Daniel Salgadori buruz

 

 

      hegoaldea / ukatze handia sortako testu zenbakituak bertsio berdintsuan argitaratu ziren O Gran Rexeitamento / Flores para Albert Ayler (Apiario, 2017) liburuan. Testuok, egungo itxuran, Vietcong taldearen ikerketa kolektiboen emaitza dira. Noise rock eta inprobisazio askean oinarritutako proiektu horretako kide da Daniel Salgado.

 

 

      Daniel Salgado (Monterroso, Galiza, 1981) kazetaria da lanbidez. Gaur arte honako poema-liburu hauek argitaratu ditu: Sucede (2004, Uxío Novoneyra saria), Días no imperio (2004, Esquío saria), Éxodo (2006), Os poemas de como se rompe todo (2007), Ascension (2010, Xosé Carlos Hidalgoren marrazkiak eta diseinua dituena), Ruído de fondo (2012), Dos tempos sombrizos (2013, Gonzalo López Abente saria) eta O Gran Rexeitamento / Flores para Albert Ayler (2017). María do Cebreiro poeta eta saiakeragilearekin batera A Guerra (2013) plazaratu zuen, eta Inés Pallares eta Afonso Rodríguez Castro artisauekin Ensaios (2015). Galegoz idatziak ditu guztiak. Hainbat antologia kolektibotan agertzen dira haren poemak, eta liburu guztietako laginak Huelga general (2018) antologian, Alberto García-Teresa hautatzaile izan zela. Gaztelaniazko bertsioa ondu zuen Miriam Reyesek.

      Galegora itzul izan ditu Allen Ginsberg, Amiri Baraka eta Adrienne Rich, eta Lois tePereiroren antologia osatu zuen gaztelaniaz. Musika elektronikoa lantzen zuen Das Kapital taldearentzat idatzi izan du, eta gaur egun, noise rock eta inprobisazioan oinarritutako Vietcong taldearentzat. Manuel Darriba idazle eta kazetariarekin AGE. A emerxencia de Alternativa Galega de Esquerda (2012) kronika politikoa egin zuen. Manuel M. Barreiro saiakeragile eta kazetariarekin Entrementres. Ensaios para unha nova política (2014) koordinatu zuen, eta Konpostelako alkate ohia den Martiño Noriegarekin A contradición permanente. Conversa sobre cinco anos de política convulsa (2012-2017) (2017).

 

Daniel Salgadori buruz