|
Konpromisoa
Ene ama N. S. Dovlatovari,
.Eta lanik gabe gelditu nintzen. Jostunetarako ikasi behar ote nuke? —pentsatu nuen. Nabaritu izan dut jostunak beti daudela umore onez. Loginov topatu nuen, telebistakoa. — Kaixo. Zer moduz? — Hementxe, lan bila. — Bazagok postu bat hutsik geratu dena. Aberriaren zaintzan egunkarian. Apunta ezak abizen hau: Kashirin. — Hori zein duk, burusoil bat? — Kashirin esperientziadun kazetaria duk. Nahiko tipo samurra. — Gorotza ere samurra duk —esan nuen nik. — Zer, ezagutzen al duk? — Ez. — A, esan duanagatik. Tira, apunta ezak abizena. Apuntatu egin nuen. — Behar den moduan jantziko bahintz. Nire emazteak esaten dik hi behar den moduan jantziko bahintz. Bide batez, behinola bere emazteak deitu zidan eta. Geldi! Gai zabal eta korapilatsu bat irekitzera doa. Gure ildotik urrunegi eramango gintuzke. — Sos batzuk irabazitakoan jantziko nauk. Kapela luze bat erosiko diat. Nire artikuluen egunkari-zatiak hartu eta gehien merezi zutenak aukeratu nituen. Kashirin ez zitzaidan gustatu. Aurpegi zurbila, umore militarra. Begirada bat bota orduko esan zuen: — Zu, jakina, ez zara partiduko kide. Buruaz baiezko erruduntasun-keinu bat egin nuen. Txepeltasun ergel samar batez gaineratu zuen: — Hogei bat pertsona izan dira postu honen bila. Nirekin elkarrizketa izan eta ez dira berriro agertzen. Zuk telefono bat behintzat utz ezazu. Kasualitatez buruan txertatuta gelditutako tindategiko telefonoa eman nion. Etxera iristean, nire egunkari-zati haiek zabaldu nituen. Gauzaren bat edo beste berrirakurri nuen. Pentsakor gelditu nintzen. Horitutako orrialdeak, gezur eta itxurakeriaz beteriko hamar urte. Baina halere, horren atzean badaude zenbait pertsona, zenbait elkarrizketa, sentimenduak, errealitatea. Ez orrietan beraietan, baizik eta han nonbait, zerumugan. Zaila izan ohi da benetakotik egiarako bidea. Errekatxo bat ezin da birritan zapaldu, baina ur-azalaren atzean kontserba-potez josiriko hondoa bai bereiz daiteke. Antzoki bateko luxuzko dekoratuen atzean ere adreiluzko horma, sokak, su-itzalgailua eta langile mozkorrak bereiz daitezkeen bezala. Hori badaki oihal-atzean gutxienez behin izana den edozeinek. Has gaitezen egunkariko berri merke batekin.
Konpromisoa |