Konpromisoa
Sergei Dovlatov

euskaratzailea: Iker Sancho Insausti
Hiria, 2008

 

 

BIGARREN KONPROMISOA

 

(“Sobietar Estonia”. 1974ko ekaina)

 

      “HAIZEAREN AURKARIAK (Tallinneko hipodromoak berrogeita hamar urte bete ditu). Publikoaren idoloak diren zaldun famatuak, beste edozeren gainetik, etsi gabe eta patxadaz, arraza perfekzionatzen eta euren “dizipuluen” herentziazko ezaugarri baliotsuak garatzen diharduten esperientzia handiko zoologoak dira. Honez gainera, astean behin, Tallinneko ikuslego finaren aurrean, euren lorpenak aurkezten dituzten prestakuntza-maila goreneko kirolariak ere badira.

      Berrogeita hamar urtetan zehar sari eta aipamen ugari bereganatu dituzte, eta 1969. urtean Anton Dukalski zaldun-maisuak, Talnik zaldiarekin, Sobietar Batasuneko Sari Nagusia irabazi zuen. Tallinneko hipodromoko izarren artean esperientzia handiko maisuak nabarmentzen dira: L. Jürgens, E. Ilves, Kh. Nõmmiste. Itxaropen handiak sortarazten ditu, halaber, A. Ivanov kirolari gazteak.

      Urteurrena harira, abuztuaren 1ean zaldi-lasterketa bat ospatuko da hipodromoan.

 

      Tallinneko hipodromoak nahiko itxura tamalgarria dauka. Zorua zikin antzean, harmailak okerrak. Lurra erabilitako txartelez gainezka. Jendetza zaratatsu eta aztoratua, berriz, tabernatik barandarako joan-etorrian ibili ohi da.

      Hipodromoa da Portoko ardo merkea ontziratu gabe erosteko dagoen toki bakarra.

      Txarteldegian bi txartel mota daude: espresak eta bikoitiak. Espresa eskatuz gero, irabazleak helmugan sartzen diren ordenan asmatu behar dira. Bikoitien kasuan, aldiz, bi finalista sendoenak asmatu behar dituzu, edozein ordenatan. Txartel bikoitiarengatik, ondorioz, gutxiago ordaindu behar da. Bestalde, faboritoak asmatzeagatik ere gutxi ordaintzen dute, hipodromo guztiak jokatzen duelako hauen alde, hasiberri guztiek. Etekinik nabarmenena txiripaz aurrean egokitutako zaldi txarrek eman ohi dute. Faboritoa asmatzea ez da zaila. Zailagoa da espero ez dena aurreikustea; zaldiko-maldikoren batek ustekabeko bizkortasun-txinparta bat izango duela asmatzea, hain zuzen ere. Maila goreneko zaldunek, diru kopuru handien truke, astiroago joanarazten dituzte faboritoak. Abileziaz atzean gelditzen jakitea ere arte bat da. Irabaztea bera baino zailagoa ere bai. Horrelakoetan erdipurdiko zaldiak egokitzen dira aurrealdean. Irabaziak, batzuetan, ehun eta berrogeita hamar errublotara hel daitezke. Hala eta guztiz ere, zaldun onak nekez egongo dira edozeinekin traturik egiteko prest. Bezero-multzo aukeratua daukate. Errazagoa da hirugarren mailako zaldun batekin akordio batera iristea, lasterketetan jokatzea debekatua daukanez, bitartekarien bidez jokatzen duelako. Hurrengo eguneko lasterketen programa hartu eta bete egiten dizu. Lasterketa bakoitzeko hiru zaldirik sendoenak erakusten dizkizu, eta zuk bere argibideen arabera erosten dituzu txartelak, bereak barne.

      Urteurrenaren alerako hipodromoari buruzko aipamen bat idaztea erabaki nuen.

      A. Melder zuzendariari elkarrizketa bat hartu nion, eta honek Tolia Ivanovi dei egin zion.

      — Hona hemen talentu gazte bat —esan zuen.

      Ivanov eta biok buffetera joan ginen. Nik esan nion:

      — Sos batzuk dauzkat soberan, laurogei bat errublo. Zer gomendatzen didazu?

      — Zeri buruz?

      — Lasterketei buruz ari naiz.

      Ivanovek tentuz begiratu zidan.

      — Ez ezak beldurrik izan —esan nion—, ez nauk probokatzailea, kazetaria izan arren.

      — Ez, ez duk beldur kontua.

      — Zein da, orduan, arazoa?

      Azkenean, amore eman zuen:

      — Dukelek (hau da, Dukalskik) Letoniatik etortzen diren batzuen bidez egiten dik apustu. Arrain handitxoa duk hori. Lasterketak oso-osorik hartu eta goitik behera orrazten ditiztek. Baina hori amaieran izan ohi duk, apustuak nabarmenagoak direnean. Hortaz, lehenengo hiru lasterketak har zitzakeagu.

      Hurrengo eguneko lasterketen programa eskuratu nuen. Toliak arkatza atera zuen.

      Hirugarren lasterketa amaitzean, hirurogei errublo ordaindu zizkidaten. Hortik aurrera, sistematikoki, aldiko hogeita hamarretik laurogei errublora bitartean irabazi izan genituen. Tamalez, lasterketak astean behin soilik ospatzen ziren.

      Uda hartan Tolia Ivanovek hanka bat eta lepauztaia hautsi zituen. Ez zuen zaldiekin zerikusirik izan. Taxi batetik erori zen mozkorturik zihoala.

      Hor amaitu zitzaion hipodromoa. Badaramatza urte batzuk “Haizearen aurkariak” Mündi tabernako barran lanean.

 

Konpromisoa
Sergei Dovlatov

euskaratzailea: Iker Sancho Insausti
Hiria, 2008