Itsaso ardo kolorea
Leonardo Sciascia

euskaratzailea: Josu Zabaleta
Erein, 1991

 

Kontzientzia kasua

 

        Erromatik goizeko zortzietan irten eta Maddà-ra gaueko hamabiak eta zazpi minututan iristen zen tren batean, egunkari bat, hiru aldizkari eta polizia nobela bat irakurtzen ematen zuen bidaia denbora, sistemaz, Vaccaquino abokatuak. Hilabetean behin izan ohi zuen gutxienez bidaia hori egin beharra, eta joatean berriro aztertu eta ordenatzen zituen bidaiaren arrazoia izan ohi ziren paperak. Itzuleran irakurketa askoz ere entretenigarriagotan murgildu ohi zen.

        Baina egunkaria, hiru aldizkariak eta polizia nobela, goizeko zortzietatik gauerdira bitartean atzeramendurik ez baldin bazen, bidaiaren neurria izan ohi ziren, bi otorduen tarteekin batera: errestaurante bagoian bat, eta transbordadorean bestea. Trena atzeratzen zenean izan ohi ziren problemak. Inprimatutako papera bukaturik, itxura gabeko gauean ibiltzen zituen landetara edo itsasora begiratzen ere jardun ezinik, loa erasotzen hasten zitzaion, eta arriskua zuen seko loak harturik, amaierako geltokiraino joateko, inoiz gertatu izan zitzaion bezala. Horregatik, atzerapenik zegoenean, tren ia hustu hartan bidaiariek utzitzako egunkari bila aritzen zen abokatua, eta salbu sentitu ohi zen ezer aurkitzen zuenean: egunkari faxista, moda aldizkaria nahiz komikiak, ez zion axola.

        Horrelaxe gertatu zen bada, uda gau batean, Cataniarako berrogei minutuko atzerapena bazuen, eta Maddàra orduko ehun eta hogeikora iritsi zitekeela pentsatzekoa zen tren batean, «Voi» astekaria irakurtzen murgilduta aurkitu zela abokatua: moda, etxea, gertakariak. Lehendabizi orri pasada bat eman zion, eta modakoetan pausatu zen zerbait, modeloen gorputzetatik ikusten uzten zuenagatik bizitasun eta graziaz betea baitzen dudarik gabe, baina dezentzia gutxikoa izango zen emaztearen, alabaren edo arrebaren gorputza janzteko. Eta ez abokatua ikuspegi estuko pertsona horietakoa zelako, Jainkoagatik!, Maddàn bertan ere modaren eragina onartuko ez luketenetakoa. Gertatzen zena, ordea, Maddàn denak ez zirela gai, bera bezala, emakumeen liraintasuna ikuspegi estetiko hutsetik miresteko. Eta era hartara jantzitako emakume bat igarotzen ikusteak (eskote sakona eta gona motz-motza) gurari oihu eta esalera zatar piloa sortuko zituzkeen hiritarren elkarteko bazkideen artean, hainbesteraino non halako iraina eraman ala erantzun bortitzen bat emanez konprometitzera behartuko baitzukeen senarra, aita edo anaia.

        Astekaria lodia zen, zorionez. Azkeneko orrialdera iritsi zenean, berriro orriz orri pasatzen hasi zen abokatua, irakurtzen hasteko. Publizitate ugari, eta gero Kontzientzia, arima. Aita Lucchesini-ren erantzunak. Abokatuak kendu zituen oinetakoak, luzatu zituen hankak aurreko eserlekuaren gainean eta irakurtzen hasi zen. Eta kolpetik astindu bat izan zuen: «Maddèko andre batek bidaltzen digun kasu oso delikatu eta konplikatu bat: Orain dela zenbait urte, ahulezia une batean, traizio egin nion nire senarrari, gure etxera sarritan etortzen zen gizon batekin, neskatoa nintzenez gero betidanik enamoratu samar egon izan naizen nire ahaideko batekin. Gure harremanak sei hilabete inguruan iraun zuen, baina bitarte horretan ere nire senarra maitez jarraitzen nuen nik, eta orain lehen baino gehiago maite dut, eta nire ahaide harekiko nuen xoramentxo hura erabat bukatuta dago. Baina sufrimendua eragiten dit honen gizon ona, honen leial eta fidela, nirekin honen maitemindua zegoena engainatu izanak. Badira momentu batzuk dena aitortzeko gogoa ematen didanak, baina hura galtzeko beldurrak eragiten dit atzera. Oso elizkoia naiz: eta horregatik sarri aitortu izan diet nire damu hori apaizei. Nire damua egiazkoa baldin bada, eta nire amodioa osorik badago, isildu egin behar dudala esan didate denek, batek ez beste (baina kontinentekoa zen hori). Baina nik sufritu egiten dut oraindik. Zuk, aita, zer aholku emango zenidake?»

        Abokatuaz horren ondoren nagusitu zen barne egoera, ia ia gehiegizko gozamenezkoa izan zen. Hilabetez hitz egingo zen, gutxienez, eskutitz hartaz: elkartean, auzitegiko pasillotan, familia bileretan. Ehunka hipotesi egiteko, bizimodu ugari —emazteenak, senarrenak, emazteen ahaideenak— jakin-minik zorrotzenaren bahetik pasatzeko: jakin-min soilak, ia literarioak batzuk, berea bezala; gaiztoa, edozein gertakari xatar argitaratzeko irrikaz besteenak.

        Bildu zituen begiak, bonbillarantz jaso zuen burua, hostoz hosto soiltzeko arrosa bat bezala poliki-poliki zabaltzen ari zitzaion ikerketarako argia behar balu bezala. «Nor ote da? —galdetu zuen hortz artean, arin—. Nor izan ote da?»: baina ikerketan aurrera egiten ausartu gabe, beldurrez ezen eskutitzak ematen zituen zehaztasunetatik, andre haren izena buruan berehalaxe osatuko ez ote zitzaion.

        Eta hain gozoa zen ausardia falta hori non logalea gozo-gozo sartu baitzitzaion; baina abokatua segituan iratzarri zen berriro, segituan konturatu baitzen Aita Lucchesiniren erantzuna irakurtzeke zeukala oraindik.

        Apaiza, bistan zen, begiak odoletan zituela hasi zen bere erantzuna idazten: «Ahulezia unea? Sei hilabete irauten duen unea? Nola izan zintezke zeure buruarekiko, zeure erruarekiko horren barka erraza, zeuk diozun bezala ona, leiala, fidela, maitemindua den gizon baten kontra egindako sei hilabeteko traizioa, SEI HILABETEKOA, ahuleziatzat emateko?» Ondoren «baina» baten atzetik, karitate eta gozamenezko ale mordo bat zetorren: «Baina zure damua egiazkoa baldin bada, bizirik badirau, eta bekatuan ez erortzeko asmoa finkoa baldin baduzu...» Hitz gutxitan: «Damuaren sufrimenduarekin ordaintzen duzu zure errua; baina ez duzu behartu behar zeure burua zure senarra bezala ezjakinean dagoen gizon on bat, benetako amodioak berekin ohi duen konfiantza dizun gizon bati, jakingo balu agian erremediorik ez lukeen kaltea egingo liokeen traizioa aitortzeraino. Abstraktuan, goretsi baizik ezin da egin jasan duen pertsonari egindako traizioa aitortzeko kontzientziaren eragina; baina halako pertsona hori ezjakinean badago aitorkuntzak mina eta zalantza besterik sortuko ez badio, isiltzeko obligazioa da nagusi. Isildu eta sufritu. Aholku zuzena eman dizute, beraz, zure senarrari traizioaren berri ez ematea hobe dela esan dizuten apaizek. Kontrako aholkua eman dizunari dagokionez, zuhurgabeko aholku hor, gizonaren bihotzaz duen ezaguera gutxiari egoztekoago deritzot, zuk diozun bezala, kontinentekoa izateari baino. Egin otoitz, nolanahi ere, egizu otoitz: eta isildu beharra neke gogorragoa izan dakizula traizioa egin diozun gizonari dena aitortzea baino.»

        «Ederra erantzuna, —pentsatu zuen abokatuak—, ederra benetan. Haserrea, karitatea, zentzu zuzena: denetik du. Primerako gizona, Aita Lucchesini hori.» Eta aharrausi luze baten ondoren, zigarro bat pizturik, Maddàko andre gazte mesederako prestuak beren artean erruduna, ezkontza-hauslea aurkituko zuen bera bezalako gizon printzipio zehatz eta adimen zorrotzekoaren zain zeuzkan ginezeo gisako batean murgildu zen.

 

 

        Zortzi orduko loak eta kafe katilukada handi batek indarrak berriro piztu zizkiotelarik, Maddàko andrearen eskutitzean pentsatu zuen berriro Vaccaquino abokatuak, janzten ari zen bitartean. Moztu eta karteran gordea zeukan, nahiz eta jakin bere emaztea «Voi»-ren harpideduna zela, eta astekari harenak berrogeita hamarrekoren bat ibiliko zirela gutxienez herrian. Ikerketa baterako abiapuntua horretxek behar zukeen agian: astekariaren harpidedun ziren edo normalean egunkari saltzailearenean erosten zuten andreen zerrenda egin. Ez zen eginkizun zaila: egunkari saltzailea bezeroa zuen; eta postako langilea, gauzaren jakinaren gainean jarriz gero, gau osoan ere ibiliko zen korrika karta zakuak zabaltzeko. Nolanahi ere, albisteren batzuk bere emazteak ere eman ziezazkiokeen. Eta dei egin zion.

        Andrea iritsi zenean, —zer nahi duzu?— presatu batekin, erruloz beterik eta kremaz distiratsu, ironiazko eta are inkisiziozko doinu bat hartzeko prest sentitu zen kolpetik abokatua:

        —Erosten dituzun aldizkariak irakurtzen al dituzu —galdetu zion.

        —Zein aldizkari.

        —Modazkoak.

        —«Voi»-ren harpidedun naiz bakarrik.

        —Eta besteak egunkari saltzailearenean erosten dituzu.

        —Ez da egia; besteak lagunek uzten dizkidate —eta senarraren esanetan egunen batean orraztu beharra izango zen korapiloak ziren gastu, opari eta ordainketa ero haiei buruzko betiko eztabaidak hasi behar zuela uste zuen andreak.

        Baina abokatuak ez zuen etxeko kontuen eztabaidan sartu nahi: —«Voi»— esan zion. —Horixe, «Voi», irakurtzen al duzu...

        —Bai, noski, irakurtzen dut.

        —Aita Lucchesiniren saila ere bai?

        —Batzuetan bai.

        —Azkeneko zenbakikoa irakurri al duzu?

        —Ez, ez dut irakurri, Zer bada?

        —Irakur ezazu.

        —Zer bada.

        —Irakur ezazu: ikusiko duzu...

        Andrea zalantzan geratu zen une batez ea han interesgarria zer zegoen jakiteko berriro galdetu, senarraren doinu hotzari batere ez irakurriz erantzun eta alde egin, ala korrika joan irakurtzera jakin-minez. Jakin-minak irabazi zuen, normala denez: baina senarrari ez zion eman nahi izan irakurri zuenak sortu zion harridura eta interesa adieraztearen poza. Eta horregatik, abokatuak, emaztearen erreakzioa ikusi eta informazio pixka bat, susmoren bat atera nahi baitzion, ordu laurden bat zain egon ondoren, berriro dei egin zion.

        Baina emaztearen ahotsa komunetik iritsi zitzaion, haserreagatik zorrotz: —Zer?

        Ate itxiaren atzetik abokatuak galde egin zuen: —Irakurri duzu?

        —Ez —erantzun zuen lehor andreak.

        —Leloa galanta zu —esan zuen abokatuak—. Dudarik ez zuen irakurrita zeukala eta beren ezkontzako zoriona batera eta bestera erabiltzen zuten eroaldi haietakoren bategatik ez ziola eman nahi arazo hartaz hitz egileko poza.

 

 

        Zori hobea izan zuen auzitegiko pasillotan; eta sekulako arrakasta izan zuen gero elkartean. Auzitegian, Lanzarotta abokatuak, berrogeita hamar urte ondo eramanak baina hogeita bosteko emaztea zuenak, eskutitza irakurri eta hamar minutura, ondoezik zela eta toga bertan utzi, eta lehendakariari epaitzen ari ziren auzia hurrengo baterako uzteko eskatu izana zentzu zuzenean interpretatu zuten denek; eta berdin eskutitza irakurtzen ari zen ahala Rivera epaileaz jabetu zen rigor mortis gisako hura: hitzik esan gabe itzuli zuen, eta sonanbuluaren gisan abiatu zen bere bulegorantz.

        Elkartean Lanzarotta abokatuaren eta Rivera epailearen erreakzioen berri eman zen: denak zeuden konforme, erruki gaizto betekin, biek zutela zertaz arduraturik. Baina don Luigi Amarúk, mutil zaharra baitzen, erruki gabe deklaratu zuen Lanzarotta eta Riveraren egoera berean, eta lagunen eta ezagunen tartetik irten gabe, hogeikoren batek egon behar zuela gutxienez. —Zer egoeratan?— galdetu zuen batek baino gehiagok. Eta don Luigik honela zehaztu zituen: emaztearen adina, hogeitik hogeita hamabostera bitartekoa; itsusia ez zena; ikasia, eskutitzetik antzematen zitzaionez; berrogei inguruko ahaide bat, itxura onekoa, etxera sarri etorria edo sarritan etortzen zena; senar izaera oneko, baketsu eta ez oso azkar batekin. Eskema horren aho bateko onarpenari etsimen lauso batek jarraitu zion: adimenaz aparte, inork ez baitzuen dudarik egiten bereaz, bertan zeudenetatik bazeuden bederatzi (norbaitek kontaturik zituen ordurako) egoera hartan.

        Haien artean, konturatu zela aditzera eman zuen lehena Favara geometria irakaslea izan zen. —Utzidazu berriro irakurtzen eskutitz hori— esan zuen bekozko ilunarekin, mahatxuz, Vaccagnino abokatuaren aldera abiatuz. Abokatuak eman zion: eta Favara normalean asmakizunetarako, kriptogrametarako eta hitz gurutzatuetarako gorde ohi zuen aditasun harekintxe murgildu zen eskutitza irakurtzen, sofa batean hondoraino sartuta; eta ez zen ohartzen inguruan egin zitzaion isiltasunaz eta berari zioten ardura jolasgurazko eta antsiazkoaz. Zeren mutil zaharrak, alargunak, zaharrak, ahaiderik batere gabeko emaztea zutenak gozatzen ari baitziren: baina egiazko eta benazko antsia ageri zen don Luigik zehaztutako baldintzetan aurkitzen zirenen begiratuan: Favararen jokaera, konplituz gero desegiten sentitzen zuten konfiantza berriro itzuliko zien sakrifizio moduko bat balitz bezala.

        Eta Favarak, hain zuzen, paper puska hartatik giza galdu baten begiratua jasorik bere dolukideek eta baita gozatzen ari zirenek ere espero zuten moduko erreakzioa izan zuen: —Zer ari zarete begira? Asmakizunak, tontakeriak... Egunkarietan argitaratzen diren eskutitz horietan, nik ez dut sekula sinetsi izan: beraiek asmatzen dituzte, kazetariek.

        —Egia da, arrazoia du —esan zuten gehienek, baina errukizko keinu batzuekin.

        Militello doktoreak, aldiz, elizkoi nabarmena, eta gutxienez hogeita hamar urte alargun zeramatzana bera, kontra eraso zion: —Ez, adiskidea: onar dezaket egunkariak, nolabait esateko, probokaziozko historiak asmatzen dituztela ere: baina hemen apaiz baten ardurapean dagoen sail bat dago aurrean: eta apaiz batek zerbait asma lezakeela, eta kontzientzia kasu bat hain zuzen, begirune gutxiko eta irainezko gauza gaitzetsi behar dut nik.

        —Ez al duzu onartzen? —galdegin zuen Favarak, barruan irakiten zion amorrua ozta ezkutatzen zuen ironia batez—. Eta zu nor zara?

        —Nola ni nor naizen? —esan zuen doktoreak, Favaren susmoa gaitzesteko eskubide garbia emango zion nortasunen baten bila beso-jiraka—. Nor naizen galdetu didazu?... Nor naizen ni? —begirada ingurura zabaldu eta besteei galdeginez.

        Nicasio maisua, irakasle katolikoen elkarteko lehendakaria doktoreari laguntzera joan zen korrika. —Katoliko bat da, eta hori denez badu eskubidea...

        —Hilobi zurituak! —egin zuen oihu Favarak sofatik jauzi eginez: eta irainduek erantzuteko astia izan baino lehen pilotatxo zimur bat egin zuen aldizkari puska, bota zuen amorru eta indar batean pianoaren kontra, bere helburura Castel Sant'Angelon ikusten diren bonbarda bala horietako batean bihurturik iritsi behar zuela ematen zuen moduan; eta zalaparta batean alde egin zuen.

        Isilune handia egin zen: arina, ordea, barrez inarrosia. —Ez nekien Favararen emazteak ahaidekoak zituenik— esan zuen Militello doktoreak, eta horren ondoren hasi zen elkarrizketa horren atsegina zen, non zerbitzariak bakarrik moztu baitzuen, errespetu askorekin ordua ohartarazi zienenean: arratsaldeko ordu biak.

 

 

        Vaccagnino abokatuak deseginik aurkitu zituen espagetiak, eta emaztea sutan. Eta marmarrik gabe jan zituen, berea baitzen errua, Lanzarotta, Rivera eta —dulcil in fundo— Favarak, protagonizatu zituzten eszenen kontaketa ondo koloretuarekin alaitu nahi izan zuen emaztea.

        Baina andreak ez zirudien historia barregarri hura asko estimatzen zuenik. —Zuek bai duzuela kontzientzia. Eta tragediaren bat gertatzen bada?

        —Zer tragedia baina! —esan zuen abokatuak—. Eta tragediaren bat gertatuko balitz ere, nik behintzat kontzientzia lasai sentitzen dut. Lehendabizi zakurrek eta zerriek irakurtzen duten aldizkari baten argitaratuko eskutitza delako...

        —Zuk ere irakurri duzu —bota zion andreak.

        —Kasualitatez.

        —Eta nik irakurtzen dudanez zakurren eta zerrien kategoriakoa naiz —zeren andreak, jakitera zergatik liskarra nahi baitzuen.

        Abokatuak, berriz, nola nahi ez zuen, barkatzeko eskatu eta jarraitu egin zuen. —Bigarrenik, inork, inork esaten dut, ez du ezertarako hiruren kasu pertsonalen aipamen txikienik ere egin: a) zeren Lanzarotta, Rivera eta Favararen emazteaz ez da inoiz, nik dakidala behintzat, inoiz gaizki esanik izan; b) zeren izan balitz ere, jende jatorra gara denok, eta gehiegiraino hain zuzen; c) inork bere burua adardun aldarrikatu nahi badu, libre delako egiteko eta ni barre egiteko...

        —Horixe da kontua —esan zuen andreak— barre egin nahi duzula.

        Azpisailkapenak egiteko bero hartan moztu zutelako haserreturik, maisua baitzen hartan, ahotsa altxatu zuen abokatuak: —Bai, horixe, barre egin nahi dut... eta gainera, baldin badakizu barre egiteko eskubiderik ez dudan gaia dela hau, esan besterik ez duzu- eta beldurgarritaraino ari zitzaion iristen bere itxura.

        —Galtzaundi halakoa —esan zuen andreak; eta logelan ezkutatzera joan zen korrika.

        Abokatuak kolpetik sentitu zuen azkeneko esanaren damua, bere patxada larritu ziolako gehiago emazteari irain egiteagatik baino. Zeren esaera hartatik historia zahar bat pizten baitzen, eta historiatxo hartatik urduritasuna, zalantza eta beldurra hasten baitzitzaizkion ernetzen eta adartzen. Gillermo normandoaren aginduarena zen historia hura: bere erreinuko adardun guztiek buruko puntadun bat erabili beharko zutela adardun ez zirenetatik bereizteko, ehun ontzako zigorpean; eta legeei berebiziko begirunea zien senar batek galdera egin zion bere emazteari, ea, kontzientziaz, txano tontorduna zegokion ala ez; sekulako protestak egin zizkion hori zela eta emazteak, ez zela senarraren ohoreari berak baino begiramen gehiago zionik eta. Baina gizon jator hura, era horretara ziurtaturik, burusoilik irtetear zenean, berriro deitu atzera, eta bada ezpada ere, bada, okasioak kentzeko eta, janzteko txanoa eman omen zion aholku.

        «Zer daki, bada, senar batek?» pentsatu zuen abokatuak: eta emakumeen engainu eta deabruzko moduz burututako traiziozko literatura oso bat etorri zitzaion bere buruarekiko errukizko sentimendua piztera; eta bere zorigaitzaren islatzea zen itsuaren etsimenarekin murgildu zen hartan (konparazioa ere piztu zitzaion buruan). Eta itsutasun fisikozko egoeran sentitu zen benetan, berak ezagutu aurretik andreak bizi izandako urteak, bakarrik uzten zuen denbora, zeukan askatasuna, benetan zituen sentimenduak, benetan pentsatzen zituen gauzak, denak ezkutatzen zizkion iluntasun gotor batek inguraturik. «Filosofia behar da», esan zuen bere golkorako: eta Marko Aurelioren irudian aurkitu zuen, garai eta geldi Messalinaren biluztasun irristakor lubrikoaren gainean; zeren, jakitera nola, Messalina Marko Aurelioren emaztea izan zela erabat konbentziturik baitzegoen, eta hura filosofo bihurtu bazen ezkontza barruko zorigaitzetan isiltzeko izan zela.

 

 

        Ilunabar osoan ibili zen filosofia hegaka elkartean. Rivera epailea eta Lanzarotta abokatua ere han ziren, bistan denez —argi ikusten zitzaien aurpegiko koloretik eta begi lauso eta urduritik— indiferentzia patxadatsuzko itxurak eginez; eta gainerakoetatik, asko ziren, ezinegona, beldurra, erreparoa ezkutatzen ahalegintzen zirenak. Baita Vaccagnino bera ere, besteen begien aurrean, emaztearen ahaidekoen artean Detroit-en bizi zen lehengusu bat, herrian inoiz ikusi ez zena, eta izeba bat, klausurako moja, bakarrik aipatzeko moduan bazegoen ere.

        Favara geometra denetik egina zen zalantza guztietatik libratzeko: elkartetik alde egin eta korrika joan zitzaion emazteari galdeketa estu bat egitera, are bortxa bideetaraino ere iritsiz (esaten zen marmarka); eta emazteak erru hura egina eta eskutitz hura idatzi izana ukatu eta etsimenez ukatzen zuenez, gauza bat bakarrik egin zitekeela erabaki zuen Favarak: Milanera joan, Aita Lucchesini bilatu eta eskutitz haiek erakusteko konbentzitu. Aita Lucchesini onean konbentzitzen ez bazen ere, errebolber bat hartu zuen poltsikoan. Horregatik, ez al zuen senarrak etxetik irten, andreak Basicó inginiariari deitu zion telefonoz bere lankide eta adiskidea hondamenetik salba zezan; eta inginiaria, benetako laguna baitzen, korrika joan zen Cataniako aireportura, pentsatuz Favara, trenez abiatu baitzen, geltokiko arduradunak esan bezala, biharamunean iritsiko zela Milana. Baina, laguna izanagatik ere, abiatu baino lehen, betetzea tokatzen zitzaion eginkizun ezkutu eta kontu handikoaren berri eman zion Militello doktoreari eta, horrenbestez, elkarteko bazkide guztiei.

        Horregatik Favararen kasurako zerabilten denek filosofia, esanez oinarri gabeak zirela aztoratu zuten susmoak, baina denek itxaro zuten, hala ere, ondo oinarrituak izango zirela. Karta hura Maddàko bromazaleren batena gerta zedin, hain zuzen, eta ezinezkoa zela andre bat horren kaskarina izatea.

        —Nor izan den asmatzen badut —esan zuen Gozzo irakasleak— bihurrituko diot lepoa, Jainkoa bada behintzat.

        Gozzo mutil zaharra baitzen, denak harritu ziren: —Hiri zer axola dik.

        —Nik dakit, axola didan ala ez —erantzun zuen Gozzok, eskuineko ukabil itxia ezkerreko esku zabalaren kontra joz. Eta axola zion, benetan: zita bat zuen, lehenengoa, Nicasio andrearekin: hiriburuko hotel batean; baina andreak ezezkoa eman zion, ezin ziola noiz eta egun hartan senarrari esan hiriburura bakarrik zihoala, betiko erosketak egitera, bazkarian ezin tratatzeko moduan egon zela senarra eta, umore txarrez eta susmoz betea.

        Gozzoren jokaerak beste susmo uhin bat sortu zuen, baina eutsiak, gordeak denak; Nicasio maisuari ere, bertan baitzen, inauterietako dantza ekarri zion gogoa, arratsalde osoan aritu baitzen bere emaztea Gozzorekin dantzan (eta gero etxean liskarra izan zuten).

        Arratsalde luzea izan zen, beraz, batzuentzat; beste batzuentzat laburregia.

 

 

        Gauero bezala emaztea baino lehen oheratu zen Zarbo abokatua. Egun gogorra igaro zuen, eskutitz harekin: auzitegian, elkartean, eta bere baitan batez ere, mihigaiztoak eta errukiak, amodioak eta haserreak alde bietatik erasotzen ziotela. Ez besteak bezala. Berak bazekien, betidanik zekien.

        Liburua hartu, eta seinalatutako tokian ireki zuen. Orrialde batzuk irakurri zituen, baina begia eta adimenaren artean lauso bat bezala zeukan hedatua, adimena minez barreiatua. Begirada liburutik jaso zuenean, ia ikaratu zen emaztea biluzik ikusiz, besoak jasota, burua janzten ari zen kamisoian bilduta. Unerik egokiena iruditu zitzaion galdetzeko, kolorerik gabeko ahotsez, doinu lasaiez: —Zergatik idatzi diozu Aita Lucchesiniri?

        Emaztearen aurpegia tarratada batetik agertu zela ematen zuen, izu eta zer egin ezin jakinezko keinu batean izozturik. Oihu egin zuen ia: —Nork esan dizu?

        —Inork ez: segituan konturatu naiz eskutitza zurea zela.

        —Zergatik? Nola?

        —Banekielako.

        Emaztea belauniko erori zen, ohe ertzean murgildu zuen burua, oihua ito nahi balu bezala: —Orduan bazenekien!— eta horrelaxe geratu zen zotin isilka.

        Senarra bere amodioaz eta bere penaz hitz egiten hasi zen; eta mesprezu arin batez begiratzen zion, desira eta lotsaz nahastutako errukiz. Eta esaten zizkion gauzak negar eta malkoetaraino iritsi zirenean, jaso eta beregana ekartzera hurbildu zitzaion.

        Baina ez al zuen ukitu, kolpetik altxatu zen emaztea. Barre egiten zuen, eta barre hotza, gaiztoa, geldia zeukan begietan, ahoan. Jaso zuen senarraren aldera ukabil itxia, luzatu zituen, begiak atera nahi balizkio bezala behatz txikia eta indexa, eta histeriaz eta minez irten zion ahotik akerraren bertsoak: —Beee... Beee...

 

Itsaso ardo kolorea
Leonardo Sciascia

euskaratzailea: Josu Zabaleta
Erein, 1991