Egilearen oharra * Milan Kunderak Atlantis argitaletxeko Amodio barregarriak liburuaren 1991ko berragitalpenean erantsitako oharra
Lehendabiziko amodio barregarria 1958an izkiriatu nuen eta Ni, jainko nahigabetua zeritzan. Garai hartan izerdi patsetan nenbilen Giltza-jabea antzezlanarekin, eta lan horren arteko atsedenaldian, arnasa hartzeko edo, dibertigarri gisa, neure bizitzaren lehendabiziko ipuina izkiriatu nuen, egun baten edo bitan izkiriatu ere, arinki eta gozamena sentituz. Denbora dezente iragan arte ez nintzen ohartu arintasun eta gozamen horiek ez zutela testimoniatzen izerdiak santifikatu gabeko ipuina zertxobait garrantzirik gabekoa, marjinala zenik, baizik eta alderantziz, ipuin horretan, esan ohi den legez, neure burua aurkitu nuela; orduan neure tonua aurkitu nuen, munduarekiko eta neure bizitzarekiko urruntasun ironikoa, eta nobelagile (nobelagile potentzial) bihurtu nintzen; une hartantxe hasten da, hain zuzen ere, nire literatura bilakaera independentea, handik aurrera ustekabez betea, baina orientabide-aldaketarik batere gabea. Amodio barregarriak pixkanaka-pixkanaka izkiriatu nituen 1958 eta 1968 artean, eta zatika argitaratu ziren. 1963an Amodio barregarrien lehenengo koadernoa (“Ni, jainko nahigabetua”, “Nire arrebatxoen ahizpatxo” eta “Inork ez du barrerik egingo” ipuinez osatua); 1965an Amodio barregarrien bigarren koadernoa (“Betiko desiraren urrezko sagarra”, “Anuntziatzailea”, “Gezurrezko auto-stopa”). 1969an Amodio barregarrien hirugarren koadernoa (“Sinposioa”, “Hil zaharrek leku egin diezaietela hil gazteei”, “Eduard eta Jainkoa”, “Havel medikua hogei urteren buruan”), gerora Československý spisovatel argitaletxearen saria jasoko zuena. Aipatutako saria, garai hartan argitaletxearen zuzendari zegoen Ladislav Fikar maitagarriaren eskutik hartu nuen, zeinak handik gutxira bere lana utzi behar izan baitzuen. 1970eko hasieran, hurrengo hogei urteez iraungo zuen okupazio sobietarraren zentsura idazle txekiarren gainera oldartu baino lehenagoxe, hiru koadernoak Amodio barregarriak izeneko liburu bakar batean bildurik argitaratu ziren. Bilduma horretatik bi ipuin baztertu nituen: Nire arrebatxoen ahizpatxo eta Anuntziatzailea. Urte hartan frantses argitalpenaren zuzenketak aztertu nituenean, Ni, jainko nahigabetua ere baztertu nuen azken unean. Baztertutako hiru ipuinotan atsegin ez zitzaidana oso gutti zen, agian beraietan ahots arrotz, mailegatua entzuten nuela han-hemenka edo (Anuntziatzailearen kasuan) banekiela ipuina hobekixe idatz zitekeela. Amodio barregarriak liburuan oinarrituz, bi film egin ziren Bohemian: Inork ez du barrerik egingo, Bočan-ek zuzendurik eta Juráček-en gidoiarekin, gustatu ez zitzaidana; Ni, jainko nahigabetua, Kachlík-en zuzendaritzapean, neure gidoiaren arabera filmatua; rol nagusiak zoragarri burutu zituzten Miloš Kopecký-k eta Pavel Landovský-k. Azken hamar urteotan urtero jasotzen dut zenbait eskakizun batez ere Gezurrezko auto-stopa eta Sinposioa filmatzeko eskubideak eman ditzadan. Gero eta sinetsiago nago forma artistikoak ez direla transferigarriak: nobelatik ezin filmik sortu, ez filmetik antzerkirik, ezta antzerkitik ipuinik ere. Adaptazioei diedan mesfidantza tinko bihurtu da azken urteotan, eta horrexegatik errefusatzen ditut mota horretako eskakizun guztiak. Bratislavan eslovakieraz eta hungarieraz argitaratu zen lehendabiziko ipuinen itzulpena albora utzita, Amodio barregarriak-en estreinako argitalpen atzerritarra frantsesa izan zen. Hurrengo hogei urteetan zehar liburua mendebaleko hizkuntza guztietan agertuz joan da, hala nola polonieraz (1971an), serbokroazieraz, eslovenieraz eta hebraieraz. Italieraz 1973an agertu zen Mondadori argitaletxearen eskutik, eta 1987an itzulpen berri bat, Adelphi argitaletxean, zeinak urte haietan nire liburu guztiak plazaratu baitzituen itzulpen berritan. 1981an Amodio barregarriak Škvorecký-k Toronton daukan argitaletxean publikatu zen: edizio txekiar hau 1970eko frantses edizioan oinarritu zen, eta behin betikotzat jo nuen. Atlantiseko edizio hau zuzenketa txit xehe guttitan bereizten da Škvoreckýren ediziotik. Alemanez eta espainieraz ez zen liburua lehenengo aldiz argitaratu 1986 eta 1987 arte, Amodio barregarrien liburua izenburupean. Ipuin bakoitza ez dago, inolaz ere, aurkibidean markaturik ipuin gisa, baizik eta, nobeletan bezala, zati gisa. Aldaketa hau ezin dakioke egotz argitaletxearen presioari, neure ekimenari baizik. Hona hemen horren azalpen ttikia. Frantziara aldatu nintzenean, beste ipuin-liburu bat idazteari ekin nion, baina bigarren ipuina idatzi orduko susmatu nuen irteten ari zitzaidana konposiziozko batasunarekin lotutako prosazko liburu bat zela, eta haren zati bakoitza ez zela, hortaz, independentea eta buruaskia ipuin bilduman bezala, baizik eta zati bakoitzak aurreko zatia argituko zuela eta haietako azkenak ez bestek emango zuela liburu osoaren zentzu betea. Zenbat eta neure eskuizkribuaz hausnartzenago nuen, orduan eta seguruago nengoen egindakoa nobela besterik ez zela, nik kontzebitzen eta ulertzen nuen erara. Eta halatan, eskuizkribu burutuari Barre eta ahanzturaren liburua deitu nion. Claude Roy, ene lagun, literatur kritiko eta Gallimard argitaletxearen zuzendaritzaren partaideak itzulpen eskuzkribatua estreinako aldiz irakurri zuenean, eragozpenak jarri zizkion "nobela" hitzari, eta horren ordez "liburu" hitza erabiltzea aholkatu zidan. Irakurlea eta kritika alferrikako eztabaidara eraman nahi ez nituenez (nobela idatzi ote nuen ala ez, alegia), onartu egin nuen Royen proposapena. (Ez dut ukatzen geroxeago damu izan nuela.) Gerora, L'art du roman liburuan definituko nuen zer den niretzat nobela: "Prosazko liburu handi bat, non egileak, ni-aren (pertsonaien) esperientzien bidez, giza existentziaren zenbait gai handi aztertzen baititu bukaera arte". Definizio horrekin erakutsi nahi nuen nobelaren forma egilearen askatasun erabatekoaren obra dela, eta nobelaren kontzeptua ezin duela estutu ezein definizio formal aprioristikok. XIX. mendean, nobelak ekintzaren batasun zorrotzean ezarri zuen bere konposizioa. Baina aurreko garaietan ez zen horrela gertatu. Dideroten Jakue fatalista-k, esaterako, ez dauka batere ekintza-batasunik (horrexegatik gertatzen zait hain maitagarria eta gomendatzen diet nobelagile guztiei, estudia dezaten. Txantxa idatzi nuenetik bertatik saiatu nintzen nobelari ekintza-batasunaz bestelako batasun bat ematen: batez ere gai-batasuna, hots, nobela guztia zeharkatzen duten eta alde ezberdinetatik argituak diren galdera existentzialen batasuna. Denborarekin, gai-batasun hau beste guztiak baino garrantzitsuagotzat hartzen hasi nintzen, eta Barre eta ahanzturaren liburua-n muturrera jo nuen, gai-batasunak zeharo ordezkatu zuelarik ekintza-batasuna. Gero, Amodio barregarriak-en kontakizunei buruz berriz ere hausnartzen hasita, egiaztatu nuen Barre eta ahanzturaren liburua-ren konposizioaren nolabaiteko prefigurazio inkontzienteak zirela. Liburu osoa zeharkatzen duten zenbait gairen bidez batuak dira: mistifikazioa (sei ipuinen bilbea mistifikazioan funtsatzen da); donjuantasunaren ezintasuna mundu modernoan; gizabanakoaren nortasun problematikoa; adin lirikoaren (gaztaroaren) komizitatea. Barre eta ahanzturaren liburua, laugarren eta seigarren ipuinean ageri den Tamina pertsonaiak bilbatua den bezalaxe, Amodio barregarriak-ek protagonista bera dauka laugarren eta seigarren ipuinean: Havel medikua. Eta gai eta motibo-batasunak Barre eta ahanzturaren liburua-ri zatien barietate formal handia ekarri zion bezalaxe, aniztasun formal honek Amodio barregarriak ere karakterizatu zuen: alde batetik Sinposioa vaudeville teatrala (zeina Agur gisako baltsa eta Dolua-ren prototipo formal baita), bestetik ordu guttiko espazioan bilakatutako egoera bakar baten azterketa mikroskopikoa: Gezurrezko auto-stopa eta Hil zaharrek leku egin diezaietela hil gazteei (zeinak, esaterako, Bizitza beste inon dago liburuaren prototipo formalak baitira, edo Barre eta ahanzturaren liburua-ren Amatxo deritzan zatiarenak). Zer da hobe? Amodio barregarriak liburuan bere nobelatasuna azpimarratzea, Alemanian eta Espainian egin nuen bezala? Ala ipuin-liburu gisa utzi? Egia esan, ez dakit. Baina Bohemian honako liburua hogei urtez baino gehiagoz da ipuin-bilduma gisa ezaguna, eta ez dut horretan deusik aldatuko.
Egilearen oharra |