Itsaso ardo kolorea
Leonardo Sciascia

euskaratzailea: Josu Zabaleta
Erein, 1991

 

Oharra

 

        Istorio hauek —bildu eta berriro argitaratzea ez zuela merezi iruditu zitzaidan beste gutxi batzuekin batera— 1959 eta 1972 bitartean idatzi ziren. Idatzi ziren ordena berean jartzen saiatu naiz (agian ez egunkarietan, aldizkarietan edo antologietan argitaratu diren ordenan): eta iruditzen zait irakurleak ordena kronologikoaren zehaztasuna frogatu nahi badu, egin dezakeela, urte horietan beraietan argitaratu ditudan liburuekin parekatuz. Bakarren batek bere baitan darama data: «Eraitsi» adibidez, Stalin mausoleotik kendu zutenean (edo horren berri jakin zenean) idatzia da; eta «Filologia» —profezia aski erraza—, mafiaren kontrako batzordea antolatu zenean idatzia.

        Bat bakarra aztertu dut berriro, eta ia berritik idatzi: Giufa eta kardinalarena. Besteetatik hutsegiteren bat edo beste zuzendu dut bakarrik.

        Irakurleek, harreman oso onak ditudala uste dut beraiekin, ez didate galdetuko zergatik argitaratzen ditudan berriro, beraiengandik baitatorkit eskabidea: zeren istorio hauetako batekin film bat (Kontzientzi kasua) eta beste bitatik telefilmeak (Gizarte jokoak, eta Bidaia luzea) egin zituztenean, sarri eskatu ziren liburu dendetan titulu horietako liburuak (eta ez ziren existitzen; liburutxo bat zegoen bakarrik, Siziliako istorioak titulua zuena, Emilio Grecoren akuaforte batez hornitua, Urbinoko Arte Institutuko Estatalak 150 aletan argitaratua). Baina irakurleak bere baitan galdetzen ez badu, eta niri galdetzen ez badit, neuk egiten diot galdera neure buruari: zergatik biltzen eta argitaratzen ditut istorio hauek? Hona zergatik: orain arteko nire jardunaren bilduma bat antolatu dudala iruditzen zaidalako, eta gainera argi ikusten delako horretatik (eta ezin ezkuta nezake neurri batean behintzat gustura geratu naizela, nire ohiko askiesteko ezintasun zabalagoaren barruan) urte hauetan neure bideari jarraitu natzaiola eskuinetara ala ezkerretara begiratu gabe (eskuinetara eta ezkerretara begiratuz, beraz) zalantzarik gabe, dudarik gabe, krisirik gabe (zalantza askorekin, duda askorekin, krisialdi sakonekin, beraz); eta istorio hauetan lehenengotik azkenekora zirkulartasun moduko bat sortzen dela: bere isatsari hozka egiten dion zakurrarena ez den zirkulartasuna.

 

L. S.

 

Itsaso ardo kolorea
Leonardo Sciascia

euskaratzailea: Josu Zabaleta
Erein, 1991