SEI GUTUN KARTZELATIK
Antonio Gramsci

euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2017

 

Giulia ezin maiteagoa:

   Gure korrespondentziak, sarritan, “korrespondentzia” zehatz eta eraginkorra behar luke. Honi eransten baldin badiogu denbora elementua, aurrez idatzitakoa ahaztarazten duen hori, areagotu egiten da “bakarrizketaren” sentipena.

   Ez duzu uste?

   Gogora etorri zait Eskandinaviako herri ipuin labur bat.

   Elkarren urrun bizi ziren, mendi handien gisan, hiru erraldoi. Milaka urte isiltasun eta gero, honela diotse lehen erraldoiak beste biei:

   — Behi talde baten marrua entzun dut!

   Hirurehun urte eta gero, honela dio bigarren erraldoiak:

   — Nik ere entzun dut marrua!

   Eta beste hirurehun urte eta gero, honelako mehatxua hirugarren erraldoiak:

   — Horrelako zalaparta ateratzen jarraitzen baduzue, ni banoa!

   Ederto! Mozkortua zaudela ematen duen hego haizea dabil hemen.

   Laztana, besarkada gozo bana zuri eta haurrei,

   Antoniok.

 

SEI GUTUN KARTZELATIK
Antonio Gramsci

euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2017