendatu orduko, kronopio horrek San Martín kaleko itzultzaile batzuei deitu zien, eta testu, ohar eta abesti guztiak errumanierara itzularazi zizkien, zeina ez baita oso hizkuntza hedatua Argentinan. Goizeko zortzietan famak beren irratiak pizten hasi ziren, albisteak entzuteko irrikaz eta orobat iragarkiak, Geniol-ena eta Cocinero olioarena, ez merkeena bai onena. Eta entzun zituzten, baina errumanieraz, eta hortaz produktuaren marka baino ez zuten ulertzen. Erabat harriturik, famek irratiak astintzen zituzten, baina horiek errumanieraz jarraitzen zuten, are Gau honetan mozkortuko naiz tangoan, eta Irratiaren Zuzendaritza Nagusiko telefonoa hartzen zuen andereñoak errumanieraz erantzuten zien eskabide suharrei, eta horrek nahaste-borraste ikaragarria eragiten zuen. Gertakariaren berri izanik Gobernu Gorenak fusilarazi egin zuen aberriaren tradizioez horrela trufatzen zen kronopioa. Tamalez, fusilamendu pelotoia soldadutza egiten ari ziren kronopioek osatzen zuten, zeinek Irratiaren Zuzendari Nagusi ohiari tiro egin ordez Maiatzeko Plazan bilduriko jendetzari egin zioten tiro, halako trebetasunez non itsas armadako sei ofizial eta farmazialari bat bota baitzituzten. Famen pelotoi bat bertaratu zen, kronopioa behar bezala izan zen fusilatua, eta haren ordez kanta folklorikoen eta materia grisari buruzko saiakera baten egilea ospetsua izendatu zuten. Fama honek nazio hizkuntza berrezarri zuen irrati-telefonian, baina gertatu zen famek galdua zutela konfiantza eta ia ez zituzten irratiak pizten. Fama askok, naturaz pesimista baitziren, errumanierazko hiztegiak eta eskuliburuak erosi zituzten, eta orobat Carol erregearen eta Lupescu anderearen bizitzak. Errumaniera boladan jarri zen, Gobernu Gorenaren haserre bizia gorabehera, eta kronopioaren hilobira ordezkaritza asko joaten ziren isilean, eta erortzen uzten zituzten beren malkoak eta txartelak non ugariak baitziren Bukaresten, filatelisten eta atentatuen hirian, ezagunak ziren izenak.
ARITU ZAITEZ ZEURE ETXEAN
Itxaropen batek etxe bat egin zuen eta lauza bat jarri zion hau zioena: Ongi etorri etxe honetara datozenak. Fama batek etxe bat egin zuen eta ez zuen lauzarik jarri. Kronopio batek etxe bat egin zuen eta ohiturari jarraituz atarian hainbat lauza jarri zituen, erosi edo eginarazi zituenak. Lauzak hurrenkeran irakurri ahal izateko moduan zeuden ezarriak. Lehenak hau zioen: Ongi etorri etxe honetara datozenak. Bigarrenak hau zioen: Etxea txikia da baina bihotza handia. Hirugarrenak hau zioen: Bisitan datorkiguna soropila bezain leuna. Laugarrenak hau zioen: Txiro gara benetan ez haatik nahietan. Bosgarrenak hau zioen: Kartel honek aurreko guztiak ezeztatzen ditu. Alde hemendik, alu hori.
TERAPIAK
Kronopio batek medikuntza-gradua lortzen du eta kontsulta jartzen du Santiago del Estero kalean. Berehala gaixo bat dator eta kontatzen dio gauza batzuek min egiten diotela eta ez duela gauaz lo egiten eta ez duela egunez jaten. —Eros ezazu arrosa sorta handi bat —dio kronopioak. Gaixoa harrituta irteten da, baina sorta erosten du eta istantean sendatzen da. Esker onez beterik kronopioarengana doa eta pagatzeaz gainera, errespetu erakuste finez, arrosa sorta ederra oparitzen dio. Hura joan orduko kronopioa gaixotzen da, alde guztietan du min, gauaz ez du lo egiten, eta egunez ez du jaten.
PARTIKULARRA ETA UNIBERTSALA
Kronopio bat hortzak garbitzera zihoan bere balkoiaren ondoan, eta poz handi-handi batek hartu zuelarik ikustean goizeko eguzkia eta zeruan lasterka zebiltzan hodeiak, ikaragarri sakatu zuen hortzetako pastaren tuboa eta pasta ateratzen hasi zen xingola arrosa luze bat eratuz. Bere eskuila benetako pasta-mendi batez estali ondoren, kronopioak ikusi zuen oraindik piloa sobratzen zitzaiola, orduan leihoan astintzen hasi zen tuboa, eta pasta arrosa puskak erortzen hasi ziren balkoitik kalera, non fama batzuk bildu baitziren udaleko berriak ahomentatzera. Pasta arrosa puskak famen kapeluen gainean erortzen ziren, eta bitartean goian kronopioa kantatzen eta hortzak igurzten ari zen pozez gainezka. Famak sumindu egin ziren kronopioaren axolagabekeria sinestezina ikusita, eta erabaki zuten ordezkaritza bat bidaltzea haren portaera berahala itsusteko, eta hortaz hiru famak osaturiko ordezkaritza kronopioaren etxera igo zen eta agiraka egin zion, hau esanez: —Kronopio, gure kapeluak alferrik galdu dituzu; hortaz, ordaindu egin beharko duzu. Eta gero, askoz indar gehiagoz: —Kronopio, ez zenuke horrela alferrik galdu behar hortzetako pasta!
ESPLORADOREAK
Hiru kronopio eta fama bat espeleologikoki batzen dira iturburu baten lurpeko jatorria aurkitzeko. Harpearen ahora heldurik, kronopio bat jaisten da besteek eutsirik, bizkarrean eramanez pakete bat bere ogitarteko gogokoenak dauzkana (gaztazkoak). Bi kronopio eusleek apurka jaisten uzten diote, eta famak espedizioaren xehetasunak idazten ditu kaier handi batean. Laster heltzen da kronopioaren lehen mezua: haserre, nahasi baitira eta urdaiazpiko ogitartekoak jarri baitizkiote. Soka astintzen du eta igo dezatela eskatzen du. Kronopio eusleek elkarrekin hitz egiten dute nahigabeturik, eta fama zutitzen da bere luzera ikaragarrian eta dio: ez, halako indarkeriaz non kronopioek soka askatzen baitute, eta hura lasaitzera baitoaz. Horretan ari direla beste mezu bat iristen da, zeren kronopioa iturburuaren jatorrira erori baita, eta handik komunikatzen du dena gaizki doala, madarikazio eta malko artean jakinarazten du ogitartekoak urdaiazpikozkoak direla denak, begira eta begira egonagatik urdaiazpiko ogitartekoen artean ez dagoela bakar bat gaztazkoa.
PRINTZE HEZIKETA
Kronopioek ez dute ia inoiz seme-alabarik, baina baldin badituzte burua galtzen dute eta berebiziko gauzak gertatzen dira. Adibidez, kronopio batek seme bat du, eta berehala mirespenak hartzen du eta ziur dago bere semea edertasunaren tximistorratza dela eta bere zainetatik kimika osoak korritzen duela, arte ederrez, poesiaz eta urbanismoz beteriko uharteekin hemen eta han. Orduan kronopio horrek ezin du bere semea ikusi, haren aurrean sakon makurtu eta errespetuzko gorazarreak egin gabe. Semeak, espero izateko denez, zehatz-mehatz gorrotatzen du. Eskolarako adinean, bere aitak haur eskolako lehen mailan ematen du haren izena, eta haurra pozik dago beste kronopio, fama eta itxaropen txikien artean. Baina zapuztuz doa eguerdia hurbilduz doan heinean, badakielako aita zain izango duela, eta ikustean eskuak goratuko dituela eta hainbat gauza esango, hau da: —Salena on, kronopio kronopio, onena eta haziena eta sendoena, ele-ederrena eta begirunetsuena eta saiatuena seme-alaben artean! Horiek horrela, fama eta itxaropen tarrotuak barrez lehertzen dira espaloiaren ertzean, eta kronopio txikiak temati gorrotatzen du bere aita, eta azkenean jokaldi makur bat egingo dio kasu guztietan lehen jaunartzearen eta soldadutzaren artean. Baina kronopioek ez dute askorik sufritzen horrekin, berek ere gorrotatzen baitzituzten gurasoak, eta are ematen du gorroto hori askatasunaren edo mundu zabalaren beste izen bat dela.
ITSATSI ZIGILUA GUTUN-AZALAREN
Fama bat eta kronopio bat adiskideak dira oso, eta elkarrekin doaz postetxera gutun batzuk bidaltzera beren emazteei, zeinak Norvegian baitabiltza bidaian Thos. Cook & Sons-en prestasunari esker. Famak artaz itsasten ditu bere zigiluak, kolpetxoak emanez ongi finkatzeko, baina kronopioak oihu ikaragarri bat egiten du eta enplegatuak ikaratzen ditu, eta haserre bizian dio zigiluetako irudiak gustu txar nardagarrikoak direla eta inoiz ezin izango dutela behartu bere ezkontidearenganako maitasuna prostituitzera horrelako zarpailkeriekin. Fama oso deseroso sentitzen da, honezkero itsatsi baititu zigiluak, baina kronopioaren oso laguna denez harekin bat egin nahi luke eta menturatzen du baiki, hogei zentimoko zigiluaren itxura arrunt samarra dela, eta askotan ikusia, baina peso batekoak baduela ardo hondar kolore bat aski egokia. Kontu horiek ez dute kronopioa lasaitzen, zeinak gutuna astinduz eta irainka hitz eginez zuzentzen baitzaie, txunditurik so egiten dioten enplegatuei. Postaburua dator eta ozta hogei segundo geroago kronopioa kalean dago, gutuna eskuan eta oso atsekabeturik. Fama, zeinak berea postontziratu baitu isilean, badoa kontsolatzera eta diotso: —Beharrik gure emazteak elkarrekin ari dira bidaiatzen, eta nire gutunean ongi zeundela nioen, beraz zure emazteak nirearen bitartez izango du zure berri.
TELEGRAMAK
Itxaropen batek telegrama hauek trukatu zituen bere ahizparekin, Ramos Mejía-tik Viedma-ra:
kanarioaren txibia hezurra ahaztu. ergela. ines.
ergela zu. badut ordezkoa. emma.
Kronopioen hiru telegrama:
ezustean okerreko trena hartu 7.21 ordez 8.24. leku bitxian nago. gizon siniestroak zigiluak kontatzen. toki erabat goibela. telegrama onartuko ez nik uste. gaixo jarriko seguru. esan nizun ur bero poltsa ekarri behar nuen. oso deprimitua. koskan eserita bueltako trenaren zain. arturo.
ez. lau peso eta hirurogei edo ezer ez. prezio hobean utziz gero bi pare erosi, bata lisoa bestea marraduna.
izeba esther negarrez aurkitu nuen, dortoka gaixorik. sustrai pozoitsua, antza, edo pasatutako gazta. dortokak animalia delikatuak. tonto samarrak, bereizten ez. pena.
BEREN HISTORIA NATURALAK
LEHOIA ETA KRONOPIOA
Basamortuan dabilen kronopio batek lehoi batekin egiten du topo, eta elkarrizketa hau gertatzen da: Lehoiak.— Jango zaitut. Kronopioak (oso atsekabeturik baina duintasunez).— Beno ba. Lehoiak.— A, hori ez. Martiriarenak ez nirekin. Negarrez hasi edo borrokatu, bietako bat. Horrela ezin zaitut jan. Ea, zain nago. Ez diozu ezer? Kronopioak ez dio ezer, eta lehoia dudan dago, eta orduan ideia bat datorkio. Lehoiak.— Beharrik arantza bat dut ezkerreko eskuan, asko eragozten didana. Atera egidazu eta barkatuko dizut. Kronopioak arantza ateratzen dio eta lehoia badoa gogo gaiztoz marmarka: —Eskerrik asko, Androkles.
KONDORRA ETA KRONOPIOA
Kondor bat oinaztarri bat bezala erortzen da Tinogastatik igarotzen den kronopio baten gainera, granitozko horma baten kontra hertsatzen du, eta handiustekeriaz hau dio: Kondorrak.— Ausartu zaitez esatera ez naizela ederra. Kronopioak.— Zu zara inoiz ikusi dudan txoririk ederrena. Kondorrak.— Hori baino gehiago. Kronopioak.— Zu paradisuko hegaztia baino ederragoa zara. Kondorrak.— Ausartu zaitez esatera ez dudala gora egiten hegan. Kronopioak.— Zuk ikaragarri gora egiten duzu hegan, zu erabat supersonikoa eta estratosferikoa zara. Kondorrak.— Ausartu zaitez esatera usain txarra dudala. Kronopioak.— Zuk litro bete Jean-Marie Fariña koloniak baino usain hobea duzu. Kondorrak.— Nazkantea mutila. Ez du aukerarik ematen mokokada ziztrinena ere jotzeko.
LOREA ETA KRONOPIOA
Kronopioak lore bakarti bat aurkitzen du landen erdian. Ateratzeko puntuan dago baina pentsatzen du alferrikako ankerkeria dela, eta belauniko jartzen da haren ondoan, eta alai ibiltzen da jolasean lorearekin, hau da: petaloak laztantzen dizkio, putz egiten dio dantzan egin dezan, burrunba egiten du erleen gisa, haren lurrina usaintzen du, eta azkenean lorearen azpian etzaten da eta lo hartzen du bake osoan murgildurik. Loreak pentsatzen du: “lore bat bezalakoa da”.
FAMA ETA EUKALIPTOA
Fama bat basoan dabil, eta nahiz egurrik ez duen behar, irrikaz begiratzen die zuhaitzei. Zuhaitzak beldurrak airean daude famen ohiturak ezagutzen baitituzte eta txarrenaren zain daude. Denen erdian eukalipto eder bat dago, eta hura ikustean famak oihu egiten du pozez eta tregoa dantzatzen du eta dasta dantzatzen du eukalipto aztoratuaren inguruan, hau dioela: —Hosto antiseptikoak, negu osasungarria, higiene handia. Aizkora bat hartzen du eta urdailean jotzen du eukaliptoa, ezeren axolarik gabe. Eukaliptoa intzirika ari da heriozko zauriekin, eta gainerako zuhaitzek entzuten dute dioela hasperenen artean: —Ergel honek ez zuen eta, Váida pilula batzuk erostea baino!
DORTOKAK ETA KRONOPIOAK
Kontua da orain dortokak abiaduraren miresle handiak direla, naturala denez. Itxaropenek badakite eta bost axola die. Famek badakite eta iseka egiten dute. Kronopioek badakite eta dortoka batekin topo egiten duten guztietan, koloretako klarionen ontzia ateratzen dute eta dortokaren arbel biribilean enara bat marrazten dute.
Kronopioen eta famen istorioak |