Exkerraren zain (1)
Clifford Odets

1935
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2013

 

(Oihala jokaleku biluzi baten gainean altxatzen da. Sei-zazpi bat gizonezko daude jesarrita zirkulu erdi bat osatuz. Ezker aldean gazte batek txotxa darabil hortz artean: pistolaria da. Gizon gizen bat, zerri itxurako, publikoari mintzo zaio: sindikatu bateko buruzagia da. Bere atzean bi gizon daude jesarrita: greba batzordea da. Jarrera desberdinetan daude, denak ere halako interesa ekartzen dutenak, denak ere izaera desberdinen adierazle, berehala ikusiko den moduan. Gizon gizena berotua dago, izerditan, bere jarduna amaitutakoan. Egia esan ez dago sobera berotua ere,

ongi bazkaldu du eta badu konfiantzarik bere indarrean. Harry Fatt du izena).

 

FATT. Ez daukat barre egiteko gogorik, hain oker zaudete! Ikusteko begiak dauzkan edonork daki. Begira oihalginen greba. Zer gertatu zen? Lehoiak moduan hasi ziren... eta ardiak bezala amaitu zuten. Eta begira San Franciscoko arazoa: gosea eta buru hautsiak. Altzairuko lagunek ere irten nahi zuten, baina aldatu egin zuten ideiaz. Garaiko moda dugu. Horixe besterik ez. Guk, langileok, badaukagu gure berme ageri den gizon bat. Nazioko gizonik garrantzitsuena da, eta gutaz arduratzen da: Etxe Zuriko gizonaz ari naiz. Horregatik, hau ez da grebara jotzeko unea. Gizon horrek lanean dihardu gau eta egun...

 

AHOTS BAT (publikotik). Norentzat? (Pistolaria urduritu egiten da).

 

FATT. Zuretzat! Eta hemen ditugu hori frogatzen duten egitateak. Hala ez balitz nik ez nizueke esango ez irteteko grebara. Nik bezalaxe irakurtzen dituzue egunkariak, eta badakizue. Horregatik nago grebaren aurka. Guk lagundu egin behar diogu lagundu egiten digun gizonari. Nazio osoa...

 

BESTE AHOTS BAT. Pikutara doa nazio osoa! (Pistolaria serio jartzen da).

 

FATT. Ia! Altxa dadila, aurpegia eman dezala gorri zorritsu horrek! Ia gizona den! Zergatik ez da altxatzen, ikus dezagun? (Zain gelditzen da, alferrik). Koldarra! Gorri guztiak koldar hutsak dira. Eta nik begiz jota dauzkat lauzpabost. Zer arraio egingo dute gorriek zuengatik? Kalera irtenaraziko dizuete, eta istiluak hasitakoan hanka egingo dute. Arraio horiei aukera ematen badiezue, zuen arreba eta emazte guztiak lilitegietara eramango dituzte, Errusian bezala. Kristo kendu nahi dute! familiak hondatu nahi dituzte! Errekara eramango zaituztete! Ez dela egia? Irakurri itzazue egunkariak. Tira, entzun ezazue. Ezin dugu gau osoa hemen egon. Esan nizuen nola den kontua. Eta orain, mutilok, zoazte etxera, han daukazue zain afari goxo bana eta...

 

BESTE AHOTS BAT. Hala uste duzu zuk!

 

PISTOLARIA. Ia hori, altxa dadila!

 

BESTE AHOTS BAT. Eta non dago Exkerra? (Galdera hau aho batez errepikatzen dute gainerakoek. Fattek txalo jotzen du).

 

FATT. Horixe da nik jakin nahi nukeena, hain zuzen. Non dago lagun hori? Zuek aukeratu zenuten lehendakari. Eta non demonio sartu da orain?

 

AHOTSAK. Exkerra behar dugu! Exkerra! Exkerra!

 

FATT (txalo joz). Zer uste duzue dela hau? Zirku bat? Hau batzordea da. Zeuek aukeratutako alfer kuadrila hori... (Eskuin aldean jesarritako gizona seinalatzen du).

 

GIZONA. Benjamin.

 

FATT. A, bai! Benjamin, Benjamin “doktorea”. (Eta jesarrita dauden gainerakoak seinalatuz:) Benjamin, Miller, Stein, Mitchell, Phillips, Keller. Eta ez da nire errua Exkerrak alde egin badizue. gazteok, zuek...

 

AHOTS BORTITZ BAT. Eta batzordeak zer dio?

 

GAINERAKOAK. Batzordea! Mintza dadila batzordea! (Fattek ahaleginak egiten ditu animoak baretzeko, baina ustekabean jesarritako gizonetako batek aurrera egiten du zutituta. Pistolaria berarengana doa, baina Fattek geldiarazi egiten du).

 

FATT. Utziozu hizketan. Ikus dezagun zer duten esateko gorri hauek. (Oihu batzuk entzuten dira publikotik. Fatt bere lekura doa, harro, zirkulu erdiaren zentroraino. Apur bat jasoa dagoen plataforma batean jesartzen da eta puro bat pizten du. Pistolaria bere lekura itzultzen da. Joek, mintzaileak, eskua jasotzen du isiltasuna eskatzeko. Isildu egiten dira denak. Minduta dago).

 

JOE. Lagunok, zuek ezagutzen nauzue. Ez naiz gorri bat. Oraindik ere granada zati bat daramat barruan, gerraren opari. Eta ongi gogoan daukat euria egin behar duen bakoitzean. Ez naiz gorria. Badakizue zer garen gu? Gizon urdin-beltzak. Hainbeste zanpatu gaituzte, ze ubelduak gauden burutik beheraino. Baina, itxura denez, idazkariak bezala pentsatzen ez duen oro, gorria da sindikatuko gidarientzat. Eta zer arraio da afari goxo bana zain daukagulako hori? Jakin nahi nuke gutariko zenbatek duen afaria zain. Bere hurrengo otorduaz seguru dagoenik baldin badago, jaso dezala eskua. Nire atzeko jaun horrek biak jaso ditzake, baina hemen aurrekorik inork ez! Eta horregatik jo nahi dugu grebara, jan ahal izateko.

 

AHOTS BAT. Non dago Exkerra?

 

JOE. Egia esan, ez dakit. baina ziur nago ez duela alde egin. Ahari batenak adinako pongoloak dauzka. Istripuren bat izango zuen edo, baina iritsiko da... Eta ez zaiteztela beldurtu gorriak zaretela entzundakoan, soldataren alde borroka egiteko gai baldin bazarete behintzat... Erabaki egin behar dugu. Egia esatea nahi baldin baduzue, nire emaztea izan zen honetara bultzatu ninduena, lehengo astean. Grebara jo behar dugula, ura bezain garden dago. Etxeratzen gara taxian zortzi eta hamar ordu eman ondoren, eta emaztearen marmarra: “Laurogei xentimo ez da dirua! Txanpon hauekin ezin dira patatak ere erosi! Konpañiarentzat ari zara lanean! Joe, ez zara zure familiarentzat ari! Begira, Joe, benetan, zerbait pentsatu beharko duzu, bestela...”.

 

Exkerraren zain (1)
Clifford Odets

1935
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2013