SEI GUTUN KARTZELATIK
Antonio Gramsci

euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2017

 

Delio Maitea:

   Ez dut askorik irakurri Wellsi buruz, ez ditudalako bere liburuak sobera maite. Ez dut uste galera handia izango denik zure formaziorako eta zure moralerako irakurtzen ez badituzu. Historia unibertsaleko liburua ere ez dut gogoko, zerumuga historiko tradizionala zabaltzen saiatzen den arren (eta honetan halako berrikuntza bat dakar, Mendebaldeko Europaren literatura historikoan behintzat), greziar, egiptoar erromatarrei eta horrelakoei ez ezik mongoliar txinatar, indiar eta abarrei ere garrantzia emanez. Fikzioko idazle bezala sobera mekanikoa egiten zait; historialari gisa diziplina intelektuala, ordena eta metodoaren ohitura ditu eskas.

   Jakinarazi iezadazu gustatzen zaizun nire idazteko molde hau eta dena ulertzen duzun.

   Ez diot erantzun zure azken gutunari.

   Atsegina egin zait mundua ikusteko izan duzun ideia, atzeko hanken gainean tenteturiko elefantez betea, oso garun garatuarekin: hau dela eta, ludiaren gainean kopuru handitan sartu ahal izateko batek daki nolako etxe orratz izugarriak eraiki behar izango zituzketen. Baina zertarako baliatu ahal izango ote zituzketen garunak, eskurik gabe? Ostrukek burua tente eta libre daukate, hanka biren gainean daude eta halaz guztiz ere garuna ez dute askorik garatu. Bistan da gizakiaren eboluzioan barrena bere aldeko hainbat baldintza lagungarri batu direla, alegia, helburu jakin baterako borondatea garatu baino lehen izan zena izaten, eta helburu horretara iristeko baliabide egokiak antolatzeko nahikoa adimen garatzen lagundu zioten baldintzak. Itxura denez, kopurua kalitate bihurtzen da gizakiarentzat, eta gainerako izaki bizientzat ez.

   Idatzi iezadazu luze.

   Besarkada,

   Antoniok.

 

SEI GUTUN KARTZELATIK
Antonio Gramsci

euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2017