Exkerraren zain (4)
Clifford Odets

1935
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2013

 

Mutila eta bere andregaia

 

(Neska-mutil gazte bi. Siden zain dago Florence, dantzara joateko)

 

FLORENCE. Zeozer atera behar diot bizimodu honi. Ez dut erretzen, ez dut edaten. Sidek dantzara eraman nahi banau, eskubidea daukat joateko. Maitemindua bazeunde ulertuko zenuke.

 

IRVING. Zure mesederako ari naiz.

 

FLORENCE. Etzaitezela hain ona izan!

 

IRVING. Ama gaixo dago, ohean, eta hil egingo duzu halako nahigabeekin. Berak ez du mutil hori etxean ikusi nahi. Eta ez du nahi berarekin ibiltzea Crotona Parken.

 

FLORENCE. Nahi dudan guztietan ibiliko naiz berarekin.

 

IRVING. Ikusten bazaituztet, ederki konponduko zaituztet. Eta esku bakarrarekin!

 

FLORENCE. Zergatik zaudete denak bere kontra?

 

IRVING. Hamaika aldiz esan dizu amak. Ez da bere kontra. Kontua da ez daukala sosik. Mutil zintzoa izango da eta asko maiteko zaitu, baina horrekin ezin da jan.

 

FLORENCE. Taxi txoferrek ongi irabazten zuten lehen.

 

IRVING. Baina gaur egun bost edo sei dolar besterik ez dute irabazten astean. Familia bat osatu behar duzue horrekin? Gertatuko dena da hilabete batzuen buruan hona aldatuko zaretela, eta nik bi familia mantendu beharko ditudala. Lehenago hil!

 

FLORENCE. Ez zait ezer ardura, Irving. Maite dut eta kito!

 

IRVING. Gaztetxoa zara, ez dakizu zer nahi edo maite duzun.

 

FLORENCE. Mostradore atzean nago egun santu osoan, eta hartan pentsatzen dut...

 

IRVING. Hobe zenuke ama bazenu gogoan.

 

FLORENCE. Ez ote naiz ba amaz arduratzen? Ez ote dut afaria prestatzen eta alkandorak lisatzen? Nahikoa lana ematen didazu! Eta etzaidazula esan isiltzeko, nik ere ekartzen ditut dolar batzuk etxera. Ez duzu ikusten nik zerbait kendu nahi diodala bizitzari? Ez duzu ikusten gizon bat nahi dudala, maitasuna, haurrak...? Bizitzak eman diezadakeen guztia nahi dut.

 

IRVING. Ardura zaitez amaz, eta kontuz zer egiten duzun!

 

FLORENCE. Eta ez badizut kasurik egiten?

 

IRVING. Orduan neu arduratuko naiz zutaz.

 

FLORENCE. Neska bati ez zaio horrelakorik esaten.

 

IRVING. Ba horrelakoak esango dizkiot zure laguntxoari ere. Eta ez hitz hutsez! Florence, begiak zabaltzeko gauza bazina, ikusiko zenuke zure mesederako ari garela. Hau ez da ezkontzeko garaia. Aurrerago, agian...

 

FLORENCE. Agian... garai hori ez zait inoiz helduko. Irving... zergatik ez dugu ama ospitaleren batean sartzen? Bakean hil ahal izango du, egun osoan erlojuari begira egon gabe.

 

IRVING. Parpaila behar da horretarako, eta guk ez daukagu.

 

FLORENCE. Dirua! Dirua! Dirua!

 

IRVING. Etzazula gaia aldatu.

 

FLORENCE. Horixe da-eta, zuen gaia!

 

IRVING. Tira... etzazula mutil hori berriro ikusi. (Neska jiratu egiten da). Ene! Gogoratzen naiz haurtxo bat zinenean bizkarrerainoko ile kirruak zenituela... Eta orain errieta eman behar!

 

FLORENCE. Hitz egingo dut berarekin, Irving.

 

IRVING. Noiz?

 

FLORENCE. Gaur bertan etorriko da. Eta egingo dugu hitz.

 

IRVING. Gogorrak izan behar dugu, Florence. Harkaitza bezain gogorrak, edo bestela hil.

 

FLORENCE. Badakit. Atea! Ken ezazu surtatik amarentzat jarri dudan arrautza. Utzi gaitzazu bakarrean, Irving.

 

(Sid sartzen da. Mutil biek tinko begiratzen diote elkarri segundo batez. Badoa Irving).

 

SID. Kaixo, Florrie!

 

FLORENCE. Kaixo, maitea! Nekatua ematen duzu.

 

SID. Ez. Bizarra egiteke etorri naiz.

 

FLORENCE. Hurbil ezazu aulkia tximiniara. Nik tinbrea joko dut whisky eta seltza ekartzeko... zineman bezala.

 

SID. Hau filme bat balitz, nik arrosa sorta handi bat ekarri behar izango nukeen.

 

FLORENCE. Zenbat arrosa?

 

SID. Berrogeita hamar edo hirurogeiren bat dozena. Honenbesteko txorten luzekoak...

 

FLORENCE. A, ergela...!

 

SID. Eta Paristik ekarrarazi duzun soineko hori dotorea da benetan.

 

FLORENCE. Bai, Percy. Tertziopelozko gonak indarrean daude berriro. Madame Lafarguek esan dit Maria erreginak oihal bereko bat egin duela...

 

SID. Bai, Florrie.

 

FLORENCE. Balkanetako printzesa guztiek erabiltzen duten oihala da. (Pose bat eginik).

 

SID. Ez mugi! (Filmatzen duen kamera bat itxuratzen du atzamarrak sudurrean. Ustekabean, neskak desegiten du bere posea, eta mutila besarkatzen du eta oso samur musukatzen).

 

SID. Nekatua ematen duzu, Florence.

 

FLORENCE. Ez. Bizarra egiteke nago. (Barre urduri bat egiten du).

 

SID. Kezkatua zaude amarengatik?

 

FLORENCE. Ez.

 

SID. Zerk kezkatzen zaitu ba?

 

FLORENCE. Ingelesen eta frantsesen arteko gerlak.

 

SID. Zeeerk?

 

FLORENCE. “Gu” gara nire kezka, Sid. Gau eta eguneko kezka.

 

SID. Gaur kamioi baten kontra izan dut istripu. Nolako oihuak! Ni gidatzen nindoan eta ez dut kalea ikusi. Ni ere gutaz arduratua nengoen. Eta etzaidazula esan zer pentsatzen nuen! Etxe honetan, arratoien pozoia bezalakoa naiz.

 

FLORENCE. Niretzat ez.

 

SID. Baina beste batentzat bai... eta badakit zergatik. Baina ez da beraien errua. Hiru urte daramatzagu ezkongaitan.

 

FLORENCE. Hiru urte luzea da, bai.

 

SID. Nire anaia Sam itsas-armadan sartu da gaur. Egunero jan ahal izateko da. Kubara bidaliko dute rumba dantzatzera. Eta ez daki ezer egiten... ez daki... ez daki beisbol jokatzen besterik!

 

FLORENCE. Etzazula zuk horrelakorik egin!

 

SID. Ez beldur izan, ez naiz ihes egiten dutenetakoa. Baina hain aspertua nauka bizimodu honek, laztana, errekara botako nuke neure burua. Ez dizut galdetuko zertan pentsatzen duzun... gauza bera ari gara pentsatzen!

 

FLORENCE. Ez dago erdibiderik. Bai ala ez?

 

SID. Ez. Broadwaytik begiratuko ligukeen txartel argitsu batek bezalaxe: ez.

 

FLORENCE. Haurrak nahi genituen...

 

SID. Bai, baina bizitza hau ez da gu bezalako jendearentzat. Elkarrekin gaudenean, trumoiak izaten ditut bularrean. Alde egingo bagenu elkarrekin, agian aurrez aurre begiratzen ahal nion bizitzari, eta tu egingo nioke begira... Alajainkoa! Gogorra dela gizon izatea mundu honetan!

 

FLORENCE. Bada zer edo zer ilunpera bultzatzen gaituena... Harrapatu egin nahi gaituzte, Sid?

 

SID. Bai, aberatsek harrapatu egin nahi gaituzte.

 

FLORENCE. Iraindu egiten gaituzte.

 

SID. Eta ez digute galdetzen zer gertatzen zaigun... zergatik ez daukagun dirurik. Beraiek badaukate beren dirua zaintzeko modua. Badakite xentimo bat emango baligute —xentimo bat besterik ez— gehiagoren eske hasiko ginatekeela, dena kendu arte... Ez nago burutik, Florence.

 

FLORENCE. Badakit.

 

SID. Ez dut hitzik nola nagoen esateko. Eskolako lehen zikloa ere ez nuen amaitu.

 

FLORENCE. Badakit...

 

SID. Baina zer balio du jakiteak! Ero moduan egiten dugu lana nire anaia Sam unibertsitatera bidaltzeko. Eta begira zer egiten duen! Itsas-armadan sartu da. Ergel horrek ez du ikusten dena aurka daukagula, aberatsek banatzen dituztela kartak eta beraiek gordetzen dituztela onenak. Eta galdu egiten ditugu enbido guztiak, kartarik onenak beraienak direlako. Eta gero esaten dizute, “zer daukak motel, ez duk inoiz irabazten! Karta onak dituk eta hala ere...”. Eta nire anaia bezalako ergelek sinetsi egiten dute, ez dutelako besterik ikusten. Beraien eskola guztiak ez die ezertarako balio! Baina... zaude minutu bat. Esaten dizute: “Entzun Urlia, edo Sandia, edo Berendia, ez duk ezertarako balio, hemen daukak hire bizitzako aukerarik onena, mundu guztiak jakingo dik nor haizen”. Esaten dizute: “Zatoz barku honetara eta egintzak borroka mundu hau nazkagarria egiten duten zorritsu horien kontra, japoniarrak, turkiarrak, greziarrak. Hartzak fusila eta hil egintzak. Iparramerikar zintzoak bezala. Heroi bat izan behar duk”. Eta zuk apuntatzen duzun gizajoa zu bezalako bat da, berari ere kartarik ziztrinenak eman dizkiote. Bere herrian Sam edo ni bezalako tipoa da, haur bat izan nahi duena zu bezalako batekin, edo eguzkia hartu nahi duena hondartzaren batean... Behar ez duen aldera apuntatzen irakatsi behar diote Sami! Beisbol jokalari ergel horri!

 

FLORENCE. Korapilo bat daukat eztarrian.

 

SID. Florence, ez daukagu gela bat eserita egoteko ere.

 

FLORENCE. Parkea ez dago gaizki...

 

SID. Neguan? Zakurraren bibolina! Pozten naiz ezkondu ez izana. Horrela ez dugu inoiz jakingo zer galdu dugun!

 

FLORENCE. (Lehertu egiten da). Sid, ni zurekin noa! Bila dezagun gelaren bat nonbait!

 

SID. Ez, zure familiakoek arrazoi dute. Ezin baldin badugu egoera honetatik atera, hautsi dezagun gurea!

 

FLORENCE. Benetan, Sid. Goazen!

 

SID. Damutuko litzaizuke berandu baino lehen. Madarikatuko zenuke egun hau. Ezagutzen ditut antzeko kasuak.

 

FLORENCE. Baina Sid...!

 

SID. Ezagutzen ditut antzeko kasuak. Triste gaude, laztana; urte ilun honen tristura daukagu, eta maite zaitudalako mintzo naiz honela. Maiteko ez bazintut, berdin izango litzaidake guztia...

 

FLORENCE. Elkarrekin egingo dugu lan, ikusiko duzu...

 

SID. Eta gainerakoa? Zure familiak behar ditu zure bederatzi dolarrak. Eta nireak...

 

FLORENCE. Ez zait ardura.

 

SID. Hala uste duzu. Kaiolako txoria zara.

 

FLORENCE. Ez iezadazula trufarik egin.

 

SID. Ez naiz zutaz trufatzen, Florence, benetan.

 

FLORENCE. Bai, nitaz trufatzen ari zara!

 

SID. Zin egiten dizut ezetz. (Elkarri begiratzen diote, hitzik ezin eginik. Noizbait, Sidek fonografo portatil bat eta disko bat hartzen ditu, eta soinutan ipintzen ditu. Dantzarako aire triste eta arrunta da. Keinu egiten dio, eta Florence hurbildu egiten zaio. Oso poliki hasten dira dantzari. Oso estu daude besarkatuta. Musika isildu egiten da, baina diskoak, marratuta, jiraka jarraitzen du eszena amaitu arte. Uzten diote dantzatzeari. Askatzen dira, eta Sidek aulkian jartzen du Florence, eta bertan gelditzen da, begiratua galduta). Kaixo! Aizu!

 

FLORENCE. Kaixo. (Ametsetan bezala begiratzen diote elkarri).

 

SID. (Erne). Adio, Florence! (Erantzunen bat espero du, baina neska isilik dago). Ez al dizut sekulan erakutsi nola imitatzen dudan Patty Rooney? (Dantzari hasten da zapatekin klake eginez. Gelditzen da). Ez zaizu gustatzen?

 

FLORENCE. (Leher eginda). Ez. (Eskuetan gordetzen du aurpegia).

 

(Sid belauniko erortzen da, eta Florenceren magalean ezkutatzen du burua.

Ilundu egiten da).

 

Exkerraren zain (4)
Clifford Odets

1935
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2013