JUSTIZIA UKATUA MASSACHUSETTSEN
Edna St. Vincent Millay

euskaratzailea: Hedoi Etxarte
armiarma.eus, 2020

 

Utz ditzagun atzean, beraz, gure lorategiak eta goazen etxera

eta eser gaitezen egongelan,

zein lore hazi beharko litzateke hodei honen azpian? Lirioa edo artoa?

Hodei honen azpian

garratza da hazi ugalkor honentzako lur hotza,

belar on eta txarrak sustatu ditugu, gainean desfilatu dugu baina ez gara konkistatzeko gai;

gure labanen ahoak biratu ditugu eta gure aitzurrak zurtoinen kontra daude.

 

Utziguzue etxera joaten eta egongelan esertzen.

Gure egunean ez du

hodeiak alde egingo eta eguzkia ez da lehen bezala altxatuko

gure gainean karitatez

badia distiratsutik kanpo,

eta haize epelak putz egingo du itsasotik

artoaren hostoak mugituz

soinu baketsuarekin.

 

Atsekabetuta, atsekabetuta

dago mozketak hutsik utzi duen belar urdinaren gunea.

Eta petaloak lurrera erori dira

zuhaitza fruiturik gabe utziz.

Ez dugu berriro sentituko eguzkia:

bizkar makurtuak berotzen

eta belar txar lehorrak

zuztarretik kentzen zituena.

Iluntasunean hilko gara eta euripean lurperatuko gaituzte.

 

Heriotza bikainetik

oinordetu dugu

haziarentzako ildo gozoa eta belar txar ahula,

begira orain barea eta arpilatze lizuna.

Gaizkiak suntsitzen du

lirioa eta artoa,

haien gainbeheraren lekuko izan gara.

 

Utziguzue hemen esertzen, geldi egoten,

hementxe, egongelan hil arte.

Ibilian dator heriotzaren pausoa, zutitu da eta badoa.

Gure seme-alaben seme-alabei atari ederra uzten die,

eta zumarra,

eta lur hondatu bat

aitzur hautsi batekin lantzeko.

 

JUSTIZIA UKATUA MASSACHUSETTSEN
Edna St. Vincent Millay

euskaratzailea: Hedoi Etxarte
armiarma.eus, 2020