NERBIO-KRISIA
Francis Scott Fitzgerald

The Crack-Up (The Crack-Up)
Esquire, 1936
euskaratzailea: Javi Cillero
Egan 3/4, 2018

 

1936ko otsaila 

 

      Zalantzarik gabe, bizitza guztia suntsipen prozesu bat da, baina lanaren alde dramatikoa egiten duten kolpeak, bat-batean kanpotik datozen kolpetzarrak edo itxuraz kanpotik datozenak, zeintzuk gogoan hartu, arazoen errua leporatu eta, makalaldian, lagunei kontatzen baitizkiegu, ez dira nabarmentzen aldi berean ondorio guztiekin. Badago beste kolpe mota bat: barrutik dator eta ez dugu nabaritzen harik eta berari buruz ezer egiteko beranduegi den arte; orduan, betiko konturatzen gara inoiz ez garela izango, alderdi batzuei dagokienez, lehen bezain gizaki onak. Suntsipen mota horietatik lehena, nonbait, arin gertatzen da; bigarrena ia ohartu gabe gertatzen da, baina bat-batean jabetzen gara hartaz, inondik ere.

      Kontakizun labur honekin jarraitu baino lehen, utz iezadazue oharpen orokor bat egiten: goi mailako adimenaren froga honako hauxe da, alegia, aldi berean gogoan ideia kontrajarri bi edukita ere, funtzionatzeko gauza izatea. Esate baterako, gizakiok gai izan beharko genuke kontuak zalditik astora doazela ohartzeko eta, hala ere, gauzak aldatzeko gogoa izateko. Filosofia hau ondo egokitu zitzaidan helduaroaren hasieran, orduan ikusi bainuen nola gertatzen ziren gertagaitza, itxuraz gertagarri ez zena eta askotan “ezinezkoa” ere bai. Bizitza menderatzeko zerbait zen, baldin eta zerbaiterako balio bagenuen. Bizitzak amore ematen zuen errazki adimenaren eta esfortzuaren aurrean, edota bietatik eduki genezakeen apurraren aurrean. Kontu erromantikoa zirudien literatura gizon arrakastatsua izateak: idazlea ez zen inoiz izango zinemako izarra bezain famatua, baina  adar  luzeagoko ospea izan zezakeen; idazleak ez zuen inoiz izango sinesmen politiko edo erlijioso indartsuak dituen norbaiten boterea, baina zalantzarik gabe burujabeagoa izango zen. Jakina, lanbide horren jardueran betiere asegabe izango ginen, baina neuk, behintzat, ez nukeen beste ezer aukeratuko.

      Mendearen hogei urteak igaro ahala, neure hogei urteak haiek baino aurreraxeago zebiltzala, gaztetan izan nituen nahigabe biak —unibertsitatean amerikar futbolean jokatzeko behar bezain handia (edo ona) ez izatea, eta gerra garaian itsasoaz harantzago bidalia ez izana— iratzarririk egiten diren haur-amets bilakatu ziren, irudizko heroitasunez beteak, bakerik gabeko gauetan lo egiteko aski onak. Itxuraz, bizitzaren arazo handiak berez konpontzen ziren, eta arazoak konpontzeko lana zaila bazen, nekatuegi egongo nintzen arazo orokorragoak gogoan hartzeko.

      Bizitza, orain dela hamar urte, kontu pertsonala zen batez ere. Honelako gauzak orekatu behar nituen: ahaleginak alferrikakoak zirela sentitzea eta borroka beharrezkoa zela sentitzea; ezinbesteko porrotean sinestea eta hala ere, “gauzak ondo egiteko” gogoa edukitzea, eta horiek baino gehiago, iraganaren eragin itogarriaren eta etorkizuneko asmo gorenen arteko kontraesana. Hori egiteko gauza izanez gero, ohiko ezbeharrak gaindituz —etxekoak, lanekoak eta pertsonalak— neure egoak aurrera egingo zuen geziaren antzera, ezerezetik ezerezera, halako indarrez, ezen azkenean grabitateak soilik lurreratuko baitzuen.

      Horrela joan zitzaizkidan kontuak hamazazpi urtez, tartean pikorik jo gabe eta atsedena hartzen berariaz emandako urtebete eta guzti, zeregin berriak biharamuneko egitasmo atseginak baino ez zirela. Bizimodu gogorra egiten nuen, halaber, baina esaten nuen: “Berrogeita bederatziak arte, dena ondo joango da”. Ziur nago horretaz. Ni bezala bizi izan den gizon baten kasuan, ezin liteke besterik eskatu”.

      Eta orduan, berrogeita  bederatzi urte baino hamar urte gutxiagorekin,  bat-batean konturatu nintzen goizegi kraskaturik nengoela.

II

 

      Horiek horrela, gizakia era askotara kraskatzen da: burua kraskatzen zaio, eta orduan beste batzuek kentzen diote erabakitzeko ahalmena; gorputza kraskatzen zaio, eta orduan ez dauka erietxeko mundu zuriaren mende jartzea beste erremediorik; edota nerbioak kraskatzen zaizkio. Liburu errukigabe batean, William Seabrookek kontatzen du, harrotasun pixka batez eta pelikula antzeko amaiera eta guzti, nola heldu zen herriarentzako zama izatera. Nerbio-sistemaren jausialdiak bultzatu zuen alkoholismora, edota behintzat, alkoholismoari lotuta zegoen kontua. Hemen idazten ari dena hain nahaspilatuta ez bazegoen ere —sei hilabetez geroztik garagardo bat ere hartu gabe egonik garai hartan—, nerbio-erreflexuak hondoratzen ari zitzaizkion: larregizko amorrazioa eta malko gehiegi.

      Areago, bizitzak erasotzeko modu asko dituelako ene tesira berriz ere itzuliz, menia baten erdian (eta ez kolpe bat jasotzearekin batera) ohartu nintzen kraskaturik nengoela.

      Apur bat lehenago, sendagile bikain baten kontsultan eserita egona nintzen epai larri bat entzuteko. Atzera begira orekatu samar dirudien jokaera hartuta, aurrera jarraitu nuen neure kontuekin orduan bizi nintzen hirian, alegia, gehiegi arduratu gabe, gehiegi pentsatu gabe zenbat kontu gelditu ziren amaitzeko, edota zer etorriko litzatekeen erantzukizun honetatik edo bestetik, liburuetako jendeak egiten duen moduan; aseguru ona neukan eta, nolanahi ere, ordura arte erdipurdi zaindu nituen neure eskuetan utzitako gauzarik gehienak, neure talentua barne.

      Alabaina, bat-batean, biziki sentitu nuen bakarrik egon behar nuela. Ez nuen gogorik jende gehiago ikusteko. Jende pilo bat ikusita neukan neure bizialdian: jendekina nintzen, batez beste, baina batez bestekoaren gainetik nengoen beste ezaugarri bati zegokionez; izan ere, neure burua, neure ideiak eta neure patua era guztietako jendearekin identifikatzeko joera neukan. Beti ibiltzen nintzen norbait salbatzen edo norbaitek salbatua izaten: goiz bakar batean, Wellingtoni Waterloon atxiki zekizkiokeen zirrarak bizi ohi nituen. Ezin ulertuzko arerioez eta adiskide eta babesle leialez betetako mundu batean bizi nintzen.

      Alabaina, garai hartan bakar-bakarrik egon nahi nuen eta, beraz, moldatu egin nintzen eguneroko kezketatik aparte egoteko.

      Garai hura ez zen zoritxarrekoa izan. Alde egin nuenean, jende gutxiago zegoen. Konturatu nintzen neka-neka eginda nengoela. Hor nonbait etzaten nintzen eta  gustura, gainera, egun  batzuetan hogei  ordu ematen bainituen lotan edo erdi lo, tarteetan neureak eta bi eginez ez pentsatzeko; horren ordez, zerrendak egiten nituen, zerrendak egin eta txikitu,  ehunka zerrenda egin ere:  zalduneriako  buruzagiak,  amerikar futboleko jokalariak eta hiriak, kanta ezagunak eta beisboleko jaurtitzaileak, sasoi alaiak, zaletasunak eta bizi izandako etxeak, eta zenbat traje jantzi nituen armadatik itzuli eta gero, eta zenbat zapata pare (ez nuen kontatu Sorrenton erosi eta gero txikiegi geratu zitzaidan trajea, ezta ere hainbat urtetan neurekin eraman eta inoiz erabili ez nituen larru beltzeko oinetakoak eta trajearekin janzteko alkandora eta lepokoa, zeren oinetakoak  lizundu eta  nabarturik gelditu  baitziren eta  alkandora  eta lepokoa beilegitu eta usteldu baitziren almidoiaren eraginez). Baita atsegin nituen emakumeen zerrendak ere, eta ez izaeraz ez iaiotasunez ni baino hobea ez zen jendeak gutxietsia izan nintzeneko aldien zerrendak.

      — Eta orduan, ez bat ez bi, ustekabean, hobera egin nuen.

      — Eta plater zahar baten antzera pitzatu ere bai, albisteak entzun bezain  laster.

      Hauxe da istorio honen benetako amaiera. Zer egin behar zen horretaz- eta “denboraren umontzia” deitu ohi zen lekuan gelditu beharko da. Aski da esatea ordubetez neure bakardadean burukoa estutzen ibili ondoren, ohartzen hasi nintzela ezen neure bizitzaren azken bi urteetan neure baitan ez nituen baliabideak erabiltzen ibili nintzela, eta bai gorputzez bai arimaz neure burua leporaino hipotekatzen ibili nintzela. Horiek horrela, zer eman zitzaion horren truke bizitzaren oparitxoari? Garai batean harro nengoen bide zuzena hartzeaz eta uste osoa neukan independentzia iraunkorra lortua nuela.

      Konturatu nintzen ezen bi urte haietan, zeozer gordetzekotan —agian barruko baretasuna, agian ez— maite ohi nituen gauza guztietatik bereizita neukala neure burua, hau da, nekagarri bihurtu zitzaizkidala bizitzaren ekinaldi guztiak, goizeko hortz garbiketatik hasi eta gaueko afaltiarrarenganaino. Ohartu nintzen aldi luze handi batean ez zitzaizkidala ez jendea ez gauzak atsegin, baina atsegin zitzaizkidalako itxura zahar eta badaezpadakoa egiten nuela, besterik gabe. Ohartu nintzen neure hurkoenenganako maitasuna ere maitatzeko ahalegin bihurtua zela, editorearekin, tabako saltzailearekin, adiskide baten semearekin nituen harreman informalak beste garai batzuetatik gogoratzen nituen egin beharrekoak baizik ez zirela. Hilabete berean sumindu egiten nintzen hainbat kontu zirela eta, hala nola, irratiaren soinua, aldizkarietako iragarkiak, trenbideko karranka, zelaietako isiltasun motela —gutxietsi egiten nuen giza leuntasuna, baina prest nengoen berehala gogortasunaren aurka borrokan hasteko (isilean bazen ere)— gaua gorrotatuz lorik egin ezin nuenean  eta eguna gorrotatuz gauera egiten zuelako. Harrezkero, bihotzaren aldean egiten nuen lo, zeren bai bainekien zenbat eta bihotza lehenago nekatu, apurtxo bat besterik ez bazen ere, orduan eta lehenago etorriko zela amesgaiztoaren ordu bedeinkatu hura, katarsi gisa, eta berari esker izango nintzela hurrengo egunari aurre egiteko gauza.

      Banituen leku batzuk, aurpegi batzuk, begiratzeko modukoak. Mendebalde Ertaineko jenderik gehienak bezala, behin ere ez dut izan arrazakeria arrasto nabarmenik; beti izan dut isilpeko joera bat St. Pauleko portxeetan esertzen ziren eskandinaviar ilehori maitagarrien aldera, orduko goi gizartearen parte izateko behar beste ahalbide ekonomikorik ez bazuten ere. Ederregiak ziren neska katxarroak izateko eta baserria goizegi utzia zuten eguzkipean lekuren bat bilatzeko, baina gogoan dut nola ibiltzen nintzen etxaldeen inguruan ilehori distiratsuaren begirakune bakar bat harrapatzeko, inoiz ezagutuko ez nuen neska baten ile-xerlo dirdaitsua. Hiriko esamesa hauek ez dira batere atseginak. Ez daukate zerikusirik hurrengo kontuarekin: egun haietan ezin ikusizkoak nituen zeltak, ingelesak, politikariak, arrotzak, virginiarrak, beltzak (argi zein ilun), ehiztariak, edota saltzaileak, eta bitartekariak oro har, idazle guztiak (kontu handiz saihesten nituen idazleak, arazoak etengabe luzatzen baitituzte beste inork ez bezala) eta klase guztiak, klase ziren aldetik, eta pertsona gehienak, klase bateko kideak ziren aldetik...

      Zerbaiti heltzeko ahaleginetan, atsegin nituen sendagileak, bai eta hamahiru urte bitarteko neskatxak eta zortzi urte ingurutik gorako mutiko ondo heziak. Bakea eta zoriontasuna eduki nitzakeen mota apur hauetako jendearekin. Ahaztu zait gaineratzea agureak ere gogoko nituela, hirurogeita hamar urtetik gorako gizonak, batzuetan hirurogei urtetik gorakoak ere bai, baldin eta haien aurpegiek sasoian baziruditen. Atsegin nuen Katherine Hepburnen aurpegia pantailan ikustea, leporatzen zioten handigura gorabehera, eta Miriam Hopkinsen aurpegia, eta adiskide zaharrak ere bai, baldin eta urtean behin soilik ikusten banituen eta haien mamuak gogoratzeko gauza banintzen.

      Hau guzti hau gizagabea eta erkina da, ezta? Bada, gazteok, horixe da nerbio krisiaren ezaugarri benetakoa.

      Ez da irudi polita. Ezinbestean, han-hor-hemen eraman nuen bere markoaren barruan eta zenbait kritikariri erakutsi nien. Modu bakarra dago kritikari haietariko bat deskribatzeko: beste jendearen bizitzak heriotza dirudi haren bizitzaren aldean, baita aldi hartan ere, batere erakargarri suertatzen ez den Joben kontsolatzailearen rola egokitu zitzaiola. Istorio hau amaituta dagoen arren, utz iezadazue hona ekartzen geure elkarrizketa, posteskriptum gisa edo:

      — Zeure buruaz hainbeste errukitu beharrean, entzun —esan zuen emakume hark.

      (Emakume horrek beti esaten du “entzun”, zeren hitz egiten duen bitartean, pentsatzen baitu, benetan pentsatu.)

      Beraz, honela esan zidan:

      — Entzun. Demagun zu ez zarela kraskatu. Demagun Arroila Handia kraskatu dela.

      — Ni neu kraskatu naiz —esan nuen heroikoki.

      — Entzun! Mundua zeure begietan baino ez dago, horrela antzematen duzu mundua. Nahi duzun bezain handia edo txikia egin dezakezu. Eta zu ahaleginak egiten ari zara gizaki ñimiño bat izateko. Jainkoarren, inoiz kraskatuko banintz, mundua neurekin batera kraska dadila saiatuko nintzateke. Entzun! Mundua mundu da zeuk hala hautematen duzulako, besterik gabe; hortaz, askoz hobea da esatea ez zarela zu kraskatu, Arroila Handia baizik.

      — Spinoza osoa jan du umetxoak?

      — Ez dakit ezer Spinozari buruz. Badakit...

      Orduan, bere aspaldiko kezkei buruz hitz egin zuen. Kontatzeko moduagatik, mingarriagoak ziren, itxuraz, neureak baino. Eta kontatu zuen nola eman zien aurpegi, nola zanpatu zituen, nola menderatu zituen.

      Nolabait aurka egin nahi nien emakumearen esanei, baina geldi samarra naiz eta aldi berean bururatu zitzaidan bizitasuna dela indar natural guztietarik komunigaitzena. Bizigaia zergarik gabeko produktua balitz bezala zetorkidan garaian, ahaleginak egiten nituen ondo banatzeko, baina inoiz  lortu gabe;  beste  metafora  bat hona  ekartzera, bizitasuna inoiz ez da “itsasten”. Badaukagu ala ez daukagu, osasuna, begi arreak, ohorea edota baritono ahotsa dauzkagun bezala. Apur bat eska niezaiokeen  emakume hari, txukun bildua, etxean prestatu eta digeritzeko prest, baina behin ere ez nuen lortuko, buruerrukiaren latorrizko kikara eskuan mila orduz itxaroten egonda ere. Emakumearen etxetik irtetea neukan, neure buruari kontu handiz eutsiz, ontziteria pitzatuaren antzera, eta garraztasunezko munduan sartu, non etxe bat egiten ari bainintzen, halako lekuan aurkitzen diren materialak erabiliz, eta gogora ekar nezakeen honako aipua etxea utzi eta gero:

      “Zuek zarete lurreko gatza. Baldin gezatzera heldu balitz gatza, zertaz hura gazi?” Mateo, 5-13.

 

NERBIO-KRISIA
Francis Scott Fitzgerald

The Crack-Up (The Crack-Up)
Esquire, 1936
euskaratzailea: Javi Cillero
Egan 3/4, 2018