ANUNTZIATZAILEA
1
Tříska-rengan sinesten dudan arren, hasiera-hasieratik eman nahi dut aditzera ez naizela ezkorra. Aitzitik, bizi-pozerako joera nabarmena dut, eta saiatzen naiz, inguruabarrek baimentzen didaten heinean, joera hori gauzatzen. Atzo, adibidez: Bratislavako ordezkaritza bat izan genuen bisitan gure erietxea, Medikuntza fakultateko irakasle lagunak eta irakasle titularrak, interesaturik zeudenak nire nagusiak gure sailean ezarritako zenbait berrikuntzaz. Ordezkaritzan bazen irakasle lagun bat, emakume eder askoa, niri gustatzen zaizkidan hanka-luze horietakoa. Egun hartako goiz-goizetik dena ederki atera zitzaidanez (huskeriak ziren, baina nik garrantzi handia ematen diet: geralekura iristen ari nintzen unean bertan heldu zen tranbia, nire saileko erizainak egun hartan ez ziren histeriko egon, eta erietxeko tabernako bazkaria jateko modukoa izan zen), neure buruarenganako konfiantzaz beterik nengoen. Izan ere, lehenengo abagunean begirada bat bota nion emakume horri. Begirada hartan zegoen lotsagabekeria, plantazkoa izanda ere, ezinbestekoa izaten omen da, baieztatu ohi denez, emakumeak zirraratzeko. Eta deskuiduan nire ikuskapen-gelan segundo batez egon ginenean elkarrekin, edozein aitzakia baztertzen zuen naturaltasun zirtolariz proposatu nion biharamunean elkar ikustera. Abentura txiki honek (zehatzago esanda, abentura-promesa honek) bete egin ninduen hurrengo, hau da, gaurko goizera arte iraun didan poz-sentimenduaz. Gogoz irrikatzen zuen arratsaren etorrera, zeren oso gustukoak baititut Eslovakiako emakumeak, eta zenbait arrazoirengatik haiek lehenesten ditut txekiarren aldean. Lehenengo eta behin, dotoreagoak dira; bigarrenik, ez dira hain emantzipatuak; eta, hirugarrenik, zoriontasun goreneko uneetan “ioi” esaten dute. Nire ezkongai-etxebizitzako su txiki elektrikoan goizeroko nahitaezko tea prestatu, tea edan eta ogitxo bat jan gosari gisa, eta azkar abiatu nintzen tranbiara. Eta berriz ere: tranbia geralekuan zegoen, une batez diru-xeherik aurkitu ezin banuen ere tranbiako begiratzaileak ez zidan errieta egin, eta, hori gutxi balitz bezala, erietxearen ondoko estankoko saltzaileak irribarre egin zidan zigarretak erostera bertaratu nintzenean. Horregatik, poz batean eskaileretatik lasterka igo, nire saileko gelara sartu, eta axolagabeki jantzi nuen neure bata zuria. Alžbĕta erizainak, atetik burua aterata, honela esan zuen: –Doktore jauna, gizon bat daukazu zain atzeko korridorean. Korridorera irten eta begiratu bat egin nuen. Hantxe ikusi nuen. Besoak luzatu zituen, eta Zoritxarrak berak besarkatu nahi banindu bezala sentitu nintzen.
2
Ni ezagutu ez eta barne muinetaraino arrazionalista eta eszeptikoa naizela ez dakienak agian susmatuko luke sineskeriatsua naizela. Izan ere, sinesten dut Třískarekin topo egiten dudan guztietan zoritxarra atzetik segika etorriko zaidala egun osoan, edo bederen (zentzuz adierazita), zorte txarra, enbarazuak eta porrotak. Badakit sineskeria dirudiela, baina zer egingo zaio, bada, baldin eta sineskeria horren atzean urte askotako eskarmentua badago? Eta, izatez, nolako sineskeria da hau, baldin eta Tříska eta nire porroten arteko erlazioa estatistikoki egiaztatu bada urte luzez? Ezin uka, jakina, erlazio horrek, erreala izanik ere, baduela bere baitan zerbait irrazionala, eta zail da azaltzen. Azalpen bakar bat ezagutzen dut, gutxi gorabehera logikoa dena: Třískari, jaio zenean, “hiru parkak” izeneko patuaren jainkosek hainbateko zoritxarra eman zioten oparitzat, non hark, bere bizitzarako soberan eduki eta, hedatu egiten baitu. Gaixoa: enpresari txiki baten familian jaio zen. Aitak, semea jaio eta laster hilagatik ere (honela familiari, bizibide aldetik, larritasun handiak ekarriz), semearen geroko bizitzan klase-jatorriaren itzal iluna ezartzea lortu zuen. Tříska medikuntza ikasten zebilela (ni baino ikasturte bat beherago), zoritxarreko kasualitateren batengatik gertatu zitzaion ikasleen udaberriko jaian, behin, aldra batengandik hurbil egotea, zeinak handik gutxira politikoki gaitzesgarritzat hartuko ziren kontsigna alaiak oihukatzen baitzituen. Ondorioz, Tříska (oihurik, jakina, egin ez bazuen ere, horrek bere izaera neurritsua gezurtatuko zuelako) fakultatetik bota zuten zentzagarritzat. Curriculumaren orbanen konstelazioa haren bizitzaren zerura igo zen eta errukirik gabe distiratu. Nire geroko bizitzan hainbat bidegabekeria kurrikularrek aurkitu nindutenetan, Tříska sinpatia goibelez gogoratzen nuen, eta hura saihestea leporatzen nion neure buruari. Baina aski nuen biharamunean hura aurkitzea neure buruari egindako erantzukiotan berehala atzera egiteko: egun horretan, seguruenik, xerraren ordez tripakiak eman zizkidaten erietxeko jantokian, nire sailean okerrera jo zuen gaixo baten egoerak, eta arratsean nirekin elkartzekoa zen andereñoa desenkusatu zen katarroa zuela esanez.
3
–Ene laguna, heu haiz nire salbabidea! Lagundu behar didak! –garrasi egin zidan Třískak eta bai eskua birrindu ere. –Zer duk? –galde egin nuen ahots eroriaz. –Katarroa zaukaat. Gero eta gripatsuago nabilek. –Ez duk horrenbesterako izango –bota nion. –Bai, baduk. Hiru egun barru ezkontzekoa nauk eta ordurako ez diat sudurra gorri eduki behar. –Ezkontzea bai dela horrenbesterako, ordea. Kaltziozko injekzio bat jarriko diat –esan, eta neure gelatxora eraman nuen. –Alžbĕta –hots egin nion erizainari–, jarriozu jaun honi kaltzioa zainetan. Eta Třískari esan nion: –Alžbĕtak nik baino leunago ziztatzen dik! Araudiaren kontrakoa zen. Zainetan injekzioa jarri, hori sendagileak bakarrik egin dezake, baina ez zegoen ezer egiterik: Třískarekin urte luzez izandako harremanean zehar ikasi nuen arau prebentibo jakin batzuk betetzen: lehenik, Tříska inon ere ez aurkitzen saiatzen nintzen, jakina; bigarrenik, elkar topatzea noraezekoa baldin bazen, alferrikako gorputz-ukitzea behintzat saihestea; hirugarrenik, leku berean geundenetan, gure artean, ahal bazen, materia irazgaitzen bat egon zedila. Onartzen dut behin, agian, mutur irrigarrira jo nuela: egunkari puska edo paperezko zirkular batekin babestu nuen aurpegia Třískaren eraginetik, zeina, ikuspuntu materialista tolesgabetik pentsatzen duen gizaki bat naizen aldetik, ez bainekien azaltzen irradiazio gisa ez bazen. Orduan Tříska men eginez eseri zen Alžbĕtak hurbildu zion aulkian. Jaka baldarki erantzi, eta alkandoraren mahuka ukondoaren gainetik jaso zuen, halako besagain argala, zaintsua (eta hagitz iletsua) agerian utziz. Beti sentitzen nuen larritasuna haren biluztasun ñimiñoa ikustean. Bere burusoiltasun gazte eta kiskilak (burezurraren lotsagabekeria horrek) ez zidan jada sentiarazten edozein ageriko akats (esaterako, jende zahar edo elbarrituaren biluztasuna) ikustean gizakia bereganatzen duen halakoxe lotsa trabagarririk. Horregatik, begirada azkar apartatu eta konketa zegoen manpararen atzera sartu nintzen. Txorrota ireki eta poliki-poliki eman nion neure esku ezin garbiagoak garbitzeari. Une hartan, gela osoan aditu zen Alžbĕtaren ahotsa: –A, bai, ahaztu baino lehen: jakinarazi behar dizut lau eta erdietan azaldu behar duzula maiatzeko batzordearen bilerara. Jo banindute bezala sentitu nintzen. –Nolatan, ba, lau eta erdietan? Beti egon behar dut jakitun azken momentuan ala? Ulertu nuen ordurako alferrikakoa zela aurretiazko edozein neurri hartzea. Třískak betea zuela bere egun hartako misioa.
4
Izan ere, konponbiderik gabeko dilema batean nengoen. Lau eta erdietan Wentzeslao plazan eslovakiar ederrarekin nuen hitzordua, eta, aldi berean, erietxeko maiatzeko batzordearekin. Ez nuen Wentzeslaoko hitzorduari uko egiteko batere gogorik, baina maiatzeko batzordean huts egiterik ere ez neukan. Batzorde bolondres honek, jakina denez, Txekoslovakiako lantoki guztietan prestatu behar izaten ditu maiatzeko lehenengoko ospakizunak. Bada, erietxea afixaz, kontsignaz, banderaz eta lorez apaintzeaz arduratu behar genuen; baita ere gaixoei ospakizunari buruzko irrati-erreportajeak entzunarazi eta, azkenik, erietxeko langileak manifestaldira gonbidatuko zituzten propaganda-bikoteak osatu. Batzorde garrantzitsu hartan parte hartzeak penitentzia esangura berezia zuen niretzat, edo, argiago adierazita, besterik gabe zilegi ez zitzaidan errekuperazio azterketa. Nire nagusiaren, hau da, barne medikuntza saileko sendagile nagusiaren bitartekotasun babesgarririk gabe, ozta-ozta baimenduko zidaten parte hartzea. Hortaz, erietxean dudan egoera ez da inola ere arrosa kolorekoa. Bai alderantziz, ordea: izan daitekeen okerrena da. Denbora luzea da hari mehetxo batean zabuka nabilela. Horren erruduna Řežábek gaixoa izan zen, zeinari mota guztietako zorroztasun, indar eta botiken laguntzaz osasuna itzultzea lortu bainuen. Aipatutako Řežábek horri ez zitzaion ezer hoberik bururatu erietxetik irten eta biharamunean, esker onaren erakusgarri, saski handi bat bete ardo, txokolate, saltxitxoi, urdaiazpiko egosi eta sardina oparitzea baino. Janari-dendako langile batek eraman zidan erietxera eta, jakina, erietxe osoak jakin zuen berehala. Neu nintzen bakarra ez nekiena denek zekitela, eta egin nezakeen tontakeriarik handiena egin nuen: lankideen eta, batez ere, erizainen artean banatu beharrean (hori egin banu, gutxi gorabehera salbatuko nintzatekeen), saskia etsi-etsian ezkutatzen saiatu (ez zikoizkeriagatik, beldurragatik baizik, alajainkoa), eta hiru egunen buruan botilak eta kontserbak zorroan isil-gordean sartuta etxera eraman nituen. Kirurgia saileko erizain nagusia behingoan jabetu zen, noski, eta berak zuzentzen zuen enpresa-batzordeko hurrengo bileraren gai zerrendan Řežábeken saskia sartu zuen. Bilera hartan esan zuen, besteak beste, beharrezkoa zela funtsean sendagileen profil morala begiratzea; ustelkeriaren kontra borrokatzen ari zirela eta ustelkeria etengabe ari zela hedatzen; guztientzat argi zegoela zergatik eskaini nion Řežábeki halako arreta gehiegizkoa; beharrezkoa zela sendagile nagusiari galdetzea (erizain nagusia gerran zebilen aspalditik berarekin) nola onar zitzakeen bere sailean halako egoerak. Eta hala, nire nagusia deitu zuten batzordera. Berak defenditu egin ninduen eta nire medikuntza-arrakastak aipatu zituen. Hala ere, hori gure aurkarien errotarako ura besterik ez zen izan; neure mediku lanean hain prestuki aritzen banintzen, gaixoengatik edonolako sariak jasotzeko omen zela zioten; eta hori gutxi balitz bezala, deigarria zela nola neure ekintza publikoei ez nien ardurarik, ez nintzela bileretara joaten eta ez nuela batere funtziorik masa-erakundeetan; ez zela hain harritzekoa: funtzionario-lana dohainik egiten dela, eta horregatik ez ninduela erakartzen; ordainetan beti ere saski bat bete jaki jasoz gero, seguruenik lehenengoa izango nintzela hura lortu nahian. Orduan nire nagusiak proposatu zuen funtzioren bat ematea neure balioa erakuts nezan. Eta hala bihurtu nintzen maiatzeko batzordeko kide: sendagile nagusiak harro-harro eman zidan aditzera, Aita Santuarengandik aparteko barkamen-erosketarako eskubidea lortu izan banu bezala.
5
Pentsakor gelditu nintzen manpararen atzeko konketaren gainean, eta horra non gelatik Třískaren ahotsa iritsi zitzaidan: –Dena dela, ene laguna, hirekin gehixeago hitz egin nahi nikek. Badakik estu eta larri nabilela. Ez zakiat nork lagunduko lidakeen hik baino hobeki… Manpararen atzetik irten eta Třískari so egin nion (une hartan, alkandoraren mahuka lotzen ari zen). Hari lepoa mozteko gogoa nuen. Baina Třískak bere begi urdinak (zabalean irekiak, besarkada zerutar baten antzo) nireganantz bueltatu, eta kontatu zidan estudio txiki batean bizi zela bere emaztegai Andularekin eta honek lehenengo ezkontzatik zeukan haurrarekin, eta ez zutela pisu bat lortzeko itxaropenik, beste haurtxo bat bidean egon arren (hala esan zuen harrotasun lotsatuaz). Baina hura ez zela okerrena: Andulak lanari utzi beharko ziola eta ez zekiela nola moldatuko zen bakarrik, bere enpresan birmoldaketan zebiltzanez, lana galtzeko arriskuan zegoelako. Behin bere zuzendaria sendatu nuela eta ea haren bitartekaria izan nintekeen. Aulkitxoan eserita, alkandora hutsean, jakarik gabe, garai, sudur-luze eta gangar, burusoiltasunaren inguruan hazitako ile beltzak zituela. Haren txori-sudur luze eta gailenduari beha nengoen, eta bat-batean ulertu nuen sudur hura ez zela aurpegiaren zati bat, baizik eta sudur erantsia zela (kanpotik erantsia), intsignia gisako sudurra, gorentasun-ezaugarri gisako sudurra, Třískak munduan barrena eraman behar zuen sudur bat, Jan Hus-ek burlazko koroa bat edo On Kixotek bizargin-ontzia buruan zeramatzaten bezala,. Ulertu nuen Třískak ez zuela bere sudurraren erantzukizunik, bere misio bitxiarenik ez zuen neurri berean. Adiskideenganako maitasun on-puskarekin bizi da mundu honetan, eta ez du susmatu ere egiten erabilia dela; indar mitologikoek mezulari gisa, postari gisa (postari mitologiko gisa) erabiltzen dutela zorte txarra eta porrota banatzeko xaloki atxikitzen zaienen artean. Ulertu nuen Tříska saihesteko eskubidea nuela, baina ezerk ez zidan harekin gaiztoa izateko baimenik ematen. –Ez beldurrik izan, ahal dudana egingo diat higatik; baina badakik…esan nion Třískari ahots bigunez, eta neure kolkorako agindu nuen neure promesa benetan beteko nuela. Třískak maitasunez betetako irribarre babesgabe batez saritu ninduen.
6
Ez naiz punttalakurloa, Třískaren fluidoak goizean zehar pairarazi zizkidan nahigabe ñimiñoak (Alžbĕta aldarte txarrean zegoen eta bi aldiz egin zidan oihu, Kadleček gaixoari misteriotsuki igo zitzaion sukarra, botoi bat erori zitzaidan jakatik) atseginez onartu nituen, iragarpena betetzeak gizakiarengan eragiten duen atsegin bertsuaz. Benetan kezkatzekoa zena, hala ere, nik arratsaldeko batzordean parte hartzearena zen. Goiz osoan ez nuen beste ezertan pentsatu. Baina, edo nire burmuina gaizki zebilen, edo nire egoerak ez zuen inolako irtenbiderik. Nola desenkusatu? Hiru aitzakia mota bururatu zitzaizkidan: 1. Gaixotasuna. Baina ba al dakizu zein zaila zaion sendagile bati (erietxean, beste sendagileen artean, erizainen artean) gaixotasunaren aitzakia jartzea? 2. Familia arazoak. Nolakoak baina? Osaba Vojtĕch hil berria zitzaidala adierazi nahi nuen. Alabaina, berehala ohartu nintzen erizain nagusiari, segurki, ez zitzaiola ez-duina irudituko ehorztetxea galderaz nekaraztea. 3. Egia esatea; egia esanez hunkitzea; maiatzeko batzordearen hurrengo bilerarako eguneratuko nintzela prometatzea. Baina eslovakiarrarena aitortuz desenkusatzeak ez luke onespenik lortuko eta bai, ordea, nire etsai (premien arabera oldarkor eta puritano)ei neure buruaren kontrako argudio berriak eskainiko. Eta zergatik ez ote daukat, ia hogeita hamar urteko gizona naizen honek, jende askori osasuna berreskuratutako sendagilea naizen honek, neure arratsalderako, neure gauerako, neure abenturarako, neure ez besteren bizitzarako eskubiderik? Gogoan garatu nuen neure askatasunaren defentsa hau, baina (gogoan ere) beste ahots bat entzun nuen, bestea bezain patetikoa, handik laster: Maiatzaren lehenengoan erietxe osoak kolore alaiz distiratu behar zuela, manifestaldira joateko zorterik ez zeukaten gaixoek, bitartekotasunez bederen, afixa, kontsigna eta paperezko loretxoei esker, maiatzeko lehenengoaren berotasuna senti zezaten. Interesgarriagotzat al daukat –galdetu zidan adierazkor ahots hark– neure plazera ehun gaixoren plazera baino? Maiatzeko batzordearen bilerara otzan-otzan nindoala imajinatzen ahalegindu nintzen; baina une hartan eslovakiarraren hanka luzeak ikusi eta sentitu nuen azkenetan nengoela; haren xarmaren inperatiboaren aurka bileraren inperatiboaren aurka bezain indargea nintzela. Dilema hori amildegi baten gisa itxi zen nire atzean.
7.
Erietxeko bazkaria, espero ez bezala (tipula errea gorabehera) ez zen txarregia izan. Sendagile nagusia eseri zitzaidan aurrean. Ohi bezala, aldarte onean zegoen; pozik zegoen bratislavarren bisitarekin, lankide eslovakiarrek gure emaitzez zer esan zuten aitortu zidan, eta gero (erdi txantxetan, erdi hunkiturik) aditzera eman zidan sendagile nagusi batek ere ez zuela berak bezain laguntzaile bikainik, eta hori arrakasta guztien giltza zela. Nik, ordea, ihardetsi nion nitaz ere ari baldin bazen, gehiegizka ari zela: dudarik gabe, handiagoak zirela ematen nizkion buruhausteak ematen nion laguntza baino. –Txorakeriak! –esan zuen–: ditxosozko saskiaren kontua bukatu egingo da; orain on egin behar duzu eta pixka bat parte hartu, besterik ez. Ez dut jenderik onena galduko pellokeria bategatik. Txunditu egin ninduen elkarrizketaren halako une atseginera egun hartantxe iristeak, eta bururatu zitzaidan, pozoi bakoitzaren aurka antidoto bat dagoen antzera, Třískaren fluidoaren aurka antifluidoren bat behar zuela izan, eta bazitekeela gure sendagile nagusiaren nortasun indartsua izatea horren iturburu. –Orduan, zer, nola jokatuko dugu gaur? –galdetu zidan, eta ni berehala ohartu nintzen futbolaz ari zela. Nagusiak bitxiki maite zuen futbola. Bitxiki diot, futbolean beharbada inoiz egon ez zelako. Aski zuen egunkarietako erreportajeekin eta irrati edo telebista emanaldiekin. Esperientziaren bitartekotasun honek ez zion, jakina, intentsitaterik kentzen. Aitzitik, nagusiaren zaletasuna, abstraktuagoa izan ahala, aberatsagoa zen teoria hausnartuaren aldetik (futbol-taktikez, selekzioaren hamaikakoaz, eta abarrez). Modu lausoan baino ez nuen susmatzen nazioarteko partida bat zegoela egun hartan. Horrexegatik erantzun nion nagusiaren galderari beste galdera batekin: –Nolakoa da hamaikakoa? –Txarra –esan zuen nagusiak. Entrenatzailea eta futbol sailaren agintariak madarikatu zituen, bere nahi bakarra Txekoslovakiak galtzea zela adieraziz–. Baina, arraio, nire irratia ez dabil eta ez dakit non entzungo dudan. Inoren etxera joan beharko edo. Banekien futbol edo hockey erreportajeak entzuteak (besaulki, idazmahai, arrainontzi eta emaztearekin batera) nagusiaren etxeko mundu idilikoa osatzen zuela eta futbolak (edo hockeyak), biribil goxo horretatik kanpo, xarma eta zentzua galtzen zuela nagusiarentzat. Horregatik esan nuen: –Nik irrati bat daukat. Gustura utziko nizuke. Nagusiak distiratu egin zuen: –Baina zuk ez duzu entzun behar ala? Ezezkoa egin zuen buruarekin. –Eta non daukazu? –galdetu zuen. –Etxean. –Orduan, badakizu zer, lauretan etxera eramango zaitut eta utziko didazu –esan zuen nagusiak, eta susmatu ere egin gabe, nire dilema konpondu zuen.
8.
Nagusiaren nahiaren eta nire dilemaren arteko erlazioak ulertezina irudi dezake lehenengo begiratu batean. Argitzeko, ordea, aski da hausnarketa matematiko labur bat: Gure erietxea hiri-bazter batean dago (marka dezagun A zeinuarekin). Nire etxebizitza beste hiri-bazter batean dago (marka dezagun B letrarekin). Pragako erdialdean dut hitzordua eslovakiarrarekin, Wentzeslaon. Maiatzeko batzordea erietxean. Lauretan nagusiak B hiri-bazterrera eramango nau. Demagun laurak eta laurdenetan izango garela han. Nagusiari irratia utzi, nagusia bere etxera joan, eta une horretatik tranbia besterik ez dut kontuan hartu beharko. B hiri-bazterretik Wentzeslaorako bideak ordu laurdena dirau tranbiaz. B hiri-bazterretik A hiri-bazterrerako bideak (Praga osoan barrena), ordea, berrogeita hamar minutu dirau. Beraz, laurak eta laurdenetan irteten banaiz B hiri-bazterretik, garaiz elkartuko naiz eslovakiarrarekin, lau eta erdietan, alegia. Maiatzeko batzordearen bilerara, ordea, hogeita hamabost minutu berandu iritsiko nintzateke, gutxienez, ez joatea baino arau-hauste txikiagoa dena. Beraz, maiatzeko batzordean garaiz parte hartzekotan, nagusiari (orain arte hainbeste on egin didan gizonari!) haren poza ukatu beharko nioke, eta horrek kontra egiten die, gogor gainera, giza harremanez ditudan ideiei. Beste aldetik, giza obligazio hau ez dago inolako kontraesanean Wentzeslao plazako hitzorduarekin.
9.
Hasieratik zehazki kalkuluen arabera jazo zen guztia. Lauretan irten ginen erietxetik. Bidean zenbait gai erabili nituen: neure iritzia esan nuen sendagile sailburuaren lankidea zen Buchníček kardiologoaren metodo terapeutikoaz, irrati txekoslovakiarraren programak kritikatu nituen, eta futbol-selekzioko hamaikakoa gaitzetsi nuen. Sendagile sailburuak ere zenbait gai erabili zituen: irrati txekoslovakiarraren programak kritikatu zituen, futbol-selekzioko hamaikakoaz gaizki esaka aritu zen eta, azkenik, bizi-biziki erregutu zidan maiatzeko batzordean nuen zeregina arduraz egiteko. Hala emandako hamabost minutuez geroztik, nire etxe aurrean ginen. Une hartan azaldu zitzaidan gogora irudi bat aurpegian odola sartu zidana: giltza sorta bat ikusi nuen, erietxeko ikuskapen-gelako mahai baten tiraderan. Tiradera giltza txiki (eta madarikatu) batez itxita zegoen. Poltsikoa arakatu eta hala zen: hutsik zegoen. –Ekarriko didazu orduan irrati hori? –akuilatu ninduen nagusiak, mugitzen ez nintzelako harriturik. –Ezin dut –esan nuen, eta azaldu nion giltza erietxean ahaztu zitzaidala. Nagusiak adierazi zuen ez zuela itzultzeko gogorik eta, beraz, lagunen baten etxera (nahitaez) joan beharko zuela. Bostekoa luzatu eta honela esan zidan: –Berdin dio, etxera ekarri zaitut behintzat. Alde egin zuen, ni giltzaz itxitako etxebizitzaren aurrean utzita.
10.
Zenbat aldiz esan diot neure buruari Třískarekin topo egin dudan egunetan ea zentzuzkoagoa izango zatekeen etxeratu, oheratu eta polizia-eleberri bat irakurtzea, aurretiaz galdutako borroka egitea baino? Izan ere, hagitz gertagaitza zen nire azpitik ohea amiltzea, edo polizia-eleberriaren azalean, inprimategiko huts bategatik, kongresu sindikal baten txostenak agertzea. Baina etxera ihes egiteko aukera ukatua zitzaidan une hartan. Nire etxebizitzaren aurrean nengoen, eta ezin barrura sartu. Třískari errenditu eta (legez kanpokoen heroitasun goibelarekin) neure istorioaren bukaeraraino joatea beste erremediorik ez nuela. Tranbiaren geralekura joan nintzen. Wentzeslaorako tranbia bost minutuko atzerapenarekin heldu zen. Gainezka zetorrenez, euskarriari oratu eta hankak eskaileratxoen ertzean jarri behar izan nituen.Tranbiako begiratzailea oihuka hasi zitzaidan eta bota nahi izan ninduen. Hiru geralekuren arteko bidean gogor egin nuen. Laugarren geralekuan gaizki hezitakoa deitu zidan eta amore eman nuen. Jaitsi nintzen, baina berehala modu berean eutsi nion atoi-furgoiko euskarriari. Wentzeslaoko goialdeko geralekuan jende asko jaitsi zen. Irteten uzteko nik ere jaitsi behar izan nituen eskaileratxoak. Baina, bien bitartean, hainbeste bidaiari berri metatu ziren plataforman, non, tranbia berriz abiatzean, ez baitzen niretzat gelditzen eskaileratxoen ertzaren puska bat ere. Hori zela eta, nolabait tinko eusten alferrik saiatu ondoren, geralekuan geratu nintzen. Aurreko erlojuaren arabera, lau eta erdiak pasata ziren. Eslovakiarrarekin elkartzekoa nintzen Alfa pasabideraino bost minutu-edo zeuden handik, oinez joanda. Goialdetik ez zetorren tranbiarik. Urduritasunak bereganatu ninduen. Horregatik, behera egin nuen Wentzeslao plaza deritzon kale zabalaren eskuinaldetik. Azkar nindoan espaloi erditik, neure kolkorako oinezkoei biraoka, zeren, inurrien antzera saldoka, hain zihoazen poliki, non gizaki presadun batek zeharka-meharka hartu behar baitzien aurrea. Eta orduan (nire aurretik zegoen, hogei bat metrora) ikusi nuen; inola ere ez eslovakiarra, beste norbait baizik. Ni bezala espaloi zabalaren erditik zetorren, behetik, kontrako bidetik. Zehaztasunak (haren janzkia eta ezaugarriak) modu lausoan tinkatu zitzaizkidan gogoan, zeren bere mamu-itxurak edozein zehaztasun hurrupatzen baitzuen. Funtsezkoena soilik tinkatu zitzaidan gogoan: emakume zaharra zen, pixka bat makurtua, eta beroki marroi batez jantzita zegoen. Kapela zuen buruan, ziurrenik zaharra eta higatua, baina halakoxe duintasun baten bereizgarri gisa nabarmentzen zitzaiona. Baina haren ibileran zerbait zegoen duintasuna helburu zuena: espaloi erditik zetorren, poliki (herren samarra zelako-edo), baina haren atzeko soldadu ilara ikusezin bat gidatuko balu bezala zebilen. Makila bat zuen eskuan. Ez dakit oso ongi nolakoa zen. Gomazko kirten bat zeukan agian muturrean eta bat zetorren atsoaren ibilera traketsarekin. Baina bazitekeen makila ez izatea, baizik eta hesola laburra edo estu bildutako euritakoa. Ez nintzen gauza izan zehaztasunik nabaritzeko, benetan, arrobatu egin ninduelako emakume haren mamu-itxurak. Emakumeak –eta horrek izutu egin ninduen!– adi-adi begiratzen zidan, bere makilarekin (bere zetroarekin) jo nahi banindu bezala niregana hurbilduz. Gure arteko urruntasuna eutsiezintasun trabagarriarekin laburtzen ari zen eta nik gero eta argiago atzematen nuen emakume konkordun hura neuri zegoela so eta neurekin zegoela ernegaturik. Elkarri bi pauso hurbildu gintzaizkionean, mugimendu bizkor bat egin zuen makilarekin. Jo nahi ninduela iruditu zitzaidan hasieran, baina makilak biribil txiki bat baino ez zuen nire ingurutik egin, ez ninduen ukitu ere egin eta bere puntarekin galtzadara apuntatu zuen: –Eskuinetik joan behar! –esan zuen emakumeak. Albora jauzi azkar bat eman behar izan nuen harekin estropezu ez egiteko. Atsoak ez zuen mantsotu ere egin pausoa, ez zuen atzerantz begiratu, eta Wentzeslao plazatik gora urrundu zen.
11.
Ulertu nuen mitologiak gatibu nindukala. Kontua ez zen, agian, atsoa mundu honetakoa ez izatea. Beharbada alargun zahar eta mingostua zen, bakarrik zegoeneko munduarekin mikazki asegabea. Emakume guztiengan bezala harengan ere Mesiasen puska bat dago: senarra salbatu ezin badu, mundua bederen salbatu nahi du. Egunero kaleratu, espaloiaren erdiko lerro alegiazkoa doi-doi errespetatu eta oinezkoen atzetik joaten da nondik joan behar duten ohartarazteko. Gogobeterik dago kontrako bi korronteak, ia elkar ukitu gabe, elkarren albotik dabiltzanean, baina amorrua pizten zaio, ordea, kale-arau handi honi muzin egiten diotenen kontra. Burutik eginda egon arren, seguru aski emakume zeharo arrunt eta benetakoa da. Eta, hala ere, aldi berean (ezkutuko plano batean) Arauaren (etsai amorratua zaidan botere honen) jagole mitologikoa ere bada. Bikoitza da mundu hau legez, zeina bere ageriko aurpegiarekin eskaintzen baitzaigu eta ezkutuko esanahiz betetako bigarren aurpegirekin gure aurrean ezkutatzen baita. Postari mitologikoaren ondoren (egun berean) beste mezulari batek ere bisitatzen ninduela konturatzean, ulertu nuen ez nuela itxaropentsu egoteko arrazoirik. Zorionez –iruditu zitzaidan–, kontuak ez zuen jada axolarik. Izan ere, Třískarekin topo egiten nuen egunetan ez zitzaidan artean sekula gertatu nirekin hitzordua zuen dama benetan agertzerik. Hortaz, bideari ekin nion hauxe egiaztatzeko asmo bakarrarekin: indar mitologikoak egon badaudela eta Alfako hitzorduan ez inor ez ezer neukala zain. Izan ere, Třískarekin topo egiten dudan eguna ez baita harritzeko eguna, egiaztatzeko eguna baizik. Baina zerbait askoz kezkagarriagoa gertatu zen: ia hamar minutu berandutu nintzelarik ere, eslovakiarra pasabidean zegoen.
12.
Gelditu egin nintzen; ez neukan harengana joaterik. Ikarak mendean hartu ninduen. Berak ni ikusi ez eta ni, ordea, (oinezkoen ilara mugikorraz estalirik), berari ongi behatzeko moduko leku batean nengoen. Egonarri gutxi zuen jada, eskuinera, ezkerrera bueltatu zuen burua, baina norbaitek zain utzi duela ez erakusteko moduan. Bezperako irudipena frogatu nuen: ederra zen, hanka luzeak zituen, lepaxerlo luze eta harroa, sudur goren eta delikatuki kakotua, eta ile oso argia. Tiragarria zen. Harengana lasterka egin nahi izan nuen, une hartan bat-batean hauxe ulertu nuenean: tiragarria da, bai; tiragarria da, amildegia tiragarria den bezalaxe. Bistakoa da, Tříska topatu dudanetan ez dut behin ere lortu ezer berririk hasterik. Oraingoan gertatu behar badu, zein marro ezkutatuko da harreman horretan? Izan ere, Třískaren etorkizun-zantzurik gabe ezagutu izan ditudan emakumeek ere gehienetan poza bainoago kezkak ekarri baitizkidate. Ezkongabeek haurdunaldiaren mehatxuaz ikaratu naute; ezkonduek, senar zakarren mehatxuarekin. Zein tranpa jarri behar dit orain Třískak bidalitako emakume honek? Eslovakiarrak ez zuen gehiago jasaten: pauso pare bat egin, erakusleiho baten aurrean gelditu, eta salgai zeudenei so zegoelakoa egiten zuen. Une hartan aitortu behar izan nion neure buruari zein ederrak ziren atzealdetik haren hankak. Baina hanka horiek ere ezin izan zuten nire gogoeten joan-etorria geldiarazi: Gehien ikaratzen ninduena zen zein pairakortasun susmagarriz eman zuen eslovakiarrak ordu laurdena nire zain, eta otu zitzaidan elkar ikusteko aise baino aiseago konbentzitu izana ez zela batere ulergarria. Nerau ez naiz hain handigura pentsatzeko halako sudur gorena eta lepaxerlo harrotxoa dituen emakume bat kolpetik entregatuko litzaiokeela neure xarmaren bati. Argi dago bazirela arrazoi handiagoak nitaz horrela interesatzera behartu zutenak. Eta emakumezkoekin dudan ahulezia ezagunaz abusatzeko enkargatu bazion norbaitek eslovakiarrari, zer? Eta gure hitzorduaren berri norbaitek bazekien, zer? Eta ni eslovakiarrarekin ezustean harrapatzeko norbait prest bazegoen, zer? Eta eslovakiarra ezkonduta bazegoen eta gure hitzordua plazaratzeak eskandalurik balekar, zer? Eta halako eskandaluarekin norbaitek kalte egin nahi bazidan, zer? Edo are okerrago: ni bere agindutara jartzera behartu, honelaxe egon nadin beste errugabe batzuen zain?... Eslovakiarrak erakusleihotik aurpegira bueltatu eta berriro jarri zen ingurura begira (albora pauso erdia egin behar izan nuen ikus ez nintzan). Gero, erlojuari begiratu zion oharkabean bezala; ulertu nuen ez zuela luzaroan itxarongo, azken segundoak neuzkala harengana lasterka joateko. Baina alferrik galdu nituen segundo haiek. Eslovakiarrak, une bat lehenago ingurura so egin eta erlojuari begiratu zionean bezain oharkabean, Můstek kalerantz jiratu eta poliki eta kezkarik gabe egin zuen Wentzeslao plazatik behera. Berriz ere pauso erdia egin nuen ezkerrera, eta segundo bat geroxeago eskuinera, behintzat nola egiten zuen alde ikusi ahal izateko. Ordurako, haren irudiaren puska batzuk baino ez nituen ikusten: besoen higidura ibiltzearekin batera, gero haren berokiaren arrosa kolorea, gero urrezko burua kulunkan, eta azkenik, deusik ez…
13.
Galtzada erdiko tranbia-geralekuan nengoen geldirik. Gero, nire hiri-bazterrera joaten den tranbia erdu zen. Hura ez zetorren hain gainezka. Igo eta, harriduraz, leku huts bat ikusi nuen. Eseri egin nintzen etxera iristeko irrikatan, baina eslovakiarraren hankak inola ere ahaztu ezinik. Neure buruari koldarkeria aurpegiratu eta galderok egin nituen neure artean: amodiozko abentura honetan atzera egingo al nukeen eslovakiarrarekin atzo elkartu banintz eta ez gaur? (Seguru ezetz). Eta segundo batzuk lehenago bururatutako hausnarketa horiek guztiak atzo edo bihar bururatuko zitzaizkidakeen? (Ozta-ozta). Eta ba ote zen atzoko eslovakiarra gaurko emakume bera? (Bai). Hortaz, zergatik gaur izan beharko luke niretzat arriskugarria, eta ez atzo edo bihar? (Ez dakit). Beraz, ba al du Třískak eragin kaltegarririk nire bizitzaren gorabehera objektiboetan, edo agian neuregan, nire pentsamenduan? (Dirudienez, nire pentsamenduan). Orduan ez zegoen, une labur bat lehenago, nire pentsamenduaren esku Třískaren eraginaren kontra paratzea, ez asaldatzea eta emakume eder hura neureganatzea, zeina atzo ezbairik gabe neureganatuko bainukeen eta gaur erremediorik gabe galdu baitzait jendetzaren artean? Eslovakiarraren hanka luzeak buruan zebilzkidan, eta ni tranbiatik jaitsi, neure bizitokiko eraikinera sartu eta hirugarren solairura igo nintzen, nire apartamentura. Atean nengoelarik, gogoratu nuen giltza ahaztua nuela erietxean. Behera joan eta berriro jarri nintzen tranbiaren zain. Eta pentsatzen segitu nuen: Konforme: Třískaren eraginez, nire gaurko hausnarketak ez dira atzo edo bihar hausnartuko nituenak bezalakoak. Baina bestela hausnartzen badut, horrek esan nahi du okerrago hausnartzen dudala? Ilogikoa izan ote da eslovakiarraren arriskugarritasunari buruzko hausnarketa? (Ez, logikoa zen, eta esperientzia anitzetan oinarritua). Orduan, zer dakarkit Třískak, pentsamendua uhertzea ala aztertzea? Zerk erantzuten dio hobeki bizi naizen munduaren itxurari, mundu horri buruz gainerako egunetan osatzen dudan irudi arrunt eta txolinak ala gaurko irudi apartekoak? Bi irudiotatik zein da benetakoa? Haietatik zein da agerikoa eta zeinetan islatzen da funtsa?
14.
Erietxerako tranbia gelditu egin zen. Beterik zegoen. Barrurantz bide egin eta eskuinarekin oratu nion larruzko euskarri bati. Burua, neka-neka eginda, esku horretan etzan eta leihotik etxeei begira jarri nintzen, bata bestearen ondotik. Banekien ez nuela egun hartan lasaitasunik erdietsiko. Berrogeita hamar minutu barru erietxean izango naiz, beste berrogeita hamar minutu barru etxean. Eta doi-doi izango dut sofan etzan eta polizia-nobela bat irakurtzea. Pentsatu beharko dut nola desenkusatu batzordearen bileran parte hartu ez izanaz. Ez da hain erraza izango, ze egunean aitzakia posible guztiak aztertu ditut eta batek ere ez du balio. Kontua batzordeko kamaraden aurrean desenkusatzea baino ez balitz! Okerrena da erizain nagusiak, seguru asko, goizean bertan eta asmo gaiztoko plazeraz jakinaraziko ziola sendagile sailburuari nirekin benetan “ezin dela elkarlanik egin”. “Zure medikuez hausnarketa egin beharko zenuke”, esango zion. Zer esango diot, bada, sendagile sailburuari? Esan behar ote diot gaixotu egin naizela, bilera hasi baino ordu laurden bat lehenago nirekin bazegoen ere? Gezurra esan behar ote diot, alegia, osaba Vojtĕch-en hiletan izan naizela, autoan berriketa alaian aritu arren eta ezein hiletaren aipurik egin ez badut ere? Edo esan behar diot “ahaztu egin zait”, zenbait aldiz bizi-biziki erregutu badit ere maiatzeko batzordearen bilerara joatea? Nola azalduko diot, bada? Ze orain seguru haserretuko dela eta bizkar emango didala. Baina ni hari batetik zintzilik nago eta haren babesa behar dut! Izan ere, bera baita nire sostengu bakarra! Sostengu bakarra! Une hartan gogora itzuli zitzaidan Třískaren irudia: aulki batean eserita, mahuka ukondoraino jasota, eta bat-batean bururatu zitzaidan zoritxarraren postariaz beste inor zeharo diferentea zela. Hala deitzen nion nik mundu engainagarri eta ageriko honen begi miopeekin beha egiten nionean. Baina begi ikusleekin begiratzen badiot, zoritxar soila al da zoritxar deitzen dudan hau? Nire bizitzaren salbuespenezko zerbait al da oraintxe nagoeneko setioa? Ez, halako setioaren egoera aspalditik da-eta nire bizitzaren oinarrizko eta egiazko egoera aldaezina. Gehienetan ez diot kontu egiten, ez dut hautematen, zeren egunerokotasunaren tramoiaren azpian ezkutatzen baitzait: nor naizen, zer naizen, non nagoen jakin gabe bizi naiz, baina han, munduaren beste alde horretan, mezulari mitologikoen etorki den alde horretan, hau guztia ezagun eta zehaztua dago. Ez, Tříska ez da zoritxarraren postaria, nik azaletik hartzen nuen bezala: zuzilari mitologikoa da, egiaren argitzailea, gauzak diren bezala (beren funtsean, beren benetakotasunean, beren beharrean) anuntziatzen dituena.
15.
Jende gehiago igo zen tranbiara: haren olatu boteretsuak barrurago bultzatu ninduen. Tartean estropezu egin nuen irakurtzen zihoan gizon baten belaunarekin. Begiak liburutik jaso eta ikaratzeko moduan so egin zidan. Jendetzak alde guztietatik estutzen ninduenez, gizon horren aurrean gelditu behar izan nuen. Buruan soldadu-txano gris ilun bat zeraman, eta jatorri ez-argiko uniforme higatu bat (hau ere gris iluna) zeukan jantzita; uniformea (txarratel hutsekin) zaindari, atezain, tranbiako begiratzaile edo burdinbideetako enplegatu batena izan zitekeen, edo, apika, ezaguna zaidan erakunde batena. Gizonak berriro liburutik begiak (txanoko intsigniaz itzaliak) jaso eta gorantz begiratu zidan. Imajinatu zuen zutitu, hirugarrenez begiratu, eta guztien aurrean masaileko bat emango zidala, gero eseri eta ez zuela liburuxkatik berriro begirik jasoko. Zer egin beharko nuen halako egoeran? Aurrena bururatu zitzaidan masailekoa itzuli beharko niola. Baina hori arriskugarriegia izango zen. Morroia uniformez jantzita zegoen. Funtzionarioa zen, eta funtzionario bat ofenditzea gogor zigortuta dago. Banekien gizon horri ez niola sekula santan masailekoa itzuliko. Orduan, zer egin? Ezer gertatu ez balitz bezala jokatu, ez kliskatu, berari begirada bat ere ez bota ez eta leihotik begira jarri, geldirik. Bai, fakir bati dagokion lasaitasun hori txit eraginkorra izango zen. Baina gizonak bere masailekoak errepikatuko balitu, zer? Ni nolabait erreakzionatzera behartu arte errepikatuko balitu, zer? Hortaz, agian hitzez erantzun beharko nion belarrondokoari. Zerbait esan. Baina zer? Zerbait oso barregarria beharko zuen izan, pertsona uniformatu batentzako ofentsa ez izan arren, guztiek barre egin ziezaioten eta honela desohoreari itzuri nakion! Nondik atera behingoan hitz barregarri horiek? Sakon hausnartu eta erantzun egokia bilatu nuen masailekoarentzat. Eta horra non ikaraz nabaritu nuen izerdi patsetan nengoela eta, hau etsipena hau, hutsik neukala burmuina.
ANUNTZIATZAILEA |