BASA-BELTXARGAK COOLEN
William Butler Yeats

The Wild Swans at Coole, 1919
euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz&Mintz - 62 zkia, 2017
armiarma.eus, 2017

 

Zuhaitzak udazkenez eder,

baso-bideak lehor,

urriko goiztirian urak

zeru geldia du ispilu;

harriak estaltzen dituen uraren gainean

berrogeita hemeretzi beltxarga dira.

 

Hemeretzigarren udazkena heldu zait

beltxarga haiek lehenengoz zenbatu nituenetik,

guztiz amaitu orduko, ikusi nuen

denak behingoan hegaldatzen zirela

eta biraka barreiatzen

eraztun handi hautsien antzera,

haien hegalez zalapartari.

 

Izaki dirdiratsu haiei begira egon nintzen,

eta orain bihotzean min dut.

Dena aldatu baita, egunsentian

nire gaineko hegalen taupadei adi,

hondartza honetan lehenengoz

urrats arinagoekin ibili nintzenetik.

 

Artean ardurarik gabe, maitalerik maitale,

erreka hotz lagunkoietan palastaka

edo airean gora igokari;

haien bihotzak ez dira zahartu;

pasioa edo konkista, hara eta hona nahierara,

aiduru dituzte oraindik.

 

Baina orain ur geldiaren gainean doaz

misteriotsu, eder;

zein ihitzatan pausatuko dira,

zein laku-hegi edo osinetan

laketuko zaizkie gizonen begiei, egun batean ni itzartu

eta ohartzen naizenean hegaz urrundu direla?

 

BASA-BELTXARGAK COOLEN
William Butler Yeats

The Wild Swans at Coole, 1919
euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz&Mintz - 62 zkia, 2017
armiarma.eus, 2017