HILIK DAUDE DAGOENEKO Hau ez da olerki bat Hauek dira bi gizon kartzelako arropa grisez. Gizon batek bere eskuetako haragi gaixoa begiratzen du, zazpi urtez lan egin ez duten eskuak. Badakizu zenbat irauten duen urte batek? Badakizu zenbat ordu dituen egun batek egun batek hogeita hiru ordu dauzkanean ziegako kamainan, ziega batean ziega lerro batean ziega lerro mailakatuetan denak hutsik ametsen hustasunean itota? Badakizu kartzelako gizonek zerekin egiten duten amets? Orain hilik daude Automata beltzek irabazi dute. Erabat erre dituzte haien haragia Massachusetts-eko airera joan da haien ametsak haizera joan dira. — Hilik daude dagoeneko —gobernadorearen idazkariak ukondokadatxoa eman dio Gobernadoreari. — Hilik daude dagoeneko —Auzitegi Goreneko epailearen idazkariak ukondokadatxoa Epaitei Goreneko epaileari, — Hilik daude dagoeneko —unibertsitateko errektorearen idazkariak ukondokadatxoa eman dio unibertsitateko errektoreari irribarre lehorrak hildakoengandik datoz: lepo zuriko hildakoak; zetazko kapeladun hildakoak; lebitadun hildakoak. Kotxeetatik sartzen eta ateratzen dira lasaituta egiten dute sakon arnas Bostongo karriketan gora eta behera dabiltzanean. Ametsetatik libre daude orain kartzeletako blue-jean koipeztatuetatik libre euren ahotsak hamaika parrandetan itzultzen dira abesti baten abesten Massachusettseko tinpanoak lehertzeko: ausart zaitez honekin poema bat egiten!
HILIK DAUDE DAGOENEKO |