Exkerraren zain (6)
Clifford Odets

1935
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2013

 

Sendagile internoaren gertatua

 

(Barnes doktorea, adineko gizona, itxura dotorekoa, telefonoz ari da.

Kasaka zuria janzten du).

 

BARNES. Ez, nik eman nizun nire iritzia bi aldiz. Zuek irabazi zenuten bozketan. Zuk egin zenion hori Benjamin doktoreari, eta zeuk erabaki beharko duzu. (Haserre eskegitzen du. Mahai gainean daukan bonbila batetik zurruta egiteko dagoenean, kolpe bat entzuten da atean). Nor da?

 

BENJAMIN (kanpotik). Minutu bat, mesedez!

 

BARNES (Botila ezkutatzen du). Aurrera, Benjamin doktorea, aurrera!

 

BENJAMIN. Garrantzizkoa da. Barka ezazu molestatzea, baina Leeds jarri dute nire ordez. Lewis anderea operatzen ari da, histerektomia dauka, eta kasu hori neurea da. Nik garbitu eta prestatu dut... eta azken unean kendu egin didate. Ez zait ardura ni kentzea, baina Leeds hori inkonpetente hutsa baita... Ez litzaioke utzi behar.

 

BARNES (zakar). Leeds senatorearen biloba dugu Leeds.

 

BENJAMIN. Bai, baina inkonpetente hutsa da.

 

BARNES (gaia aldatuz, probeta bat hartzen du). Gaur egun gauza zoragarriak egiten dira garunetako kirurgian. Hementxe duzu adibide eder bat...

 

BENJAMIN. Barka ezazu, uste nuen interesatuko zitzaizula...

 

BARNES (probeta begi bistatik kendu gabe). Egia esan interesatu egiten zait, baina etzazu ahaztu Lewis anderea doako zerbitzuari dagokiola.

 

BENJAMIN. Noski, bestela ez zuketen onartuko Leeds operatzaile.

 

BARNES. Arriskuan al du bizia?

 

BENJAMIN. Noski. Ongi dakizu zeinen larria den kasu hau.

 

BARNES. Tira, begira ezazu beste alde batera. Ez duzu asko irabaziko kexaka ibilita. Etzazu ahaztu ez direla medikuak ospitale hau kudeatzen dutenak. Leeds senatorearen biloba da Leeds, eta berak operatuko du.

 

BENJAMIN. Hau zoritxarra!

 

BARNES. Ez da zure errua (mahai gainean uzten du probeta, zakar). Baina... zer arraio! Nire errua dela uste duzu? Jarri zaitez!

 

BENJAMIN. Barka ezazu, ezin dut jesarri.

 

BARNES. Ba orduan jarrai ezazu zutik!

 

BENJAMIN (jesarri egiten da). Konpreni ezazu, Barnes doktorea. Ez naiz kexatzen azken unean ordezkatu nautelako. Baina kasu honetan, diskriminazio soziala egin da. Emakume hori aberatsa izan balitz...

 

BARNES. Zaindu zure berbak, mesedez. Diskriminazio sozialarenak ez du indarrik hemen. Zuek, gazte azkarrok, oso zorrotzak zarete, baina oso ergelak ere bai. Zuhurtziaz! Entzun duzu inoiz, hitz hori?

 

BENJAMIN. Zorrotzegia al naiz?

 

BARNES. Noski. Eta horrela zeure burua gal zenezake.

 

BENJAMIN. Nire lanpostua ez esatearren.

 

BARNES. Esan al dizute?

 

BENJAMIN. Esan didaten, zer.

 

BARNES. Hirugarren aretoa itxi egingo dela datorren hilean. Jakin behar zenuke ospitale hau ez dela berez mantentzen. Lehengo urtera arte bagenuen elkarte ongile bat defiziten jabe egiteko... asma ezazu zer gertatu den. Batzordeko bilera batean, lehengo asteartean, gure adiskideok ikusi zuten ezin zutela azken hiru hilabeteko defizita berdindu, ehun mila dolar gutxi gora behera. Eta ospitaleak lanean jarraituko badu, egin litekeen onena da...

 

BENJAMIN. Doako beste areto bat ixtea.

 

BARNES. Hala diote (isilune bat).

 

BENJAMIN. Baina hori ez da dena.

 

BARNES (lotsatuta). Langilegoa murriztu behar da.

 

BENJAMIN. Jakina! Eta horrek ni afektatzen nau.

 

BARNES. Baietz esango nuke.

 

BENJAMIN. Giltzarria naiz ni hemen. Ez dut esango inor baino hobea naizenik, baina lan gehiena egiten duena naiz.

 

BARNES. Nik ere badakit hori.

 

BENJAMIN. Beti pentsatu izan dut behetik hasiko zirela murrizten.

 

BARNES. Hala egiten da normalean.

 

BENJAMIN. Eta kasu honetan?

 

BARNES. Ustekabeko batzuk.

 

BENJAMIN. Adibidez?

 

BARNES (zalantzan). Nire gustukoa zara, Benjamin. Lotsagarria da!

 

BENJAMIN. Zer gertatzen da?

 

BARNES. Eritasun zahar bat, minbizia sor dezakeena... Eta antitoxina bat bilatu behar dugu.

 

BENJAMIN. Jabetzen naiz...

 

BARNES. Zertaz jabetzen zara?

 

BENJAMIN. “Eritasun” berdina izan nuen... Harvard-en.

 

BARNES. Zuk antzinatasuna daukazu hemen, Benjamin.

 

BENJAMIN. Baina judua naiz, hori da nire “eritasuna” (Barnesek baietz egiten du buruarekin. Benjamin isilik gelditzen da, eta gero zintzatu egiten du sudurra, ozen).

 

BARNES (honek ere sudurra zintzatuz). Mikrobioak!

 

BENJAMIN. Presio handia egin al dute goitik?

 

BARNES. Ez pentsa Kennedy eta biok defendatu ez zintugunik!

 

BENJAMIN. Eta diskriminazioa berdin egiten da, batzordean judu aberatsak biltzen diren arren.

 

BARNES. Konturatua nintzen horretaz lehendik ere. Ez dago alde handirik judu aberatsen eta kristau aberatsen artean. Mailu berdinaz jo zituzten.

 

BENJAMIN. Gurasoek sakrifizio handiak egin zituzten ni aurrera ateratzeko. Denda txiki bat zeukaten Bronxen, azken krisian erreka jo zuten arte. Aita korbatak saltzen dabil kalez kale... Saul Ezra Benjamin, bizi osoa Spinoza irakurtzen pasa duen gizona.

 

BARNES. Ez dira medikuak nazio honetako medikuntza kudeatzen dutenak. Adituek, dakitenek, ez dute ezer kudeatzen hemen! Tranbiako gidariek, beharbada. Nik aldaketa handiak ikusi ditut medikuntzan, anestesia eta antisepsia iristen ezagutu ditut, baina ez aberatsei esker. Aitzitik, aberatsen aurka! Eta aberatsen herri honetan, nortasuna lurperatu egiten da. Mikrobioak? Ez dira iristen... Xixareak! Ikustazu txorkatila hau, esku fin eta leun hau. Laurehun urte dituzte atzean. Eta jatorri iraultzaile bat. Aberatsena da Konstituzioa. Lehen eta orain. (Telefonoak jotzen du; hartzen du, sutan). Hemen, Barnes! (Entzuten du, eta gero Benjaminengana jiratzen da). Bai, ulertzen dut... (Eskegitzen du, eta Benjamini mintzo). Hil egin dute Leeds anderea. (Benjamin harri eta zur gelditzen da. Kirurgiako eskularruak kendu eta harrika jaurtitzen ditu). Ongi! Ongi! Gazte kementsua zarenez, zoaz eta egizu! Ni zaharra naiz, fosil bat; baina zuk bizitza guztia daukazu aurretik, Benjamin doktorea. Eta lehen tiroa jaurtitzen diezula, esazu: hau Barnes zaharraren partetik! Sobera delikatua ere bada ordea, balaka ekitea horiei. Xixareak ez dira fusilatzen. Zanpa itzazu! Nik alaba paralitiko bat izango ez banu... (Barnes bere jarlekura itzultzen da, eta zintzatu egiten du sudurra). Hauxe zen nire diskurtsoa, Benjamin.

 

BENJAMIN. Zalantza handiak dauzkak gauza askori buruz... Jendeak hau eta beste dio... eta batek ez du sinesten gertatzen zaizkion arte...

 

BARNES. Zuk asko galdu duzu gaur. baina baita irabazi ere.

 

BENJAMIN. Bai, badakit arrazoia daukadala. Oraintxe hasi naiz zeozertan sinesten. ez duk esango “hau mundu petrala!”, mundu petrala aldatzen saiatuko naiz. Begira... nik Kubara joan nahi nuen. Horretantxe ari nintzen pentsatzen lehengo astean. Medikuntza sozializatu batean lan egiteko aukera zoragarria...

 

BARNES. Ederra! Benetan!

 

BENJAMIN. Lan egin ahal izatea...

 

BARNES. Eta zergatik ez zoaz, Benjamin? Nik ere...

 

BENJAMIN. Ez dago gehiago nahi nukeen ezer.

 

BARNES. Zoaz!

 

BENJAMIN. Ez, gure lana hemen dago, Estatu Batuetan. Ni izutua nago. Zer nolako etorkizuna ote daukat? Ez dakit. Lanbideren bat bilatu beharko dut bizimodua ateratzeko. Badakit gidatzen. Horixe! Taxi batean hasiko naiz. Eta estudiatu egingo dut... eta lan... eta ikasi...

 

BARNES. Eta zanpa itzazu xixareak!

 

BENJAMIN. Bai! Borroka egin behar dut! Hil egingo naute agian, baina...! Madarikatuak!

 

(Benjamin zutik gelditzen da ukabilak goraturik. Jokalekua ilundu egiten da.

Sindikatuko bilerara gatoz ostera).

 

KELLER. Jaun-andreok... izan ere, egon behar baitu damaren bat aurpegi multzo honetan... galtzadunak baldin badira ere... Tira, beharbada nik ez dut ezer ulertu. Beharbada ohetik erori nintzelako txikia nintzela. Orduz geroztik ez nabil zuzen. batek daki.

 

AHOTS BAT. Eser dadila mozkor hori!

 

KELLER. Aizak gazte, nork pagatzen dik hori oihukatzeagatik? Fidelek? Egia esan, kristalezko begi bat daukat. Baina hori zazpi urte nituela lantegian hasi nintzelako izan zen. Mozorrorik gabe egin behar nuen lan, eta saltatu egin zitzaidan begia. Han ez baitzuten ematen mozorrorik. Baina nik garaikur bat balitz moduan daramat, begi horrek esaten baitio mundu guztiari zein klasetakoa naizen. Langile klasekoa. Sindikatu hartan ere bagenituen ordezkariak. Gisa guztietako idazkariak, diruzainak, lehendakariak... Idazkari bidaiariak ere bagenituen, baina ez zeukatenak kailurik oinetan, a, ez. Haiek ipurlodia kojinen artean bidaiatzen zuten. (Idazkariak eta pistolariak gaitzespen zeinuak egiten dituzte). Jesar zaitezte, gazteok. Ni beste sindikatu hartaz ari naiz. badakit hemen ez dela horrela. Hemen ez! Bai, hemen gure arduradunak oso finak dira. Ikusi gure idazkaria, besterik gabe! Labezomorro bat ez zapaltzeagatik, ez luke pauso bat emango.

 

FATT (eten egiten du). Hori ez dago gai zerrendan.

 

KELLER (publikoari). Gaiaz aldatu nahi?

 

PUBLIKOA. Ez! Ez! Mintza dadila!

 

KELLER. Bai, esaten nizuen moduan, arduradun hauek oso finak dira. baina ni afiliatua nago sindikatuan. Eta ez naiz inoiz Filadelfian izan. Gaur ezin izan dut sindikatuaren erakusgarria jarri. Gauzarik xelebreena gertatu zait. Berokia pertxatik hartu dudanean, ketan zegoen! Eta, badakizue zer gertatu den? Sindikatuaren ikur erakusgarria sutan zegoen! Ez zen sinestekoa! Ostatuko etxeko andreak izugarrizko istilua sortu dit. Eta badakizue zergatik? Sindikatuaren ikurra gorritu egin delako, hainbeste gorritu da ze azkenean su hartu duen. Lotsaren lotsaz! Zer irizten diozue?

 

FATT. Jesar zaitez, Keller. Inori ez zaio ardura hori!

 

KELLER. Ardura zaio, bai!

 

PISTOLARIA. Jesar zaitez, esan zaizun bezala!

 

KELLER (hizketan jarraitzen du). Eta amaitu nuenean... (Bere diskurtsoa Fattek eta Pistolariek eteten dute, jokalekutik ateratzen dute bultzaka. Gainetik kendu eta beste aldera egiten du lasterka. Beste biek atzetik jarraitu behar diote, baina batzordeko kideak jartzen dira erdian. Kellerrek alkandora urratua dauka. Publikoari mintzo zaio). Zein da erantzuna, lagunok? Erantzuna da, gorriak baldin bagara greba bat egin behar dugulako, ba, orduan egin dezagun gorrien agurra! Badakizue nolakoa den? (Ukabila jasotzen du). Eta badakizue zer den hau? Uppercut bat, muturreko bat matrailezurrean. Zuetako batzuek ez daukazue ezta alkandora zahar bat ere soinean jartzeko. Zer nahi dute ugazabek, kolonia nudista bat bihurtzea? (Publikoak barre egiten du. Keller aurreratu egiten da eta jokalekuaren erdian jartzen da, beste txoferrak inguruan dituela). Ez barrerik egin, lagunok, hau ez da barregarria. Nire eta zuen biziak daude jokoan. Alajainkoa! ez al duzue ikusten apurka-apurka hiltzen gaituztela? Jauntxoen alabek dantzaldiak antolatzen dituzte Ritz-en. Eta jauntxoak kazetariak bidaltzen ditu bere alabaren argazkia egunkarietan azaltzeko. Alajainkoa! Eta hori geure odolaz ordaintzen du! Joek esan duen moduan, hilko gaituzte pixkanaka, borrokatzen ez badugu. Gerra da! (Hizketan ari dela, beste sei langileek inguratzen dute, honen hitzak bere eginez bezala. Nahi izanez gero, baten batek esan ditzake, tarteka, esaldi batzuk). Zu, Edna, Sid, Florrie; gainerakoak; Barnes zaharra, borrokara gurekin! Gerra da! Langileok batu eta borroka egin behar dugu! Geure biziaren hiltegia suntsitu behar dugu! Askatasuna lortu behar dugu berriro! Anker gizen hauek bazter-nahasleak garela esaten dute. Hau ez da nobedadea. Orain berriz gorriak omen gara. Eta goseak nengoenean jaten eman zidanak burkide esan zidan, eta poliziari ihes egiten lagundu zidanak ere burkide esaten zidan. Zeren zain gaude? Ez gaitezen Exkerraren zain gelditu. Beharbada ez da inoiz helduko. Eta minutu bakoitza... (Honetan ari dela, gizon bat sartzen da lasterka erdi pasilotik butaken erdian, sarreratik. Jokalekura igotzen da oihuka).

 

GIZON BAT. Lagunok! Exkerra aurkitu dute!

 

GAINERAKOAK. Zer? Non? Non?

 

BESTE BAT. Ixo! ez da entzuten!

 

GIZON BAT. Exkerra aurkitu dute!

 

KELLER. Non?

 

GIZON BAT. Garaje atzean, bala bat buruan zeukala.

 

KELLER (oihuka). Entzun duzue, lagunok? Entzun duzue? Bazterrik bazter, goazen estatubatuarrok! Langileen abangoardia gara! Munduko langileok, senide gaituzue! Entzun! Eta erortzen baldin bagara, mundu berri bat sortzeko izango da! Txikitzen bagaituzte ere! Egiaren alde! Eta landa ditzatela sagarrondoak geure errautsen gainean. (Publikoari) Eta? Zein da erantzuna?

 

DENAK. Grebara!

 

KELLER. Gorago!

 

DENAK. Grebara!

 

KELLER ETA JOKALEKUKO BESTEAK. Berriz!

 

DENAK. Gora greba!

 

(Jokalekua ilundu egiten da).

 

Exkerraren zain (6)
Clifford Odets

1935
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2013