SEI GUTUN KARTZELATIK
Antonio Gramsci

euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2017

 

   Delio maitea:

   Nolatan ez didazu jadanik hitz egiten zure loroaz? Bizirik al dago? Ez didazu hartaz hitz egin nahi, agian, noizbait hartaz besterik ez zenidala hitz egiten esan nizulako?

   Alaitasuna, Delio!

   Taniak esaten dit idatzi behar dizudala zure adinekoa nintzela eduki nuela zakurtxo bat, eta zoratu egin nintzela huraxe neukalako. Ikusten? Egia da zakur batek (oso txikia izan arren) poztasun handiagoa ematen duela loro batek baino (baina zuk, ausaz, pentsatzen ahal duzu alderantziz dela), jabearekin jolasten delako eta maitasuna hartzen diolako... Baliteke nirea zakur umetxoa izatea gero ere, bere poza azaltzeko bi hankatan tentetu eta txiza egiten baitzuen.

   Zenbat xaboialdi! Zeinen txikia zen! Hain txikia, luzaz egon zen eskailerako mailak ezin igorik! Ilea beltz eta luze zeukan, eta miniaturazko ur txakur bat zirudien.

   Lehoikume bat bezala soildu nuen, baina egia esan ez zen polita, nahiko itsusia zen, pentsatzen jarrita arrunt itsusia. Baina nola libertitzen nintzen eta zenbat maite nuen!

   Hauxe nuen gogoeneko jolasa: alorretan barrena gindoazenean, nabarmen samar zegoen harriren baten gainean ipintzen nuen, eta urrundu egiten nintzen berak, begira eta murrungaka, jauzi egiten ausartu gabe. Ni sigi-sagan hastantzen nintzaion, gero sakonduraren baten edo ezpondaren batean kukutzen nintzen. Zakurtxoak ulu egiten zuen aurrena, gero lortzen zuen jaisteko modua aurkitzea eta nire bila ekiten zion; horrek libertitu egiten ninduen, gaixoak, hagitz txikia baitzen orduan, harri guztien ostean begiratzen zuen, zulo txiki guztietara (baina berarentzat handi) luzatzen zuen muturra, eta burutik egiten zitzaion.

   Nolako festa ni aurkitzen uzten nionean! Eta zenbat txizaldi!

   Maitea, idatziko al dizkidazu orain zure loroaren kontuak?

   Besarkada,

   Antoniok.

 

SEI GUTUN KARTZELATIK
Antonio Gramsci

euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2017