NERBIO-KRISIA
Francis Scott Fitzgerald

The Crack-Up (Handle with Care)
Esquire, 1936
euskaratzailea: Javi Cillero
Egan 3/4, 2018

 

1936ko apirila

 

      Orrialde hauetan aipatu dut nola balio guztiak kraskatu zitzaizkion oso baikorra zen gizon gazte bati, halako moduan, ezen apenas konturatu baitzen hura gertatu zenetik denbora luzera arte. Aipatu ditut ondorengo hondamenaren aldia eta aurrera egiteko beharra, baina Henleyen* heroi familiarren abantailarik gabe, “burua odoletan daukat, baina tente”. Zeren ene eginbehar espiritualen azterketa baten ondoren, argi gelditu baitzen ez neukala ezelango bururik tente edukitzeko edo ez. Behin bihotza izan nuen, baina huraxe zen ziurtzat neukan gauza bakarra.

      Hori, behintzat, abiapuntutzat neukan balantzaka nenbilen ataka larritik irteteko: “Erori nintzen... beraz, banintzen”. Inoiz edo behin niregan bermatu zen jende pilo  bat,  arazoak zituenean neuregana jo  edo urrunetik idazten zidana, ene aholkuetan eta biziarekiko jarreran isilpean sinetsita. Pellokeria-saltzailerik ergelenak edo Rasputin eskrupulurik gabekoenak, jende askoren patuari eragiteko gauza izaki, nolabaiteko nortasuna izan behar du; hortaz, kontua zen jakitea zergatik eta non aldatu nintzen, non zegoen arrakala, zeinetatik jario baitzerizkidan etengabe eta goizegi, nik jakin gabe, adorea eta bizitasuna.

      Oinazezko eta etsipenezko gau batean maletatxo bat egin eta mila milia egin nituen hartaz pentsatzeko. Dolarreko gela bat hartu nuen inor ezagutzen ez nuen herrixka aspergarri batean eta aldean neukan diru guztia poteko haragiaren, gaileten eta sagarren artean sartu nuen. Alabaina, ez dut inola ere iradoki nahi mundu jendeztatuegi batetik aukeran aszetismora egindako aldaketa hori inolako Ikerkuntza miresgarria zenik: bake santuan  egon nahi nuen gogoeta egin  eta jakiteko zergatik garatu nuen jarrera triste bat tristeziarekin, jarrera malenkoniatsu bat malenkoniarekin eta jarrera tragiko bat tragediarekin: zergatik egiten nuen bat neure laztura edo errukiaren objektuekin.

      Denbora-pasa bikaina dirudi honek? Ez da hala: era honetako identifikazioak lorpenaren heriotza adierazten du. Halako zerbaitek eragozten dio jende zuhurrari lan egitea. Leninek ez zituen gogo onez jasan bere proletariotzaren sufrimenduak, ezta Washingtonek bere gudarostearenak ere, ez eta Dickensek bere Londresko txiroenak ere. Eta Tolstoi nolabait saiatu zenean bere burua bere arretaren objektuekin bat egiten, iruzurra eta porrota etorri ziren. Gizon hauek aipatu ditut beste inor baino hobeto ezagutzen ditugulako.

      Gandu arriskutsua zen hori. Wordsworthek “lurreko loria hil zela” erabaki zuenean, ez zuen inolako premiarik sumatu berarekin batera hiltzeko, eta Keats Partikula Suharrak ez zuen inoiz etsi tuberkulosiaren aurkako borrokan, eta ez zuen azken momentuetan ere poeta ingelesen artean egoteko itxaropena galdu.

      Ene autoimmolazioa ilunpeak kutsaturiko zerbait zen. Nabari zen ez zela modernoa; beste batzuengan ikusita neukan, dozena bat gizon ohoretsu eta adimentsurengan ikusita neukan gerra ondoan. (Entzun dizuet, baina hori errazegia da, gizon horien artean baziren marxistak.) Begira nengoen bitartean, ene garaikide ospetsu bat jolasean ibili zen Ihesaldi Handiaren ideiarekin urte erdiz; ikusi nuen nola beste batek, bestea bezain gailenak, hilabeteak eman zituen eroetxean lagun hurkoarekiko ezein harremanik jasan ezinik. Eta etsia hartu eta amore eman zutenekin zerrendak egin nitzake.

      Kontu horrek honako burutazio hau sorrarazi zidan: bizirik zirautenek halako ihesaldi osoa egin zutela. Hitz handiak dira hauek eta ezin dira jarri kartzelako ihesaldiaren aldean, zeren honelako kasuetan gizakiak ziur asko beste kartzela batera joko baitu, ez badute lehengo kartzelara itzularazten. “Ihesaldia” edota “gauza guztietatik alde egitea” kontzeptu ospetsu hori tranpa batean txango bat egitea da, tranparen barruan hegoaldeko itsasoak badaude ere, halako itsasoak pintatu edo nabigatu nahi dituztenentzat soilik baitira. Ezin gara itzuli ihesaldi oso batetik;  konponezina da kontua, zeren iragana desagerrarazten  baitu. Beraz, bizitzak ezarri zizkidan eginbeharrak, edota nik neure buruari ezarri nizkionak, berriro bete ezin nitzakeenez, zergatik ez kraskatu lau urtez plantak egiten ibili zen oskol huts hura? Idazle izaten segitu behar nuen, horixe bainuen bizimodu bakarra, baina harrezkero ez nuen inolako   ahaleginik egingo  gizakia izateko, atsegina, zuzena edo  eskuzabala izateko. Anitz ziren honelako nolakotasunak ordezkatuko zituzten txanpon aizunak eta nik banekien non lortu bost xentimo ordainduz dolar baten truke. Hogeita hemeretzi urtetan begi erneak ikasita dauka antzematen non ureztatzen duten esnea eta azukrea harearekin nahasten, non ematen duten imitaziozko harribitxia diamantearen ordez, eta iztukua harriaren ordez. Harrezkero, ez nuen berriro neure burua emango: handik aurrera, emate guztia debekatuta egongo zen izen berri baten azpian, eta izen hori Eralgitzea zen.

      Erabakiak aukeran pozez bete ninduen, aldi berean erreala eta berria den zerbaiten antzera. Nolabaiteko hasiera gisa, etxeratutakoan eskutitz mordoxka neukan paperontzira botatzeko, zerbait musu truk egiteko eskatzen zuten eskutitzak, honako gizonaren eskuizkribua irakurri, harako gizonaren poema merkaturatu, irratiz dohainik mintzatu, sarrera oharrak idatzi, elkarrizketaren bat eman, halako antzerki lanaren argudioan edo etxeko arazoren batean lagundu, adeitasun edo karitatezko ekintzaren bat burutu.

      Prestidigitadorearen kapelua hutsik zegoen. Denbora luze batez kapelutik gauzak ateratzea nolabaiteko esku-jokoa izan zen, baina, harrezkero, metafora aldatzearren, jendea sorosteko zerrendatik kanpo nengoen sekula eta betiko.

      Artean ere, hantxe zegoen sentipen zorabiagarri eta doilorra.

      Hamabost urte lehenago Great Neckeko trenean egunero ikusten nituen gizon begi txikiak bezala sentitzen nintzen, biharamunean mundua kaosean iraulita ere, inolako ardurarik ez zeukaten gizonak, baldin eta beren etxeak onez irtengo baziren. Bat eginda nengoen haiekin, bat eginda honela zioten gizabanako arraitsuekin:

      — Damu dut, baina negozioak halakoak dira.

      Edo:

      — Kontuan hartu beharko zenukeen hori, arazo honetan sartu baino lehen.

      Edota:

      — Ni ez naiz horretaz arduratzen.

      Eta irribarrea, hara, irribarre bat eskuratu behar nuen. Oraindik nabil irribarre hori lantzen. Irribarre horretan lagun batzuen ezaugarririk onenak nahasi behar dira: hotel zuzendariarenak, kontakatilu zahar eta eskarmentudunarenak, bisita egunean jendea hartzen duen ikastetxeko zuzendariarenak, igogailuzain beltz batenak, aurpegia alborikara ausarki ipintzen duen maritxuarenak, materiala merkatuaren prezioaren erdian eskuratzen duen ekoizlearenak, lan berri batez arduratzen den erizain iaioarenak, lehenengo iragarkia egiten duen modeloarenak, kamera ondoan ikuskaturiko estra itxaropentsuarenak, behatza infektaturik daukan dantzariarenak eta, jakina, Washington eta Beverly Hills artean imintzio itxuragabea dela medio bizi behar dutenek erkidea duten adeitasun amultsuaren distira izugarria.

      Ahotsa ere bai, irakasle batekin nabil ahotsa lantzen. Behin ahotsa onduz gero, laringeak ez du inolako konbentzimendu doinurik erakutsiko, neurekin hizketan ari denaren konbentzimendua izan ezik. Batez ere, ahotsari “Bai” hitza ahoskatzeko eskatuko zaionez, irakasleak (abokatu bat) eta biok horretan biltzen dugu arreta, baina ordu osagarrietan. Ikasten nabil nola ipini ahotsean garraztasun adeitsu hori, jendeari sentiarazten diona ez dela ongi etorria, ezta gutxiago ere, baizik eta jasan ezina dela, eta une oro analisi etengabe eta zorrotz baten mendean dagoela. Une horiek, jakina, ez dute irribarrearekin bat egingo. Ahots hori etekinik atera ezin diezaiokedan jendearentzat soilik gordeko dut, zahar higatuentzat edo gazte borrokalarientzat. Haiei berdin izango zaie, ze arraio, gehienetan horixe jasotzen dute, nolanahi ere.

      Aski da, ordea. Ez da fribolitate kontua. Gaztea izanez gero, baldin eta idatzi beharko bazenit ni ikusteko baimena eskatuta, horrela ikasi ahal izateko nola izan literatura gizon goibel bat, zeinak askotan egiten baititu idazleek beren sasoirik onenean sufritzen duten ahipen emozionalari buruzko idazlanak, hain gazte eta buruiritzi bazina hori egiteko, ez nizuke adieraziko ere eskutitza jaso dudala, oso pertsona aberats eta garrantzitsuren bati lotuta ez bazeunde, behintzat. Eta ene leiho ondoan goseak hilik bazeunde, azkar joango nintzateke kanpora eta irribarrea eta ahotsa (eskua ez, ordea) emango nizkizuke, eta hor inguruan geldituko nintzateke, harik eta norbaitek txanpon bat atera arte anbulantziari deitzeko, hau da, pentsatuko banu neuk ere zeozer aterako nukeela kontu horretatik.

      Azkenean idazlea  ez  beste bihurtu naiz.  Denbora osoan eredutzat neukan gizon mota halako zama bilakatu da, non “zakurraren salara” bidali baitut zinuminurik gabe, larunbat gauean emakume beltz batek arerioa zakurraren salara bidaltzen duen modu berean. Bebil honela jende ona, hil daitezela lanez gainezkaturiko sendagileak lanean jo ta ke, urtean astebeteko “oporraldia” dutelarik, orduan familia arazoak zuzentzeari ekin baitiezaiokete; eta borrokan ibil daitezela sendagile langabetuak pazienteak dolar baten truk hartzeko; hil daitezela soldaduak beren lanbidearen Valhallan  berehala sartzeko. Honelako kontratua  daukate jainkoekin. Idazle batek ez du halako idealik, bere buruari ezarri ezean, eta idazle honek etsi egin du. Gizon osoa izateko ametsa, Goethe-Byron-Shawen tradizioan, amerikar ukitu joria eta guzti, J.P. Morgan, Topham Beauclerk eta Asisko Frantziskoa nolabait nahasiz, bazter utzia dago zabortegian, non baitautza Princetongo ikasle berrien errugbi-zelaian egun batez erabilitako sorbalda-babesak eta Europan erabiltzekoa zen baina Europan inoiz erabili ez zen boneta.

      Eta zer? Orain hauxe uste dut: gizaki heldu eta sentiberaren berezko egoera zoritxar mugatua dela. Era berean, uste dut helduak bere baitan duen hobea izateko gogoa, “borroka etengabe hori” (hori esanez ogia irabazten duen jendeak esaten duenez) azkenean zoritxarrari gaineratzen zaiola, besterik gabe: gure gaztetasunaren eta itxaropenaren azkenarekin batera, hain zuzen ere. Lehen neukan zoriontasuna bera sarritan hurbiltzen zen halako estasira, non ezin bainezakeen partekatu gehien maite nuenarekin; aitzitik, kale eta kalearte isiletara eraman behar nuen, eta haren zatitxo batzuk baino ez zitzaizkidan iragazten liburuetako lerro txikietara... eta uste dut ene zoriontasuna, edo autoengainurako trebetasuna, edo nahi duzuena, salbuespena zela. Ez zen kontu naturala, artifiziala baizik, boom ekonomikoa bezain artifiziala; eta arestian bizi izan dudan esperientzia batera doa booma amaitutakoan herri osoa zigortu  zuen etsipenezko boladarekin.

      Asmo berriekin bizitzeko gauza izango naiz, hilabete batzuk behar izan ditudan arren horretaz ziur egoteko. Eta honela, Ameriketako beltzaren antzera, zeina bere estoizismo irribarretsuari esker izatearen kondizio jasanezinak pairatzeko gauza baita, bere egiatasuna galduta, neure kasuan ere badago prezio bat ordaintzeko. Jadanik ez dut atsegin postaria, ez eta dendaria, editorea eta lehengusinaren senarra ere; era berean, haiek ere ez naute gogoko izango. Beraz, honezkero bizitza ez da inoiz oso goxoa izango, Cave Canem ezaugarria betiko eskegita baitaukat etxeko ate gainean. Dena den, abere jende zuzena izaten saiatuko naiz, eta behar beste haragi duen hezurren bat botatzen badidazue, agian eskua miazkatuko dizuet.

 

* William Ernest Henley (1849-1903). Editore eta poeta ingelesa. Gaixotasuna zela kausa, ezkerreko hanka galdu zuen eta honen ondoren Invictus poema sortu ere bai. Poema hau norberaren adorearen adierazpiderik ederrenetakotzat dute literatura ingelesean.

 

NERBIO-KRISIA
Francis Scott Fitzgerald

The Crack-Up (Handle with Care)
Esquire, 1936
euskaratzailea: Javi Cillero
Egan 3/4, 2018