Kronopioen eta famen istorioak
MATERIAL PLASTIKOA
BULEGO LANAK
Nire idazkari leiala bere betekizuna hitzez hitz hartzen duen horietakoa da, eta jakina da horrek zer esan nahi duen: beste aldera igarotzea, lurraldeak inbaditzea, baso bat esnetan bost hatzak sartzea iletxo ziztrin bat ateratzeko. Nire idazkari leiala gauza guztiez arduratzen da edo arduratu nahi luke nire bulegoan. Eskumen gudaldi adiskidetsu batean pasatzen dugu eguna, minen eta kontraminen, aurreratzeen eta atzeratzeen, kartzelen eta askatzeen truke irribarretsu bat gauzatzen. Baina emakumeak gauza guztietarako du astia, bulegoaz jabetzen saiatzeaz gainera, bere betekizunak ere arduratsu betetzen ditu. Hitzak, adibidez, ez dago egunik distirarazten, eskuilatzen ez dituenik, dagokien apalean jartzen ez dituenik, eguneroko eginbideetarako prestatzen eta arretaz apaintzen ez dituenik. Etortzen bazait ahora bazter uzteko moduko izenondo bat —zeren haiek guztiak nire idazkariaren, eta neurri batean nire neure orbitatik kanpo sortzen baitira—, han da bera arkatza eskuan hura harrapatzen eta akabatzen, denbora eman gabe esaldiaren gainerakoarekin soldatzeko eta oharkabez edo ohituraz bizirik ateratzeko. Utziko banio, une honetan bertan utziko banio, paperontzira botako lituzke orri hauek, amorraturik. Hain dago deliberatua nik bizitza ordenatu bat bizi dezadan, non ezusteko zernahi mugimenduk tentearazten baitu, belarriak erne, isatsa goititua, dardarka alanbre bat airean nola. Bestela bezala ibili behar dut, eta, txosten bat idazten ari naizelako aitzakian, zirriborratu arrosa edo berde koloreko orritxo batzuk laket zaizkidan hitzekin, beren jolas eta beren ipurtsaltoekin, eta beren liskar zakartuekin. Nire idazkari leialak bulegoa atontzen du bitartean, arreta galdurik itxuraz, baina jauzirako prest. Ahapaldi bat pozik, koitadua, jaiotzen bada, haren erdira heltzean entzuten dut bere zentsura-oihu izugarria hasten duela, eta orduan nire arkatza lauhazka itzultzen da hitz debekatuetara, presatsu urratzen ditu, desordena ordenatzen du, garbitzen, finkatzen eta distirarazten du, eta ondorioz gelditzen dena oso ondo dago seguru asko, baina horra hor tristura hori, traizio dasta hori mihian, nagusi idazkaridunaren aurpegi hori.
MIRAGARRIZKO ZEREGINAK
Zein zeregin miragarria armiarma bati hanka bat moztea, gutun-azal batean jartzea, Kanpo Harremanetarako Ministro Jauna idaztea, helbidea eranstea, eskailerak saltoka jaistea, kantoiko postontzian botatzea. Zein zeregin miragarria Arago bulebarretik oinez ibiltzea arbolak zenbatuz, eta bost gaztainondoan behin gelditzea une batez oin bakarraren gainean eta itxarotea ea norbaitek begiratzen dizun, eta orduan oihu idor eta labur bat egitea, eta zibaren gisa biratzea, besoak ireki-irekiak, Argentinako iparraldeko zuhaitzetan minez dagoen cakuy hegaztia bezala-bezalaxe. Zein zeregin miragarria kafetegi batean sartu eta azukrea eskatzea, berriro azukrea, hiru edo lau aldiz azukrea, eta mahaiaren erdian meta bat egiten joatea, salmahaietan eta mantal zurien azpian haserrea haziz doan bitartean, eta azukre metaren erdi-erdian emeki tu egitea, eta tu-glaziar txikiaren jaitsiera jarraitzea, eta entzutea hari lagun egiten dion harri puskatu hotsa, sortzen dena bost bezeroren eta patroi noizean behin zintzoaren eztarri uzkurtuetan. Zein zeregin miragarria omnibusa hartzea, Ministerioaren aurrean jaistea, bultzaka aurrera egitea gutun-azal eta zigilu kolpeekin, azken idazkaria atzean utzi eta sartzea, irmo eta serio, ispiluen bulegoan, hain zuzen urdinez jantziriko atezain batek Ministroari gutun bat eskura ematen dionean, eta gutuna irekitzen ikustea jatorri historikoko paper-ebakitzeko batekin, bi hatz delikatu bertan sartzen eta handik armiarma hanka ateratzen, hari begira gelditzen, eta imitatzea orduan euli baten burrunba, eta Ministroa nola zurbiltzen den ikustea, hanka bota nahi du baina ezin du, hankak harrapatua dago, eta ministroari bizkarra ematea eta ateratzea txistuka, eta Ministroak kargua utzi duela iragartzea, eta jakitea hurrengo egunean etsaien osteak sartuko direla eta guztia deabruak eramango duela eta bisurte bateko hil bakoiti bateko ostegun bat izango dela.
VIETATO INTRODURRE BICICLETTE
Mundu honetako banku eta merkataritza etxeetan bost axola dio edonori norbait sartzea azaburu batekin besapean, edo tukan batekin, edo ahotik jalgiz, piolintxo batek bezala, amak erakutsi zizkidan abestiak, edo trikota marraduna daraman txinpantze bat eskutik eramanez. Baina pertsona bat bizikleta batekin sartu orduko, gehiegizko zalaparta sortzen da, eta ibilgailua indarkeriaz kaleratzen dute, bitartean jabeak etxeko enplegatuen kargu hartze suharrak jasotzen dituelarik. Izaki otzan eta portaera apalekoa den bizikleta batentzat, umiliazioa eta iseka gertatzen da hiriko ate eder kristaldunen aurrean burgoiki geldiarazten duten kartelak egotea. Jakina da bide guztiak erabili dituztela bizikletek euren gizarte maila tristea erremediatzeko. Baina munduko lurralde guzti-guztietan erabat debekatua dago bizikletekin sartzea. Zenbaitek gehitzen dute: “eta txakurrekin”, eta horrek bikoiztu egiten die bizikletei eta txakurrei gutxiagotasun ustea. Katu bat, erbi bat, dortoka bat sar daitezke, berez, Bunge & Born-en edo San Martin kaleko abokatuen estudioetan, eta ez dute eragiten ezustea, telefonozain irrikatsuen arteko xarma handia baino, edo gehienez ere, atezainari delako animaliak kalera botatzeko agindua. Azken kontu hau gerta daiteke baina ez da umiliagarria, aurrena zeren probabilitate askoren arteko bat besterik gauzatzen ez baitu, eta ondoren zeren kausa baten ondorio gisa sortzen baita, eta ez aurrez ezarririko makinazio hotz batetik, brontze edo esmaltezko xafla itsuski inprimatuetatik, lege errukigogorraren taula horietatik, zeinek bizikleten, izaki errugabe horien berezkotasun xaloa azpian hartzen baitute. Dena dela, kontuz, kudeatzaileok! Arrosak ere tolesgabeak eta leunak dira, baina agian jakingo duzue bi arrosaren gerra batean hil zirela tximista beltzak bezalakoak ziren printzeak, odolezko petaloek itsuturik. Ez dadila gerta egun batean bizikletak arantzez beteak ager daitezen, beren eskulekuetako adarrak hazi eta oldar daitezen, amorruz korazatuak samaldan eraso diezaieten asurantza-konpainietako kristalei eta egun deitoragarria amaitu dadin akzioen jaiste orokorrarekin, hogeita lau orduko doluarekin, ertz beltzeko gutunekin.
ISPILUEN PORTAERA
Ispilu bat jartzen denean Pascuako uharteko mendebaldean, atzeraka dabil. Ispilu bat jartzen denean Pascuako uharteko ekialdean, aurreraka dabil. Neurketa delikatuen bidez aurki daiteke ispilu hori ordu-orduan egongo den puntua, baina ispilu horrentzat balio duen puntua izateak ez du bermatzen beste batentzat balioko duenik, ispiluak gai batzuen faltan baitaude, eta gogoak ematen dien eran baitute erantzuten. Hortaz, Salomón Lemos, Guggenheim Fundazioak beka emaniko antropologoak, tifusak hila ikusi zuen bere burua, bizarra kentzeko ispiluari begiratzean, uhartearen ekialdean hori guztia. Eta aldi berean, uhartearen mendebaldean ahaztu zuen ispilutxo batek ez zuen inorentzat islatzen (harri artean botea zegoen) Salomón Lemos galtza motzetan eskolara joaten; gero, Salomón Lemos bainuontzi batean biluzik bere aitak eta bere amak suharki xaboitua, gero Salomón Lemos ma-ma-ma esaten bere izeba Remeditosen harridurarako, Trenque Lauqueneko barrutiko etxalde batean.
ABSTRAKZIOAREN AHALBIDEAK
Urteak dira Unescon eta beste erakunde nazioartekoetan lanean ari naizela, eta hala ere atxikitzen dut umorearen senetik zerbait eta batez ere abstrakzio ahalmen nabarmena, hots, morroi bat ez bazait gustuko, erabaki hutsarekin kentzen dut paretik, eta bera hitz egin eta hitz egin ari den bitartean ni Melvillera pasatzen naiz, eta gizajoak berari adi nagoela pentsatzen du. Era berean, neska bat laket bazait, arropa abstraitzen ahal diot nire ikus-eremuan sartu bezain laster, eta goizaren hotzaz hitz egiten didan bitartean nik minutu luzeak ematen ditut haren zilbortxoa miresten. Batzuetan ia ez-sanoa da nire erraztasun hori. Lehengo astelehenean belarriak izan ziren. Sarrera-orduan berebizikoa zen sarrerako galerian higitzen ziren belarrien kopurua. Nire bulegoan sei belarri aurkitu nituen; tabernan, eguerdian, bostehun baino gehiago zeuden, simetriko ordenatuak bi ilaratan. Dibertigarria zen noizean behin ikustea bi belarri goratzen zirenak, ilaratik atera eta urruntzen zirenak. Hegoak ziruditen. Asteartean hain maizkoa uste ez nuen zerbait aukeratu nuen: eskumuturreko erlojuak. Engainatua nengoen, zeren bazkaltzeko orduan berrehun inguru ikusi ahal izan nituen, mahaien gainean hegaldatzen zirenak atzera eta aurrerako mugimendu bat osatuz, zeinak xerra bat ebakitzeko ekintza gogorarazten baitzuen bereziki. Asteazkenean (halako deserosotasun batekin) zerbait oinarrizkoagoa hobetsi nuen, eta botoiak aukeratu nituen. Hura ikuskizuna! Galeriako airea horizontalki higitzen ziren begi opakoko sardez betea, bitartean bi, hiru edo lau botoi penduluen gisa kulunkatzen zirelarik batailoi txiki horizontal bakoitzaren albo banatan. Igogailuan ezin adierazizkoa zen saturazioa: ehunka botoi geldi edo ozta mugitzen, kubo kristalografiko harrigarrian. Bereziki gogoratzen dut leiho bat (arratsaldean zen) zeru urdinaren kontra. Zortzi botoi gorrik lerro zut delikatu bat marrazten zuten, eta hemen eta han mugitzen ziren leunki disko txiki batzuk, nakaratuak eta sekretuak. Hain ederra behar zuen izan emakume horrek. Asteazkena hauster eguna zen, digeritze prozesuak egoeraren irudi egokia iruditu zitzaizkidan eguna, eta hori dela-eta bederatzi eta erdietan, lekuko muturtua izan nintzen arto maluta, kafesne eta kruasanak nahastearen ondoriozko ore griskaraz beteriko ehunka poltsaren etorrerarena. Tabernan ikusi nuen nola laranja bat zatitzen zen atal zehatzegietan, zeinak momentu jakin batean forma galdu eta jaisten baitziren bata bestearen atzetik, halako altura batean jalkin zurikara bat osatu arte. Egoera horretan laranjak pasabidea ibili zuen, lau solairu jaitsi zituen eta, bulego batean sartu eta gero, besaulki baten bi besoen artean kokaturiko puntu batean gelditzera joan zen. Urrutixeago era bereko pausaldian te trinkoko litro laurdena ikusten zen. Parentesi bitxi gisa (nire abstrakzio ahalmena arbitrarioki gauzatzen da) orobat ikusten ahal nuen ke ahokada bat bertikalki hodiratzen, bi maskuri zeharrargitan zatitzen, hoditik berriro igotzen eta kiribiltze graziaz bete baten ostean ondorio barrokoetan barreiatzen zena. Geroago (beste bulego batean nengoen ni jada) aitzakia bat aurkitu nuen, laranja, tea eta kea berriro bisitatzeko. Baina kea desagertua zen, eta laranjaren eta tearen ordez bi hodi bihurritu desatsegin zeuden. Are abstrakzioak badu bere alde neketsua; kaixo esan nien hodiei eta nire bulegora itzuli nintzen. Nire idazkaria negarrez ari zen, niri kargua kentzeko dekretua irakurtzen. Neure burua kontsolatzeko, bere malkoak abstraitzea erabaki nuen, eta tarte batez atsegin hartu nuen iturri kristalkara nimiño haiekin, airean sortu eta agiritegietan, xukapaperetan eta buletin ofizialean zapaltzen zirenak. Horrelako edertasunez betea dago bizitza.
EGUNEROKOA EGUNERO
Gizonezko batek tranbia hartzen du, egunerokoa erosi eta besapean jarri ondoren. Ordu erdi geroago jaisten da eguneroko bera beso beraren azpian duela. Baina dagoeneko ez da eguneroko bera, orain orri inprimatu mordo bat da, gizonezkoak plazako banku batean abandonatzen duena. Ozta gelditzen da bakarrik bankuan, orri inprimatu mordoa eguneroko bat bihurtzen da berriro, harik eta mutil batek ikusi, irakurri eta orri inprimatu mordo bat bihurturik uzten duen arte. Ozta gelditzen da bakarrik bankuan, orri inprimatu mordoa eguneroko bat bihurtzen da berriro, harik eta andre adindun batek aurkitu, irakurri eta orri inprimatu mordo bat bihurturik uzten duen arte. Gero bere etxera darama eta bidean kilo erdi zerba biltzeko erabiltzen du, horretarako balio baitute egunerokoek metamorfosi kitzikagarri horien ondoren.
HISTORIA TXIKIA, ARGITU NAHI DUENA ZEIN KOLOKAN DAGOEN BIZI USTE DUGUN EGONKORTASUNA, HAU DA, LEGEEK AMORE EMATEN AHALKO LUKETELA SALBUESPENETAN, USTEKABEETAN EDO NEKEZ GERTATZEN DIREN GAUZETAN, ETA EA NOLA MOLDATZEN ZAREN ZU HOR
Isilpeko txostena CVN/475 a/W,
...nahasmen izugarria. Dena ezin hobeto zihoan eta inoiz ez zen arazorik izan araudiekin. Orain, bat-batean, erabakitzen da Batzorde Betearazlea biltzea ohiz kanpoko bilkuran, eta eragozpenak hasten dira, ikusiko duzu zuk zer saltsa klase ustekabeko. Erabateko nahasmendua ilaretan. Ziurtasunik eza etorkizunari buruz. Gertatzen da Batzordea biltzen dela eta gorputzeko kide berriak hautatzeari ekiten diola, ordezteko zorigaiztoko inguruabarretan hildako sei titularrak, eremua hegaldatzen ari zirenean helikopteroa uretara erori eta haiek guztiak hil zirelarik eskualdeko ospitalean erizaina nahasi eta jarri zizkienean sulfamida-injekzioak, giza organismoarentzat ezin onartuzko dosietan. Bildurik batzordea, orain osatua bizirik ateratako titular bakarrak (hondamendiaren egunean hotzeriak etxean atxiki zuenak) eta sei ordezko kidek, ekiten zaio oclusiomeko estatu elkartu desberdinek proposaturiko hautagaiak bozkatzera. Aho batez hautatzen da Félix Voll jauna. (Txaloak). Aho batez hautatzen da Félix Romero jauna. (Txaloak). Botoetara jotzen da berriro, eta Félix Lupescu jauna gertatzen da ahoz batez hautatua. (Harridura). Behin-behineko Presidenteak hitza hartzen du eta oharpen jostagarri bat egiten du ponte izenak bat etortzeaz. Greziako ordezkariak eskatzen du hitza eta adierazten du ezen, apur bat bitxia iruditzen bazaio ere, bere gobernuaren mandatua duela hautagai gisa Félix Pararemólogos jauna proposatzeko. Bozkatzen da eta hautatua gertatzen da gehiengoz. Hurrengo bozketara igaro eta Pakistango hautagaia, Félix Abib jauna, ateratzen da garaile. Une honetan nahasmen handia dago Batzordean, zeina presatzen baita azken bozketa egitera, gertatzen delarik hautatua Argentinak duen hautagaia, Félix Camusso jauna. Han daudenen txalo nabarmen deserosoen artean, Batzordeko titular zaharrenak ongietorri egiten die sei kide berriei, adeitasunez izenkide deitzen dielarik. (Txundidura). Batzordearen osaera irakurtzen da, era honetan osatua gertatzen dena: Presidentea eta ezbeharretik bizirik ateratako kide zaharrena, Félix Smith jauna. Kideak, Félix Voll, Félix Romero, Félix Lupescu, Félix Pararemólogos, Félix Abib eta Félix Camusso jaunak. Hala ere, hautapen honen ondorioak gero eta konprometigarriagoak dira oclusiomentzat. Arratsaldeko egunkariek txantxazko eta errespetugabeko iruzkinekin ematen dute Batzorde Betearazlearen osaeraren berri. Barne Ministroak Zuzendari Nagusiarekin hitz egin du gaur goizean telefonoz. Honek, hoberik ezean, argibide orri bat prestarazi du, Batzordeko kide berrien curriculum vitae-a dakarrena, zientzia ekonomikoen alorreko pertsona gailenak guztiak. Batzordeak datorren ostegunean egin behar du lehen bilera, baina zurrumurrua dabil Félix Camusso, Félix Voll eta Félix Lupescu jaunek uko-agiria aurkeztuko dutela arratsaldeko azken orduetan. Camusso jaunak uko-agiria idazteko jarraibideak eskatu ditu; izan ere, ez du inongo motibo baliozkorik Batzordetik bere burua baztertzeko, eta Félix Voll eta Félix Lupescu jaunek bezala, desira bat baino ez du gidari, Batzordea Félix izena ez duten kideek osa dezatela, alegia. Ziur asko, uko-agiriek osasun arrazoiak argudiatu dituzte, eta onartuko ditu Zuzendari Nagusiak.
AMAIERAKO MUNDUAREN AMAIERA
Idazlariek jarraituko dutenez gero, munduan ziren irakurle apurrek ofizioa aldatuko dute eta idazlari jarriko dira berak ere. Gero eta areago herrialdeak idazlarienak eta tinta- eta paper-fabrikenak izango dira, idazlariak egunez eta makinak gauaz idazlarien lana inprimatzeko. Lehenik liburutegiek gainezka egingo dute etxeetan; orduan udalek erabakitzen dute (ari gara horretan) haur jolasetarako lurrei uko egitea liburutegiak hedatzeko. Gero amore ematen dute teatroek, amategiek, hiltegiek, tabernek, erietxeek. Behartsuek adreilu gisa baliatzen dituzte liburuak, zementuarekin itsasten dituzte eta liburuzko hormak egiten dituzte eta liburuzko etxoletan bizi dira. Orduan gertatzen da liburuek hiriak gainditzen dituztela eta landetan sartzen direla, zapalduz doazela galsoro eta eguzki-belar zelaiak, ozta-ozta lortzen du bide zuzendaritzak errepideak garbi geratzea liburuzko bi hormen artean. Batzuetan horma batek amore ematen du eta automobil hondamendi lazgarriak daude. Idazlariek atsedenaldirik gabe egiten dute lan gizateriak bokazioak errespetatzen baititu, eta paper inprimatuak itsasora iristen dira dagoeneko. Horiek horrela Errepublikako presidenteak telefonoz hitz egiten du errepubliketako presidenteekin, eta buru argiz proposatzen du itsasoan amiltzea liburu soberakina, eta hori betetzen da munduko itsasertz guztietan aldi berean. Horrela, siberiar idazlariek itsaso izoztura amilduak ikusten dituzte beren paper inprimatuak, eta indonesiar idazlariek, etab. Kontu honek ahalbidetzen die idazlariei beren ekoizpena handitzea, lurrean berriro baitago lekua liburuak biltegiratzeko. Ez dute pentsatzen itsasoak hondoa duela eta itsasoaren hondoan metatzen hasten direla paper inprimatuak, ore aglutinatzaile gisa lehenik, ore sendotzaile gisa gero, eta azkenik zoru sendo baina likatsu gisa, egunero metro batzuk igotzen dena, eta azaleratzera etorriko dena. Orduan ur askok lur asko inbaditzen dituzte, kontinente eta ozeano antolaketa berri bat gertatzen da, eta hainbat errepublikatako presidenteen ordez aintzirak eta penintsulak jartzen dira, beste errepublika batzuetako presidenteek lurralde baztergabeak ikusten dituzte beren handinahiaren aurrean, etab. Itsasoko ura, halako indarkeriaz hedatzera behartua, lehen baino areago lurruntzen da, edo atsedena bilatzen du paper inprimatuekin nahasiz ore aglutinatzailea osatzeko, hainbesteraino non egun batean itsasbide handietako ontzien kapitainak ohartzen baitira itsasontziek geldiro egiten dutela aurrera, hogeita hamar korapilotik hogeira jaisten direla, hamabostera, eta motorrak hatsanka doazela eta helizeak desitxuratzen direla. Azkenik itsasontzi guztiak gelditzen dira itsasoetako hainbat puntutan, oreak harrapaturik, eta mundu guztiko idazlariek milaka paper inprimatu idazten dituzte gertakaria azalduz eta poz handi batek beterik. Presidenteek eta kapitainek erabakitzen dute itsasontziak uharte eta kasino bihurtzea, publikoa oinez doa kartoizko itsasoen gainean uharte eta kasinoetara, non orkestra tipiko eta bereziek giro klimatizatua alaitzen baitute eta dantza baitago gau berandua arte. Paper inprimatu berriak metatzen dira itsasoaren ertzetan, baina ezinezkoa da haiek orean sartzea, eta horrela paper inprimatuzko harresiak hazten dira eta mendiak sortzen dira antzinako itsasoen ertzetan. Idazlariek ulertzen dute paper- eta tinta-fabrikek kiebra joko dutela, eta letra gero eta xeheagoz idazten dute, paper bakoitzaren bazter hautemanezinenak ere aprobetxatuz. Tinta bukatzen denean arkatzez idazten dute, etab.; papera bukatzean idazten dute tauletan, lauzetan, etab. Hedatzen hasten da testu bat beste batean tartekatzeko ohitura lerroarteak aprobetxatzeko, edo bizar xaflez ezabatzen dira letra inprimatuak papera berriro erabiltzeko. Idazlariek geldiro egiten dute lan, baina hain da handia haien kopurua non paper inprimatuek erabat bereizten baitituzte dagoeneko lurrak eta antzinako itsasoen hondoak. Lurrean idazlarien arraza kolokan bizi da, itzaltzera kondenatua, eta itsasoan uharteak eta kasinoak daude, hau da transatlantikoak, non babes hartu baitute errepubliketako presidenteek eta non festa handiak egiten baitira eta mezuak trukatzen baitira uhartetik uhartera, presidentetik presidentera eta kapitainetik kapitainera.
AZEFALIA
Gizonezko bati burua moztu zioten, baina gero greba bat piztu zenez eta ezin izan ziotenez lur eman, gizonezko horrek bururik gabe segitu behar izan zuen bizitzen eta hola edo hala moldatzen. Berehala nabaritu zuen bost zentzumenetako lau, buruarekin batera joan zitzaizkiola. Ukimenaz soilik horniturik, baina borondate onez beterik, gizonezkoa Lavalle plazako banku batean eseri zen eta zuhaitzen hostoak ukitzen zituen bana-banaka, haiek bereizten eta izendatzen saiatuz. Horrela, egun batzuen buruan ziur egon ahal izan zen bildu zituela bere belaunen gainean eukalipto hosto bat, platano hosto bat, magnolia foscata hosto bat eta harritxo berde bat. Gizonezkoak nabaritu zuenean harri berde bat zela azken hori, oso nahasirik pasatu zuen egun pare bat. Zuzena eta gertagarria zen harri, baina berde ez. Probatzeko, harria gorria zela imajinatu zuen eta momentuan berean sentitu zuen narda sakon moduko bat, gezur nabarmen horren arbuio bat, harri gorri erabat faltsu batena, zeren harria zeharo berdea eta disko formakoa baitzen, uki oso gozokoa. Konturatu zenean harria gozoa zela gainera, gizonezkoak halako denbora bat pasatu zuen ezusteko handi batek erasoa. Gero poza hautatu zuen, beti hobea dena, zeren ikusten baitzen ezen, zati ebakiak birsortzen dituzten intsektuen antzera, gai zela beste era batez sentitzeko. Gertaerak akuilatua plazako bankua utzi zuen eta Libertad kaletik Avenida de Mayo-raino jaitsi zen, non jakina denez espainiar jatetxeetan sorturiko jaki frijituak ugari baitira. Zentzumen berri bat itzultzen zion xehetasun horren berri jakinda, gizonezkoak ekialderantz jo zuen gutxi gorabehera, edo mendebalderantz, ez baitzen segur horretaz, eta nekaezin ibili zen, berehala zerbait entzungo zuelakoan, entzumena baitzen falta zitzaion gauza bakarra. Izan ere, egunsenti moduko zeru zurbil bat ikusten zuen, bere-bere eskuak ukitzen zituen hatz hezeez eta azalean iltzatzen ziren azazkalez, izerdi usaina-edo aditzen zuen eta ahoan metalaren eta koñakaren dasta zuen. Entzutea baino ez zitzaion falta, eta orduan hain zuzen entzun zuen, eta oroitzapen bat bezala izan zen, zeren entzuten zuena kartzelako kapilauaren hitzak ziren berriro, kontsolamendu eta itxaropenezko hitzak, oso ederrak berez, baina tamalez bazutenak halako aire bat erabiliarena, askotan esanarena, joaren joaz ahituarena.
AMETS BATEN ZIRRIBORROA
Bat-batean osaba ikusteko desira handia sentitzen du eta presatzen da kalexka bihurri eta malkartsuetan barrena, zeinak, antza, bera oinetxe zaharretik urruntzen saiatzen baitira. Luze (baina zapatak lurrari itsatsita balitu bezala) ibili ondoren ezkaratza ikusten du eta txakur bat zaunka entzuten du lausoki, txakur bat bada hori. Lau maila higatuak igotzeko unean eta eskua luzatzen duenean aldabara, zeina beste esku bat baita brontzezko esfera bat sakatzen duena, aldabako hatzak mugitu egiten dira, lehenik txikerra eta apurka-apurka besteak, brontzezko bola askatzen eta askatzen doazenak. Bola lumazkoa bailitzan erortzen da, atalasean errebotatzen du hotsik gabe eta bularreraino jauzi egiten dio, baina orain armiarma gizen beltz bat da. Atzeraka botatzen du esku kolpe desesperatu batez, eta une horretan atea irekitzen da: osaba zutik dago, irribarrez ate itxiaren atzean. Prestatuak diruditen esaldi batzuk trukatzen dituzte, xake elastiko bat. “Orain nik erantzun behar dut...” “Orain berak esango du...”. Eta dena hola-hola gertatzen da. Distiratsu argituriko gela batean daude dagoeneko; osabak zilarrezko paperean bilduriko zigarretak ateratzen ditu eta bat eskaintzen dio. Tarte luzean pospoloen bila dabil, baina etxe osoan ez dago pospolorik, ez bestelako surik; ezin dituzte zigarretak piztu, osaba bisita amaitzeko irrikan dago antza, eta azkenean agur hitz nahasi batzuk daude kutxa erdi irekiz beteriko trantsitu batean, non apenas dagoen mugitzeko tokirik. Etxetik irtetean badaki ez duela atzeraka begiratu behar, zeren... Hori baino ez daki, baina badaki hori, eta laster erretiratzen da, begiak kalearen hondoan finkatuak. Apurka-apurka lasaituago sentituz doa. Bere etxera heltzen denean hain dago akitua non berehala oheratzen baita, ia arropak kendu gabe. Orduan “Tigre”an dagoela egiten du amets eta egun osoa pasatzen duela arraunean neska-lagunarekin eta txorizoak jaten Nuevo Toro jolastokian.
ZER MODUZ, LÓPEZ
Gizonezko batek adiskide batekin egiten du topo eta diosal egiten dio, eskua emanez eta burua apur bat makurtuz. Hala uste du diosal egiten diola, baina diosala asmatua dago dagoeneko eta gizonezko horrek ez du diosalera egokitu baino egiten. Euria ari du. Gizonezko bat arkupe batean babesten da. Gizonezko hauek ia inoiz ez dakite txirrista aurrez fabrikatu batetik labaindu berri direla lehen euritik eta lehen arkutik. Hosto zimelduzko txirrista heze bat. Eta maitasunaren imintzioak, museo ezti hori, kezko irudien galeria hori. Kontsola bedi zure banitatea: Antonioren eskuak bilatu zuen zure eskuak bilatzen duena, eta ez hark ez zureak ez zuten bilatzen betikotasunetik jada aurkitua ez zegoen ezer. Baina gauza ikusezinek haragitu beharra dute, uso hilak bezala erortzen dira ideiak lurrera. Benetan berri denak beldurra ematen du edo lilura sortzen. Bi sentipen horiek, urdailetik berdin hurbil, lagun egiten diote beti Prometeoren presentziari; gainerakoa erosotasuna da, beti gutxi-asko ongi ateratzen den hori; aditz aktiboek errepertorio osoa daukate. Hamletek ez du duda egiten: benetako irtenbidea bilatzen du, eta ez etxeko ateak edo ibilbide dagoeneko eginak, proposatzen dituzten lasterbide eta bidegurutzeak gorabehera. Misterioa birrintzen duen tangentea nahi du, hirustaren bosgarren hostoa. Zein haize-arrosa amaigabea, bai eta ez-en artean! Danimarkako printzeak, belatz horiek, haragi hila jan baino lehen goseak hiltzea aukeratzen dutenak. Oinetakoek estutzen dutenean, seinale ona. Zerbait da aldatzen hor, erakusten digun, motelki pausatzen, planteatzen digun zerbait. Horregatik dira hain gustukoak munstroak eta gertatzen dira estasian egunkariak buru biko txekorrekin. Zer aukera, zer zirrimarra bestelakoranzko jauzi handi baterako! Hor dator López. —Zer moduz, López? —Zer moduz, to? Eta horrela uste dute diosal egin diotela elkarri.
GEOGRAFIAK
Frogatua da inurriak direla izadiaren benetako erreginak (irakurleak hipotesitzat edo fantasiatzat har dezake; nolanahi ere, on egingo dio antropofugismo apur batek), hona hemen beren geografiaren orri bat: (Liburuko 84. orr.; parentesi artean ematen dira halako esapide batzuen baliokide posibleak, Gastón Loeb-en interpretazio klasikoaren arabera). “...itsaso paraleloak (ibaiak?). Ur amaigabea (itsaso bat?) hazten da halako une batzuetan hala nola huntz-huntz-huntz bat (oso horma altu baten ideia, itsasaldia adieraziko lukeena?). Baldin bazoaz-zoaz-zoaz-zoaz (kideko nozioa distantziari aplikatua), heltzen zara Itzal Berde Handira (ereindako alor bat, txara bat, baso bat?) non Jainko Handiak goititzen baitu aletegi jarraitua bere Emakume Langile Hoberenentzat. Eskualde horretan ugari dira Gaitzeko Izaki Izugarriak (gizakiak?) gure bidexkak txikitzen dituztenak. Itzal Handi Berdearen beste aldean hasten da Zeru Gogorra (mendi bat?). Eta dena da gurea, baina mehatxuekin.” Geografia honek beste interpretazio bat hartu du (Dick Fry eta Niels Peterson Jr.). Pasartea lorategi txiki bati legokioke topografikoki, Buenos Airesko Laprida kaleko 628koari. Itsaso paraleloak isur-hodi bi dira; ur amaigabea ahateak bainatzeko putzu bat; Itzal Handi Berdea letxuga mintegi bat. Gaitzeko Izaki Izugarriek ahateak edo oiloak iradokiko lituzkete, nahiz ezin den baztertu egiatan gizakiak ote diren. Zeru Gogorrak badu dagoeneko gainean polemika bat laster bukatuko ez dena. Fry eta Petersonen iritziari, zeinek ikusten baitute hartan adreiluzko medialin bat, Guillermo Sfovichenak egiten dio kontra, zeinak susmatzen baitu letxugen artean bazter utzitako bidet bat.
AURRERABIDEA ETA ATZERABIDEA
Asmatu zuten kristal bat euliak pasatzen uzten zuena. Eulia etortzen zen, buruaz apur bat bultzatzen zuen eta, pop, beste aldean zegoen dagoeneko. Euliaren poz ikaragarria. Hungariar jakintsu batek hondatu zuen dena, deskubritu zuenean eulia sartzen ahal zela, baina ez ateratzen, edo alderantziz, kristal oso haritsu horren zuntzen malgutasunaren ez dakit zer jukutria zela medio. Berehala asmatu zuten euli-harrapatzekoa, barnean azukre koskorra zuena, eta euli asko hiltzen ziren etsiak hartuta. Horrela bukatu zen zori hobea merezi zuten animalia hauekiko zernahi senidetasun.
EGIAZKO ISTORIOA
Gizonezko bati lurrera erortzen zaizkio betaurrekoak, eta hots ikaragarria egiten dute lauzen kontra jotzean. Gizonezkoa guztiz atsekabetua makurtzen da, betaurrekoen kristalak garesti ateratzen direlako oso, baina harriturik ikusten du mirariz ez zaizkiola hautsi. Gizonezkoa orain guztiz esker oneko agertzen da eta ulertzen du gertatu denak abisu adiskidetsu baten balioa duela, beraz optika etxe batera jotzen du eta berehala erosten du estutxe bat babes bikoitzeko larru betegarridunezkoa, zoriari aurrea hartzeko. Ordubete geroago estutxea erortzen zaio eta ia urduritasun gabe makurtzean ikusten du betaurrekoak txikitu direla. Gizonezko horrek denbora behar izan du ulertzeko ezin asmatuzkoak direla Probidentziaren xedeak eta miraria orain gertatu dela egiatan.
HARTZ BIGUN BAT DUEN ISTORIOA
Begira iezaiozu koaltarrezko bola horri, izerditzen baita luzatuz eta haziz bi zuhaitzen leiho lotunetik. Zuhaitzez haratago soilgune bat dago eta han egiten du gogoeta koaltarrak eta pentsatzen du bere sarrera bola formara, bola eta hankak formara, koaltar-ileak-hankak formara zeina gero hiztegiak hartz. Orain heze eta bigun azaleratzen da koaltar bola, inurri mugagabe eta biribilak astinduz, haiek boteaz doa, dabilen heinean harmoniaz ordenatzen den oinatz bakoitzera. Hots, koaltarrak hanka hartz bat proiektatzen du pinu orratzen gainean, lur leuna ebakitzen du eta askatzean txapin piltzartu bat markatzen du aurrean, eta jaiotzen uzten du inurritegi multiple eta biribil bat, koaltarrez lurrintsu. Horrela bidearen alde banatan, inperio simetrikoen fundatzaile, ileak-hankak forma doa, inurri biribilentzako eraikuntza bat ezarriz heze astintzen dena. Azkenean eguzkia ateratzen da eta hartz bigunak aurpegi bat ibilikatua eta umezkoa goititzen du, alferrik irrikatzen duen eztizko gongerantz. Koaltarra usainka hasten da suhartasunez, bola egunaren mailara hazten da, ileak eta hankak koaltarra baino ez, ileak hankak koaltarra erregu bat xuxurlatzen eta erantzuna lausoki ikusten duena, gongaren durundi sakona goian, zeruko eztia bere mutur mihian ileak-hankak bere poztasunean.
TAPIZ BATERAKO PINTAGAIA
Jeneralak ez ditu laurogei gizon baino, eta etsaiak bost mila. Bere kanpadendan jeneralak birao eta negar egiten du. Orduan aldarri goiargidun bat idazten du, uso mezulariek etsaien kanpamentuaren gainean barreiatzen dutena. Berrehun oinezko jeneralaren aldera pasatzen dira. Ondoren gudu txiki bat, jeneralak aise irabazten duena, eta bi erregimentu bere aldera pasatzen dira. Hiru egun geroago etsaiek ez dute laurogei gizon baino eta jeneralak bost mila. Orduan jeneralak beste aldarri bat idazten du, eta hirurogeita hemeretzi gizon bere aldera pasatzen dira. Etsai bat baino ez da gelditzen, jeneralaren armadak inguratua, eta jenerala zain dago isilik. Gaua igaro da eta etsaia ez da bere aldera pasatu. Jeneralak birao eta negar egiten du bere kanpadendan. Egunsentian etsaiak geldiki ateratzen du ezpata zorrotik eta jeneralaren kanpadendarantz aitzinatzen da. Sartzen da eta begiratzen dio. Jeneralaren armada sakabanatzen da. Eguzkia ateratzen da.
BESAULKI BATEN NOLAKOTASUNAK
Jazintoren etxean bada besaulki bat bertan hiltzeko. Jendea zahartzen denean, egun batean gonbidatzen dute esertzera besaulkian, zeina besteak bezalako besaulkia baita, baina bizkarraren erdian izartxo zilarkara bat duena. Gonbidaturiko pertsonak hasperen egiten du, apur bat higitzen ditu eskuak gonbidapena urrundu nahi balu bezala, eta gero besaulkian esertzera doa eta hiltzen da. Neska-mutilek, bihurriak beti, ongi pasatzen dute bisitariak engainatzen ama ez dagoenean, eta besaulkian esertzera gonbidatzen dituzte. Bisitariak jakinaren gainean daudenez gero baina badakitelarik horretaz ez dela hitz egin behar, neska-mutilei begiratzen diete nahasmen handiz, eta aitzakiatzen dira, neska-mutilekin hitz egitean inoiz erabiltzen ez diren hitzekin, eta kontu horrek biziki bozkariatzen ditu haiek. Azkenean bisitariak edozein aitzakiaz baliatzen dira ez esertzeko, baina geroago ama konturatzen da gertatu denaz, eta oheratzeko orduan berebiziko jipoialdiak daude. Halere, ez dute eskarmentua hartzen, noizik behin lortzen dute bisitari xalo bat engainatzea eta besaulkian eserarazten dute. Kasu horietan gurasoak bestela bezala aritzen dira, zeren beldur baitira etxepekoak besaulkiaren nolakotasunen berri jakitera helduko ez ote diren, eta etorriko ez ote diren maileguan eskatzera, familiako edo adiskideetako pertsonaren bat edo beste eserarazteko. Bitartean neska-mutilak haziz doaz, eta heltzen da eguna non, zergatik jakin gabe, besaulki eta bisitariekiko interesa galtzen baitute. Salan sartzea ere saihesten dute, patiotik itzulingurua eginez, eta gurasoek, jada oso zaharrak baitaude, giltzaz ixten dute salako atea eta adi-adi begiratzen diete beren seme-alabei, beren-pentsamendua-irakurri nahiko balute bezala. Seme-alabek begirada saihesten dute eta esaten dute ordua dela jateko edo oheratzeko. Goizetan aita jaikitzen da lehen eta beti doa begiratzera ea salako ateak giltzaz itxia jarraitzen duen, edo ea seme-alabetakoren batek ez ote duen ireki atea besaulkia jangelatik ikus dadin, zeren zilarrezko izartxoak ilunpean ere distiratzen baitu eta ezin hobeki ikusten baita jangelako zernahi partetatik.
OROIMENEAN ZULOA DUEN JAKINTSUA
Jakintsu gailena, erromatar historia hogeita hiru liburukitan, Nobel Sarirako hautagai ziurra, entusiasmo handia bere herrialdean. Bat-bateko atsekabe sakona: full-timeko liburu-jaleak panfleto gisagabea ateratzen Caracalla ez aipatzea salatuz. Garrantzigabe samarra nolanahi ere aipatze eza. Miresle harri eta zurtuek Pax Romana kontsultatzen zein artistak galtzen mundua Varo itzuli nire legioak emakume guztien gizona eta gizon guztien emakumea (begira hadi martxoko Idusetatik) diruak ez du usainik ikur honekin garaituko duzu. Caracallaren absentzia ezin eztabaidatuzkoa, atsekabe sakona, jakintsuak ezin Suediako Gustavo erregeari kasu egin, baina errege horrek ez du deitzeko asmorik ere, beste bat ordea telefono zenbakia alferrik markatzen eta markatzen hizkuntza hil batean madarikazioka.
POEMA BATERAKO PLANA
Izan dadila Erroma zeina Faustina, haizeak zorrotz ditzala idazlari eseriaren berunezko arkatzak, edo ehun urtetik gorako aihen-belarren atzean ager dadila goiz batean esaldi konbentzigarri hau: ez dago ehun urtetik gorako aihen-belarrik, botanika zientzia da, deabruetara ustezko irudien asmatzaileak. Eta Marat bere bainuontzian. Orobat ikusten dut kilker baten esetsaldia zilarrezko azpil batean zehar, Delia anderearekin zeinak substantibo baten antzeko eskua leun hurbiltzen baitu, eta harrapatzera doanean kilkerra gatzean dago (orduan oinak busti gabe gurutzatu zuten eta Faraoik madarikatzen zituen ur-bazterrean) edo jauzi egiten du mekanismo delikatura zeinak gariaren loretik txigorkiaren esku iharra ateratzen baitu. Delia anderea, Delia anderea, utzi kilker horri plater azaletan ibiltzen. Egun batean hain mendeku lazgarriarekin abestuko du non zure pendulu erlojuek beren buruak urkatuko baitituzte beren hilkutxa geldituetan, edo arropa zuriarentzako neskamea monograma bizi batez erdituko baita, etxean lasterka ibiliko dena bere inizialak errepikatuz danbolin-jotzailearen gisa. Delia anderea, gonbidatuak pazientzia galtzen ari dira hotza egiten baitu. Eta Marat bere bainuontzian. Azkenik izan dadila Buenos Aires egun irten eta dardarti batean, trapuak eguzkitan eta etxe saileko irrati guztiak oihuka ematen aldi berean eguzki-loreen merkatu librearen kotizazioa. Eguzki-lore naturaz gaindiko batengatik laurogeita zortzi peso ordaindu ziren Liniersen, eta eguzki-loreak adierazpen desohoregarriak egin zizkion Esso berriemaileari, pixka bat bere aleen zenbaketaren ondorengo nekeagatik, hein batean bere geroko erabilera ez zetorrelako salmenta-txartelean. Arratsaldean pertsona gailenen elkarganatze bat izango da Maiatzeko Plazan. Pertsona gailenak kale desberdinetatik joango dira piramidean orekatu arte, eta ikusiko da udalak instalaturiko erreflexu sistema bati eskerrak bizi direla. Inork ez du duda egiten ekitaldiak distira handienaz gauzatuko direla, eta horrek, pentsatzekoa denez, berebiziko ikusmina eragin du. Palkoak saldu dira, hara joango dira kardinal jauna, usoak, preso politikoak, tranbialariak, erlojugileak, emaitzak, andere lodiak. Eta Marat bere bainuontzian.
ZITALTZAT JOTAKO GAMELUA
Muga igarotzeko eskari guztiak onartzen dituzte, baina Guc, gamelua, zitaltzat joa ezustean. Guc polizia-bulego zentralera doa non esaten baitiote ezer egiterik ez, itzul zaitez oasira, zitaltzat joa alferrikakoa eskaera bideratzea. Guc-en tristura, haurtzaroko lurretara itzultzea. Eta familiako gameluak, eta adiskideak, bera inguratzen eta zer pasatzen zaizu, ezinezkoa da, zergatik zu hain zuzen. Orduan ordezkaritza bat Trantsito ministeriora Guc-gatik gora jotzera, karrerako funtzionarioen iskanbilarekin: inoiz ez da horrelakorik ikusi, itzul zaitezte berehala oasira, epai instrukzioa egingo da. Guc-ek oasian bazka jaten du egun batean, bazka bestean. Gamelu guztiek igaro dute muga. Guc-ek zain segitzen du. Horrela doaz uda, udazkena. Gero Guc hirian berriro, plaza huts batean geldirik. Turistek oso fotografiatua, elkarrizketatzaileei erantzuten. Halako prestigioa Guc-ek plazan. Horretaz baliatuz ateratzen saiatzen da, dena aldatzen da atean: zitaltzat joa. Guc-ek burua makurtzen du, plazako bazkalekutxo argalak bilatzen ditu. Egun batean bozgorailutik deitu diote eta zoriontsu sartzen da bulego zentralean. Han zital deklaratzen dute. Guc oasira itzultzen da eta etzaten da. Bazka pixka bat jaten du eta ondoren muturra hondarrean jartzen du. Begiak itxiz doa eguzkia sartzen den bitartean. Bere sudurretik burbuila bat sortzen da, berak baino segundo bat gehiago irauten duena.
HARTZAREN HITZALDIA
Etxeko hoditeriako hartza naiz, hodietatik igotzen naiz isiltasun orduetan, ur beroko, berokuntzako, aire freskoko hodietatik, hodietan zehar noa etxebizitzaz etxebizitza eta hoditeriatik doan hartza naiz. Uste dut aintzat hartzen nautela nire ileak garbi atxikitzen dituelako tutuak, etengabe egiten dut laster eta ez dago gauzarik gehiago gustatzen zaidanik solairuz solairu tutuetan zehar irristatuz igarotzea baino. Batzuetan hanka bat ateratzen dut kanilatik eta hirugarreneko neskak oihu egiten du erre dela, edo marmar egiten dut bigarreneko labearen parean eta Guillermina sukaldaria kexu da aireak ez duela tiratzen. Gauaz isilik ibiltzen naiz eta orduan nabil arinen, sabaira ateratzen naiz tximiniatik ikusteko ea ilargia dantzan ari den goian, eta haizeak bezala uzten diot neure buruari irrist egiten sotoko galdaretaraino. Eta udan gauez igeri egiten dut izarrez mokokaturiko uraskan, aurpegia garbitzen dut esku batekin lehenik, bestearekin gero, biekin batera gero, eta poz ikaragarria ematen dit horrek. Orduan etxeko tutu guztietan zehar labaintzen naiz, pozik marmarka, eta senar-emazteak egonezinez higitzen dira oheetan eta hoditeria instalatu izana deitoratzen dute. Batzuek argia pizten dute, eta papertxo bat idazten dute gogoratzeko protesta egin behar dutela atezaina ikusten dutenean. Pisuren batean beti irekita geratzen den kanila bilatzen dut nik; handik ateratzen dut sudurra eta begiratzen diot gelen iluntasunari non bizi baitira tutuetatik ezin ibil daitezkeen izaki horiek, eta badiet halako lastima, hain baldarrak eta handiak ikusten ditudanean, entzuten dudanean nola egiten duten zurrunga eta nola egiten duten amets goraki, eta nola dauden bakarrik. Goizean aurpegia garbitzen dutenean, masailak laztantzen dizkiet, sudurra milikatzen diet eta joan egiten naiz, ongi eginaren segurtasun lausoaz.
CASOARRAREN PORTRETA
Casoarrak egiten duen lehen gauza da burgoikeria mesfidatiz begiratzea niri. Mugitu gabe begiratzera mugatzen da, hain modu gogor eta jarraian begiratzera, non ia ematen baitu gu asmatzen ari dela, bere ahalegin izugarriari eskerrak ateratzen gaituela ezereza den casoarren mundutik, eta bere aurrean jartzen gaituela, bera begiesteko egitate ezin esplikatuzkoan. Begieste bikoitz horretatik, agian bat baino ez dena eta beharbada azken batean ezta bat ere, jaiotzen gara casoarra eta ni, kokatzen gara, elkar ezezagutzen ikasten dugu. Ez dakit casoarrak murrizten nauen eta bere mundu bakunean inskribatzen; nire aldetik deskribatu baino ezin dut egin, gustu eta disgustu kapitulu bat erantsi bere presentziari. Disgustuena batez ere zeren casoarra antipatikoa eta higuingarria baita. Imajina ezazue ostruka bat adarkizko teontzi estalki bat duena buruan, bizikleta bat bi autoren artean zapaldua eta bere baitan metatzen dena, gaizki ateratako kalkomania bat non gailentzen baitira more zikin bat eta zartakatze moduko bat. Orain casoarrak urrats bat egiten du aurrera, eta aire idorragoa hartzen du; betaurreko parea bezalakoa da, pedantekeria amaigabe bat zamalkatzen. Australian bizi da casoarra, koldarra eta larderiatsua da aldi berean; zaintzaileak larruzko bota luzeekin eta gar-jaurtigailu batekin sartzen dira bere kaiolan. Casoarrak uzten dionean izularriturik lasterka egiteari jartzen dioten zahi kazolaren inguruan, eta oldartzen denean gamelu jauziez zaintzailearen gainera, ez dago gar-jaurtigailua ireki beste erremediorik. Orduan hau ikusten da: suzko ibaiak inguratzen du eta casoarrak, luma guztiak sutan, bere azken urratsak egiten ditu aurrera oihu higuingarri bati ekiten dion bitartean. Baina bere gorputza ez da erretzen: gai idor ezkatatsua, bere urguilua eta mespretxua dena, fusio hotzean sartzen da, mirarizko urdin batez pizten da, ukabil larrutua dirudien gorrimin batean, eta azkenean berderik gardenenean mamitzen da, esmeraldan, itzalaren eta itxaropenaren harrian. Casoarra hostogabetzen da, hausterrezko hodei lasterra, eta zaintzaileak galez egiten du lasterka gema sortu berriaz jabetzera. Zoologikoko zuzendariak une hori baliatzen du beti piztiak gaizki tratatzeagatik haren kontrako epaiketa hasteko eta kaleratzeko. Zer gehiago esango dugu casoarraz zorigaitz bikoitz honen ondoren?
TANTEN ZAPALKETA
Ez dakit nik, begira, izugarria da nola ari duen euria. Denbora guztia ari du, kanpoan tapitu eta gris, hemen balkoiaren kontra tantatzar mamitu eta gogorrez, zeinek plast egiten baitute eta zaplaztekoak bezala zapaltzen baitira bata bestaren atzean, hau aspergura. Orain tantatxo bat agertzen da leihoaren markoaren goialdean; dardarikatzen gelditzen da zeruaren kontra, zeinak txiki-txiki egiten baitu mila distira moteletan, haziz doa eta balantza egiten du, erortzera doa jada eta ez da erortzen, oraindik ez da erortzen. Azazkal guztiez itsatsia dago, ez du erori nahi eta ikusten da hortzekin oratzen dela tripa hazten zaion bitartean; tantatzar bat da dagoeneko, handientsu zintzilik dagoena, eta bat-batean zup, hor doa, plast, desegina, ezer ez, likintasun bat marmolean. Baina badaude suizidatzen direnak eta berehala amore ematen dutenak, markoan sortzen dira, eta hor berean botatzen dute beren burua; iruditzen zait ikusten dudala jauziaren dardara, askatzen diren beren iztertxoak eta mozkortzen dituen oihua, erortzeko eta deuseztatzeko ezerez horretan. Tanta tristeak, tanta biribil errugabeak. Adio tantok. Adio.
IRAKASPENIK GABEKO IPUINA
Gizon batek oihuak eta hitzak saltzen zituen, eta ongi zihoakion, nahiz eta jende asko topatzen zuen prezioak eztabaidatu eta deskontuak eskatzen zizkiona. Bat etortzen zen gizona ia beti, eta hortaz saldu ahal izan zituen kale-saltzaileen oihu asko, andere errentadunek erosiriko zenbait hasperen, eta lelo, kontsigna, idazpuru eta burutazio faltsuetarako hitzak. Azkenean gizonak jakin zuen bere ordua iritsia zela eta audientzia eskatu zion herrialdeko tiranotxoari, zeinak bere kide guztien antza baitzuen eta jeneralez, idazkariz eta kafe kikarez inguraturik errezibitu baitzuen. —Zure azken hitzak saltzera natorkizu —esan zuen gizonak—. Garrantzizkoak dira oso, zeren zuri ez baitzaizkizu ongi aterako momentuan, eta aldiz komeni zaizu haiek esatea atzera-begirako patu historikoa erraz taxutzeko trantze gogorrean. —Itzuli esan duena —agindu zion tiranotxoak bere interpreteari. —Argentineraz ari da, Berorren Gorentasuna. —Argentineraz? Eta zergatik ez dut ezer ulertzen? —Oso ondo ulertu duzu —esan zuen gizonak—. Berriro diot zure azken hitzak saltzera natorkizula. Tiranotxoa zutik jarri zen, egoera horretan ohi denez, eta dardara bat erreprimituz agindu zuen gizona atxilotzeko eta sartzeko gobernu giro horietan beti dauden ziega berezietan. —Lastima da —esan zuen gizonak, eramaten zuten bitartean—. Izan ere, zuk esan nahiko dituzu zure azken hitzak momentua heltzen denean, eta esan beharko dituzu atzera-begirako patu historikoa erraz taxutzeko. Ni saltzera nentorkizuna zuk esan nahiko duzuna da, hortaz ez dago engainurik. Baina negozioa onartzen ez duzunez, hitzok aurretiaz ikasiko ez dituzunez gero, lehen aldiz sortuko diren momentua heltzen denean eta zuk ezin esango dituzu noski. —Zergatik ezin esango ditut, esan nahiko ditudanak baldin badira? —galdetu zuen tiranotxoak, beste kafe kikara baten aurrean dagoeneko. —Beldurrak ez dizulako utziko —esan zuen gizonak tristeki—. Urka-bilurra lepoan egongo zarenez, alkandora hutsean, eta izuak eta hotzak dardarka, zure hortzek elkar joko dute eta ezin izango duzu hitzik atera. Borreroak eta bertaratuek, eta jaun hauetako batzuk horien artean, minutu pare bat itxarongo dute begirunea dela-eta, baina zure ahotik zotinek eta barka eskeek etendako intziri bat baino ateratzen ez denean (ezen hori bai ahoskatuko duzu lanik gabe) pazientzia galduko dute eta urkatuko zaituzte. Aurrean zeudenek eta bereziki jeneralek, biziki gaitziturik, tiranotxoa inguratu zuten eskatzeko segituan fusilaraz zezala gizona. Baina tiranotxoak, herio-bezala-zurbil-baitzegoen, bultzaka bota zituen eta gizonarekin bildu zen itxian bere azken hitzak hari erosteko. Bitartean, jeneral eta idazkariek, guztiz umiliatuak harturiko tratuagatik, matxinada bat prestatu eta hurrengo goizean tiranotxoa atxilo hartu zuten bere glorieta gogokoenean mahatsa jaten ari zen bitartean. Bere azken hitzak esaterik izan ez zezan, momentuan hil zuten tiro batez. Ondoren gizonaren bila hasi ziren, gobernu etxetik desagertua baitzen, eta berehala aurkitu zuten, merkatuan baitzebilen pasieran, saltokariei aldarrikapenak saltzen. Presoentzako automobil batean sartu eta gotorlekura eraman zuten, eta torturatu egin zuten jakinaraz zitzan tiranotxoaren azken hitzak izan zitezkeenak. Ez ziotenez konfesioa ateratzerik izan, ostikoka akabatu zuten. Oihuak erosi zizkioten kale-saltzaileek jarraitu zuten haiek oihukatzen kale kantoietan, eta oihu haietako batek balio izan zuen, aurrerago, jeneralak eta idazkariak galdu zituen kontrairaultzaren pasahitz gisa. Batzuek, hil aurretik, lausoki pentsatu zuten hura guztia nahasialdi kate trakets bat izan zela benetan, eta hitzak eta oihuak, berez, erosi bai baina ezin saldu zitezkeen kontuak zirela, nahiz eta absurdoa dirudien. Eta denak ustelduz joan ziren, tiranotxoa, gizona eta jeneralak eta idazkariak, baina oihuek durundi egiten zuten noizean behin kale kantoietan.
ESKUAREN LERROAK
Mahai gainean botatako gutun batetik lerro bat ateratzen da pinuzko xaflan lasterka egiten duena eta oin batetik jaisten dena. Aski da ongi begiratzea ohartzeko, lerroak, parketezko lurretik jarraitu, horman gora joan, Boucher-en margolan baten kopia den lamina batean sartu, diban batean etzandako emakume baten sorbalda marraztu eta azkenik gelatik ihes egiten duela sabaian barrena eta kaleraino jaisten dela tximistorratzaren katean behera. Hor zaila da hura jarraitzea zirkulazioa dela-eta, baina arreta ipiniz ikusiko dugu igotzen kale kantoian aparkaturik dagoen eta portura daraman autobusaren gurpiletik. Han bidaiari horailena denaren nylon kristalezko galtzerditik jaisten da, aduanetako etsai lurraldean sartzen da, goraka, herrestan eta sigi-saga dabil kai nagusiraino eta han (baina zaila da ikustea, arratoiek baino ez diote segitzen katuka ontziratzeko) turbina durunditsuko ontzira igotzen da, lasterka dabil lehen mailako kubiertako oholetan, lanak ditu sabai zulo nagusia gainditzeko, non gizon triste batek koñaka edaten baitu, eta entzuten baitu ateratzeko sirena, galtzaren josturan gora doa, puntuzko txalekoan gora, ukondoraino irristatzen da eta azken ahalegin batean eskuin eskuko ahurrean aterpetzen da, zeina une horretan hasten baita ixten pistola baten kulataren inguruan.
Kronopioen eta famen istorioak |