Konpromisoa
Sergei Dovlatov

euskaratzailea: Iker Sancho Insausti
Hiria, 2008

 

 

LEHENENGO KONPROMISOA

 

(“Sobietar Estonia”. 1973ko azaroa)

 

      HITZALDI ZIENTIFIKOAK. Zortzi Herrialdetako hainbat zientzialari Tallinnera iritsi dira Eskandinavia eta Finlandiari buruzko ikerketen VII. Hitzaldietan parte hartzera. Sobietar Estatu Sozialisten Batasuna, Polonia, Hungaria, Alemaniako Errepublika Demokratikoa, Finlandia, Suedia, Danimarka eta Alemaniako Errepublika Federaleko adituak dira. 130 zientzialaritik gora izango dira lanean jardungo dutenak, sei alorretan banaturik. Historialari, arkeologo nahiz hizkuntzalari hauek euren ikerketen emaitzak aurkeztuko dituzte. Hitzaldiek azaroaren 16a arte iraungo dute.

 

      Hitzaldiak Institutu Politeknikoan izan ziren. Hara joan eta elkarrizketa batzuk hartu nituen. Bost minutu beranduago berria prest neukan. Idazkaritzan entregatu nuen. Turonok erredaktorea agertu zen; gizon gogaikarri, melenga bat. Alproja lotsati horietakoa. Oraingo honetan asaldatuta zetorren:

      — Hutsegite ideologiko larri bat egin duzu.

      —?

      — Herrialdeak aipatu dituzu.

      — Hori ezin al da egin?

      — Egin daiteke eta egin beharrekoa da gainera. Kontua da nola aipatzen dituzun, zein segidatan. Lehendabizi Hungaria, Alemaniako Errepublika Demokratikoa eta Danimarka aipatzen dituzu eta ondoren, Polonia, Sobietar Batasuna eta Alemania Federala.

      — Noski, errusiar alfabetoaren arabera.

      — Baina hori ez dator bat klase sozialen araberako ikuspegiarekin!! —esan zuen Turonokek orroka—. Badago jarraitu beharreko ordena mugiezin bat: lehendabizi herrialde demokratikoak! Ondoren estatu neutralak. Eta azkenik, bloke kapital.

      — O.K —esan nuen.

      Artikulua berridatzi eta idazkaritzan entregatu nuen. Hurrengo egunean, Turonok etorri zitzaidan korrika batean.

      — Zu adarra jotzen ari zatzaizkit! Apropos egiten al duzu?

      — Zer dela eta hori?

      — Herri-demokrazia duten herrialdeak nahaspilatu dituzu. Alemania Demokratikoa Hungariaren atzetik ipini duzu. Zer, berriro alfabetoa?! Ahaztu hitz oportunista hori! Zu partiduaren egunkari bateko langilea zara. Hungariak hirugarren tokian behar du! Han altxamendua izan zen.

      — Eta Alemaniarekin gerra izan genuen.

      — Ez hasi teman! Zergatik hasten zara teman? Hori beste Alemania bat da, beste bat! Ez dut ulertzen nork eman dizun hemen lan egiteko ardura. A zer nolako miopia politikoa! Nerabetasun morala! Aterako dut mahai gainera kontu hori.

      Bi errublo ordaindu zizkidaten artikulu honengatik. Hiru emango zizkidatela uste nuen.

 

Konpromisoa
Sergei Dovlatov

euskaratzailea: Iker Sancho Insausti
Hiria, 2008