Itsaso ardo kolorea
Leonardo Sciascia

euskaratzailea: Josu Zabaleta
Erein, 1991

 

Gure gauzazko westerna

 

        Herri handi bat, hiria ia, Palermo eta Trapaniko probintzien arteko mugan. Lehenengo Mundu Gerrako urteetan. Eta gerra hori gutxi balitz, beste bat du barruan herriak: ez odolgiro gutxiagokoa, frontean erortzen diren hiritarrena adinako hilketa maiztasuna ematen duena. Bi mafia talde mendekugintzan ari dira aspalditik. Bi hildako hilean, bataz beste. Eta aldi bakoitzeko, herri guztiak daki zein aldetatik etorri den lupara, eta non dagokion erantzunaren lupara. Karabineroek ere badakite. Gora egin nahi duten mafioso gazteak, beren tokia defenditzen duten zaharrak. Behe mailako bat erortzen da alde batetik, behe mailako bat erortzen da bestetik. Buruak seguru daude. Asko jota ere bietako bat, zaharren burua, edo gazteen burua, eroriko da hitzarmenaren ondoren, baketzearen ondoren: adiskidetasunaren errekan.

        Baina horra nondik mendekuak abiada hartzen duen eta hierarkiaren mailatan gora igotzen den. Normalean mendekuari abiada eman eta igo erazten denean, bake nahia adierazi ohi du eragiten duenaren aldetik: eta orduantxe mugitzen dira inguruko herrietatik patriarkak, bi aldeekin hitz egin eta, gazteak, denaren jabe ezin dutela egin konbentzitu, eta zaharrak, ezin diotela denari eutsi. Armistizioa, tratua. Eta gero, batasuna egin ondoren, eta bateratuen onarpen isil eta osoarekin, bi buruetako baten likidazioa: emigrazioa, edo erretiroa edo heriotza. Oraingo honetan ez da horrela, ordea. Iristen dira patriarkak, biltzen dira elkarrekin bi taldeen ordezkariak: baina bitartean, ohitura zen eta itxaro zitekeen guztiaren kontra, aurrera jarraitzen du hilketen martxak. Leialtasun falta salatzen diote elkarri bi aldeek, patriarken aurrean. Herriak ez du ezer ulertzen, gertatzen ari dena. Ezta karabineroek ere. Eskerrak patriarkak buru hotzak diren, erabaki lasaikoak. Berriro biltzen dituzte bi ordezkaritzak, azkeneko sei hilabeteetan hildakoen zerrenda egiten dute, eta «hori guk garbitu diagu», «hori guk», «hori guk ez» eta «guk ere ez», ondorio txundigarria ateratzen dute: hirutik bi ez alde batekoa ez bestekoa den beste norbaitek likidatu dituela. Hirugarren talderen bat ote da, hortaz, ia ofizialki ziren bi taldeak desegiten diharduena? Ala bakarkako mendekugileren bat dago, otso bakartia, alde bateko eta besteko mafiosoen hilketako kirolean diharduen eroren bat? Handia da harridura. Baita karabineroen artean ere: zeren, nahiz eta eroriak aski pozik biltzen zituzten (luparak errazago botatzen baitzituen, bestela, frogaz inoiz bota ezingo zituzketen gaizkile haiek), gauzak zeuden bezala egonda, gerratik ihesiek ematen zieten lan guztiarekin, mendeku oldea noiz baretuko zain eta nahirik baitzeuden.

        Patriarkek, arazoa bere neurrien barruan jarririk, lehenbailehen konpontzeko agindu zieten bi taldeei; eta ospa egin zuten, zeren bi aldeetatik ez bata ez bestea, ez biak batera ziren gauza beren immunitatea garantizatzeko. Herriko mafiosoak ikertzen hasi ziren; baina beldurrak, beren buruak mendekatu asmaezin edo gogo hiltzaile baten helburu sentitzeak, pertsona zintzoak beraiekiko betidanik izandako egoeran orain beraiek aurkitzeak, nahastu eta dorpetu egiten zituen. Gauza hoberik ez zuten aurkitu beren politikarien joan eta karabineroei ikerketa serio, sakon benetako bat eska ziezaieten eskatzea baino: nahiz eta zalantzak izan ez ote ziren karabineroak berak, legearen bidez desegin ezin zituztenez, ehiza ilunago eta ziurrago hartan saiatuak. Gobernuak gehiegizko biztanleria galarazteko noizik behin kolera zabaldu erazten bazuen, zergatik ezin zen pentsatu karabineroak mafiosoen likidazio sekretu batean ari zirenik?

        Ezezagunaren edo ezezagunen tiro saioak jarraitu egiten du. Zaharren taldeko burua ere erori egiten da. Herrian askatasun sentimen bat hedatzen da, baina aldi berean zalantzazkoa. Karabineroek ez dakite begia nora begira jarri. Mafiosoak izu laborrian daude. Baina, buruzagiaren hileta ospe handikoak, herri osoa dolumin itxurak eginez joan zenak, igaro bezain laster, mafiosoek izu eta beldur itxura hura galtzen dute: Berehalaxe ulertzen da badakitela nondik datozen kolpeak, eta egin gutxi geratzen zaizkiola hari. Buruzagia buruzagi baita heriotzako orduan ere: inork ez daki nola, baina agureak, hiltzen ari zela, keinuren bat, aztarren bat ematea lortu zuen; eta haren lagunek hiltzailea nor den jakitea lortu dute. Sinetsi ezineko pertsona bat da: profesional serioa, estimatua; izateko modu ilun samarrekoa, bizimodu bakartia daramana. Baina ez zukeen herrian inork sinetsiko, dagoeneko badakiten mafiosoez aparte, karabineroek atxiloturik ordu batzuk baino gehiago edukitzea lortzen ez zuten pertsona haietatik horrenbeste eskeletara bidali zituen ehizaldi luze, erruki gabe, zehatz hartarako gauza izan zitekeenik. Eta mafiosoak gogoratuak ziren zer arrazoirengatik lehertu zen gizon haren baitan hainbeste urteren buruan gorroto hotz hura, kalkulu hotza eta burutze ziurra zuena. Emakumea bitarteko, jakina.

        Ikasle zen garaietatik ibili zen neska batez prendaturik; haren familia ohorezko jatorri ziurrekoa ez zen, baina aberatsa bai ziur. Lizentziatu ondoren, lotzen zuen amodio haren irmotasunean, neskaren familiaren aurrean urrats batzuk ematen hasi zen, ezkontzara iritsi nahiz. Gutxietsi egin zuten: pobrea zela, eta ez zela gauza segurua, hasiera hartan zuen pobretasuna ikusirik, zenbaterainoko etorkizun profesionala zuen. Baina neskarekiko harremanak iraun egiten zuen: sendoagoa bihurtu zen bien sentimena, gainditu behar zituzten oztopoen aurrean. Eta orduan, neskaren guraso ohoretsu eta dirutsuak mafiari deitu zioten. Buruzagiak, buruzagi zahar beldurgarriak, profesional gazteari deitu zion: esaera zaharrak eta etsenpluak jarriz, bertan behera uzteko konbentzitu nahi izan zuen; horrekin ezer lotzen ez zuenez, mehatxu zuzenetara pasa zen. Gazteak ez zien jaramonik egin; baina sekulako izua sartu zioten neskari. Eta hark, mehatxu txar hura beteko ote zen beldurretik, amodio hura, edozein eratara ere, ezinezkoa zelako irizpide praktikora iritsi zen: eta bere mailako batekin ezkontzeko prestamenak egin zituen. Gaztea mindu egin zen, baina ez zuen amorru edo etsimen seinalerik eman. Bistan da, bere mendekua prestatzen hasi zen.

        Nolanahi ere, igarria zuten mafiosoek orain. Eta kondenaturik zegoen. Kondena betetzea buruzagi zaharraren semeak hartu zuen bere esku: eskubidea zuen bere denbora gutxiko doluagatik, eta aitaren mailagatik. Kontu handiz aztertu ziren kondenatuaren ohiturak, bizi zen inguruko topografia, eta bere etxekoa. Ez zen kontutan hartu ordea, jende guztia konturatu zela mafiosoek bazekitela: betiko harrokerietara itzulita baitzeuden, bistan zegoen ez zutela jada arrisku ezezagunaren beldurrik. Eta beste inork baino lehen kondenatua bera ohartu zen horretaz.

        Gauean, mendeku bihurtzaile gaztea, amaren azkeneko aholkuen laguntzarekin irten zen etxetik. Profesionalaren etxea ez zegoen urruti. Getari geratu zen hura noiz etxeratuko; edo lotan harrapatu nahi eta etxean sartu zen; edo area jo eta deitu egin zion, leiho jakin batera, balkoi jakin batera azalduko zela ustez. Gauza da bere biktima izan behar zuenak, aurrea hartu ziola, ziria sartu ziola. Buruzagiaren alargunak, mendekua burutzeko bidalitako gaztearen amak, tiro bat entzun zuen. Mendekua beterik zela pentsatu zuen, semearen zain geratu zen, minutuak igaro ahala gehitzen ari zitzaion antsia batekin. Une batean egiaz gertatua zenaren oharpen hutsa izan zuen. Etxetik irten, eta semea hilik aurkitu zuen, asmoen eta nahikundeen arabera gau hartan hilik behar zukeen gizonaren etxe aurrean. Jaso zuen gaztearen gorpua, eta etxera eraman zuen: ohean etzan zuen, eta gero, biharamunean, ohe hartantxe hil zela esan zuen, jakitera nork eta non egindako zauriagatik. Ezta hitzik ere karabineroei nork hil izango zukeen adierazteko. Lagunek, ordea, ulertu zuten, jakin zuten, eta kontu gehiagorekin prestatu zuten mendekua.

        Udako ilunabar batean, jende guztia gaueko lehenengo haize freskoa hartzeko plazan, elkarte, kafetegi, denda aurretan eserita dagoenean (eta han zegoen, baita ere) farmazia baten aurrean kondena lehendabiziko aldiz itzuri ahal izan zuen gizona), auto baten motorra martxan jartzen hasi zen morroi bat. Manibelari eragiten zion: eta burdin zarata batean, metrailadore batena ematen zuen kolpe sail batez, erantzuten zion motorrak. Durrunda guzti hura itzali zenean, farmazia aurrean, han zegoen aulki gainean etzanik, bihotza mosketoi tiro batez leherturik, Siziliako mafiarik bortitzenetako baten sailetan herioa eta izua zabaltzea lortu zuen gizonaren gorpua.

 

Itsaso ardo kolorea
Leonardo Sciascia

euskaratzailea: Josu Zabaleta
Erein, 1991