LIBERTATEA
Hushang Ebtehaj Sayeh

euskaratzailea: Mikel Elorza
armiarma.eus, 2022

 

O poza!

O libertatea!

O libertatearen poza!

Zu itzultzean,

Zer eginen dut

bihotz malenkoniatsu honekin?

 

Astuna da gure pena,

odoletan daude gure bihotzak,

odol zurrustak eskuetatik oinetara,

Burutik oinetara zaurituta gaude,

Burutik oinetara odoltsu gaude,

Burutik oinetara oro gara oinaze,

Zugatik,

Arriskutan jarri dugu gure bihotz maitemindua,

Zure hobe beharrez.

 

Mihia ezpainaren beldur zenean,

Paperaren zalantza egin zuenean boligrafoak,

Zure oroitzapenak ere, horiek ere  beldur ziren ametsetan mintzatzeko.

Zure izena gure bihotzean ehorzten genuen.

Irudi bat turkesan bezala.

 

Kale ilunean,

gaua gauari etorri zitzaionean,

eta bere isiltasunaren izuak

leiho itxia jo zuenean,

putzura jaurtikitako harria bailitzan,

Zure ahotsa barreiatu genuen odol zurrusten antzo,

Goian eta behean.

 

Piztiak amarruz,

Salomonen jantzitan  mozorrotuta,

Bere hatzean eramaten zuenean eraztuna,

Zure sekretua errimatzen genuen, jainko ahaltsuenaren izena bailitzan,

oda eta poemetan.

 

Hitz egin genuen ardoaz,

loreaz, goiz-albaz,

mirailez, hegaldiez,

Fenixez, eguzkiaz.

 

Argiaz mintzatu ginen, ontasunaz,

jakintzaz, maitasunaz,

fedez, itxaropenaz.

 

Hodeian bidaiatu zen txori hura,

zelaian alhatu zena soropilean hazi zena,

Mirailean dantzatu zen argi hura,

Gure bihotzari bakardadea xuxurlatu ziona,

Zu ezagutzeaz mintzo ziren hats bakoitzean.

 

Eskolan, merkatuan,

meskitan, herriko plazan,

kartzelan, kateetan,

Zure izena xuxurlatzen dugu:

 

Libertatea!

Libertatea!

Libertatea!

 

Gau horiek, gau horiek, gau horiek,

Gau ilun eta horrible horiek,

Amesgaizto gau horiek,

Tirania gau horiek,

fede gau horiek,

tirokatze gau horiek,

 

pazientzia eta atzartze gau horietan,

kaleetan bilatu zintugun,

zure izena oihukatu genuen teilatuetan,

Libertatea!

Libertatea!

Libertatea!

 

Esan nuen:

“Zu itzultzean,

Nire bihotz gaztea jasoko dut,

garaikurra bailitzan,

Eta igoko dut

garaikur odoltsua

zure teilatu garaira.

 

Esan nuen:

Zure itzuleraren egunean,

Zure oinetan zabalduko dut

arrosa buketa balitz bezala,

odol lorezko hau.

Eta zintzilikatuko ditut

nire beso kiribilak

zure lepo harroan.

 

O libertatea!

Ikus!

Libertatea!

Zure oinen azpiko alfonbra,

Odolez tindatua da.

Lore-girlanda hau odolez egina da,

Odolaren lorea da…

 

O libertatea!

Odolaren etorbidean barrena zatoz,

Baina

Zu etorriko zara eta bihotza dardaraz jarriko zait:

Zer da zure eskuan ostentzen den hori?

Zer da zure  zangoa inguratzen duen hori?

Libertatea!

Ba

Zatoz

Kateekin?

 

LIBERTATEA
Hushang Ebtehaj Sayeh

euskaratzailea: Mikel Elorza
armiarma.eus, 2022