Itsaso ardo kolorea
Leonardo Sciascia

euskaratzailea: Josu Zabaleta
Erein, 1991

 

Bortxaketa auzia

 

        1870eko abenduaren 9aren goizean, Ama Birjina Guztiz Garbiaren festa egunean, Bottanuco, Bergamon, orduan milaren bat arima zituen herrian, eta horien artean bat ondo beltza ere bai, Ravasiotarren nekazari familian neskame zegoen neska bat, nagusiei baimena eskaturik eta gauerako etxean izango zela agindurik, ondoko Suisioko herrirantz abiatu zen, senitartekoak baitzituen han. Ugazabandrearekin batera irten zuen etxetik, baina handik gutxira bereizi ziren elkarrengandik. Zazpiak edo zerbait gehixeago ziren, eta ez zen, hortaz, oraindik egun argia. Ugazabandreak, ordua, bide bakartia eta eguraldi ez hain ona kontutan harturik, ardura lauso batez ikusi zuen urruntzen. Handik gutxira, zegoeneko Madonerako bidean zihoala, oihu ozen batzuk entzun zituen, otsoaren uluak balira bezala; eta besterik gabe, otsoarenak izango zirela iruditu zitzaion, elurra baitzen, eta gauza jakina da, gauzak gogorrak izaten dira otsoentzat elurra denean. Oihu haiek neska ezkutatu zen aldetik iristeak ez zion ardura gehiago eragin, orduan behintzat: eskualde hartan ez zegoen otsoek gizonari eraso egin izan ziotelako oroitzapenik. Handik bi egunera gogoratu zen, 10aren gauean, zeren neska ez baitzen itzuli 8ko gauean, ezta biharamunean ere; eta inoiz ez zen iritsi Suisiora.

        Aska batek zuen aterpean aurkitu zuten. «Neska gazte zoritxarrekoa zoruan zetzan, zeharo biluzik, ezkerreko hanka bakarrik galtzerdi batez jantzia, eta gorpuak bortxaketarik ankerrenaren seinaleak erakusten zituen. Zauri askok itxuragabetua zegoen, luzeran erditik ebakia ia, eta zati batzuk falta zituen, sabelekoak batez ere. Zuhaitz baten zuztar ondoan aurkitu zituzten horiek. Eta handik hurbil zegoen lastozko etxola batean, neskaren eskuineko izterreko haragi zati bat, eta neskak zeraman Pio IX Aita Santuaren irudia aurkitu zituzten. Ondoko soroan, arta-asto pila baten azpian azaldu ziren jantziak, eta bere painelu bat elurretan azaldu zen, bide erdian. Eta azkenik ikusi zen gorpuaren hurbilean, era bitxian simetrikoki jarririk zoritxarreko hark ilean eraman ohi zituen hamar urkila zeudela» (xehetasun horretatik eta lekukoek emandako beste askotatik, Ravasiotarren etxetik irten eta heriotzara joateko irteten duenean ezteietarako prestatzen ari den Luziaren irudia eransteko joera dago Giovannina Motta gaixoari: «ile beltz gaztea buru gainean bitan banatua, lazo zuri fin batekin, buru atzean trentza biribildu askotan biltzen ziren, inguruan ia aureola baten argi izpien gisara aldenik alde igarotzen zuten urkila luzeez lotua, Milan aldeko nekazari alabek oraindik erabili ohi duten bezala. Lepo inguruan granatezko zinta bat zeraman...», baina Giovanninarena «koral finezkoa zen»).

        Urkilak lurrean abaniko gisan antolatuta zeuden: neskaren ilean zuten ordena berbera, edo elizako ostensorio baten irudia egin nahi izan zuen, agian, hiltzaileak. Jantzietan ez zegoen odol arrastorik, seinale neska erantzi egin zela, hil zuten aurretik. Eskuineko besoa hautsita, hankak urratuak, ahoa lurrez betea, neska defenditu egin zela eta garrasi egin zuela pentsarazi zuen horrek denak.

        Lehenengo susmoak Suisioko igeltsero batenak izan ziren, Abraham Esposito izeneko bat, eta atxilotu egin zuten. Abizenak hegoaldetarra ekartzen du burura. Hegoaldetarra zelako izan al ziren susmoak? Baina ez zuen ezeren zerikusirik, «zalantza gabeko alibia» zuen: eta «berehala» askatu zuten, baina Bergamoko auzitegiaren epai baten bidez; hilabete pare bat espetxean igaro ondoren, beraz. Esposito askatu zutenez, ez zen jakin nondik hasi ikerketak, norengana zuzendu susmoak. Hala ere herriaren baitan iraun egiten zuen hilketa beldurgarri haren oroimenak, oraindik libre zebilen hiltzailearen beldurrak. Horregatik, 1871ko abuztuaren 27an, igandea, Erlikia Santuen jaia, nahikoa izan zen emaztea bi orduz falta izatea, seietatik zortzietara, Antonio Frigeni bilatzen presatu zedin. Emazteak zihoala esan zion tokitik gertuan aurkitu zuen: artasoro batean, zeharo biluzturik, eta Motta neska bezain xehatua. «Ekimosis luze bat erakusten zuen lepoan, tokian bertan aurkitu zen soka baten estutzeak egin zion marka sakona eta azal urradura batekin. Soka hori atzetik bota bide zioten, lakio gisara, eta emakumea alferrik saiatu zen kentzen, lepoaren alde bietara zituen atzamarka seinaleek adierazten zuten bezala. Eta itotzea izan zen, adituek erabaki zutenez, heriotza eman zion arrazoi bakarra. Baina hil ondoren ere ez zioten gorpua errespetatu. Zauri sakonak aurkitu zitzaizkion sabelean, eskuineko besoan, kokotean, bizkarrean, hilda gero mutur eta aho zorrotzeko tresna sendoren batez eginak, igitai batez seguruenik. Sabela zabaltzen zion zauri zabaletik hesteek irteten zioten. Sorbaldan hiru urkila aurkitu zitzaizkion... ». Ileko urkilak: eta hiruki zehatzean jarriak, punta kokotera begira.

        Oraingo honetan ere norbait berehalaxe atxilotzen saiatu ziren. Luigi Comerio izeneko bati suertatu zitzaion aukera, Suisioko nekazaria bera, arrazoitzat emanik «Elisabetta Pagnoncelli gorteiatu zuela, eta ezkontz betebeharrak haustera bultzatzen ere saiatu izan zela». Baina ez zen frogatu Motta inoiz gorteiatu zuenik, eta gainera zalantzarik uzten ez zuen alibia zuen.

        Sei hilabete igaro ziren, eta ikerketak erabat itzalita zeuden, ikertzaileak eta bizilagunak misterioan geratzera etsita, eta non kolpetik, ordura arte gorderik eduki ziren gertakari batzuk argitu zirelako, Vincenzo Verzentiren izena aipatzen hasten den. «Hogeita bi urteko gaztea zen, Bottanucon jaio eta bertan bizi zena, nekazari familia eroso batekoa. Ordura arte gazte jatortzat, erlijio gauzetara emantzat eta edozein biziotik urrutikotzat hartua, inork ez zukeen horren ekintza izugarritarako gauza zenik usteko, ordura arte isiltasunik itxienaren pean gorde izan ziren zenbait gertakari zabaldu izan ez balitz».

        Lau urte lehenago, zehaztasunik ez den jai egun batean (erlijiozko jaiak eta igandeak zehazki azaltzen dira Verzentiri egozten zaizkion ekintzetan) ilunabarrean, hamabi urteko neska batek, Mariana Verzentik, eraso bat jasan zuen bere ohean, atsedeten edo lotan ari zen bitartean. Almoada bat aurpegian, esku bat eztarria estutzen. Neska garrasika egiteko adina askatzen da, erasotzaileak ihes egiten du. Auzoko emakume batek Vincenzo Verzenti, neskaren lehengusua, ondoko etxean bizi dena, bere etxetik irten, senitartekoenean ezkutuka sartu, kontuz, eta handik minutu batzuetara irteten ikusi du. Handik une batzuetara neskaren garrasiak entzun zituen: Verzentik irten eta gutxira, ez zen huts egiterik. Koherentzia gehiagoz, neskaren izeba batek esaten duenez, garrasiak entzun zituen lehendabizi, eta gero ikusi zuen Verzenti eskaileretan, bazihoala. Verzentik bere aldetik esaten duenez, bera ere garrasiekin joan zen korrika, baina neska biluzik ikusi zuela, eta alde egin omen zuen.

        Hiru urte lehenago, goiz-sentia zen ia, landetatik parrokia aldera mezarako zihoazela, bi emakumek eraso bana izan zuten, denbora gutxi baten barruan: Barbara Bravi, erasotzaileak lepotik heldu zion, baina oihu egin zuen, eta ihes erazi; lehenengoa baino sendoagoa eta ausartagoa, Margherita Salak alkandoratik eta beheko ezpainetik heldu zion, eta luzaro borroka eginez, askatu eta ihes egitea lortu zuen. Ez batak eta ez besteak ezagutu zuen gizona, baina oroimenean gorde zituzten oroitzapenak —gazte gorpuzkera, altura, sasoia, pelucc deitzen zitzaion oihal lodi eta iletsuzko txaketa— oso ongi egokitu zekizkiokeen Verzentiri ere. Gainera, Pozzi izeneko batek inguru hartantxe topatu zuen goiz hartan: eta atzamarkada bat igarri zion Verzentiri ezkerreko masailean (ez ordea beheko ezpainean).

        Hilabete hartan bertan, abendua, Angela Previtali hamabi urtekoak, eskolara zihoala (asteguna, baina bazen, nonbait, eliz ospakizunen bat) Vicenzo Verzentirekin egin zuen topo, eta hark, bortxarik gabe «goazen, goazen» esanez bakarrik, geroago Giovannina Motta xehaturik aurkituko zen aterpe hartara bertara eraman nahi izan zuen. Neskak hasieran harantz eraman zezan utzi zuen, baina gero garrasi egin, eta ihes egin zuen. Verzentik, lasai, pixka batean jarraitu zion.

        1871ko apirila: Maria Galli nekazariak ezezagun batekin egiten du topo, gerora Verzenti bezala ezagutzen duena. Ezezagunak buruko painelua kendu eta eraman egiten dio. Urte bereko abuztuaren 26an, Pagoncelli andrea hil zuteneko bezperan, alegia, Maria Previtali irulea, hemeretzi urtekoa, jarraitzen du Verzentik, beretzat «ondo ezaguna» lehengusua denez, eta une batean erasoari ekiten dio. Lurrera bota eta gonak jasotzea lortzen du, baina garrasika ari zenez, Verzentik, nahiz eta lepotik helduta eduki, une batean utzi eta bidera irten zuen ea inor zetorren begiratzera. Itzuli zenean, neska zutik zegoen, «bi eskuak hartu eta bereen artean eduki zizkion pixka batean, hitzik esan gabe, eta bere erreguak entzunik alde egiten utzi zion».

        Hain berandu azaldu eta bildu ziren nola jakin ez dagoen gertakari hauei, beste bi lekukorenak erantsi zitzaizkien, berandukoak hauek ere: Rosa eta Carolina Previtalirenak. 1870eko abenduaren Baren goizean hilketa gertatu zen lekuan, aterpean, ikusi baitzuten Verzenti, eta gero garrasiak eta oihuak entzun zituzten told hartatik zetozela (baina ez zuten Giovannina ikusi, ez bizirik ez hilik; eta ez ziren harritu oihu haiekin); eta Giovanni Bravirena, 1871ko abuztuaren 27an Verzenti gero Pagnoncelli andrea aurkitu zuten tokian ikusi baitzuen, eta hil zutela uste zen ordutsuan gainera.

        Baina horra non, auzian, kolpea: Carolina Previtalik, aterpean ikusitako gazte hark Verzentiren antzik zuen galdegiten diotelarik, seko ukatzen du. Instrukziokoan ezagutu zuela ohartarazten diote. Hori aitortu duenik ere ukatu egiten du. Aitarekin aurrez aurre jartzen dute; gazte hura Verzentiren nahiko antzekoa zela entzun izan diola esaten du aitak. Alabak ukatu egiten du. «Nik ez dut ezer esan» errepikatzen du. Fiskalak, atxilotu eta bertan epaitzeko eskatzen du. Epaileak erretiratzen dira, aretoa iskanbila batean, eta Previtali jauna bere alaba Verzenti ezagutzera behartu nahiz utzita. Epaileak berriro sartzen direnean, neskak barkazioa eskatzen du, eta aterpean ikusitako gizonak «Verzentiren nahikoa antz zuela» konbentzituta dagoela aitortzen du. Eta auziak martxa hartzen du berriro.

        Verzentik, ordea, ukatu egiten du dena. Bere kontra aztarrenak besterik ez ditu. Lekukotasun guztiek dute hutsen bat. Lekukoen frogarik larrienak, Maria Previtali bere lehengusinarenak, ez dio hiltzeko asmoaren itxurarik ere ematen bere garaian neska gazteak bere bertutearen kontrako eraso bortitza iritzi zionari, hitzik esan gabe eskuak hartzeko jokaera hartan bukatu baitzen dena, ia-ia errukiorki, —eta geroago bakarrik, tartean bi hildako haiek zirela eta Verzenti hiltzailetzat seinalatu eta gaitzetsita zegoenean, hartu bide zuen neskaren oroitzapenetan, hark guztiak, zori onez itzuri ahal izan zuen sekulako arriskuaren itxura.

        Baina alibirik ez zeukan salatuak, mezatan ez bazen: hiru entzun baitzituen Motta hil zuten egunean ere. Baina merezi du galdeketako une batzuk hona ekartzea.

 

 

        LEHENDAKARIA: Ezbeharra baino zenbat denbora lehenago ikusi zenuen Motta?

        EPAITUA: Urrian, soroan, segan.

        LEH.: Entzun al duzu ezer hari buruz?

        EP: Bai, bakizu zuk e... (barre hotsak).

        LEH.: Bai, baina zuri ere entzun nahi nizuke.

        EP: Dena deseinda zegon, sasinauta, ezin zeiken kristautzat e ezautu, etzeon jantzita, billusik zeon.

        LEH.: Bilusik?

        EP: Bai, bilusik, soinen ezer bae...

        LEH.: Osorik al zegoen gorputza?

        EP: Ez... Erditik moztuta, aurretik ta atzetik...

        LEH.: Burua?

        ER: Ezin izan nun ikusi.

        LEH.: Eta noiz ikusi zenuen?

        ER: Lenengo mezan ondorenen, aurkitu zuten egunen. Hantxe neon, besteekin...

        LEH.: Eta nola jakin zenuen gertatuaren berri?

        EP: Han geatu nintzen... Zer esan behar dut?... Jendeak zionetik jakin nun.

        LEH.: Zer zioten, bada?

        EP: Kristauak eiteko gauzak ez diela...

        LEH.: Ez al zen aldarrikatzen neska Suision izan zela Ama Birjinaren egunean? Ez al zuen inork galdetzen noiztik falta zen etxetik? Eta zuk ez al dakizu, zeuk, noiztik falta zen?

        EP: Ez nuen aditu, ez dakit ezer honetaz.

        LEH.: Ez al zenuen jakin festarako alde egin zuela?

        ER: Zer jakin behar dut bada, nik besteek egiten dutenez?

        LEH.: Hilketa toki hartan, edo gertuan, egon al zinen Ama Birjinaren egunean?

        ER: Ez.

        LEH.: Egun hartan zertan igaro zenituen goizeko orduak?

        EP: Seietan mezatara joan nintzen, gero etxera joan nintzen berriro. Ondoren elizara itzuli nintzen, konfesatu eta komulgatu egin nun (barre hotsak).

        LEH.: Ez al zinen beste inora joan?

        EP: Ez... bigarren mezan eon nintzen, eta gero meza nagusitan.

        LEH.: Denbora guztian elizan, hortaz... Eta Mottaren gorpua aterpean ikusi zenuenean estalita al zegoen?

        ER: Estalita zeon, baina bilusik zeon bera...

        LEH.: Goazen azkeneko gertakarira... Zer egin zenuen zuk 1871ko abuztuaren 27, igandean?

        ER: Goizean goiz altxatu nintzen, lehenengo mezarako, Aita Martinarekin konfesatu nintzen, erretorearekin komulgatu nun (barre hotsak), gero bigarren mezara joan nintzen, don Bartolorenera, eta gero hirugarrenera, Curradù deitzen dioten abadearenera. Hori eginda, itzuli eta sorotan ibili nintzen, beste batzuek etxera joan nintzela diote.

 

 

        Azkeneko puntu hori, azerikeria ez bazen, zentzu ona bazen behintzat: nola nahi duzue orain dela hiru urteko goiz batean zer egin nuen gogoratzea? Mezak bai, konfesioak, komunioak, niretzat bete beharreko gauzak baitira igande eta jai guztietan; baina gainerako gauzei dagokienez, utzi diezaiegun erabakia lekukoei, nik baino oroimen hobea baitute nik eginei buruz. Eta bere erantzun guztiak, esan daiteke zentzuzkoak direla, eta halakoxeak diren neurrian justiziaren makina zentzugabearen aurrean zentzua alferrikako gauza dela sentitzen duenaren ardura gabeziak emandakoak. Hiru puntu ahul daude bakarrik Verzentik epaileari emandako erantzunetan: lehenengoa «hantxe geratu nintzen» esaten duenean (non? Hilketa tokian, burutu ondoren?); eta beste biak airean bezala geratzen diren une horietan, eromen kontrolatu bat balu bezala, biktima biluziaren oroimen edo irudipenarekin erremediorik gabe gozatzen ari dela sentitzen den horietan. Baina hiru ahulezia horiez ez publikoak ez fiskalak jakin zuten baliatzen.

 

 

        Egozten zitzaizkion ekintzen «ez-normaltasunaren» parean, epaituaren «normaltasun» bai fisikoa bai arrazoimenezkoa jarririk, erantzukizunaren arazoa planteatzen zaie epaileei. Esan beharra dago defentsa eta autodefentsak ere laguntzen zutela ondoko elementuekin, «normaltasunaren» irudi hori emateko: Verzentik egin ohi zituen deboziozko jardun etengabeak —meza sailak, konfesioak, komunioak—; hogeita bi urtetara arte emakumeekin harreman esturik ez izana, eta bakarkako saio erotikoan inoiz ez jarduna; oilaskoak hiltzen ikusteko higuin ongi frogatua (lepoa bihurrituz hiltzen baitira, jakina denez). «Harrez gero itzuli asko eman baitu gurpilak», gaur egun abokatu ikaslerik ez dago argudio horiek zenbaterainoko kontrabalioa izango zuketen ez dakienik; baina garai hartan defentsarako balio zuten.

        Nolanahi ere, epaituaren erantzukizunaren arazoa zientziaren laguntza zehatzarekin erabakitzeko, garai hartan kriminologiako argirik handiena zenari deitu zion epai mahaiak: Cesare Lombroso irakaslea, zuzenbide penaleko eskola positiboaren sortzaile zenari.

        Lombroso irakasleak, jakina, ezin du ezer erabaki, horrela, kolpetik.

        Lehendabizi espezialistek «begi hondoaren azterketa zehatz bat egiteko», eskatu zuen «garunaren barruan begiratzeko leiho bat baita ia erretina»; eta bidali diezaiotela epaitua ilea zerora moztuta, zigortu bat bezala, eroa den ala ez, gaizkilea den ala ez, erabakitzeko beharrezkoak diren neurketa «kraneometrikoak» egin ahal izateko. Bigarren eskabide horri fiskalak kontra egin zion: soiltzen badidazue, nola ezagutuko dute lekukoek? Arrazoizkoa iritzi zitzaion: ilea moztuko zaio, baina lekukoek ikusi ondoren.

        Irakasleak eskutan duenean, astebete nahikoa eta sobra du behar bezala aztertzeko. Eta ez epaitua bakarrik; baizik eta eskolako araudiak agintzen zuen bezala, epaituaren gurasoak, aitona-amonak, osabak, lehengusuak ere bai. Aitak pelagra seinaleak ditu; bi osaba «kretinoideak» dira (bat batez ere: buru hezur txikia eta luzeka, bizarrik batere ez, koskabilo bat lehortuta eta bestea falta), lehengusu batek garuneko hiperemia du, eta bestea «lapurretan errepikatzailea» da. Amak, bizi duen amonak, hilik diren aitona-amona eta birraitonek «ez dute gaitz nabarmenik erakusten». Hitz laburretan: familian horrenbesteko zeremoniarik gabe ere aurki zitekeena, «kretinoide» hitzak, bestalde, kretino, mozoloren arintzailetzat balio du: «Kretinoaz gainera, —esplikatzen du irakasleak— badugu "kretinoidea" hartatik zerbait baduena, baina aldi berean gizon sano eta normala dena». Eta deitoragarria gertatzen da hitz hau kriminologoaren azterketatik irten eta hizkuntza arruntera hedatu ez izana: behar beharrekoa bailitzateke gaur egun, mozolokeriatik asko eduki eta adimenaren lanabesak erabiltzen dituztenei ezartzeko.

        Irakaslearen ustez, Verzenti ezin zitekeen zehazki «kretinoide»tzat hartu ere: Bere familian ikusten zen kretinismo eta pelagraren kutsadura arin bat besterik ez zuen, eskuineko garun aldearen aurreko partean seinaleak uzten zituena, eta afektibitateak gurariekin duen oreka hausten ziona. Baina gaitz hori, familia giroak eragindako errepresioarekin eta «kastitate gordetzailearen libido»arekin batera, delituen garaian ohar gabezia eta, ondorioz, erantzukizun gabeziazko egoera sortzeko adina izan litekeenik, irakasleak erabat gaitzesten du. Gehienez ere, honela utzi liteke gauza: «erantzukizun osoaren jabe ekintzaren hasieran, eta erantzun gutxiagorekin ekintzaren gailurrean» eta erantzukizun osoa berriro segituan, ezkutatzeko, bere burua defenditzeko.

        Lonbroso irakaslearen txostena irakurririk, bere hitzaldiari ekin zion Quintavalle fiskal jaunak. Biktimak bizirik zirenean bezala oroitu zituen: «bizia, azkarra eta alaia, bere lagunentzat ohitura onetan eta lanerako kemenean eredua zena», Giovannina Motta; «bi haurtxoren ama, eta bat titikoa gainera», Elisabetta Pagnoncelli. Gero hilik ikusi erazi zituen, xehetasunik izugarrienak ere gorde gabe. Eta azkenean: «jakitunen iritzian oinarritzea besterik ez zait geratzen». Eta hantxe oinarritu zen, inola ez mugitzeko moduan.

        Verzentirentzat, bizitza osorako lan behartuak.

 

Itsaso ardo kolorea
Leonardo Sciascia

euskaratzailea: Josu Zabaleta
Erein, 1991