Kronopioen eta famen istorioak
I KRONOPIOEN, FAMEN ETA ITXAROPENEN LEHEN AGERPENA, FASE MITOLOGIKOA
FAMEN OHITURAK
Behin batean fama batek tregoa dantzatzen zuen eta dasta dantzatzen zuen, kronopioz eta itxaropenez beteriko biltegi baten aurrean. Haserreen zeudenak itxaropenak ziren, beti saiatzen baitira famek ez dezaten dantza ez tregoa ez dasta, ezpada esperoa, hots, kronopioek eta famek dakiten dantza. Famak propio jartzen dira biltegien aurrean, eta honako honetan famak tregoa dantzatzen zuen eta dasta dantzatzen zuen itxaropenak gogaitarazteko. Itxaropenetako batek lurrean utzi zuen bere flauta-arraina —zeren itxaropenei, Itsasoaren Erregeari bezala, flauta-arrainek laguntzen baitiete beti— eta fama madarikatzera atera zen, hau esanez: —Fama, ez dantzatu ez tregoa ez dasta biltegi honen aurrean. Famak dantzan jarraitzen zuen eta barre egiten zuen. Itxaropenak beste itxaropen batzuei deitu zien, eta kronopioak inguruan bildu ziren, zer gertatuko zen ikusteko. —Fama —esan zuten itxaropenek— ez dantzatu ez tregoa ez dasta biltegi honen aurrean. Baina famak dantzatzen zuen eta barre egiten zuen, itxaropenak gutxiesteko. Orduan itxaropenek famaren gainera egin zuten jauzi eta min egin zioten. Hesi baten ondoan botata utzi zuten, eta famak intziri egiten zuen, bere odolean eta bere tristuran bildurik. Kronopioak, gauzaki berde eta heze horiek, isilean etorri ziren. Fama inguratzen zuten eta haren erruki ziren, hau esanez: —Kronopio kronopio kronopio. Eta famak ulertzen zuen eta bere bakartasuna ez zen hain mingotsa.
FAMEN DANTZA
Famak kantan ari dira inguruan famak kantan eta mugitzen ari dira
—dasta tregoa tregoa esperoa
Famak dantzan ari dira gelan farolatxo eta errezelekin dantzan eta kantan ari dira halako moduan
—dasta tregoa esperoa tregoa
Plazen zaintzaileok, nolatan uzten diezue famei irteten, dantzan eta kantan aske aritzen, famak, kantan dasta tregoa tregoa, dantzan tregoa esperoa tregoa, nolatan? Kronopioak (gauzaki berde, ile-laztu, heze horiek) oraindik kaleetan zehar ibiliko balira, saihesten ahalko ziren diosal batez: —salena on kronopiook kronopiook. Baina famak.
KRONOPIOAREN BOZKARIOA
Kronopio baten eta fama baten topaketa La Mondiale dendaren likidazioan. —Salena on kronopiook kronopiook. —Arratsalde on, fama. Tregoa dasta esperoa. —Kronopio kronopio? —Kronopio kronopio. —Haririk? —Bi, baina bat urdina. Famak gogoan darabil kronopioa. Ez du inoiz hitz egingo, harik eta jakin arte haren hitzak egokienak direla, beldur baita itxaropen beti ernaiak, mikrobio dirdaitsu horiek, ez ote diren airean lerratuko, eta okerreko hitz bat medio, ez ote duten kronopioaren bihotz onbera inbadituko. —Kanpoan euria ari du —dio kronopioak—. Zeru osoa. —Ez kezkatu —dio famak—. Nire autoan joango gara. Hariak babesteko. Eta aireari begiratzen dio, baina ez du inongo itxaropenik ikusten, eta hasperen egiten du pozik. Gainera atsegin du kronopioaren bozkario hunkigarria ikustea, hark bere bularraren kontra baititu bi hariak —bat urdina— eta zain baitago irrikaz famak bere autoan sartzera noiz gonbidatuko duen.
KRONOPIOAREN TRISTURA
Luna Park-etik ateratzean kronopio batek ikusten du bere erlojuak atzeratzen duela, bere erlojuak atzeratzen duela, bere erlojuak duela. Kronopioaren tristura, famen andanaren aurrean, Corrientes-en gora baitoa hamaikak eta hogeian, eta bera, gauzaki berde eta hezea, hamaikak eta laurdenetan doa. Kronopioaren gogoeta: “berandu da, baina niretzat ez famentzat bezain berandu famentzat bost minutu geroago da, geroago iritsiko dira beren etxeetara, geroago oheratuko dira. Bizi gutxiagoko erlojua dut nik, etxe gutxiagokoa eta oheratze gutxiagokoa kronopio dohakabe eta hezea naiz ni”. Floridako Richmond-en kafea hartzen duen bitartean, kronopioak txigorki bat bustitzen du bere malko naturalekin.
Kronopioen eta famen istorioak |