Exkerraren zain (2)
Clifford Odets

1935
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2013

 

Joe eta Edna

 

(Argiak itzaliz doaz eta proiektore batek argitzen du indartsu gizon jesarrien alboan dagoen espazioa. Hauek errainu batean ikusten dira, baina Fatt nabarmenago ageri da puru lodi bat errez eta ke ahokadak boteaz argi printzetara. Hogeita hamarren bat urteko emakume higatu baina oraindik atsegin bat sartzen da jokalekuan, eskuak mantalean idortuz. Geldirik dago, triste, Joe ageri denean beste aldetik.

Lanari ekiten dio emakumeak. Elkarri begiratzen diote isilik).

 

JOE. Non daude altzariak?

 

EDNA. Eraman egin dituzte. Ez genuen hilerokoa ordaintzen eta.

 

JOE. Noiz?

 

EDNA. Hiruretan.

 

JOE. Ezin dute horrelakorik egin.

 

EDNA. Ezin dutela? Egin dute ba!

 

JOE. Lapur ahalenak! Hiru laurdenak ordainduak ginenean!

 

EDNA. Gizonak esan zuen irakurtzeko berriz kontratua.

 

JOE. Kontratu faltsuren bat sinatuko genuen.

 

EDNA. Ez. Legezko kontratua zen. Eta sinatu egin zenuen.

 

JOE. Ez zaitezela horrelakoa izan, Edna. (Besarkatu egin nahi du).

 

EDNA. Ez, Joe, utz ezazu hori zinemarako; Clark Gableri kiloka zilar ordaintzen diote horretarako.

 

JOE. Bai atsegina, etxe hauxe! Ez du gogo handirik ematen atean sartzeko. Benetan!

 

EDNA. Norena da errua?

 

JOE. Berriz hasi behar al dugu?

 

EDNA. Zertaz nahi dugu aritzea? Liburuez?

 

JOE. Belarrondoko bat emango nizuke.

 

EDNA. Baina ez didazu emango.

 

JOE (apal). Edna, entzun ezazu; batzuetan neure onetik ateratzen nauzu.

 

EDNA. Begira, barrez lehertuko naiz.

 

JOE. Ez nazazula iraindu, Edna. Zer egin dezaket nik bolada txarra badator? Zer arraio nahi duzu egitea? Neure burua erreka botatzea?

 

EDNA. Etzazula oihurik egin! Orain bertan oheratu ditut haurrak afaririk ez dagoela konturatu ez daitezen. Eta Emmyren zapatak konpontzen ez baditut, bihar ezingo du eskolara joan. Gutxienez, utziozu lo egiten.

 

JOE. Ene... arratsalde osoan lanean aritu naiz... bost ordu eman ditut pasaiaririk gabe. Krisia da.

 

EDNA. Esaiok dendariari.

 

JOE. Taxiak bi eta hogei markatzen zuen. Edna, txakurtxo batekin zebilen emakume mozkortu samar batek 25 xentimoko eskupekoa eman dit. Nahi gabe! Entzun, leporaino gaude urrez.

 

EDNA. Bai? Zenbat?

 

JOE. Autoa bete nuen esnetegi batean. (Ematen dizkio txanponak). Dolarra eta lau xentimo.

 

EDNA. Bai, bihar amaitzen da alokairuaren bigarren hila.

 

JOE. Ez iezadazula horrela begiratu, Edna.

 

EDNA. Ez nago zuri begira. Zu barrena ari naiz begira... Hain polita izan behar zuena! Etxetxo bat erreka bazterrean, eta arrosak udaberrian... Porrot egin duzu, Joe. Eta burutik egina zaude uste baldin baduzu askoz gehiago agoantatuko dudala.

 

JOE. Ahal banu beste lanen bat bilatuko nuke. Baina ez dago lanik... Ez al dakizu?

 

EDNA. Ezin dugu gehiago. Horixe da nik dakidana.

 

JOE. Eta zer egin dezaket nik?

 

EDNA. Nor da etxeko galtzaduna, zu edo ni?

 

JOE. Hori ez da erantzutea. Zergatik ez didazu laguntzen? Ez didazu lagunduko? Kafesne bat baino ez dut hartu egun osoan. Ni ere gose naiz. Eskuak apurtuko nituzke lanean baldin eta...

 

EDNA. Sardina lata bat irekiko dut.

 

JOE. Ez. Orain egin behar duzuna da erantzun: zer nahi duzu egitea?

 

EDNA. Ez naiz jainkoa.

 

JOE. Nahiago nuke hamar urte izan, hurrengo minutuaren beldur egon gabe bizi ahal izateko.

 

EDNA. Bai, baina ez dituzu hamar urte, eta hurrengo minutua daukazu gogoan. Eta bi haur dauzkazu lo aldameneko gelan. Eta jatekoa behar dute. Eta jaztekoa. Eta oinetakoak. Bost urte hauetan esna pasa ditut gauak, neure bihotzaren taupadak entzuten. Zergatik ez duzue elkar hartzen? Zergatik ez duzue greba egiten igoera bat eskatzeko? Nire aitak egin zuen bat gerra aurrean, eta soldata igo zioten. ez ote duzu ikusten sorgin zahar bat egina nagoela?

 

JOE (defensiban). Grebek ez dute balio.

 

EDNA. Nork esan du hori!

 

JOE. Eta gainera, greban zauden bitartean, ximikorik ere ez duzu ikusten. Eta amaitutakoan, konpainiak ez zaitu hartu nahi.

 

EDNA. Tira, eman dezagun ez zaituztela hartzen. Zer galduko zenuke?

 

JOE. Orain sei-zazpi dolar ari gara eskuratzen astean.

 

EDNA. Bai, alokairua.

 

JOE. Zeozer da, Edna.

 

EDNA. Ez, ez da ezer. Zapalduta jarraituko duzue. Eta konturatu baino lehen, hiru-lau dolar jasotzen hasiko zarete astean. Eta astean hiru dolar eskuratutakoan, orduan ere horixe esango duzu, “hobe zeozer, ezer ez baino!”

 

JOE. Auto gehiegi dabil bideetan. Horixe da gertatzen dena.

 

EDNA. Ergel halakoa! Ardura dadila konpainia horretaz! ez zara konturatzen taxiek dirurik emango ez balute, garajean sartuko lituzketela guztiak? Edo uste ote duzu konpainiak lanean jarraitzen duela Joe Mitchelli alokairua ordaintzeko?

 

JOE. Ez duzu deus ulertzen negozioetan, Edna.

 

EDNA. Ez, baina ea ulertzen duzun zuk: zure patroiak guztiok zanpatzen gaitu. Zukua kentzen digu minutuz minutu. ez bakarrik zuei, baita zuen emazte eta seme-alabei, gaizki elikatuak eta elkor hazi behar dute. Ez duzu ikusten haurrak hoztu egiten direla etengabe? Fantasmak ematen dute. Bettyk ez du laranja bat ikusi bere bizian. Lehengoan fruteriara eraman nuen, eta laranja kaxa ikusitakoan “Zer da hau?” galdetu zidan. Jainkoagatik, Joe! Ez duzu konprenitzen munduak guztiontzat izan behar duela?

 

JOE. Esnatu egingo dituzu, Edna.

 

EDNA. Ez zait axola, zu ere esnatzen baldin bazaitut behintzat.

 

JOE. Gizon bakar batek ezin du greba egin.

 

EDNA. Nork esan du gizon bakar batek? Asko zarete sindikatu zorritsu horretan.

 

JOE. Ez erabili horrela sindikatuaren izena.

 

EDNA. Ez? Zer egiten du ba? Hilerokoa kendu eta bizkarreko goxoak eman.

 

JOE. Plan bat egiten ari dira...

 

EDNA. A bai? Eta nolako plana?

 

JOE. Ez dakit. Ez digute esaten.

 

EDNA. Orduan gizon gaizto horiek ez diote Joe gizajoari kontatu nahi nolako planak dituzten sindikatuan? Baina zer zarete? Boy-scout konpainia bat?

 

JOE. Ongi dakizu pistoleroak direla. Agintzen dutenek lau tiro ematen dizkizute bosteko txanponagatik.

 

EDNA. Eta zergatik agoantatzen duzue horrela?

 

JOE. Ez nauzu bizirik ikusi nahi?

 

EDNA (isilaldi luze baten ondoren). Ez... ez dut uste, Joe. Pauso bat emateko gai ez baldin bazara egoera hau konpontzeko, ez zaitut maite.

 

JOE. Baina... ez duzu konprenitzen...

 

EDNA. Ez zait ardura! Pikutara zu eta zu bezalako kakati guztiak. Hil ditzatela, txiki-txiki egin ditzatela! (Amantala kentzen hasten da).

 

JOE. Nora zoaz?

 

EDNA. Ez zait ardura!

 

JOE. Zer egin behar duzu? (Ednak ardura handiz tolesten du amantala eta aulkiaren bizkarrean lagatzen du). Esadazu.

 

EDNA. Esateko, zer!

 

JOE. Nora zoazen.

 

EDNA. Oroitzen zara izan nuen senargai hartaz?

 

JOE. Nor?

 

EDNA. Bud Haas. Oraindik ere nire argazkia darama erlojuan. Eta ongi irabazten du.

 

JOE. Zer diozu!

 

EDNA. Esaten ari naizena baino okerragoak entzuna nago.

 

JOE. Ezkonduta ere Bud ikusten jarraitu duzu?

 

EDNA. Agian bai.

 

JOE. Ikusten bazaitut... (Eten egiten da, begira gelditzen zaio).

 

EDNA. Ikusten banauzu, zer? Uste baldin baduzu ez dudala egingo, oso begi motza duzulako da.

 

JOE. Ikaratu egin nahi nauzu...

 

EDNA. Ez gaude duela bost urte bezala, Joe.

 

JOE. Utzi egin behar nauzu orduan? Ni eta haurrak?

 

EDNA. Ez nuke asko pentsatu behar zu uzteko.

 

JOE. Ez...

 

EDNA. Bai.

 

(Joe jiratu egiten da eta aulki batean esertzen da, bizkarra emanez.

Argituriko zirkulutik kanpo gainerako greba-batzordekideak entzuten ditugu:

“Bai... utziko zaitu... Nik ezagutzen dut kasu bat...” eta abar.

Talde hau obra osoan zehar erabiliko da komentario desberdinak egiteko:

politikoak, sentimentalak, zirkunstantzialak, eta oro har,

koru baten zentzua hartuko du. Marmarra entzuten da...

Gizenak ahobete ke botatzen du argiaren azpira).

 

JOE. (lur jota). Orain ez zait gelditzen zeri heldu.

 

EDNA. A, ez?

 

JOE. (sutan orain). Ez, arratoi zorritsu hori, ez! Eta bazoazke hemendik orain bertan. Hartu zure gauzak eta alde hemendik edozein hoteletara. Ni lanean madarikatzen ari nintzen bitartean bizkarroi hori hona etorrita zurekin oheratzen ibili dela pentsatzen hutsak ere...!

 

EDNA. Zizarea lokatzen baino areago ari zara.

 

JOE. Zu bai ibili zarela lokatzetan.

 

EDNA. Ezta hauxe ere! (Atzamarraren punta erakutsiz).

 

JOE. Zertarako ibili ote naiz lanean jo eta su!

 

EDNA. Galdeiozu zure ugazabari.

 

JOE. Asko inporta zaio hari!

 

EDNA. Horixe da ba nik esaten dudana!

 

JOE. Etzazula gaia aldatu!

 

EDNA. Hori da gaia, hain zuzen! Ugazaba da gaia. Ez dut nire bizian ikusi. Baina bera da ideiak sartzen dizkidana buruan, Joe. Eta bera da zure seme-alabei tifus exantematiko delakoa kutsatu diena. Bera da zu txikitu eta kopeta zimurrez betetzen dizuna. Horixe da gaia, Joe! Minutuz minutu, bera da gaia. Bera da Bud Hassen besoetara bultza egiten didana! Noiz arraio konturatu behar duzu?

 

JOE. Gorri bat bezala ari zara hizketan.

 

EDNA. Ez dakit zer esan nahi duen “gorri bat bezala” horrek. Baina ugazabak jo eta bota egiten dizunean altxa eta ukabilak musukatzen badizkiozu, badakit zer esan nahi duen. Zizare bat, Joe, horixe zara!

 

JOE. Gizon batek bakarrik ezin du... ezin du...

 

EDNA. (pozik). Nik ez dut gizon bat bakarrik esan. Nik ehun. mila, milioi bat esaten dut! Baina hasi zaitezte zeuen sindikatutik! Bil zaitezte txofer guztiak; bota itzazue zabortegira matoi horiek. Zutitu zaitezte eta egizue zeozer zuen emazteen eta seme-alaben alde! Alajainkoa! Nazkatua nago morroi bizitzen eta gauetan lorik ezin eginaz!

 

JOE. (berarekin) Noski, noski...

 

EDNA. Joe, ipini itzazue ferrak zapatetan eta hasi ostikoka behar den ipurdietan!

 

JOE. (Jauzi egin eta musukatu egiten du bere emaztea suharki). Aizu, Edna, 174 karrikara noa Costello Exkerraren bila. Exkerrak zioen lehengoan... (Gelditu egiten da tanpez). Aizu... eta Haas horretaz, zer dugu?

 

EDNA. Joe... Zoaz esan duzun lekura!

 

JOE. Berehala nator (Badoa lasterka. Minutu batez Ednak harro begiratzen du inguruan. Gero dena iluntzen da, eta argi normalak pizten direnean, Joe Mitchellek amaitu egiten du esaten ari zena). Eta zuek, lagunok, nik bezalaxe ezagutzen duzue hori guztia. Greba egin behar dugu! (Horretan amaitzen du bere diskurtsoa, eta bere aulkira itzultzen da).

 

(Jokaldia ilundu egiten da).

 

Exkerraren zain (2)
Clifford Odets

1935
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2013