Exkerraren zain (3)
Clifford Odets

1935
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2013

 

Laborategiko laguntzailearen gertatua

 

(Fayette, industriala. Miller, enplegatua, emakumezkoa da)

 

FAYETTE. Gustatzen?

 

MILLER. Asko. Ez nuen inoiz honelako bulego bat ikusi, filmeetan izan ezik.

 

FAYETTE. Batzuetan pentsatzen dut dokoratzaile hauek Hollywoodetik ateratzen dituztela ideiak. Gure nazioa izugarria da alde horretatik. Garbotarrek edo Crawfordtarrek halako edo bestelako xaboia erabiltzen dutela jakin orduko, salmentek gain hartzen diote produkzioari.

 

MILLER. Ez dut uste hain erraza denik, mister Fayette.

 

FAYETTE. Bai, arrazoia daukazu. Egia esan... lehia izugarrian bizi gara. Merkatua saturatua dago eta paretaren kontra jotzen dugu. Hobe genuke astronomoek Marteraino eramango balute gure zabalkunde komertziala.

 

MILLER. Ez ote litzateke okerragoa izango?

 

FAYETTE. Erretzen al duzu?

 

MILLER. Ez, eskerrik asko.

 

FAYETTE. Tanta bat?

 

MILLER. Ezta ere, mister Fayette.

 

FAYETTE. Langile sobrioak gustatzen zaizkit... adituetan, bereziki. Poloniarrak eta beltzak berriz, nahiago ditut mozkortuta, horrela ez dute pentsatuko. Zertarako deitu zaitut?

 

MILLER. Horixe galdetu nahi nizun, gaizki iruditzen ez bazaizu.

 

FAYETTE. (Belaun gainean txalo joz). Gustuko dut zure lana.

 

MILLER. Eskerrik asko.

 

FAYETTE. Ez dut konprenitzen zergatik zurea bezalako talentua duen emakume batek ez duen gorantz egin behar gure entrepresarekin batera. Gure antolamenduan saritzen dugu leialtasuna. Ikusi duzu Sigfrid gaur?

 

MILLER. Ez naiz laborategian egon goiz osoan.

 

FAYETTE. Atzo esan nion hilerokoa 20 dolarretan igotzeko, aste honetatik aurrera.

 

MILLER. Ez dakizu zeinen pozik jarriko den nire ama...

 

FAYETTE. O, bai, pentsatzekoa da... (Barrez).

 

MILLER. Hori al zen guztia, mister Fayette?

 

FAYETTE. Bai, eta jakin ezazu bihartik aurrera A laborategira pasako zarela. Sigfridek badaki. Horregatik deitu zaitut. Zure lan berria oso garrantzitsua da. Sigfridek zure gomendioa egin zigun, biziki. Konfiantzazkoa omen zara. Brenner doktorearen agindu zuzenetara egongo zara. Gustatzen?

 

MILLER. Asko. Oso kimikari ona da.

 

FAYETTE. (Oso serio begiratzen dio). Hala uste dugu guk ere, Miller. Horregatik eskatzen dizugu entrepresan gelditzeko berarekin lanean ari zaren denbora guztian.

 

MILLER. Esan nahi duzu, jan eta lo bertan eginez?

 

FAYETTE. Horixe.

 

MILLER. Konponduko nintzateke.

 

FAYETTE. Ederto. Urrun iritsiko zara hemen, missis Miller.

 

MILLER. Eta galde al nezake nolakoa izango den nire lan berria?

 

FAYETTE. (Inguruan begiratzen du hitz egin aurretik). Gas itogarriak...

 

MILLER. Gasak?

 

FAYETTE. Goiko aginduak. Ez dizut esango nondik. Gas itogarri mota berria da, gerla modernorako.

 

MILLER. Ulertzen dut.

 

FAYETTE. Badakizu gerla berri baten atarian gaudela...

 

MILLER. Ez nekien.

 

FAYETTE. Erran gabe doa sekretupekoa dela hau dena.

 

MILLER. Jakina.

 

FAYETTE. Gaur egun mundua kaserna handi bat da, missis Miller. Eta pospolo batek su emango lioke 48 ordutan. Eta osaba Sam ez dute lo harrapatuko.

 

MILLER. Esaten dute hamabi milioi hil zirela azkenekoan. Eta beste hogei izan zirela zaurituak eta desagertuak.

 

FAYETTE. Bai, noski, baina... Tira, entrepresa handiak sentimental jarriko balira... ez legoke entrepresa handirik egongo.

 

MILLER. Anaia eta bi lehengusu erori ziren azkenekoan.

 

FAYETTE. Kausa on baten alde.

 

MILLER. Amak ezetz dio.

 

FAYETTE. Emakumea zara, eta ez zaituzte frontera eramango. Gainera, zu oso baliosa zaitugu atzeguardian...

 

MILLER. Hobe.

 

FAYETTE. Tira, missis Miller. Esandakoa. Zoaz Sigfridengana, berak esango dizu zer egin.

 

MILLER. Ikusi behar zen nire anaia. Bizikletan ibiltzen zen eskuekin eutsi gabe...

 

FAYETTE. Hobe zenuke arropa batzuk ekartzea bihar bertan. Eta ez ahaztu: gorantz goazen entrepresa gara.

 

MILLER. Ehun yardak bederatzi segundo eta zortzi ehunenekotan egiten zituen.

 

FAYETTE. Nork?

 

MILLER. Anaiak, nire anaiak. Meuse-Argonne-ko hilerrian dago. Ama han izan zen 26an...

 

FAYETTE. Bai, gauza gogorrak dira. Zer moduz idazten duzu, missis Miller?

 

MILLER. Halamoduz.

 

FAYETTE. Informe bat behar dut astero.

 

MILLER. Nolako informea?

 

FAYETTE. O...! Ehunen bat hitz astean behin. Brenner doktorearen lanei buruz.

 

MILLER. Ez ote litzateke hobea berari eskatzea?

 

FAYETTE. Ez dizut horrelakorik agindu.

 

MILLER. Barkatu.

 

FAYETTE. Jakin nahi dudana da zertan dauden Brenner doktorearen lanak. Informeak gu bion arteko gauza izango dira. Isilekoak.

 

MILLER. Esan nahi duzu zelatan ibili beharko dudala.

 

FAYETTE. Hain zuzen.

 

MILLER. Ezin dut horrelakorik egin.

 

FAYETTE. 30 dolar gehiago hileko.

 

MILLER. Lehenago 20 esan duzu.

 

FAYETTE. Orain 30 diot.

 

MILLER. Ez dut balio horrelako gauzetarako.

 

FAYETTE. Berrogei.

 

MILLER. Espioitza ez dut gustuko, mister Fayette.

 

FAYETTE. Hitz zatarra erabili duzu, missis Miller.

 

MILLER. Gauza zatarrak baitira.

 

FAYETTE. Egizu kontu, emakumea. Zuk hemen dituzun aukerak mugagabeak dira.

 

MILLER. Ez.

 

FAYETTE. Eta aberriaren alde ariko zinateke. Japoniar madarikatu horiek eraso egiten baldin badigute, zu bezalakoek bermatuko dute Estatu Batuen segurtasuna. Ez dituzu egunkariak irakurtzen?

 

MILLER. Komikiak besterik ez.

 

FAYETTE. Egunkariak irakurriko bazenitu, jakingo zenuke benetan ari naizela. Baina ez da preziso orain bertan erabakitzea. Pentsa ezazu bazkalorduan.

 

MILLER. Ez.

 

FAYETTE. Erabakia daukazu?

 

MILLER. Bai.

 

FAYETTE. Eta ikusten dituzu ondorioak?

 

MILLER. Igoera galduko dut...

 

(Aldi berean). MILLER. ...eta lanpostua ere bai!

 

(Aldi berean). FAYETTE. ...eta lanpostua ere bai!

 

MILLER. Zuk ez zenuke ulertuko... Nahiago nuke aitzurrean.

 

FAYETTE. Aitzurrean? Etorkinen lana da hori. Eta gizonezkoena.

 

MILLER. Eta zelatatzea? Eta gas itogarriak fabrikatzea? Ipar-amerikarren lana al da?

 

FAYETTE. Zeuk erabaki.

 

MILLER. Erabakia dago.

 

FAYETTE. Haserre?

 

MILLER. Noski! Ni ez naiz zu bezalako zibilizatua, mister Fayette. Nik ez daukat leunetik eta dotoretik ezer. Eta haserre nago, bai. Hain haserre, ze, zu eta zure antzeko guztiak ipurdian ostiko bana emanda botako nituzkeen mundutik! (Eta hala egiten du).

 

(Ilundu egiten da).

 

Exkerraren zain (3)
Clifford Odets

1935
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2013