W.B. Yeats. Aurkezpena
Xabier Boveda

Idatz&Mintz - 62 zkia, 2017
armiarma.eus, 2017

 

William Butler Yeats

(Dublin, 1865 – Menton, 1939)

 

      Poeta eta antzerkigile hau Irlandako literatur pizkundearen ordezkari nagusia izan zen, eta XX. mendeko idazle garrantzitsuenetako bat. Haren lorpen handiena irlandar kultura molde ingelesetatik askatzea izan zen, bai gaiei dagokienez, bai adierazpenari dagokionez. Yeatsen poesia sinbolismoaren bidetik abiatzen da, baina ezaugarri berezi bi ditu: alde batetik, Irlandako tradizioa (mitoak, paisaiak…); eta bestetik, okultismoa eta zientzia esoterikoak.

      Aita margolaria zuen, eta berak ere margolaritza ikasi zuen Londresen eta Dublinen. Txikitan denboraldi luzeak eman zituen Sligo konderrian, eta leku horrek berebiziko eragina izan zuen haren literaturan, irlandar herri tradizioarekiko zaletasuna piztu baitzion betiko. 1887an Londresera joan zen bizitzera, eta han hinduismoa, teosofia eta okultismoa ezagutu zituen, eta magiaz eta esoterismoaz liluratu zen.

      Bere herrira egindako bisitaldi batean Maud Gonne abertzale irlandarra ezagutu zuen, eta harekin sutsuki maitemindu zen. Ez zuen erantzunik izan, baina beti maite izan zuen emakume hura. Bera izan zen haren lehenengo obra askoren inspirazio-iturria (The Celtic Twilight, 1893; The Secret Rose, 1897; The Wind Among the Reeds, 1899), eta berak sarrarazi zuen Irlandaren burujabetasunaren aldeko zirkuluetan. !896an Irlandara itzuli zen, eta han adiskidetasun sakona egin zuen Isabella Augusta Gregory antzerkigile nazionalistarekin. Harekin batera Irlandako Antzerki Nazionala sortu zuen 1901ean, handik gutxira Dublingo Abbey Theatre-n kokatuko zena. Zuzendari eta egile lanen bidez munduko antzoki garrantzitsuenetako bat eta irlandar literatura pizkundearen gune nagusi bihurtu zuen.

      1918an Georgie Hyde-Lees mediumarekin ezkondu zen, eta Kiltartan Crossen erosi zuen dorretxe normandiar batera joan ziren bizitzera. Emazteak poesiaren bide berrietan sarrarazi zuen, idazkera automatikoarekin esperimentaraziz. 1922an Irlandaren independentzia lortu zen, eta Yeats estatu berriko senatari aukeratu zuten. 1923an Nobel Saria eman zioten. Azken urteak oparoak izan ziren Yeatsen sorkuntzan, eta haren obrarik helduenak eta ederrenak etorri ziren: The Wild Swans at Coole (Basa-beltxargak Coolen, 1917, The Cat and the Moon (Katua eta Ilargia, 1924), The Tower (Dorrea, 1928), The Winding Stair (Eskailera Kiribila, 1933)…

      1939an Frantziako Menton herrian hil zen.

 

W.B. Yeats. Aurkezpena
Xabier Boveda

Idatz&Mintz - 62 zkia, 2017
armiarma.eus, 2017