SEI GUTUN KARTZELATIK
Antonio Gramsci

euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2017

 

   Delio maitea:

   Jakin dut eskolara zoazela, metroa eta zortzi zentimetroko luzea egina zaudela alajaina, eta hemezortzi kilokoa. Oso handia zarela iruditzen zait eta berandu gabe hasiko zarela niri gutunak idazten. Artean, egin zenezake amak idatzi ditzala zuk diktatuta, ni Erroman jartzen ninduzun bezala amonari zorionak idazten. Esango didazu lagunak dituzun eskolan eta zer ikasten duzun eta zer jolas maite duzun. Badakit trenak eta hegazkinak egiten dituzula eta esku hartzen duzula gure herriaren industrializazioan. Baina, tren horiek ba al dabiltza, hegazkin horiek egiten al dute hegan? Ni hor banengo, zigarroa ipiniko nuke trenaren tximinian, ke apurtxo bat ikusi dadin.

   Gainera, idatzi behar didazu zer edo zer kontari Giulianoz. Zer iritzi duzu? Laguntzen al dizu zure lanetan? Zu bezalako eraikitzailea al da, edo txikiegia al da horrelakoa izateko? Alegia, gauza mordo bat jakin nahi dudala, eta zu hain handia zarenez eta, esan didatenagatik, berritsu samarra ere bai, sinetsia nago gutun luze bat idatziko didazula, amaren eskua bitarte oraingoz, albisteokin guztiokin eta beste. Eta nik landatu dudan arrosa baten eta hezi nahi dudan sugandila baten berri emango dizut.

   Musu bat Giulianori nire partez eta baita amari ere, eta etxeko guztiei, eta amak emango dizu musu nire partez.

   Antoniok.

   P.S. Bururatu zait agian ez dituzula sugandilak ezagutzen: beti txikitxo geratzen diren krokodilo antzekoak dira.

 

SEI GUTUN KARTZELATIK
Antonio Gramsci

euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2017