NERBIO-KRISIA
Francis Scott Fitzgerald

The Crack-Up (Pasting It Together)
Esquire, 1936
euskaratzailea: Javi Cillero
Egan 3/4, 2018

 

1936ko martxoa

 

      Lehengo artikulu batean idazle honek kontatzen zuen nola ohartu zen aurrean zeukana ez zela bere berrogei urteetarako eskatua zuen platera. Areago, idazlea eta platera bat zirenez gero, plater pitzatu baten antzera deskribatu zuen bere burua, gordetzea merezi ote duen zalantza sortzen duen platera. Zuen zuzendariaren ustez, artikuluak alderdi gehiegi iradokitzen zituen muinera jo gabe, eta beharbada irakurle askok berdin pentsatu zuten; bestalde, hortxe dago beti jende hori, zeinak buru-aitorpen oro gutxiesten baitu, baldin eta jainkoei emandako esker onarekin amaitzen ez bada Arima Konkistaezinagatik.

      Alabaina, nik luze eta sobera eman nizkien eskerrak jainkoei, alferrikako eskerrak eman ere. Nire aieneak idatziz ipini nahi nituen, kontakizuna koloreztatzeko Mendi Eugandarrik* eduki gabe ere atzealdean. Ez zen inongo Mendi Eugandarrik ageri begi bistan.

      Batzuetan, hala ere, plater pitzatua janaritegian atxiki behar da, erabili egin behar da etxeko beharren gisara. Ezin da berriro sutegian berotu, ezta beste platerekin batera harraskan nahasi ere; ez dugu aterako gonbidatuak daudenean, baina nahikoa izango da gau beranduan gailetak ipintzeko edota hondakinak gainean dituela izozkailuan sartzeko...

      Beraz, hona hemen jarraipena, plater pitzatu baten gainerako historia.

      Jakina denez, ohiko sendagaia eroria dabilen batentzat hauxe da: benetan erromesturik edo sufrimendu fisikoa pairatzen dabiltzanak kontuan hartzea; ereti guztietarako zorionbidea da, oro har, malenkoniaren aurka eta eguneko aholku aski osasungarria edonorentzat. Alabaina, goizeko hiruretan fardel ahaztu batek heriotza epaiak  adinako garrantzi tragikoa dauka, eta sendagaiak ez du balio; eta arimaren benetako gau beltzean goizeko hirurak dira beti, egunetik egunera. Halako orduan arazoak saihesteko  joera dago ahalik eta denbora luzeenean, haur amets batera atzera eginez, baina munduarekin ditugun harremanek etengabe ateratzen gaituzte ametsetik. Ahal bezain arin eta antsikabe egiten dugu topo halako egoerekin, berriz ere ametsera itzultzeko, arazoak berez konponduko direlakoan ikaragarrizko oparotasun material edo espirituala dela medio. Alabaina, erretiran ibili ahala, gero eta aukera gutxiago dago oparotasun hori ager dadin: honezkero, ez gaude itxaroten ea nahigabe bakar bat aienatzen den; aukeran, hilarazte baten lekuko uzkurrak gara, geure nortasunaren desintegrazioa...

      Erotasunez, drogaz edota edariz hornitzen ez bada, azkenean aldi hori kale itxi batean amaitzen da, eta horren ostean, isilaldi huts bat dator. Orduan, saia gaitezke kalkulatzen zer inausi den eta zer geratu den. Isilaldi hori etorri zitzaidanean, ez lehenago, konturatu nintzen horren antzeko bi esperientzia bizi izan nituela aspaldian ere.

      Lehenengoa orain dela hogei urte gertatu zen, Princeton Unibertsitatea azken aurreko ikasturtean utzi nuenean, malaria diagnostikatu baitzidaten. Gero jakin zuten, dozena bat urte geroago egin zidaten X-izpien azterketa baten bidez, tuberkulosia izan zela, kasu arin bat, eta zenbait hilabetez atseden hartu ondoren unibertsitatera itzuli nintzen. Baina ordurako kargu batzuk galduak nituen, garrantzitsuena Triangle elkarteko lehendakaritza, musika-komedia baterako egitasmo bat eta, gainera, bertan behera utzi nuen klase bat. Neuretzat, unibertsitatea ez zen berriro gauza bera izango. Azken batean, ez nuen harrotasunezko intsigniarik jasoko, ez eta inolako dominarik ere. Martxoko arratsalde batean bazirudien galduta neukala nahi nuen guzti-guztia, eta gau hartan lehenengoz ibili nintzen emetasunaren espektroa harrapatu nahian, zeinak aldi labur batez munta gutxiko bihurtzen baititu beste gauza guztiak.

      Zenbait urte pasata, konturatu nintzen ondo zegoela unibertsitateko handi-mandi bat ez izatea: batzordeetan parte hartu beharrean, jipoi ederra eman zidaten ingelesezko poesian; hura guztia zertaz zihoan ikasi nuenean, idazten ikasteari ekin nion. Shawen oinarria kontuan hartzen badugu, esan nahi baita, “atsegin duguna lortzen ez badugu, hobe dugu lortu duguna atsegin izatea”, zorioneko irtenbide bat izan zen; garai hartan, ordea, kontu latz eta mingotsa egin zitzaidan jakitea amaituta neukala  gizonen buruzagia izateko karrera.

      Harrezkero, ez naiz kapaz izan zerbitzari kaxkar bat kanporatzeko, eta zor eta lor nago hori egin dezakeen jendearen aurrean. Inoren gainetik nagusitzeko irrika zahar bat suntsituta eta aienaturik zegoen. Ene inguruko bizitza amets hotsandiko bat zen, eta beste herri batean bizi zen neska  bati idazten nizkion  eskutitzetatik  bizi nintzen.  Inor  ez  da osatzen astindu horien ondoren: lehengoa beste pertsona bat bilakatu da eta, azkenean, pertsona berri horrek beste kontu batzuk aurkituko ditu haietaz arduratzeko.

      Bizi dudan egoeraren  antzeko beste jazoera gerra ondoan gertatu zen, berriz ere neure indarren muga gehiegi zabaldu nuenean. Diru ezak hondatutako maitasun horietako bat zen, eta egun batean neskak amaitutzat eman zuen zentzu onean fidatuz. Etsipenezko uda luze batean, nobela bat idatzi nuen eskutitzen ordez, eta honenbestez, kontua ondo irten zen, baina ondo irten zen beste arrazoi batengatik. Urtebetegarrenean neskarekin ezkondu zen gizonak, zeinak patrikan diru hotsa baitzeukan, beti gordeko zuen bere baitan bizi guztiko mesfidantza, halako ezinikusia, edukitsuen klasearekin; ez iraultzailearen sineste sendoa, baizik eta nekazariaren gorroto bizia. Handik honako urteetan ezinbestean ibili izan naiz neure buruari galdezka nondik zetorren neure adiskideen dirua, eta, era berean, gogoan neukan nola garai batean lehen gaueko eskubideaz baliatzeko aukera egon zitekeen neure neska haietariko bati emateko.

      Hamasei urtez, oroz gain, azken pertsona hau bezala bizi izan nintzen, aberatsen mesfidantzan, baina lan eginez dirua lortzeko, aberatsen mugikortasunean eta haietariko batzuek beren bizitzara zekarten grazian parte hartu nahian. Garai hartan erabili ohi nituen zaldi pilo bat lurreratu zizkidaten; gogoan ditut zaldien izen batzuk: Harrotasun Eroria, Itxaropen Ustela, Sinesgabea, Harroxko, Kolpe Latza, Inoiz ez Berriro. Eta aldi baten ondoren, ez nituen hogeita bost urte, eta gero ezta hogeita hamabost ere, eta ezer ez zen lehen bezain ona. Baina urte guztiotan ez dut gogoratzen etsipenezko une bakar bat ere. Beren buruaz beste egiteko gogo ilunak hartutako gizon zintzoak ikusi nituen: haietariko batzuk etsia hartu eta hil egin ziren; beste batzuek beren burua egokitu eta nirea baino arrakasta handiagoa lortu zuten; baina ene morala behin ere ez zen buruhiguinaren azpian murgildu, neure moduko erakustaldi itsusi bat antzeztu nuenean. Atsekabea ez dago halabeharrez lotuta etsipenari; etsipenak bere gisako jatorria dauka, zeina oso bestelakoa baita atsekabearen aldean, hala nola, artritisa artikulazio zurrun baten aldean ezberdina baita.

      Joan den udaberrian zeru berri batek eguzkia urratu zuenean, hasieran ez nion kontua egotzi duela hamabost edo hogei urte lehenago gertatutakoari. Poliki-poliki baizik ez zen etorri halako antzekotasuna: indarrak barreiatuegi edukitzea, kandela albo bietatik erretzen egotea; menderatzen ez nituen baliabide fisikoak erabiltzea, bankutik diru gehiegi ateratzen dabilen gizonaren antzera. Kolpe horren zarrasta bortitzagoa izan zen beste bienak baino, baina modu berekoa: iruditu zitzaidan ilunabarrean   eremu batean nengoela, balarik gabeko erriflea eskuetan, eta ituak lurrean. Ez zegoen problema multzo bat, isiltasuna besterik ez, neure arnas hotsa soilik aditzen zela.

      Isiltasun hartan eginbide guztiak erabat utzita neuzkan erantzukizunik hartu gabe, neure balio guztiak hustuta zeuden. Ordenuari lotutako sinesmen sutsua, arrazoiak eta ondorioak kontuan ez hartzea igarpen eta profezien ederragatik, iaiotasunak eta lanak edozein mundutan lekurik izan beharko luketelako sentipena... banan-banan, hauek eta beste sinesmen batzuk ezabatu egin zitzaizkidan. Ikusi nuen nola eleberria, zeina neure heldutasunean gizaki batetik bestera gogoeta nahiz hunkipena helarazteko biderik indartsuena eta malguena baitzen, arte mekaniko eta komunal baten menera zetorren, zeinak gogoetarik arruntenak eta zirrararik nabarmenenak baino ez baitzituen islatzen Hollywoodeko merkatarien nahiz errusiar idealisten eskuetan. Arte mota hartan hitzak irudien mende zeuden, nortasuna higatu egiten zen ezinbesteko lankidetzaren martxa geldoan amaitzeko. 1930. urterako, bihozkada izan nuen film soinudunek   film mutuak  bezain  arkaiko bihurtuko  zutela gehien  saltzen zuen nobelagilea ere. Jendeak artean irakurtzen zuen, Canby* irakaslearen hileko liburua besterik ez bazen —hantxe ziren ume jakinguratsuak Tiffany Thayerren* lan lirdingatsuei buruz sudurra luzatuz botika-dendetako liburu sailetan— baina irain narritagarri bat sentitzen nuen, ia obsesio bihurtu zitzaidana, hitz idatziaren boterea beste botere baten mende ikustean, botere hori distiratsuagoa, handiagoa izaki...

      Idatzi dut hori gau luzean zehar gatibatzen ninduenaren adibide bat emateko; ezin nuen onartu ez bere aurka borrokatu ere, ahaleginak zaharkitzen baitzizkidan, hala nola supermerkatuek dendari txikia ezgauza utzi baitute, kanpoko indar bat, menderaezina.

      (Klasea ematen ari naizela iruditzen zait, aurreko idazmahaian dagoen erlojuari begira zenbat minutu gehiago gelditzen zaizkidan ikusteko...)

      Bada, isilaldi honetara iritsi nintzenean, inork ere gogoz hartzen ez duen erabaki bat hartu behar izan nuen: pentsatzera behartuta nengoen. Ene Jainkoa, ez zen erraza gero! Kutxa handi eta ezkutuak harat-honat eraman behar. Lehen atsedenaldia hartuta, leher eginda, neure buruari galdetu nion ea inoiz ere pentsatua nuen. Luze bai luze jo ondoren, ondorio hauetara heldu nintzen, hemen idatzi ditudanez:

      1) Gogoeta gutxi egina nuela, ene lanaren arazoei buruz izan ezik. Hogei urtez gizon jakin bat izan zen ene kontzientzia intelektuala. Gizon hori Edmund Wilson* da.

      2) Beste gizon batek ordezkatzen zuela ene “bizitza onaren” zentzua, hamarkada batean behin bakarrik ikusi banuen ere, eta harrezkero urkatuta eta guzti egon zitekeen. Larruaren negozioan dabil Ipar-Mendebaldean eta ez luke atsegin izango bere izena hemen idatzia ikustea. Hala ere, egoera zailetan beti saiatzen nintzen gogoan hartzen zer egingo zukeen berak, nola jokatuko zukeen berak.

      3) Hirugarren garaikide bat ene kontzientzia artistikoa izan zela: nik ez dut imitatu haren estilo kutsakorra, zeren gaur daukadan estiloa berak ezer argitaratu baino lehenago taxutu bainuen, baina berarenganako joera nabarmena neukan kili-kolo nenbilenean.

      4) Laugarren gizon batek beste jende batekiko harremanak zuzentzen zizkidala, harreman horiek onak izango baziren: nola jokatu, zer esan. Zer egin, jendea, une batez behintzat, pozik egon dadin (Post* andrearen teoriei kontra eginez, hau da, zer egin denak guztiz ezeroso egon daitezen arrunkeriaren arrunkeriaz). Horrek beti nahasten ninduen, eta kanpora joan eta mozkortzeko gogoa ematen zidan, baina gizon horrek ikusita zeukan nola zebiltzan kontuak, aztertuta eta menderatuta zeukan dena, eta bere hitza baliagarria zen niretzat.

      5) Ene kontzientzia politikoa ia ez zela inon ageri azken hamar urteetan, idazketaren elementu ironiko gisa ez bazen. Mendean hartzen ninduen sistemaz berriz kezkatzen hasi nintzenean, beste gizon batek, ni baino askoz ere gazteagoak, ekarri zidan kezka hori, grina eta aire freskoa bitarteko. Estatu Batuetako literatura kritikari ospetsua. (Itzultzailearen oharra).

      Beraz, jadanik ez zegoen “ni” bat —ez eta neure buruarekiko begirunea antolatzeko oinarriren bat— lan egiteko neukan gaitasun mugaezina izan ezik, eta hori, nonbait, galduta neukan. Bitxia zen nortasunik ez edukitzea, etxetzar batean bakar-bakarrik utzitako mutiko bat bezala izatea, zeina bai baitzekien zernahi egin zezakeela, baina konturatu zen ez zegoela ezer egin nahi zuenik...

      (Erlojuak ordua jo du eta oraindik neure tesia ukitu barik daukat. Zalantzan nago ea kontu hauek askorentzat jakingarriak ote diren, baina inork gehiago nahi izanez gero, makina bat dago kontatzeko, eta zuen zuzendariak esango dit. Nahikoa izan baduzue, hala adierazi, baina ez ozenegi, zeren  irudipena baitaukat norbait,  ez  nago ziur nor,  lo  seko dagoela: denda irekita edukitzen lagun ziezadakeen norbait. Ez zen Lenin,  ezta Jainkoa ere.)

 

* Eugandarrak: Galiako herri bat, egungo Italiako iparraldean, Paduako mendebaldean eta Adriatiko itsasoaren ondoan kokatua. V. mendean Erromak atxiki zuen. Eugandarrak mendira joan ziren ihesi, inguruko mendiei izena emanez. (Itzultzailearen oharra).

* Henry Seidel Camby (1878-1961). Editore eta idazle estatubatuarra. Saturday Review of Literature aldizkari ospetsuaren sortzaileetariko bat. (Itzultzailearen oharra).

* T. E. Thayer (1902-1959) idazle estatubatuarra. Lanak: An American Girl, Little Dog Lost, Rabelais for Boys and Girls... (Itzultzailearen oharra).

* Estatu Batuetako literatura kritikari ospetsua. (Itzultzailearen oharra).

* Emily Post (1873-1960) idazle estatubatuarra, oso ezaguna Etiquette in society liburua idatzi zuenetik. (Itzultzailearen oharra)

 

NERBIO-KRISIA
Francis Scott Fitzgerald

The Crack-Up (Pasting It Together)
Esquire, 1936
euskaratzailea: Javi Cillero
Egan 3/4, 2018