Kronopioen eta famen istorioak
ZEREGIN BITXIAK
SIMULAKROAK
Familia bitxia gara. Gauzak obligazioz edo handiustekeriaz egiten diren herrialde honetan zeregin libreak, hargatik eginiko lanak, ezertarako balio ez duten simulakroak zaizkigu gogoko. Akats bat dugu: originaltasuna falta zaigu. Egin asmo dugun ia guztia, eredu ospetsuetan inspiratua —tolesik gabe esan dezagun: kopiatua— dago. Berritasunen baten ekarpena egiten badugu ezin saihestuzkoa da beti: anakronismoak edo ezustekoak, eskandaluak. Nire osaba nagusiak dio ikatz papereko kopiak bezalakoak garela, jatorrizkoa bezalakoxeak, baina beste kolore, beste paper, beste helburu batekoak. Nire arreba hirugarrenak Andersenen txantxangorri mekanikoarekin konparatzen du bere burua; haren erromantizismoak goragalea jotzen du. Asko gara eta Humboldt kalean bizi gara. Egiten ditugu gauzak, baina zaila da azaltzea, garrantzizkoena falta baita, antsietatea eta gauzak egiten aritzeko espektatiba, ondorioak baino are garrantzizkoago diren ezustekoak, porrotak non familia guztia kartazko gaztelu gisa erortzen baita lurrera eta egun osoetan ez baitira entzuten deitoratze eta algarak baino. Egiten duguna kontatzea ozta-ozta da huts saihetsezinak betetzeko modu bat, zeren batzuetan behartsu edo preso edo eri baikaude, batzuetan norbait hiltzen baita edo (min ematen dit aipatzeak) norbaitek saldukeria egiten baitu, uko egiten baitu edo Zuzendaritza Inpositiboan sartzen baita. Baina ez da hortik ondorioztatu behar gaizki doakigunik edo malenkoniatsuak garenik. Pacífico auzoan bizi gara, eta ahal dugun guztietan egiten ditugu gauzak. Asko gara ideiak ditugunok eta haiek praktikara eramateko gogoa dugunok. Urkamendia, adibidez, gaurdaino inor ez da bat etorri ideiaren jatorriaz, nire arreba bosgarrenak esaten du oso filosofoak diren nire lehengusu propioetako bat izan zela, baina nire osaba nagusiak baiesten du berari bururatu zitzaiola, kapa eta ezpatako eleberri bat irakurri eta gero. Azken batean gutxi axola zaigu, gauzak egitea da balio duen gauza bakarra, eta horregatik kontatzen ditut gogorik gabe ia, arratsalde hutsal honetako euria hain hurbildik ez sentitzeko, beste ezergatik ez. Etxeak aurrealdeko lorategia du, gauza bitxia dena Humboldt kalean. Ez da patio bat baino handiagoa, baina bidexka baino hiru harmaila gorago dago, eta horrek plataforma-itxura ikusgarria ematen dio, urkamendi baterako kokaleku zoragarria. Burdin hesia harginlanezkoa eta burdinazkoa denez, iragaileak etxean sartuta, nolabait esan, egon gabe egin daiteke lan; begira jarri daitezke eta orduak eman burdin hesian, baina horrek ez digu eragozten. “Ilbetearekin hasiko gara” agindu zuen aitak. Egunaz zur eta burdin bila joaten ginen Juan B. Justo etorbideko etxegintza-materialetako dendetara, baina nire arrebak salan gelditzen ziren otso ulua praktikatzen, nire izeba txikienak irmo esan zuenez gero urkamendiek otsoak erakartzen dituztela eta ilargiari ulu egitera bultzatzen. Nire lehengusuen kontu zen lanabesen eta iltzeen hornidura; nire osaba nagusiak planoak marrazten zituen, nire amarekin eta nire osaba bigarrenarekin eztabaidatzen zuen estira-tresnen aukera eta kalitatea. Gogoan dut eztabaidaren amaiera: lehor erabaki zuten plataforma aski gora bat egitea, zeinaren gainean urkabe bat eta gurpil bat jasoko baitziren hutsarte batekin estira emateko edo urkatzeko, noiz nola. Nire osaba nagusiari bere hasierako ideia baino askozaz pobreagoa eta zekenagoa iruditzen zitzaion, baina aurrealdeko lorategiko neurriek eta materialen kostuak beti murrizten dute familiaren handinahia. Igande arratsalde batean hasi genuen eraikuntza, raviolien ondoren. Auzokideek pentsa dezaketenak inoiz kezkatu ez bagaitu ere, begien bistakoa zen begiluze bakanek uste zutela atal bat edo bi eraikitzera gindoazela etxea handitzearren. Lehen harritu zena Gandor jauna, pareko xahartxoa izan zen, eta galdetzera etorri zen ea zertarako instalatzen genuen halako plataforma bat. Nire arrebak lorategiko bazter batean bildu ziren eta otso ulu batzuk bota zituzten. Jende dezente bildu zen, baina guk lanean jarraitu genuen gaua arte, eta bukatuak utzi genituen plataforma eta bi eskaileratxoak (apaizarentzakoa eta kondenatuarentzakoa, ez baitute elkarrekin igo behar). Astelehenean familiaren parte bat nor bere enplegu eta zereginetara joan zen, zerbaitetik atera behar baituzu hilbidea, eta gainerakook urkamendia altxatzen hasi ginen, osaba nagusiak gurpilarentzako marrazki zaharrak kontsultatzen zituen bitartean. Haren ideia zetzan gurpila ahalik eta gorena jartzean, pertika apur bat irregular baten, adibidez lertxun enbor ongi landu baten gainean. Hari atsegin emateko, nire anaia bigarrena eta nire lehengusu propioak kamionetarekin joan ziren lertxun baten bila; bitartean nire osaba nagusiak eta nire amak gurpilaren izpiak abatzean ahokatzen zituzten, eta nik burdinazko finkagailu bat prestatzen nuen. Une horietan ikaragarri dibertitzen ginen, mailu kolpeak entzuten baitziren alde guztietan, nire arrebak uluka ari baitziren salan, auzokideak burdin hesian pilatzen baitziren iritziak trukatzen, eta urkabearen soslaia goratzen baitzen arrastiriaren morekararen eta malbaren artean eta ikusten baitzen nire osaba txikiena zangalatrau kakoa finkatzeko eta urka-bilurra prestatzeko langan. Gauzak puntu horretara heldu zirelarik, kaleko jendea ezin zen egon konturatu gabe egiten ari ginenaz, eta protesta eta mehatxu koru batek atsegintsu adoretu gintuen lanegunari azkena ematera gurpila zutituz. Bere onetik ateratako batzuk ahaleginduak ziren eragozten nire anaia bigarrena eta nire lehengusuak etxean sar zitezen kamionetan zekarten lertxun enbor bikainarekin. Tiraka eramate saio bat familia osoak irabazi zuen argi eta garbi, zeinak enborrari diziplinaz tiratuz lorategian sartu baitzuen, sustraietan katigatua gertatu zen ume-ume batekin batera. Nire aitak berak itzuli zien umea guraso amorratuei, burdin hesitik adeitasunez igaroaraziz, eta arreta alternatiba sentimental horietan biltzen zen bitartean, nire osaba nagusiak, nire lehengusu propioek lagundurik, ziria jartzen zion gurpilari enborraren mutur batean eta hura jasotzeari ekiten zion. Familia, plataforman bildurik, urkabearen itxura ona begi onez komentatzen ari zen unean polizia heldu zen. Nire arreba hirugarrena baino ez zegoen atetik gertu, eta azpikomisarioarekin berarekin hizketatzea egokitu zitzaion; ez zitzaion askorik kostatu hari ikusaraztea gure jabetzaren barnean ari ginela lanean, izaera antikonstituzionala erabilerak soilik ematen ahal zion obra batean, eta auzokideen esamesak gorrotoaren ume eta bekaizkeriaren fruitu zirela. Ilunabartzeak beste denbora-galtze batzuetatik libratu gintuen. Plataforman afaldu genuen karburo argiontzi baten argitan, ehunen bat auzokide herratsuk zelatatzen gintuztela; inoiz ez zitzaigun gozoago iruditu esneko txerrikume ondua, ezta ere beltzago eta eztiago nebiolo ardoa. Ipar brisa batek emeki kulunkarazten zuen urkabearen soka; behin edo bitan egin zuen kirrinka gurpilak, jada beleak pausatu izan balira bezala jatera. Begiluzeak joaten hasi ziren, mehatxu lausoak ahopean; gauzaren baten zain ziruditen hogei edo hogeita hamar geratu ziren burdin hesiari irmo atxikiak. Kafearen ondoren argiontzia itzali genuen, terrazako balustretan gora zihoan ilargiari bide emateko, nire arrebek ulu egin zuten eta nire lehengusu eta osabek plataforma osoa ibili zuten poliki, beren pausoez zimenduak dardararaziz. Ondorengo isiltasunean ilargia urka-bilurraren parean jarri zen, eta irudi izan zuen ertz zilarkarak zituen hodei bat etzan zela gurpilean. Begiratzen genien, gozamena zen zein zoriontsu ginen, baina auzokideak marmarrean ari ziren burdin hesian, desilusionatzeko zorian bezala. Zigarretak piztu zituzten eta desagertuz joan ziren, batzuk pijaman eta beste batzuk polikiago. Kalea, zaintzailearen txistua urrunean, noizean behingo 108 autobusa baino ez ziren gelditzen; gu lotaratuak ginen ordurako eta festekin, elefante eta zetazko soinekoekin egiten genuen amets.
ETIKETAK ETA LEHENTASUNAK
Beti iruditu zait gure familiaren bereizgarria herabetasuna dela. Ezin sinetsizko muturretara eramaten dugu lotsa ona, bai janzteko eta jateko eran, nola hitz egiteko eta tranbietara igotzeko moduan. Izengoitiak, adibidez, hain begiramen gabe ezartzen direnak Pacífico auzoan, guretzat arretarako, gogoetarako eta are ezinegonerako arrazoi dira. Iruditzen zaigu ezin zaiola jarri zernahi ezizen, bere bizi guztian ezaugarri gisa bereganatu eta pairatu beharko duen norbaiti. Humboldt kaleko andreak Toto, Caco edo Cacho deitzen die beren semeei, eta Negra edo Beba neskei, baina gure familian ez dago izengoiti mota arrunt hori, eta are gutxiago beste batzuk, bihurriak eta nabarmenak hala nola Chirola, Cachuzo edo Matagatos, ugari direnak Paraguay eta Godoy Cruz aldean. Gauza horietan dugun arretaren adibide gisa aski izango da aipatzea nire izeba bigarrenaren kasua. Neurri ikaragarrietako ipurtalde baten jabe nabarmena izaki, ez genion inoiz amore emango ohiko izengoitien tentazio errazari; horiek horrela, Anfora Etrusko ezizen basatia jarri beharrean, Ipurtandia txukun eta familiarragoan jarri ginen ados. Beti jokatzen dugu sotiltasun berarekin, nahiz eta borrokatu beharra gertatzen zaigun ohiko gaitzizenekin tematzen diren auzokide eta adiskideekin. Nire lehengusu bigarren txikienari, nabariki buruhandi denari, inoiz ez genion onartu Atlas goitizena, kantoiko erretegian jarri ziotena, eta nahiago dugu Cucuzza mila aldiz delikatuagoa. Eta horrela beti. Argitu nahi nuke ez ditugula gauza horiek egiten gainerako auzokideengandik desberdintzeko. Errutinak eta tradizioak aldatu baino ez genuke nahi, mailaz maila eta inoren sentimenduak umiliarazi gabe. Ez zaigu arrunkeria inongo eratan laket, eta aski da gutako batek kantinan entzutea “indarkeriazko zuzemeneko partida izan zen” edo “Faggioliren errematatzeek erdiko ardatzaren aldez aurreko infiltratze lan nabaria izan zuten ezaugarri” bezalako esaldiak, berehala aditzera eman ditzagun era jatorragoak eta gomendagarriagoak larrialdian, hau da: “ostikada piloa egon zen eta ikusiko duzu”, edo “lehenik haien gainetik pasa ginen eta gero gol festa etorri zen”. Jendeak harriduraz begiratzen digu, baina bada beti norbait esaldi delikatu horietan ezkutaturiko lezioa jasotzen duena. Nire osaba nagusiak, argentinar idazleak irakurtzen baititu, esaten du haietako askorekin antzeko zerbait egiten ahal zela, baina ez digu inoiz xehetasunez azaldu. Pena da.
POSTA ETA TELEKOMUNIKAZIOAK
Ahaide benetan urrun bat ministro izatera heldu zen halako batez, moldatu ginen familiaren parte aski handi bat Serrano kaleko Posta bulegoan kokatu zezan. Gutxi iraun zuen, hori bai. Egon ginen hiru egunetatik bi igaro genituen bezeroak lastertasun neurriz kanpokoarekin zerbitzatzen, eta horrek ekarri zigun Posta Zentraleko inspektorearen bisita harritua eta gorazarrezko zutabetxo bat La Razón-en. Hirugarren egunean ziur geunden gure ospeaz, beste auzoetatik baitzetorren jendea beren gutuneria bidaltzera eta posta-igorpenak egitera Purmamarcara eta beste toki era berean absurdoetara. Orduan nire osaba nagusiak jardute askatasuna eman zuen, eta familia bere printzipio eta hobespenen arabera hasi zen zerbitzatzen. Zigilatze leihatilan nire arreba bigarrenak koloretako globo bat oparitzen zion zigilu erosle bakoitzari. Bere globoa jasotzen lehena andre gizen bat izan zen, iltzatua bezala gelditu zena, globoa eskuan eta peso bateko zigilu jada hezetua, pixkanaka hatzean kiribiltzen zihoakiona. Gazte txima-luze batek erabat egin zion uko bere globoa jasotzeari, eta nire arrebak estu egin zion agiraka, leihatilako ilaran aurrez aurreko iritziak pizten ziren bitartean. Alboan, probintziako batzuek, urruneko familiarrei beren soldataren zati bat zentzugabeki igortzen tematurik, zerbait harriduraz hartzen zituzten grapa-basotxoak eta noizean behin haragi enpanada bat, hori guztia nire aitaren kontura, zeinak gainera oihuka esaten baitzizkien Vizcacha zaharraren aholku hoberenak. Bitartean nire anai-arrebek, mandatu paketeen leihatilaren ardura zutenek, galipotez igurzten zituzten eta lumaz beteriko perrail batean sartzen. Gero jaulkitzaile txundituaren aurrera eramaten zituzten eta ikusarazten zioten nolako alaitasunez hartuak izango ziren horrela hobeturiko paketeak. “Listaria ikusten ez dela” zioten. “Hain arrunta den lakrea gabe, eta hartzailearen izena beltxarga baten hegapean sartua dirudiela, ikusi”. Ez ziren denak poz-pozik agertzen, egiatia izan behar da. Begiluzeek eta poliziak bulegoa inbaditu zutenean, amak modurik ederrenean itxi zuen ekitaldia, jendearen gainean hegaldaraziz telegramen, igorpenen eta gutun zertifikatuen inprimakiekin eginiko gezitxo andana koloretako bat. Himno nazionala abestu genuen eta ordena onean erretiratu ginen; negarrez ari zen neskatxa bat ikusi nuen, zigilatze ilaran hirugarren gelditu zena eta bazekiena berandu zela jada globo bat eman ziezaioten.
ILEA GALTZEA ETA BERRESKURATZEA
Pragmatismoaren eta xede onuragarriak gauzatzeko joera izugarriaren kontra borrokatzeko, nire lehengusu nagusiak, burutik ile sendo bat ateratzeko, korapilo bat erdian egiteko eta konketaren zulotik emeki erortzen uzteko prozedura aldezten du. Ilea zulo horietan hedatzen den xaretan katigatzen bada, aski izango da kanila apur bat irekitzea begien bistatik galdu dadin. Une bat alferrik galdu gabe, ilea berreskuratzeko lanari ekin behar zaio. Lehen eragiketa konketaren sifoia desmuntatzera mugatzen da, ilea hodiaren zimurduraren batean katigatu den ikusteko. Aurkitzen ez bada, agerira atera behar da sifoitik isurbide nagusiaren hoditeriara doan hodi zatia. Gauza ziurra da zati horretan ile asko agertuko direla, eta familiaren beste kideen laguntza izan beharko da haiek banaka aztertzeko korapiloaren bila. Agertzen ez bada, hoditeria beheko solairuraino hausteko arazo interesgarria planteatuko da, baina ahalegin handiagoa dakar horrek, zeren ministerio edo denda batean egin beharko baita lan zortzi edo hamar urtez, nire lehengusu nagusiaren apartamentuaren azpiko lauak erostea ahalbidetuko duen dirua lortzeko, hori guztia neurriz kanpoko desabantaila batekin, zeren zortzi edo hamar urte horietan lan egiten den bitartean ezin izango baita saihestu sentsazio mingarri bat: ilea jada hoditerian ez dagoela eta soilik kasualitate urrun batengatik hodiaren irtengune herdoildu batean katigatua segitzen duela. Helduko da eguna noiz ere apartamentu guztietako hodiak hausten ahalko baititugu, eta hilabeteak biziko gara palankanez eta ile bustiz beteriko ontziz inguratuak, eta orobat bertaraturikoez eta eskaleez, zeinei eskuzabaltasunez ordainduko baitiegu bilatu, bereizi, sailka dezaten eta ekar diezazkiguten ziurtasun desiratua iristeko behar diren ileak. Ilea agertzen ez bada, etapa askozaz ere lauso eta korapilatuago batean sartuko gara, zeren hurrengo tarteak hiriko estolda nagusietara eramaten baikaitu. Janzki berezi bat erosi eta gero, estoldetatik gau beranduan irristatzen ikasiko dugu, esku-argi ahaltsu batez eta oxigeno maskara batez armaturik, eta galeria nagusiak eta txikiak esploratuko ditugu, hampako morroiek lagundurik ahal bada, zeinekin harremanetan jarriak izango baikara, eta zeinei eman beharko baitiegu egunez ministerio batean edo denda batean irabazten dugun diruaren zati handi bat. Askotan izango dugu lanaren amaierara iritsiak garelako ustea, aurkitu baititugu (edo ekarriko baitizkigute) bila ari garenaren antzeko ileak; baina ezagutzen ez denez gero inongo ilerik erdian korapiloa duenik giza lanaren esku-hartzerik gabe, ia beti amaituko dugu egiaztatuz delako korapiloa ez dela ilearen kalibrearen loditze soil bat baino (nahiz eta ez dakigun inongo antzeko kasuren berririk), edo zernahi silikato edo oxidoren baten jaulkitze bat, gainazal heze baten kontra luzaz egoteak sortua. Probablea da hodi txiki eta handien hainbat zatitan horrela egin dezagun aurrera, harik eta jo arte inor sartzen ausartuko ez den toki hura: ibaiaren norabidean lerrokaturiko hodi nagusia, detrituen biltze ekaiztsua, non inongo diruk, inongo txalupak, inongo eroskeriak ez baitigu utziko bilaketa jarraitzen. Baina hori baino lehenago, eta askozaz lehenago agian, konketaren ahotik zentimetro gutxira, bigarren solairuko apartamentuaren parean adibidez, edo lur azpiko lehen hoditerian, gerta daiteke ilea aurkitzea. Aski da pentsatzea horrek emango ligukeen pozean, zorte on hutsagatik aurrezturiko ahaleginen kalkulu harrituan pentsatzea, praktikan aukeratzeko, exijitzeko horrelako lan bat, maisu kontziente orok aholkatu behar liekeena ikasleei haurtzaro-haurtzarotik, haien arima hiruko erregela konposatuarekin edo Cancha Rayada-ko tristurekin lehortu beharrean.
IZEBA BAT GORABEHERETAN
Zergatik ote dugu atzeraka erortzeko halako beldurra duen izeba bat? Urteak badira familia ari dela borrokan bere obsesiotik senda dadin, baina gure porrota aitortzeko ordua heldu da. Zenbat ere egiten baitugu, izeba atzeraka erortzeko beldur da; eta haren maniak denoi erasaten digu, nire aitagandik hasita, zeinek haurridetasunez laguntzen baitio nora-nahi, eta lurzorua begiratuz baitoa izeba kezkarik gabe ibil dadin; bitartean nire ama patioa erraztatzen saiatzen da egunean hainbatetan, nire arrebek jasotzen dituzte terrazan xaloki dibertitzeko erabiltzen dituzten tenis pilotak, eta nire lehengusuek ezabatzen dute etxean ugari diren txakur, katu, dortoka eta oiloei egoztekoa den arrasto oro. Baina alferrik da, izeba ez da deliberatzen gelak gurutzatzera non ez den duda-muda luzeen, begizko behaketa amaiezinen eta une horretan hor dabilen zernahi mutili botatako hitz zakarren ondoren. Gero abian jartzen da, lehenik oin bat bermatuz eta boxeolari batek erretxina-kaxan bezala mugituz, gero bestea, haurtzaroan handientsua iruditzen zitzaigun higitze batez eramanez gorputza, eta hainbat minutuz luzatuz ate batetik bestera joatea. Gauza izugarria da. Hainbat alditan saiatu da familia nire izebari azalarazten koherentziaren batez atzeraka erortzeko bere beldurra. Behin batean, kodaina batek mozten ahal zuen isiltasun batez errezibitu genuen; baina gau batean, hesperidina edontzitxo bat hartu ondoren, izebak amore eman eta iradoki zuen atzeraka erortzen bazen ez zuela berriro jaikitzerik izango. Familiako hogeita hamabi senide laguntzera joateko prest zeuzkalako oharpen oinarrizkoari, begirada adoregabe batekin eta bi hitzekin erantzun zion: “Gauza bera”. Zenbait egun geroago, nire anaia zaharrenak gauaz sukaldera deitu zidan eta labezomorro bat erakutsi zidan hankaz gora eroria harraskaren azpian. Elkarri ezer esan gabe, buelta emateko egin zuen borroka alfer eta hutsalaren ikusle gertatu ginen; bitartean beste labezomorro batzuk, argiaren larderia gaindituz lurzoruan zebiltzan eta hankaz gorako egoeran zetzanaren ondo-ondotik pasatzen ziren. Malenkonia nabari batez joan ginen ohera, eta hau dela edo bestea dela, inork ez zuen berriro izeba galdekatu; haren beldurra ahal zen neurrian arindu, toki guztietara lagundu, zoru ez-labainkorreko zapata ugari eta beste gailu egonkortzaileak erosi baino ez genuen egin. Horrela jarraiki zen bizitza, eta ez zen beste bizitza batzuk baino okerragoa.
IZEBA ESPLIKATURIK EDO EZ
Nor gehiago nor gutxiago, nire lau lehengusu propioak filosofiara dedikatzen dira. Liburuak irakurtzen dituzte, eztabaidan jarduten dute beren artean, eta familiako gainerako kideek urrundik miresten dituzte, leial izanik besteen lehentasunetan ez sartzeko, eta are haiek, ahal den neurrian, faboratzeko printzipioari. Mutil horiek, zeinei errespetu handia baitiet, nire izebaren beldurraren arazoa planteatu zuten behin baino gehiagotan, eta ondorio ilun baina agian aintzat hartzekoetara heldu ziren. Antzeko kasuetan gertatzen den moduan, izeba zen jardute hauez gutxien jabetzen zena, baina garai hartatik gero familiaren adeitasuna areagotu egin zen. Urtetan lagun egin diogu izebari salatik patioaurrerako, logelatik bainugelarako, sukaldetik arasarako espedizio zalantzatietan. Inoiz ez zitzaigun iruditu lekuz kanpokoa aldamenka lo egin zezan eta gauean gelditasunik erabatekoena gorde zezan, egun bikoitietan eskuin aldera eta bakoitietan ezker aldera. Jangelako eta patioko aulkietan izeba oso tente kokatzen da; ez luke inondik ere onartuko kulunkaulki edo Morris besaulki baten erosotasuna. Sputnikaren gauean familia lurrera bota zen patioan sateliteari begiratzeko, baina izeba eserita egon zen eta hurrengo egunean lepagogor izugarria izan zuen. Apurka-apurka geure buruak konbentzituz joan ginen eta gaur egun etsia harturik gaude. Gure lehengusu propioek laguntzen digute, zeinek buruargitasun begiradekin aipatzen baitute kontua eta “Arrazoi du” bezalako gauzak esaten baitituzte. Baina zergatik? Ez dakigu, eta berek ez digute azaldu nahi. Niri, adibidez, bizkarrez egotea erabat erosoa iruditzen zait. Gorputz osoa bermatzen da lastairan edo patioko lauzetan, orpoak sentitzen dituzu, zango-mamiak, izterrak, ipurmamiak, bizkarra, sorbalda-hezurrak, besoak eta garondoa, zeinek gorputzaren pisua banatzen baitute eta hedatzen lurrean, nolabait esan, hain ondo eta natural hurbiltzen baitute irentsi beharrez erakartzen gaituen gainazal horretara, iduri lukeenez hurrupatu nahi gintuzkeena. Bitxia da niri bizkarrez egotea jarrera naturalena gertatzea, eta batzuetan susmoa dut nire izebak horregatik diola izularria. Niri ezin hobea iruditzen zait, eta uste dut azken batean erosoena dela. Bai, ongi esan dut: azken batean, azken-azken batean, bizkarrez. Beldur pixka bat ere ematen dit, eta ezin dut azaldu hori. Nola gustatuko litzaidakeen bera bezalakoa izatea, eta nola ezin dudan.
TIGRE-PAUSATZAILEAK
Gure ideia gauzatu aurretik bagenekien tigreak pausatzeak arazo bikoitza zekarrela, sentimentala eta morala. Lehendabizikoa pausatzeari baino areago tigreari berari zegokion, ez baitzaie felino horiei gustatzen pausaraz ditzaten, eta beren kemen guztia, ikaragarria dena, erabiltzen baitute aurre egiteko. Litekeena al zen egoera hartan animalia haien idiosinkrasiari aurpegi ematea? Baina galderak plano moralera eramaten gintuen, non ekintza oro izan baitaiteke bikaintasunaren edo zitalkeriaren kausa edo ondorioa. Gauaz, Humboldt kaleko gure etxetxoan, hausnarketan aritzen ginen, arroz-esne kanelaz eta azukrez ihinztatzeaz ahaztu katiluen aurrean. Ez geunden benetan ziur tigre bat pausarazi ahal izateaz, eta mina ematen zigun. Azkenean erabaki zen bat pausatuko genuela, mekanismoa bere konplexutasun osoan aritzen ikusteko helburu soilarekin, eta geroago ebaluatuko genituela emaitzak. Ez dut hemen hitz egingo lehen tigrea eskuratzeaz; lantegi sotil eta neketsua izan zen, kontsuletxe eta drogerietan lasterka egite bat, billeteen, hegazkin bidezko gutunen eta hiztegi lanaren irazki korapilatsu bat. Gau batean nire lehengusuak iodo tinturaz estaliak iritsi ziren: arrakasta zen hori. Hainbeste nebiolo ardo edan genuen non nire arreba txikiak mahaiko zapia eskuareaz kendu baitzuen azkenean. Garai hartan gazteagoak ginen. Orain, dakizkigun ondorioak eman dituenean esperimentuak, ematen ahal ditut pausatzearen xehetasunak. Giroari dagokion guztia dateke zailena agian, zeren beharrezkoa baita ahalik eta altzari gutxieneko gela bat, harritzeko gauza Humboldten. Erdian trepeta jartzen da: bi ohol gurutzatu, hagatxo malgu sorta bat eta buztinezko pitxer bat esne eta urarekin. Tigrea pausatzea ez da zailegia, nahiz eta gerta daitekeen operazioak huts egitea eta errepikatu behar izatea; benetako zailtasuna hasten da noiz ere tigreak, dagoeneko pausatua, askatasuna berreskuratu eta erabiltzea —hainbat aukera posibletan— erabakitzen baitu. Erdikoa deituko dudan etapa horretan, oinarrizkoak dira nire familiaren erreakzioak; nire arreben portatzeko moduari dagokio guztia, nire aitaren trebetasunari tigrea birpausatzean, goienean erabiliz hura, eltzegileak buztina bezala. Huts txikiena hondamendia izango litzateke, fusibleak erreak, esnea lurrean, begi fosforeszente batzuen laztura ilunpeak urratzen, turrusta epelak atzaparkada bakoitzean; uko egiten diot are imajinatzeari, orain arte tigrea ondorio arriskutsurik gabe pausatu dugunez gero. Bai trepetak, bai guztiok —tigretik hasi eta nire lehengusu txikietaraino— bete behar ditugun funtzio desberdinek eraginkorrak dirudite eta harmoniaz giltzatzen dira. Guretzat tigrea pausatzeko egitatea bera ez da garrantzizkoa, zeremonia transgresio gabe bururaino betetzea da kontua. Beharrezkoa da tigreak onar dezan pausatua izatea, edo halako eran pausatua izan dadin non haren onartzeak edo ukoak garrantzirik izan ez dezan. Norberak erabakigarritzat —agian bi oholak direla-eta, agian topiko hutsez— jotzeko tentazioa lukeen istantetan, neurriz gaineko beroaldi batek hartua sentitzen da familia, eta nire lehengusina propioek konbultsioz lotzen eta deslotzen dituzte hatzak. Tigrea pausatzeak badu erabateko elkarganatzearen antxa, absolutu bati buruzko alineazioaren antxa; hain gauza apurrari dagokio oreka, eta hain prezio altuan ordaintzen dugu non pausatzeari darraizkion eta haren betegintzarrea erabakitzen duten une laburrek geure baitatik-edo erauzten baikaituzte, aurrean eramaten baitute tigretasuna eta gizatasuna, zorabio, geldiune eta lehorreratze den higidura geldi bakar batean. Ez dago tigrerik, ez dago familiarik, ez dago pausatzerik. Ezin jakin zer dagoen: haragi honena ez den ikara bat, denbora zentral bat, kontaktu zutabe bat. Eta gero patio estalira atera ginen denok, eta gure izebek zopa dakarte zerbaitek abestuko balu bezala, bataio batera joango bagina bezala.
HILBEILETAKO PORTAERA
Ez goaz anisagatik, ezta ere joan behar delako. Honezkero susmatuko zen: hipokrisiaren era disimulatuenak ezin ditugulako jasan joaten gara. Nire lehengusina-txiki nagusia arduratzen da doluaren izaera egiaztatzeaz, eta egiazkoa bada, negar egiten bada negarra delako gizon horiei eta emakume horiei gelditzen zaien gauza bakarra nardo edo kafe usainen artean, orduan etxean geratzen gara eta urrundik lagun egiten diegu. Gehienez ere nire ama joaten da tarte batez eta diosal egiten du familiaren izenean; ez zaigu laket errespetugabekeriaz tartekatzea gure bizitza, itzalarekiko elkarrizketa horretaz bestelakoa dena. Baina nire lehengusinaren ikerketa patxadatsutik sortzen bada patio estali batean edo salan engainuaren tripodeak muntatu direla, orduan familiak janzkirik hoberenak janzten ditu, zain egoten da hilbeila prest egon arte, eta agertuz doa apurka baina gupidagabe. Pacífico-n patio loreontzidun eta irrati-musikadun batean gertatzen dira gauzak ia beti. Okasio hauetan auzokideek amore ematen dute irratiak itzaliz, eta jasminak eta ahaideak baino ez dira gelditzen, pareten kontra txandakatzen. Banaka edo binaka heltzen gara, askaziak agurtzen ditugu, zeinak erraz ezagutzen baitira negar egiten dutelako norbait sartzen ikusi orduko, eta bagoaz hilaren aurrean makurtzera, ahaide hurbilen batek lagun eginik. Ordu bat edo bi geroago familia osoa dago hilaren etxean, baina auzokideak ongi ezagutzen bagaituzte ere, nor bere kabuz etorri balitz bezala aritzen gara eta ia ez dugu gure artean hitz egiten. Metodo zehatz batek antolatzen ditu gure egintzak, aukeratzen ditu hizketakideak, horiekin sukaldean, laranjondo azpian, logeletan, atarian solastatzen gara, eta noizean behin patiora edo kalera ateratzen gara erretzera, edo itzulia egiten diogu etxe sailari, kirol edo politikari buruzko iritziak eztabaidatzera. Ez digu denbora asko kentzen askazi hurbilenen sentipenak ikertzeak, kaña edontzitxoak, mate gozoa eta Particular arinak dira zubi konfidentziala; gauerdia baino lehen seguru gaude, kontzientziak ausiki egin gabe ari gaitezke. Jeneralean nire arreba txikienak dauka lehen borrokatxoaren kargua; hilkutxaren oinetan trebeki kokatua, zapi more batekin estaltzen ditu begiak eta negarrez hasten da, lehenik isilik, zapia ezin sinetsizko eran blaituz, gero zotin eta arnasestuekin, eta azkenik lantualdi ikaragarri batek erasotzen dio, zeinak behartzen baititu auzokideak larrialdi horietarako prestaturiko ohera eramatera, azahar ura usaintzen ematera eta kontsolatzera, beste auzokide batzuk ahaide hurbil krisiak tanpez kutsatuez arduratzen diren bitartean. Tarte batez jende pilatzea dago hil kaperaren atean, galderak eta berri isilak, besagain uzkurtzeak auzokideen aldetik. Dena eman behar izan duten ahalegin batek abaildurik, askaziek bere adierazpenak apaltzen dituzte, eta une horretan bertan nire hiru lehengusina-txikiak negarrez hasten dira manerakeriarik gabe, oihurik gabe, baina hain hunkigarriki non ahaideek eta auzokideek emulazioa sentitzen baitute, ikusten dute ezinezkoa dela atseden hartzen horrela gelditzea beste etxe sailekoak halako eran atsekabetzen diren bitartean, eta berriro egiten dute bat negarreztatze orokorrarekin, berriro egin behar da leku oheetan, trabatu andre edadetuak, gerrikoa lasaitu gizon zahartxo inarrosiei. Nire anaiak eta ni une horren zain egoten gara normalean salan sartzeko eta hilkutxaren ondoan kokatzeko. Harrigarria badirudi ere, benetan gaude atsekabetuak, ezin dugu inoiz arreben negarra entzun urduritasun mugagabe batek gure bularra bete gabe eta gure oroimenera etorrarazi gabe haurtzaroko gauzak, zelai batzuk Villa Albertinatik hurbil, tranbia bat Bánfielden, General Rodríguez kalean bihurgune bat hartzean kirrinka egiten zuena, horrelako gauzak, hain tristeak beti. Aski dugu hilaren esku gurutzatuak ikustea lantuak kolpetik aurrean eraman gaitzan, behartu gaitzan aurpegia estaltzera lotsaturik, eta bost gizon gara benetan negarrez ari direnak hilbeilan, askaziek, gu berdintzeko, hatsa etsi gaiztoz batzen duten bitartean, sentitzen dutelarik frogatu behar dutela kostarik kosta hilbeila berena dela, berek baino ez dutela etxe horretan negar egiteko eskubidea. Baina gutxi dira eta gezurretan ari dira (hori gure lehengusina-txiki nagusiagatik dakigu, eta indarra ematen digu). Alferrik metatzen dituzte zotinak eta konorte galtzeak, alferretan laguntzen dituzte auzokideek beren kontsolagarri eta gogoetekin, eramaten eta ekartzen dituztelarik atseden har dezaten eta borrokara itzuli daitezen. Nire gurasoek eta nire osabak ordezkatzen gaituzte orain, badago zerbait errespetua ezartzen duena, Humboldt kaletik —bost etxe sail izkinatik kontatzen hasita— zendua beilatzera etorri diren agure horien oinazean. Auzokide koherenteenak deseroso ibiltzen hasten dira, bertan behera uzten dituzte askaziak, sukaldera doaz grapa edatera eta ahomentatzera; ahaide batzuek, ordu eta erdiko lantu jarraituak leher eginik, hil-arnasestuka egiten dute lo. Gu hurrenez hurren txandakatzen gara, baina prestaturiko zerbaiten itxura eman gabe. Goizeko seiak baino lehen hilbeilaren jabe eztabaidarik gabekoak gara, auzokide gehienak lotara joan dira beren etxeetara, ahaideak hainbat jarrera eta sorgortze mailatan dautza, egunsentia pizten da patioan. Ordu horretan nire izebek mokadu kementsuak antolatzen dituzte sukaldean, kafe irakina edaten dugu, distiraz begiratzen diogu elkarri, atarian edo logeletan gurutzatzen garenean; badugu antzen bat badatozen eta badoazen, antenak igurzten dabiltzan inurriekin. Hil-orga heltzen denean hartuak daude xedapenak, nire arrebek daramatzate ahaideak zenduari agur esatera hilkutxa itxi baino lehen, eusten eta bihotz ematen diete, bitartean nire lehengusinak eta nire anaiak aurreratuz doaz harik eta haiek kaleratzen dituzten, azken agurra laburtzen duten eta hilaren ondoan bakarrik gelditzen diren arte. Akiturik, bidea galdurik, lausoki ulertuz baina ezgauza erreakzionatzeko, askaziak eramanak eta ekarriak dira, ezpainetaratzen zaien edozer gauza edaten dute eta protesta lauso funsgabeekin erantzuten dizkiete nire lehengusinen eta nire arreben arta maitekorrei. Abiatzeko ordua denean eta etxea ahaidez eta adiskidez betea dagoenean, antolaketa ikusezin baina arrakalagabe batek erabakitzen du mugimendu bakoitza, ehorztetxeko zuzendariak men egiten die nire aitaren aginduei, hilkutxa higitzea nire osaba nagusiaren keinuen arabera egiten da. Inoiz edo behin azken unean iritsiriko ahaideek eskabide eragabe bat aurreratzen dute; auzokideek, dagoeneko etsirik dena behar bezala dela, eskandalizaturik begiratzen diete eta isilarazten dituzte. Hil-organ nire gurasoak eta nire osabak kokatzen dira, nire anaiak bigarrenera igotzen dira, eta lehengusinak etortzen dira askaziren bat onartzera hirugarrenean, non kokatzen baitira lepoko oihal beltz eta moreetan bilduak. Gainerakoak ahal den lekuan sartzen dira, eta badira ahaideak taxi bati deitzera behartuak gertatzen direnak. Eta haietako batzuek, goizeko haizeak eta bidearen luzeak bizkorturik, birkonkistatze bat bilbatzen badute nekropolian, garratza da beren desengainua. Ozta heldu da kutxa peristilora, nire anaiek inguratzen dute familiak edo hilaren adiskideek hautatu hizlaria, erraz ezagut daitekeena ilun itxurako aurpegia eta berokiaren sakela puzten duen bilkaria direla eta. Eskua estutzen diotelarik berokiaren papar hegalak blaitzen dizkiote, tapioka hots bigun batez bixkarrekoak ematen dizkiote, eta hizlariak ezin du eragotzi nire osaba txikiena tribunara igotzea eta hitzaldi saila irekitzea, beti zuhurtasun eta egia eredu den otoitz batekin. Hiru minutu irauten du, hila baino ez du aipatzen, haren bertuteak murrizten ditu eta haren akatsen berri ematen, gizatasuna kendu gabe esaten duen ezeri; errotik hunkitua dago, eta batzuetan kosta egiten zaio amaitzea. Jaitsi bezain laster, nire anaia nagusiak hartzen du tribuna eta laudoriozko hitzaldiaz arduratzen da auzokideen izenean, helburu horretarako izendatu auzokidea, bere txalekotik zintzilik negarrez ari diren nire lehengusinen eta arreben artean aurrera egiten saiatzen den bitartean. Nire aitaren keinu xalo baina larderiatsu batek ehorztetxeko langileak mobilizatzen ditu; katafalkoa eztiki hasten da ibiltzen, eta hizlari ofizialak zutik gelditzen dira tribunaren oinean, elkarri begira eta beren hitzaldiak esku hezeekin marruskatzen. Jeneralean ez dugu hilari bobeda edo hilobiraino lagun egiteko lana hartzen, baizik eta buelta eman eta denok elkarrekin ateratzen gara, hilbeilako gorabeherez jardunez. Urrutitik ikusten dugu nola ari diren ahaideak etsituki lasterka hilkutxaren kordoietakoren bati heltzeko, eta nola borrokatzen diren auzokideekin zeinak bitartean jabetu baitira kordoiez eta nahiago baitute berek eraman, ahaideek eramatea baino.
Kronopioen eta famen istorioak |