Exkerraren zain (5)
Clifford Odets

1935
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2013

 

Espiaren gertatua

 

FATT. Garrasiek ez dute ezertarako balio. Zuek ez dakizue nola egin izan dugun lan gremioaren alde. Zuek ezin dituzue gauzak ikusi nik ikusten ditudan bezala. Ikustazue zer gertatu zen Filadelfian duela hiru hilabete, txoferrek greba egin zutenean. Eta non dago Filadelfia? Hemendik milaka miliatara? Ez, ordubete barru trenez.

 

AHOTS BAT. Bi ordu.

 

FATT. Tira, bi ordu. Zer ardura du! Baina entzun diezaiogun haren berri dakien bati. Hitz egin dezakeen bati. Mutilok, hemen baitaukagu Filadelfiako arazo guztia bizi zuen gizon bat; lagunekin irten zen, haiek bezala jipoitu zuten eta orain zerrenda beltzean dago guztiok bezala. Horregatik dago hiri honetan. Seguru nago gizon honen hitzak interesgarri egingo zaizkigula denoi. (Aldarri egiten du). Tom Clayton! (Claytonek jokalekuaren erdialdera egiten  duenean, Fatt txaloka hasten da, eta entzuleak ere txaloka hasten dira han-hemenka. Fatten ondoan gelditzen da Clayton). Lagunok, hona hemen arazo hauetan eskarmentu handia duen gizon bat: Tom Clayton, Filadelfiakoa!

 

CLAYTON. (Itxura arrunteko gizona, iherra, mediokrea). Lagunok, ez dit ardura txistu egiten badidazue ere. Txoferrok apurtxo bat gehiago irabazteko balio lukeela jakingo banu, ez litzaidake batere inportako zanpatuta xerratan ebakiko banindute. Ni zuetariko bat nauzue. Baina nik gaur esan nahi dizuedana da Harry Fattek arrazoia daukala. Ez dira bost aste hiri honetan ari naizela lanean, baina zaharrenek bezalaxe ezagutzen ditut baldintzak. Badakizue nolakoak izaten diren kontu hauek. Ez da zapata luzean erabili behar izaten, non ematen duen min jakiteko. Nonahi gabiltzala. Baina Fattek arrazoia dauka. Gure buruzagiek arrazoia daukate. Hau ez da momentua, eta frutak ez dira adarretik erortzen ondo heldu arte.

 

AHOTS OZEN BAT. (Entzuleetatik). Eser dadila!

 

FATT. (Aulkitik jauzi eginik). Lagunok, heldu horri!

 

AHOTSA. (Entzuleen artetik, borroka soinua entzun dela). Inork ez nau botako hemendik! (Borrokak jarraitu egiten du; noizbait, hitz egin duena lasterka dator jokalekuraino eta mintzaileari egiten dio:) Nondik arraio atera duzu izen hori? Clayton? Zizare honek Clancy du izena, Clancytarra da inondik ere...! Leher egin behar dut barrez halakoak entzunda!

 

FATT. (Pistoleroa aldean duela). Hau ez da taberna bat. Zer ari haiz hemen?

 

AHOTSA. Salatari bat salatzen ari naiz!

 

FATT. A, ez! Hori ez! Ez dizut halakorik onartuko! Lagunok, atera ezazue hemendik...!

 

AHOTSA. (Aurre egiteko prestatzen dela). Zergatik ez zara zeu ausartzen? Uste zenuen irentsi egin behar genituela gezur horiek guztiak? Ba al dakizue nor den hau? Entrepresaren espia bat...!

 

FATT. Eta nor haiz hi ordea...?

 

AHOTSA. Nik neure kotizazioa ordaindu dut sindikatuan lau urtez. Horixe nauzu ni. Eskubidea daukat. Eta probokatzaile zorritsu honek ez du zertan hona etorri. Nik badakit nor den! Eta esan egingo dut...!

 

FATT. Edo esaten duana frogatzen duk, edo nazioko sindikatu guztietatik botako haute!

 

AHOTSA. Nik eskubidea daukat hitz egiteko. Eskubidea daukat. Begira! Zergatik ez ote du ahoa zabaltzen?

 

CLAYTON. Zu, jauna, gezurti hutsa zara, eta ez zaitut nire bizi osoan ikusi.

 

AHOTSA. Lagunok, zakurkume hau bi urte egon zen meatzetan, eta sartu ahal izan zuen erakunde guztiak lehertarazi zituen. Berrogeita hamar preso dauzkagu berari esker. Eta gero nazio osoan barrena ibilia da: itsasoan, oihalgintzan, metalurgian, bazter guztietan ibilia da. Eta orain...

 

CLAYTON. Gezurra da!

 

AHOTSA. Eta orain Columbus karrikako Bergman-en erakunderako ari da lanean, arazoak dauzkaten entrepresetara espiak eta grebazapuzleak bidaltzen dituen horretan. (Hurrengo gertaldiko heroia izango den gizona bere ondoan jartzen da, eta baita greba batzordeko gainerako partaideak ere).

 

CLAYTON. Honek batzarra hautsi nahi du...

 

AHOTSA. Hago lasai, ez diagu arropan miatuko agiri bila.

 

CLAYTON. Ez daukat zer ezkutaturik. Idazkariak berak oso ongi daki nor naizen.

 

AHOTSA. Noski dakiela! Lagunok, ba al dakizue nor den zakurkume hau?

 

CLAYTON. Nik ez zaitut zu inoiz ikusi...

 

AHOTSA. Ohe berean egin dugu lo guk biok hamasei urtez. Kakatzar hau anaia dut!

 

FATT. (Isilune baten ostean). Egia al da? (Claytonek ez du erantzuten).

 

AHOTSA. (Claytoni). Alde hemendik, bizkarrezurra haustea nahi ez baduk! (Claytonek ihes egiten du butaken artean. Ahotsak, berari begira, honela dio:) Ez ahaztu inoiz horren aurpegia! Clancy! (Jarraitu egiten du bere lekura itzulita). Tamalez, hau ez zenuen kontuan hartu, ezta Fatt? (Isilune baten ostean). Clancy familiaren zuhaitzak badaki fruta ustela ere ematen!

 

(Jokalekuaren bazter batean zutik dago hurrengo gertaldiko heroia.

Ilundu egiten da).

 

Exkerraren zain (5)
Clifford Odets

1935
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2013