BREIZERA
Per Denez

euskaratzailea: Jon Mirande
Euzko Gogoa, 1951
armiarma.eus, 2021

 

(Gurea bezala hil-zorian zituzten beren aberri-hizkerak gaizkatzeko zer egin duten, eta zer lortu duten Europako beste herri txikietako abertzaleek on dugula jakitea Euskaldunok baiteritzait, breiztar idazle bati galdegin diot breizeraren gaurko egoeraren berri damakigun. Hona hemen, beraz, Per DENEZ adixkideak «Euzko-Gogoa»ren irakurleentzat idatzi duen lantxo bat. Gure eskerrak har bitza.

M.'tar J.)

 

      Breizera da gaurko egunean Europako lur-haundian mintzatzen den keltar mintzaira bakarra. Beste bost keltar hizkera badira: Eskoziako goidelera (Gaelic), manaera (Manx) eta irlandera, elkarren antz haundia dutenak; kenbrera (Welsh) eta kernera (Cornish), breizeraren ahaide hurbilak.

      Breizera ez duzue lehenago Galian mintzatzen zen kelteraren arrasto bat: galera den-dena ezabatu bai'zuten laterak eta frankerak. Breizera Breiz izarokira ekarri zuten V eta VII. mendeen artean, lur berri bila Kenbru (Wales) eta Kernu (Cornwall) lurretatik aldegin zuten gudari eta lugin-talde batzuek. Garai hartan, kenbrerak, kernerak eta breizerak mintzaira bakar bat egiten zuten. Geroztik, jakina, beraren bideari jarraitu dio breizerak.

        Hizkeratzat breizera daukan herriak BREIZ du izena, ingeleraz BRITTANY, frantseraz BRETAGNE. Kouesnon latsaren iztahotik Liger (Loire) ibaiaren iztahoa baino beheragoraino doa gutxi gorabehera, Frantziarekiko muga.

        Breiztar erresumaren garai haundian (IX. mendean) breizeraz hitz egiten zuten Breiz guzian, lateldun zenbait han-hemenka gelditu arren, batez ere herriaren sortaldean. Norman'en etortzearekin, haatik, (X. mendean) eta prantzitarren lehenengo erasoekin, emeki-emeki atzera egiten du breizerak. Frantziaren menpean Breiz osoa erori zenean (XVIII. mendean) gutxi gorabehera Sant Brieg'tik (St. Brieuc) Gwened'eraino (Vannes) doan marra baten honaindian baizik ez zan breizeraz hitz egiten. Gaurko egunean, herrian bizi diren 3.000.000 biztanleetatik milioi bat-edo baizik ez dira breizeraz mintzatzen. «Milioi bat edo» diot: ezen Frantzia'ko jaurlaritzak beti ukatu du breizeldunen edozein zenbakunderik egitea.

        Hortan duzue, hain zuzen ere, breizeraren oraingo herbaltasuna nondik datorren. Frantziak Breiz indargabetu badu politika zeretan, kulturazko nortasunik ere ez dio utzi. Haren hizkerari oldartu zaio izugarrizko eran. Ikasetxe, gudaletxe, auzitegi, hots, laterriak dauzkan etxe eta tegi guzietatik ohildua izan da. Breiztar herriari irakatsi diote beraren mintzairaz iseka egitea, lotsa izatea. Nolanahizko behaztopak ipini eta ipintzen dituzte breizel-egunkari edo aldizkarien bidean. Breizeraz idazten dutenei bizipidea kendu izan zaie, erbesteratu behar izan dute, ezin dira laterriaren-mutil izan. Bai eta 1939an eta 1944an prantzitarrek ahalegin egin dute breizal higikuna zeharo deutseratzeko ere: liburutegi osoak birrindu dituzte, breizerazko idazki eta izparringiak debekatu, zuzendariak eta idazleak espetxeratu edo su-izkilutu; atzerrira ihes joan bear izan dute beste batzuek. «Itxasoz haraindiko» Keltarrai esker da gogorrenezko jazarkundea ekuratu, baina prantzitar jaurlaritzak emeki eta setatsu jarraitzen dio bere lanari breizera ezeztatzeko.

        1871n eskatu zen lehen aldikoz breizeraz irakas lezaten eskolan. Geroztik ehunka eskaera izan dira alderdi, bazkun, udaletxe, aldundi eta besteengandik. 1951garreneko ilbeltzean baizik ez da lege bat onartua izan, arteko ikasetxeetako atea breizerari erdi-irikitzen diona, bainan lege hortaz baliatzeko baimena igurikitzen dugu oraindik.

        Horiek horrela dirala, Breiztarren borroka ez da alperrikoa izan eta elerti oraindar eder xamar bat sortzera heldu dira. Elerti zaharretik ez da ezer ere gelditzen, gure «mister» zenbaiten neurtizkera zailgaitzetik —hala nola Melezour ar Marv (Heriotzaren Ispilua)— XVI. mendean agiri izan arren, Breizen ere luzaro bizi egon zela, Kenbrun hain lore ederrak eman zituen elerti hura. XVI, XVII eta XVIII. mendeetatik misteri eta santu-bizi eli bat badugu, zati txit politak han-hemenka haietan arkitzen baitira. Ezin da ukatu haatik, balio gehiago dutela mintzaiaren jakintzari buruz ezi-ez elertiari buruz.

        Hizkera zaharrari, halaz ere, datozkio zuzentzaileak. Ar GONIDEG (1775-1838) aipatuena da, gaurko elertirako mintzaira irazan baitzuen. Haren lanari jarraitu zioten MILINek, Franses VALLEEk ta, gero, Roparz HEMONek. Gizon horien helburua izan da: 1.- breizelkiak guzientzako hizkera bakar batean elkartu; 2.- beharrik gabe jasandako frantsez etorkidun hitzak breizeratik kanporatu. Helburura heldu direla esan diteke eta luginek eta marinelek egunero darabilten mintzoarekin egiazko kulturarekiko tresna bat egin dute.

        Ar GONIDEGen ondoan batez ere, sortu dira pilaka breizerazko idazkiak, guziak ez baitira ekoiztuak ez aztertuak izan ere, hain gutxi laguntzen die-eta prantzitar jaurlaritzak keltalariai. Garai hartako idazkiek, XX. mendearen hatsarreraino, mintzaera aunitz gozagarria zerabilten, ia herriarena, alegia, asmobide eta aditzapen gutxi ordea: «erri-elerti» bat duzute idazkiz jarrita. Nahiz gazteagoek elerti hori luzaz gutxietsi zuten, gero eta amultsuroago aztertzen dugu gaur ezen mintzaira, herri-jakintza, breiztar gogoaren ezagutze eta Breizengo gizartearen edestiari buruz duen balioa ateman dugu.

        Halaz ere, Roparz HEMONek eta GWLARN aldizkariak diote oraingo elertiari zer bide jo erakutsi. Politika-arloan «BREIZ ATAO» k bururatu lana, kultura alorrean osotu dute. GWALARN eta honen idazleei esker breizerak ildo berriak urratu ditu, jakitezko eta jakintzarako hiztegiak argitaldu dira, breizaltzaleen asmoak agerreratu eta argiagotu. Hiru ospetsuenak bakarrik izendatzeko, Roparz HEMON, Youenn DREZEN, Jakez RIOUren olerki, ipuin, antzerki edo eleberriek, breizeraz irakurtzen deino, irakurleen atsegina dagiteke. Horiek ezarri dute Breizal elertia oraindar elertien lerroan.

        1944an prantzitarrek suntsitu zituzten GWALARN aldizkaria eta honi zegozkion ager-lanak: aldizkariaren zuzendariak, Roparz HEMONek, urteak bainoago bahitegian egon ondoren, erbesterako bidea hartu izan zuen. Gazteak haatik, berriz ere lotu zaizkio borrokari eta breizerak, euskarak bezela, Europa sartaldeko hizkera txiki guziek bezela, bizi iraungo eta garaituko du era orotako etsaien gatik ere.

 

BREIZERA
Per Denez

euskaratzailea: Jon Mirande
Euzko Gogoa, 1951
armiarma.eus, 2021