Konpromisoa
Sergei Dovlatov

euskaratzailea: Iker Sancho Insausti
Hiria, 2008

 

 

BEDERATZIGARREN KONPROMISOA

 

(“Sobietar Estonia”. 1976ko uztaila)

 

      “DISTANTZIARIK ZAILENA. Tiina Karu familia zoriontsu batean jaio zen, eskola urrezko dominarekin amaitu zuen, Sobietar Batasuneko Lenindar Gaztediaren Batasuneko batzordeko idazkari izan zen, eta betidanik izan du kiroletarako zaletasuna. Puntu honetan, xehetasun interesgarri bat nabarmendu behar da. Atletismoak dituen alor ugarietatik 400 metroko lasterketak aukeratu zituen. Eta adituen iritziz, hauxe da, hain zuzen ere, kirol honetan dagoen distantziarik nekezena, abiaduraren eta erresistentziaren, indar lehertzailearen eta garaipenerako borondate irmoaren uztartze bat eskatzen baitu. Egoskortasuna, koherentzia eta bizimodu asketikoa; hauek dira Tiinaren biografia eta bere buruari ezarririko helburuetarako bidea baldintzatu izan dituzten faktoreak. Eskola amaitu ondoren, Tiina Tartuko Estatu Unibertsitateko Kimika Fakultatean sartu zen, Ikasleen Zientzia Erakundearen ekintzetan parte hartuz, eta Sobietar Gaztediaren erakunde nagusiak ezarririko betebeharrak gustura betez. Azkeneko ikasturtean, berriz, Partidu Komunistako kide bihurtu zen. Ondoren, Estoniako Zientzia Akademian doktoretza egiteari ekin zion. Kimikari moduan, sustantzia kantzerigenoek gizakiaren organismoan duten eragina da Tiinari interesatzen zaiona eta tesia ia amaitua dauka.

      Tiina Karuk helburu zail baina errealak jartzen dizkio bere buruari. Ezagutzen duzunean, bere distantzia luzeko lasterketa horretan arrakasta izango duela sinestarazten dizu”.

 

      Bion lagun batzuek aurkeztu gintuzten Tiina Karu eta biok. Emakume interesgarria, azkarra, zientzialari gaztea zen. Berari buruzko aipamen labur bat prestatu nuen. Noizean behin, zientzialari-giroetan topatu ohi nuen. Behin deitu egin zidan:

      — Libre al zaude? Zurekin hitz egin beharra daukat.

      Raja kafetegira iritsi nintzen. Gin bat eskatu nuen. Esan zidan:

      — Lau urte daramatzat ezkonduta. Orain arte dena ondo zihoan. Udan, Rudi Moskun izan zen. Handik itzuli eta orduan hasi zen dena.

      —?

      — Zerbait arraroa ari da gertatzen. Berak zera nahi du. Nola azalduko nizuke. Bata bestearekiko ezezagunak bihurtu bagina bezala da.

      Pixka batean pentsakor geratu eta hitzak azpimarratuz, esan nion:

      — Sexuari dagokionean?

      — Hain zuzen.

      — Eta zertan lagun zaitzaket nik, bada?

      — Zuregana zergatik zuzendu naizen esan nahi duzu? Ba, nire ezagunen artean, pertsona amoral bakarra zu zarelako. Horregatik egin nahi nizun kontsulta hau.

      — Ez dut ulertzen.

      — Egoera eztabaidatu.

      — Badakizu zer gertatzen den? Nik gauza hauek gizonekin ere ez ditudala eztabaidatzen. Baina nire lagun batek badauka Sexuaren teknikak izeneko liburu bat. Kenduko diot, nahi baduzu. Hori bai, denbora askorako ez, bere erreferentziazko liburua baita. Errusieraz modu askean irakurtzeko gai zara?

      — Noski.

      Teknikak liburua eraman nion. Liburu zoragarria, alajaina. Lehenengo orrialdea irekitzen duzu eta jartzen du: Sarrera. Hori bera barregarria da jada. Kapituluetako bat horrela hasten da: “Neurriz kanpoko sabela duten amoranteei, zazpigarren posizioa gomenda geniezaieke”. Hori bai egile gizatiarra. Neurriz kanpoko sabela duten amoranteak bezalako izaki mespretxagarriei tarte bat egitea ere.

      Liburua eman nion. Handik astebetera itzuli zidan.

      — Dena ulertu al duzu?

      — Hitz bat ez beste guztia: “apurka-apurka”.

      “Apurka-apurka” hark zer esan nahi zuen azaldu nion.

      — Orain ezagutza praktikoak eskuratu nahi ditut.

      — Nire bedeinkazioa daukazu, ene alaba maitea!

      — Baina ez senarrarekin. Lehendabizi entseatu egin behar dut.

      Azpimarratu nahi dut, hau dena arazeria izpirik gabe esana izan zela, estoniarren modura, serio, lan kontu bat bailitzan.

      — Zu pertsona amorala zara? —galdetu zidan.

      — Ez guztiz.

      — Orduan, hori ezezko bat da?

      — Tiina! —esan nion erreguka— gauza hauek ez dira horrela egiten! Adiskidetasun-erlazio on bat daukagu. Horrelako gauzek epe bat behar dute; agian gure erlazioa beste sentimendu batera igaro liteke.

      — Zein da?

      — Nola zein den?

      — Zein da behar den epea?

      — Ene bada, ez dakit. Hilabete bat, bi.

      — Ez dit balio. Apirilean nire tesina defendatu behar dut. Aurkeztu iezadazu norbait. Ahal bada, beltzarana. Lagun lotsagaberen batzuk izango dituzu.

      — Gehiengoa dira —esan nuen nik.

      Eserita gelditu nintzen, pentsakor. Shablinski, noski, kontu hauetan aditua da, baina zakarra. Rosenstein bere datxa eraikitzen ari da; indarrik gabe geratuko zen dagoeneko. Guliaiev ilehoria da. Mitia Klenskik gonokozia dauka. Oska Txernov? Balioko duela iruditzen zait. Beltzarana, lotsatia eta gartsua. Egia da diru kontutan zuhur samarra dela, baina kasu honetan hori txikikeria bat da. Behin egiteko balioko du.

      Txernovi galdetu nion:

      — Emakume asko izan al dituk?

      — Hogeita hamasei eta lau galdera-ikur.

      — Zer esan nahi dik “galdera-ikur” horrek?

      Oska behera begira jarri zen.

      — Era guztietako ezezkoak.

      “Balioko du”, pentsatu nuen. Kontuaren mamia azaldu nion. Oska hitzik gabe geratu zen:

      — Behin edo beste ikusi izan diat. Gustatu ere egiten zaidak, egia esan. Baina uler ezak, honela. hain modu utilitaristan.

      — Zer kostatzen zaik?

      — Azken finean, gizon bat nauk.

      — Horrexegatik; emaiok laguntza behar duenari.

      Ron botila bat erosi nuen neure diruaz, eta Osia eta Tiina etxera gonbidatu nituen. Tiinak esan zidan belarrira:

      — Lagun batekin ados jarri naiz. Hiru ordutarako uzten dit pisua.

      Trago bat hartu, zigarreta bat piztu eta BBC irratia entzuten egon ginen. Oskak hausnarketak egiteari ekin zion:

      — Bai, bizitza honetan jazarritako erakundeak izan daitezke gauza iraunkor bakarrak.

      Tiinak eten egin zion:

      — Joan beharra daukagu. Bestela, nire laguna itzuliko da.

      Eta alde egin zuten. Goizean Tiinak deitu zidan.

      — Zer, zer moduz? —galdetu nion.

      — Etxeraino lagundu zidan eta alde egin zuen.

      Txernovi deitu nion:

      — Hik kontzientziarik ba al daukak?

      — Kontua duk, motel, ezin dudala. Ez zakiat zergatik, baina ezin diat.

      — Zer gizon klase haiz hi, horrelako zerbait egin eta gero?

      Oska iraindua sentitu zen:

      — Hik jandako albondigak baino emakume gehiago izan ditiat nik, baina horrelakorik ez diat inoiz topatu. Harritzekoena duk gustatu egiten zaidala.

      Berriro gonbidatu nituen biak. Aurrekoan edan gabe utzitako rona atera nuen. Joan ziren. Tiinak deitu zidan:

      — Deabruak eramango al du zure lagun hori!

      — Ez da egia izango berriro desertatu duela? —esan nuen.

      — Kontua da taxia hartu eta Osiak ilunpean ordaindu zuela. Errublo bat eman beharrean hamar errublokoa eman zion gidariari. Egindakoaz ohartu zenean, ikaragarri aztoratu zen. Oinez alde egin zuen etxera. Nik ikusi nuen hamarrekoa luzatu ziola, baina uste nuen Kaukason hori egiteko ohitura dutela, inpresionatu egin nahi ninduela. Zeren Osia georgiarra baita, ezta?

      — Osia judua da. Izatez, bere benetako abizena Malkiel da.

      Berriro deitu nion Oskari:

      — Oska, joka ezak gizonak bezala, behin besterik ez bada ere!

      — Baina errublo bat eta piku balio zian eta hamarrekoa eman nioan.

      Hirugarrenez gonbidatu nituen.

      — Adi ezazue —esan nien— nik gaur erredakzioan eman behar dut gaua. Zuek geratu hemen. Likorea hozkailuan dago. Norbaitek deitzen badu, ez erantzun. Atea giltzaz itxiko al dut, Oskak alde egin ez dezan?

      — Ez diat alde egingo!

      Erredakziora joan nintzen, gaueko txanda egitera. Tiinak deitu zidan:

      — Jaitsi zaitez. Minutu bat izango da.

      Hallera jaitsi nintzen. Txokolatina bat eta “Long John” markako whisky botila bat atera zituen zorrotik.

      — Tira —esan zuen— utzidazu musu bat ematen. Ez zaitez izutu, gizona, lagun bezala.

      Musu bat eman zidan.

      — Jakingo bazenu nola eskertzen dizudan!

      — Oskari eman eskerrak.

      — Hamar errubloak itzuli dizkiot. Gidariari eman zizkionak.

      — Ene, lotsagarria!

      — Tira, ongi da, zintzoki irabazi ditu.

      Botila poltsikoan ezkutatu nuen eta moralari buruzko artikulu bat amaitzera joan nintzen.

 

Konpromisoa
Sergei Dovlatov

euskaratzailea: Iker Sancho Insausti
Hiria, 2008