1928-03-15
Takiji Kobayashi

euskaratzailea: Hiromi Yoshida
armiarma.eus, 2013

 

 

8. ATALA

 

         Poliziak astebetean langile mugimendu politikoaren inguruan zebilen oro ehizatu zuen eskubeteka, berdin zen langilea izan edo haiekin lotura zeukan intelligentsiako partaidea izan. Guztira berrehun pertsona atzeman zituzten, borda batean arkumeak bilduko balituzte bezala. Behin, mugimenduarekin zerikusik ez zuen anaia etorri zitzaion bisitan atxilotu bati, jateko eta janzteko zerbaiten ekartzeko, eta hura ere bertan atxilotu, kolpeka erabili eta giltzapean eduki zuten astebetez. Hori ordea beste ehun episodioren arteko bat baino ez zen izan.

         Galdeketei ekin zieten. Watari begitan hartuta zeukaten hasieratik, eta egun horretako komunisten aurkako operaziorik gabe ere, gizon hura astintzeko aitzakia handirik ez zuten behar, irrikan baitzeuden. Aspalditik zebiltzan elementu hura legezko alderdi hartatik eta mugimendu sindikaletik erauzteko abagunearen peskizan. Eta Watari, egoera horren aurrean lehoinabarra bezala zebilen, batetik bestera jauzi handiak eginez. Azkenean, ordea, harrapatzea lortu zutenez, pozarren jarri zen polizia eta honela zioten: “Hebain-hebain eginda, erdi hilik utziko haugu, zital hori!”

         Watarik, galdeketan, ez zien nahi zuten ezer esan.

         — Nahi duzuen bezala —ez zuen besterik esan.

         — Zer esan nahi duk horrekin? —inspektorea eta Tokkoko[9] poliziak euren onetik ateratzen hasiak ziren.

         — Zeuek pentsa, edozer gauza…

         — Torturatu egingo haugu.

         — Zer erremedio.

         — Martiri baten gisan jokatu nahi baduk, ederki damutuko zaik.

         — Begirik ez al daukazue aurpegian! Zer uste duzue, torturatzen banauzue eta hilzorian utzita ere, etsi egingo dudala? Ni ez naiz gero txarrean erraz domatzekoa; hainbeste ezagutu behar nindukezue honezkero!

         Poliziak asaldatuta zebiltzan. Watari borrokalari zaildua zenez, esaten ari zenari egia zantzua hartu zioten, eta hala izatekotan buruhaustea franko ekarriko zien. Zer dela eta buruhaustea franko? Gaitz guztien iturri zen buruzagi komunista deabru hari ezer ateratzen ez bazioten (buruzagia zen aldetik, ordea, heriotzaraino sakatzea ez zen komeni) euren lepoa egon zitekeen jokoan. Eta arazo guztien artean, kargua galtzeko arriskua zen arazoena.

         Watari goi-gorririk jarri zuten, eta ezer esan gabe, kendoko makilarekin bizkarrean kolpatu zuten bortizki. Indar guztiekin jotzen zuten bakoitzean, banbuzko ezpata, hots erlatsa ateraz, kakotu egiten zen. Watarik, gorputza erabat zurrunduz, min alarau artean jasan zituen kolpeak. Ordu erdi baten ondoren, zoru gainera erori zen sutan erretako txibia bezain zapal. Azken makilakada oso latza egin zitzaion, eta hanka eta beso gogortuak airean luzatu zituen edena jandako txakurra balitz bezala. Ondoren karranpatu eta konortea galdu zuen.

         Watari, estira handiak pairatua zenez, torturei eusteko eskarmentua hartua zeukan, besoak orratzez ziztatzeko edo goritutako kurrikak eskuz hartzeko teknikaz jantzitako zenbaitek bezala. “Torturatu egingo haugu!” esaten zioten bakoitzean, atezu jartzen zen, eta konturatu gabe horrek berak ematen zion oinaze haiei aurpegi emateko kemena, eta nahiz eta gogor zurriatu, oinaze haiek barrutik guztiz hautsi gabe jasateko gai zen.

         Polizia-etxe hartan, hirurehun edo laurehun urte lehenago Ishikawa Goemon eta Amanoya Rihee-k nozitu zituzten tortura lazgarrien kateak artean eten gabe jarraitzen zuen. Begi-bistako errealitatea zen. Dena den, Zigor Kodeko 135. artikuluak honela zioen: “Akusatuak adeitasunez eta gizalegez tratatu behar dira, eta eurentzat probetxugarri direnak adierazteko egokiera eman behar zaie.”

         Ur perrailkada bota ziotenean etorri zen bere onera. Poliziak orduan jostariago jokatzen hasi ziren.

         — Alferrik ari zarete! Ni torturatuta gosea pasatu besterik ez duzue egingo. Ez dut hitz egingo —zioen Watarik.

         — Guk dena zekiagu. Aitortzen baduk, zigor txikiagoa izango duk.

         — Dena baldin badakizue, gaitz erdi ezta? Nitaz ez kezkatu.

         — Watari, horrela ez diagu aurrera egingo.

         — Ba jai daukazue. Ohituta nago torturarekin.

         Atzean, beste hiruzpalau torturatzaile zeuden.

         — Alu hori! —horietako batek Watariren atzetik besoak luzatuz lepotik heldu eta estutzen hasi zitzaion—. Heu bakarrik nahikoa haiz Otaruko bazter guztiak nahasteko!

         Kordea galdu zuen berriro.

         Watariri, polizia-etxera eramaten zuten bakoitzean, barregura eragiten zion pentsamendu bat sortzen zitzaion: kaleko jendeak uste du torturatzaile hauek direla hiriko lasaitasuna, zoriontasuna eta zuzentasuna bermatzen duten “polizia jaun prestuak”, eta esker zorrez dagozkie…; izan ere “lilurakeria” zen heziketa burgesaren oinarria eta funtsa, eta trebetasun harrigarria zuen edozeini zuria beltza dela itsu-itsu sinestarazteko.

         — Aizak, ohituta egongo haiz oinazeak eramaten, baina jakizak behar baldin badugu, Tokiotik hi hiltzeko baimena ere eman digutela.

         — Ederki! Hiltzeko aukerak ez nau batere ikaratzen. Ni hil eta gero proletalgoaren mugimendua desagertuko balitz, orduan bai, orduan inportako litzaidake hiltzea, baina atzetik borrokalari ugari datorrenez, hiltzeko lotsarik ez dut.

         Ondoren, Watariri arropa erantzi eta zintzilik jarri zuten, oin-punten eta zoruaren artean hamar edo hamabost zentimetroko tartea utzirik.

         — Baduk garaia aitortzeko, aizak! —esan zion judoko hirugarren maila zuen polizia batek, Watariren oin-zola bere eskugainarekin indarrik gabe kolpatuz.

         — Ez da berehalakoan iritsiko nik aitortzeko ordua.

         — Tonto zikina! Orain pairamendu berria eragingo diat.

         — Zeuk nahi duzun bezala!

         — Ikusiko duk.

         Tortura joko berria ikaragarri mintsua zitzaion: tatamigileen orratz lodiaz ziztatzen zuten behin eta berriz. Ziztada bakoitzean tximistak joko balu bezala sentitzen zuen, eta gorputz osoa minaren gune zehatz horretan uzkurtuko balitzaio bezala. Zintzilik, gorputza bihurritu eta okertu egiten zuen, eta hortzak estututa garrasika hasi zen:

         — Hil nazazue! Hil nazazue! Hil nazazue!

         Eskuaz, edo kendoko ezpataz, edo burdinazko barraz, edo zigorraz jotzea baino askoz okerragoa zen hura.

         Torturatzen ari zirelarik, neurririk gabeko gorroto bat, kapitalistenganako gorroto itsua sortzen zitzaion sutsu. Iruditzen zitzaion tortura zela kapitalistek proletalgoari ezartzen zioten zapalketa eta esplotazioaren adierazgarri gorena. Watari inoiz bere “borrokarako grinaz” mesfidatzen eta zalantzan hasten bazen, orduan nola torturatu izan zuten ekartzen zuen gogora. Legez kanpo atxilotu, oinez ibiltzeko gauza ez izateraino hebaindu ondoren etxeratzen zen bakoitzean, barru-barruan goi-klaseetako jendearenganako gorroto “freskoa” oldarrean isurtzen zitzaiola sentitu ohi zuen. Watariren ustez, sentimendu hori ezin zuten garatu Marx eta Leninen teoriak ikasi eta gizartean “justizia” gauzatu nahian mugimenduan sartutako intelligentsiakoak eta ikasle jendeak. “Teoriatik ezin da sortu benetako gorrotoa, zorriak bezala!”. Watarik eta Ryukichik, gai honi buruz mila eztabaida izanak zituzten.

         Ziztada bakoitzarekin, bere gorputzak jauzi egiten zuen.

         — Arraioa! Sikiera kiriorik ez baneuka…!

         Hortzak estuturik, garunetako txokoren batean jakin zuen burua aurre aldera erori zitzaiola

         — Hau ez zaizue ahaztuko! —izan ziren bere azken hitzak.

         Watari hiru aldiz hil zen. Hirugarrenean, ordea, bere onera itzuli zen. Gorputza paper puska bezain ahul eta kordea hari mehe batetik zintzilik zeukala sentitu zuen. Behin tamaina horretara iritsita, hari bost gauza guztiak. Konortea keinuka bezala, noiz joango noiz etorriko zuela, horrek anestesiaren lana egiten zuen kolpea jasotzen zuen aldiro.

         Inspektoreak komunisten arteko harremanak azaltzen zituen Poliziaren txosten bat erakutsi zion.

         — Begira zenbat gauza dakigun —esan zuen Watari zer pentsatzen ari zen jakin nahian edo.

         — Izan ere, hain azkarrak zarete! —Watarik mozkortuta bezala esan zuen.

         — Aizu, ez zaigu komeni zuk horrela goraipatzea ere

         Poliziek ez zekiten beste zer oinaze modu baliatu. Azkenean, amorru ero batek hartuta zafratu zuten ordubete luzez, ahal zuten guztiarekin joz, baita zapaten metalezko zolarekin ere. Patata-zakua bezala erabili zuten Watariren gorputza. Ordurako “Oiwa”rena bezala zeukan aurpegia. Hiru orduko tortura etengabea bukatu ondoren, ziegan bota zuten txerri hil berria bezala.

         Hurrengo goizera arte uluka egon zuen, mugitu ezinik, etzanda.

         Watariren ondoren, Kudori deitu zioten. Nahikoa otzan jokatu zuen galdeketa saioan. Ez zuen gogor itxurarik egin. Bazekien bere burua kontrolatzen, egokiera bakoitzean komeni zena egiten.

         Kudo ere Watari bezala torturatu zuten gutxi gorabehera. Eramangaitzena egin zitzaiona oinutsik zutiaraztea eta atzetik orpoetan ostikoak ematea izan zen. Garunetaraino igo zitzaion oinazea. Gelan bueltaka ibiliz saiatu zen mina arintzen. Orkatiletatik behera, oinak gogortuta zeuzkan zurezkoak balitu bezala. Orpoetatik isuritako odol tantek zirkulua marraztu zuten gelan. Kudok garrasi zoli artean jauzi egiten zuen zaldi ihar baten antzo. Azkenean abailduta eseri egin zen zoru gainean.

         Ondoren, eskuak gora begira mahai gainean jarri, eta arkatzarekin ziztatu zuten indartsu. Gero, askotan egiten zuten bezala, hatzen tartean arkatzak ipini eta estutu egin zizkioten. Gisa horretan etengabe jardunda, nekearen eta oinaze latzaren poderioz, atxilotuei kirioak urratzea lortzen zuten, eta ondorioz puska baterako sorgortu antzean gelditzen ziren. Malguki hondatu bat bezala laga ondoren, etsipenak eta axola-ezak habia egiten zuten torturatuaren baitan. Huraxe izaten zen poliziek eramaten zituzten unea, beraiei komeni zitzaiena aitor zezaten.

         Suzumotoren galdeketa eta torturen txanda etorri zen gero. Neurri batean hari egindakoak aurrekoenak baino gogorragoak izan zirela esan zitekeen. Jo ez zuten jo, ezta ostikoka erabili ere, baina hura zortzi aldiz jarraian, zortzi bider ito zuten. Saioa hasi eta buka, mediku-polizia batek tarteka eskumuturretik heldu eta pultsua hartzen zion. Lepoa estutzen zioten, eta konortea galtzen zuen. Berehala susperrarazten zuten, eta minutu bateko tarterik gabe, atzera berriz lepoa estutu, atzera konortea galdu, berriro suspertu… Eta horrela zortzigarren aldira arte. Zortzigarrenean, mozkor-mozkor eginda balego bezala gelditu zen. Zeharo elbarriturik, ez zekien burua non zeukan ere. Inspektorea, Tokkoko poliziak, torturatzaileak, gela, tresnak… guztiak oraintxe suntsitu eta hurrena berriz agertu egiten zirela iruditzen zitzaion margo espresionista bateko moldez. Erdi esna eta erdi lo zegoela galderak egiten zizkioten, nagusi batek bera zen haurra sorbaldatik helduta astinduko balu bezala. Suzumotok arriskuan zegoela sentitu zuen. Ez baitzekien galdera bakoitzari zer erantzuten ari zen.

         Sata zeukaten ziegan, hainbat arrazoi tarteko atxilotutako beste lauzpabost zeuden. Kuarteleko mutur batean zegoen, eta korridorearen beste aldean zegoen galdeketa gela.

         Atxilotu eta polizia-etxera ekarri zutenean, bere buruari esan zion: “Misio historiko, handi bat aurrera eramateko ardura geure gain hartu dugulako tratatzen gaituzte hain gaizki”. Behin eta berriz errepikatu zuen lelo hori bere burua konbentzitu nahian. Ustelak gertatu zitzaizkion, baina, ahaleginak oro, sakon-sakonean lur jota baitzegoen gizona. Ziegan sartu bezain pronto dena beltz bihurtu zitzaion, ordura arteko bere bizitza arrunta betiko galdu zuelakoa eginda. Ziztu batean erremediorik gabe amildegirantz doan autoa kontrolatu ezinik, eskuez aurpegia estaltzen duen gidaria bezala ikusten zuen bere burua. Halako etsipen batean gutxi zezaketen Marxek eta Leninek. “Akabo, nireak egin du…”. Etsiak algak bezala estali zion gorputz guztia koska asko osatuz.

         Hori gutxi ez eta, bi eta hirugatik biderkatu zitzaizkion etsipena eta goibeldura zabortegia zirudien ziega hartan. Goizez, arratsaldez nahiz gauez, beti ilun eta heze zegoen; erdian bi tatami higatu zituen. Ematen zuen tatamiak azpikoz gora jarriz gero, harrak, zomorroak eta era guztietako sastar ustel, kirastuak azaldu behar zutela bata bestearen atzetik. Airea hilda zegoen, itogarria zen, eta komuneko sunda zen nagusi. Aire hura arnastuz gero, gorputz barrua kutsatuko ziola iruditu zitzaion; botagura emateko moduko hatsa zen hura, estolda bazterreko ur ustela bezalako airea.

         Bankuko bulegaria zenez, beste kideekin batera hartzen zuen parte mugimendu proletarioan, teoria iraultzaileei tinko eutsiz, baina erdi ezkutuan. Hala, ez zuen beti jokatzen bizitza-maila apalagoko burkideek bezala, izan ere bere inguruko egoera eta bizimodua eta haienak ezberdinak ziren. Baina horretaz ez zen konturatzen normalean, eta hori ez zuen eragozpen haien mugimenduan parte hartzeko, batez ere bera ere bertan buru-belarri murgilduta zebilenean. Estreinako eguna igaro orduko, ziegako airea gordinegia gertatu zitzaion haren gorputz finari. Sarri botalarria eragiten zion eta botatzen saiatu arren, ezin izaten zuen goitika egin. Etxean goizero joan ohi zen komunera, baina ziegan sartuz geroztik ez zen joaten. Jateko eskasak eta ariketa fisiko ezak berehala lehortu zuten. Laugarren eguneko goizean derrigortuta joan zen komunera. Eta ordu erdiko ahaleginen ondoren, sagu buztana bezalako hiru kaka-hari lehor besterik ez zituen egin.

         Ziegan, Sata besteengandik urruti, bakarrik egoten zen eserita, itsaso erdiko uharte txikia bailitz. Besteak, non eta ziegan, patxada ederrean elkarrekin kalakan jarduteko gai ziren, eta hori ulertzea kostatu egiten zitzaion Satari. Hala ere, egunak aurrera egin ahala, hitzik egin gabe eta geldirik egotea nekagarri egiten hasi zitzaion; eta zutitu eta itsumustuan ibiltzen hasi zen gelan. Halako batean zurezko paretaren kontra bermaturik, pentsakor geratu zen denbora luzean. Gogoan ama zuen, bera baino askoz tristeago egongo zelako ustean. Amak esaten zuen “bizitza xume, baina zoriontsua” izango zutela biek, baina nork eta Satak berak hautsi zuen aukera hura. Aurrerantzean kartzelaren eta borrokaren artean bizi beharko zuten betiko, batzuetan erortzeko zorian, besteetan balantzaka, goibeltasunean beti… Argi eta garbi ikusten zuen geroak gordea ziena. Azken beltzean mugimendu proletarioetan parte hartzea hanka-sartzea izan zela iruditu zitzaion. Eta urez asetako esponja bezala, sentimenduzko itsasoan itotzen ari zen.

         Hogeita hamar urtetan lapurretan aritu omen zen hirurogei urte inguruko, begirada zorrotzeko gizon batek hitz egin zion:

         — Gizajoa, hau ez duk hi bezalako batentzako lekua.

         Hitz horiekin hunkitu egin zen Sata, eta ozta-ozta eutsi zion negarrari. Hunkidura hori ezkutatu egin behar zuen, zeren eta, bere adiurreari amore eman izan balio, malkotan urtuko zen.

         Hala eta guztiz ere, bat-bateko ziztada gogor haietara pixkanaka ohituz joan zen Sata, eta astiro-astiro sentimentalismoaren erauntsitik ateratzen hasi zen. Sakrifiziorik egin gabe ezinezkoa zen helburua erdiestea. Bazen jende bat, hatz bat mugitu gabe, eta dena besteek egingo zutelakoan, iraultza osteko mundu batean imajinatzen zuena bere burua. Halakoentzat ziegako esperientzia eskarmentu ona da! Satak logikaz pentsatzea lortu zuen, eta lasaitasuna berreskuratu zuen. Mugimendu proletarioa ez zela ari bera bezalakoen alde, eta bertan muturra sartu ez balu, bizitza xume baina erosoa eraman zezakeelako burutazio burgesak noiznahi sortzen zitzaizkion. Langileak, aldiz, mugimendu horietan buru-belarri ari ziren, ez inoren alde, ordea, baizik eta beraien sufrimenduak arintze aldera. Satak eta beste hainbatek, berriz, “Guk beste langileentzat egiten dugu borroka, ez geure buruaren alde” pentsatzeko joera zeukaten, eta kontu egiten ez bazioten, pentsaera hura, katetik askatu nahi duen txakurra bezala, azalera ateratzen zitzaien. Hori arriskutsua zelakoan zegoen, eta une hartan arrisku horretan erortzeko zorian zegoela ikusirik, Sata txunditu egin zen bere itsuskeriagatik.

         Hala ere, Satak ez zuen lortu bere pentsamendua erabat eta oso-osoan finkatzea. Egunero, eta egunean behin baino gehiagotan, elkarren aurkako pentsamenduak jabetzen ziten txandaka Sataren gogoaz. Batekin malenkoniatsu jartzen zen bezala, jarriko zen bestearekin pozik. Beste egitekorik gabe, gela bakar batean denbora luzea pasa behar zuenez, zer pentsa egoten zen.

         Gau batez, gauerdi inguruan, Sata esnatu egin zen aldamenean etzanda zuen alproja gazteak gorputza astindu zionean.

         — Aizu, aizu… Entzuten al duzu? —esan zion isilkiro, ilunpetan.

         Satak hasieran ez zuen ulertzen zer esan nahi zuen.

         — Isilik egon hadi.

         Biek arnasari eutsi zioten. Gorputz osoa belarri bihurtuta bezala zeuden. Gau beranduan askotan gertatzen den moduan, belarrien sakonean zerbait entzun zuen. Apurka logura joan egin zitzaion Satari.

         — Entzuten duzu, ezta?

         Urrutitik, kendoko ezpaten tapatekoak entzuten ziren, arte martzial horretan ariko balira bezalakoa. Tarteka pertsonen ahotsa ere entzun zen, baina ez ulertzeko eran.

         — Hori… hori… hori… entzuten duzu, ezta? —esan zion gazteak.

         Hotsa gero eta argiago entzuten zen.

         — Zeren zarata da? —galdetu zion Satak.

         — Tortura.

         Bat-batean ahoko zuloan burdinazko barra sartu baliote bezala sentitu zen.

         — Entzun ondo. Hori, torturatuaren kirrinka da.

         Satak ez zuen ulertu zer oihukatzen ari zen torturatua, baina, ahots hura, behin entzunez gero, ahaztu ezinik bizitza osorako bere baitan gelditzeko moduko txilio oinazetsua zen. Satak zurtuta entzuten jarraitu zuen, eta dardarka hasi zen, gauez kanpai beldurgarria entzunez sute bat ikusten ari balitz bezala. Hortz-haginak karraska zituen. Konturatu gabe, esku batekin lastairaren ertz bat zeukan helduta indar guztiekin.

         — Bai, entzuten dut, “hil nazazue, hil nazazue” dioela ematen du.

         — Hiltzeko?

         — Bai, entzun ondo!

         Biek, berriz ere arnasari eutsirik, adi-adi jarri ziren. Garrasiek, urrutitik, biolinaren soinu zoliena bezain zorrotz eta mehe, tinpanoak zulatu zizkien biei. “Hil nazazue! Hil nazazue!”

         — Bai, dudarik gabe, horixe dio!

         Sata, belarriak eskuekin estalirik, izerdi usaina zerion lastaira zikinaren gainean ahuspez jarri zen. Hala ere, garrasiek belarri eta burmuinaren sakonenean oihartzuna egiten zuten. Laster isildu zen. Galdeketa-gelako atea zabaltzen zela entzun zen. Biek ziegako leihatilara gerturatuz aurpegia, korridorera begira egon ziren. Hanka bat arrastaka, oin-hots irregularrak, bi pertsona ikusi zituzten hurbiltzen. Argi lausopean, ez zuten bereizi nor ziren. Aiene txikiak eta barruko arnasa sakonak aditu ziren karrajuko isiltasunean. Ziega aurretik igarotzean, polizia batek esan zuen:

         — Egoskor samarra haiz horratik...

         Satak lorik egin gabe pasa zuen gaua, eta buruko minez jaiki zen.

         “Tortura” hitzaren inguruan pentsatze hutsarekin bizkarra karranpatu eta minberatu egiten zitzaion. Belaunak dardarka hasi zitzaizkion eta bertan eroriko zela pentsatu zuen. Ondoren, ahoko lehorra eta egarri handia sentitu zuen.

         Handik pare bat egunera zaintzako poliziak Sata esnatu zuen. “Nire txanda!” etorri zitzaion burura. Nola edo hala jaikitzera egin zuen, baina gorputzak, zuhaitz-gerria balitz bezala, ezin zuen mugitu. Poliziari zerbait esatera deliberatu zen, baina kokotsa behera joan zitzaion deblauki eta haur txiki baten pare “ahuha, ahuha, ahuha…” ahoskatzea besterik ez zuen lortu.

         — Zer gertatzen zaik? —galdetu zion ahotik ke-eraztunak botatzen ari zen poliziak, Sataren jokaera ulergaitza egiten zitzaiolarik.

         Ryukichi, eskolan lanean ari zela, hiru bider atxilotu zuten. Orduko galdeketak, ordea, beste gauza bat ziren. “Ergela” edo “kaiku alaena” bezalako hitzik ez zuten erabiltzen, eta errespetuz hitz egiten zioten. Gainera ematen zuen poliziak Ryukichigandik gauzak ikasteko gogoz zeudela. Baina, irakaskuntza utzi eta mugimendu proletarioan aurrean ibiltzen hasi zenean, poliziaren jokabidea arras aldatu zen. Hitz itsusiak eta begirunezkoak nahasten hasi ziren, eta batekoz bestera jokatzen hasi ziren. Hala ere, intelligentsiakoa zenez, Watari, Suzumoto eta Kudori baino askoz tratu hobea ematen zioten Ryukichiri. Irri herabea egin ohi zuen Ryukichik horren kontura.

         — Ogawa, Poliziak ondo astintzen zaituenean etorkizun handiko bihurtuko zarelakoan nago! —Watarik esan zuen noizbait, gauzak gordin esateko bere joera harekin.

         — Zu baino sentikorragoa naizenez, erdiak hartuta ere, erasana zurearen neurrikoa da.

         Ryukichik, ordura arte, zaplada batzuk besterik ez zituen jaso Poliziaren aldetik. Baina zegoeneko Watariri bezainbateko herra hartua zioten. Ryukichirentzat zartako bortitza izan zen aldaketa hura.

         Galdeketa-gelako sabaian txirrika bat zegoen jarrita, eta soka luze bat zintzilik. Ryukichiri orkatilak lotu zizkioten, eta buruz behera zintzilikatu zuten. Erortzen utzi eta buruarekin zorua joarazten zioten. Odola burura igo zitzaion ur jauzi bat bezala, eta buruan lehertu eta kanpora egin behar ziola sentitzen zuen. Burua eta aurpegia, suzko bola bat bihurtu zitzaizkion. Begiak, berriz, gorri-gorri eginda hanpatu egin zitzaizkion.

         — Lagundu! —garrasi egin zuen.

         Ondoren, ur irakinetan sartu zizkioten eskuak.

         Ryukichiren burkide batzuk polizien tortura ankerraren ondorioz hil izan ziren. Batzuk gertukoak ziren, eta beste batzuen berri egunkari eta aldizkarietatik izan zuen. Haien gorpu birrinduak itzultzen zirenean, poliziek beti esaten zuten “Bere burua hil du”. Gezur handia zen hura! Baina, non salatu behar zenuen? Auzitegian? Auzitegia ere, beste zerbaiten itxura eman arren, azken finean Poliziaren konplize da! Hori dela eta, polizia-etxean legez kanpoko tratua ematen bazieten ere, atxilotuek ezin zuten ezer egin.

         — Hau dugu orain protagonista —esan zuen torturatzaileak.

         Ryukichik zorabiaturik entzun zuen. Ondoren, gainean zeraman jantzia kendu eta hiru soka mehe elkarrekin bildutakoekin jo zuten. Gorputza konkortu zitzaion. Sokaren muturrak bularreko mamiak harrapatu eta oinaze lazgarria eragin zion. Barruko elastikoa txiki-txiki egin zitzaion. Gorputza erdi elbarri, polizia baten sorbaldan bermaturik nola edo hala eraman zuten korridorean zehar balantzaka. Tortura besteek esandakotik besterik ezagutzen ez zuenean, pentsatze soilarekin ikara eta laborria sentitu ohi zuen. Baina, orain, lehenengo aldiz torturatu ostean, oker zegoela ikasi zuen. Torturari aurrea emateko egokiera etorri zitzaionean, “erresistentzia” misteriotsu hori norbere gorputzean bizi zela jakin zuen. Indarkeria anker jasanezinaren aurrean, torturatuek hiltzeko eskatzen dute, baina egia esateko, torturatzen ari ziren bitartean ez zuen sentitzen ez ankertasunik eta ezta oinazerik ere. Bizi zuena “berealdiko”, bai, “berealdiko tentsioa” zen. “Gizakia ez da erraza hiltzen.” Hori egia borobila zen. Ryukichik hala pentsatu zuen arlote, alproja, eskale eta abarren ziegan sartu zutenean. “Sartu naute” pentsatzen ari zela, konortea galdu zuen.

         Hurrengo goizean, sukar handia izan zuen Ryukichik. Adineko polizia bat jarri zen zaintzan, eta bekokia hoztu zion esku-oihal bustiarekin. Bitartean, ametsetan bezala marmarka segitzen zuen. Egun baten buruan, sendatu zen Ryukichi.

         — Zure ametsetako hitzak... bai direla zerak… —esan zion arloteak.

         Ryukichik, izuak hartuta, eta arloteari bukatzen utzi gabe eztulka galdetu zion:

         — Baina zer? Zer? Zer esan dut? —ezen beldur zen ondoan zaintzako polizia zuela ez esan beharrekoren bat aipatu ote zuen. Libururen batean-edo, irakurrita zeukan atzerrian, nonbait, ametsetan hitz eragiteko likidoren bat txertatzen zietela atxilotuei, eta haiek konturatu gabe hitz egindakoak frogatzat hartzen zituztela gero. Amarru zantarra.

         — Esaten zenuen, “Ez naiz erraz hilko!” eta handik pixka batera berriz ere, “Ez naiz erraz hilko!”. Ez dakit zer esan nahi zenuen, baina hamaika bat aldiz esango zenuen gutxienez.

         Ryukichi, sorbaldekin indarra eginez arnasari eutsiz entzuten ari zen gizonaren erasia, baina lasaiturik, algaraka hasi zen ezustean. Segidan ordea, ai batean garrasi egiteari ekin zion barreak gorputz osoan oinazea eraginda.

         Gimnasioan esaten zuten Saito burutik nahastuta gelditu zela torturatu ondoren. Galdeketa egin ostean “beti moduan” torturatzen hasi zirenean, Saito bat-batean ai batean garrasi eginez zutitu, eta gelan eskuak, hankak eta gorputza astintzen zituela, “Uaaa! Uaaa! Uaaa!” oihukatuz korrika hasi zen. Poliziak, aho bete hortz, makila balira bezala geratu ziren mugitzeko ezgauza. Ohikoa ez zuten ikara sentitzen zuten. “Torturako ordua iritsi dela jakinda, odola burura igo zaio, eta erotu egin da” pentsatuz, inork ez zekien egin.

         — Gezurretan ari da. Ekin! —esan zuen inspektoreak hoztasunez, arkatz muturrarekin paper gaina kolpatuz. Poliziek, antzerkiko soldadu traketsak balira bezala, txahal txoroaren pare jauzi bortitzak egiten ari zen Saito inguratu zuten. Jo egin zuten. Lehen kolpeen ondoren, ordea, poliziek betiko “torturarako kontzientzia” berreskuratu zuten. Batek aurpegian ederra erantsi zion kendoko banbuzko makilaz. Odol zipriztinak hedatu ziren airean “oparo”, su festa legez. Arroparen aurrealdea gorriz tindatu zitzaion. Saitok, “Uaaaa! Uaaa!” garrasi eginez —aiene haiek etsipenera makurtuak ziren ordurako—, jauzika jarraitu zuen. Aurpegia goitik behera odoleztatuta zeukan, odolez betetako baineran sartu-atera balute bezala.

         — Horrela ezin da jarraitu —esan zuen inspektoreak—. Utzi! Utzi! Hurrengorako utziko dugu.

         Eta odoleztatutako arropa kendu zion polizia batek, torturaren frogarik gera ez zedin.

         Geroztik Saitok hamar bat egun igaro zituen galdeketarik gabe. Gimnasioan hiru egun egin ondoren, ziega batera eraman zuten. Torturatu ondoren, hala ere, lehen baino askoz kementsuago ageri zen. Ez ordea era naturalean, baizik eta modu behartu eta artifizial samar batean. Baten batek zerbait esaten zionean, askotan burua beste nonbait izaten zuen, eta isilik egoten zen bakanetan bere buruarekin marmarrean jarduten zuen.

         Langile asko eta asko ekartzen zituzten, jario etengabean, laneko arropaz jantzita. Egunero, hamar egunean jarraian, hogei egunean jarraian, sarekadak izan ziren. Jai zeukaten polizia guztiak, salbuespenik gabe, lanera deitzen zituzten eguneko yen erdi baten truke. Goizetik hasi eta gauera bitartean, batetik bestera eten beharrean ari behar izaten zuten lanean, leher egin arte. Hain ziren neke, zaintza egokitzen zitzaienean loak hartzen zituela. Eta zeini, eta beraiek atxilotu zituztenei kontatzen zieten gero hain juxtu ere, zein bizimodu neketsu eta gogorra zeramaten! Polizien kexuak entzun beharra zeharo bitxia gertatzen zitzaien atxilotuei, izan ere polizia haiexek ziren euren torturatzaileak, eta oso ondo zekiten zenbateraino ziren erreakzionarioak.

         — Bai, egia da, poliziak ere langile jendea dira! Kontua da, begiak kartolekin ixten dizkietela nolabait, eta hori gutxi ez eta metodo hipnotikoekin engainatuta dauzkate. Baina zer egin beraiekin? Nork demontre kendu behar die estalkia begietatik, eta efektu hipnotiko hori desegin? Ondo pentsatuta, sakon-sakonean polizia hauek ez dira izatez gure etsaiak izango, beharbada! —bai Ryukichik eta bai beste guztiek berdintsu pentsatzen zuten gai horri buruz.

         Azkenean, atxilotuak poliziekin kupitzen hasi ziren hain lan gogorretara jartzen zituztelako. Inongo lantegitan beharginei horren baldintza eskasak ezartzen zizkietenik ez zuten ikusi ordura arte.

         — Epaia edozein izanda ere, guri bost. Honekin bukatzea da kontua. Lehenbailehen bukatu nahi dugu —esan zion Ryukichiri buruan ile gutxiko poliziak, aurpegi zurbilean egunetako bizarra nabari zitzaiola—. Aizu, hogei egun honetan ez ditut umeak ikusi, hogei egun!, erraz esaten da!

         — Ba benetan sentitzen dut.

         — Jai egunetan lanera joaten banaiz… ez, lanera eramaten banaute, yen erdia ordaintzen didate. Baina diru hori bazkaria eta afariarekin xahutzen dut, horrek esan nahi du azken finean musutruk egiten dugula lana. Diru horrek ez du ematen hiru otordu ordaintzeko. Hori iseka egitea da!

         — Aizu, Mitobe jauna, ez dakit ondo dagoen zuri hau esatea, baina gu egiten ari garena, gure borroka azken batean horretantxe oinarritzen da.

         — Bai, bai, badakit —Mitobe apal-apal hasi zitzaion hizketan bat-batean—. Egia esan, guk ere badakigu zuen mugimendua zertan den, zeren atzetik dabilen, baina…

         — “Baina” hori dago soberan, ordea… —esan zuen Ryukichik irribarrez.

         — Bai —polizia pentsakor jarri zen— …Itxura batera dirudiena baino bizimodu gogorragoa daramagu. Zu irakaslea izandakoa zarenez, isilpean esango dizut —Ryukichik irribarre makurra eginez baietz egin zuen buruarekin—. Atzo, nekearen nekez, logurak erreta zoru gainera erortzeko zorian nengoen eta lo gelditu nintzen zaintza orduan. Eta, zer eta lasai ederrean lo gozotan nintzela, hor dator berriz ere sarekadara joateko agindua. Neure onetik atera nintzen. Hala ere, gogoz kontra bada ere, lau joan ginen. Eta bidean, hasi ginen esaten, “zergatik ez dugu greba egiten?”

         — Bai, horixe! Ederra kontua, polizien greba! —irri-irudia marraztu zen ia Ryukichiren ezpainetan, baina poliziaren aurpegi serioa ikusita, barreari eutsi zion.

         — Greba egitea nahi badugu, horretan adituak diren “maisu” asko dauzkagunez hemen, zuengandik ikas dezakegu. Gainera, sarekada hau Japonia osoan egin denez, leku guztietako poliziak gabiltza ito beharrean, eta erabakitako greba egiten badugu, seguru gaude ondo aterako zaigula.

         Ryukichiri zeharo gustagarria gertatu zitzaion poliziaren kontakizuna.

         — Batek esaten zuen bere nahi bakarra dela, gure nagusia hartu eta makilarekin egurtu ondoren, luze-luze etzan eta gau batez, gau bakar batekin aski zuen, lo lasai egitea. Beste batek zioen gure nagusia pozarren dabilela, zergatik eta sarekada honen ordainetan hiriko lur-jabeek eta aberatsek eskupekoa franko emango diotelako…

         Ryukichi gorputz eta arima ari zitzaion entzuten.

         — Bero-bero jardun genuen. Denok genioen nazka-nazka eginda gaudela. Propio ibili ginen makal, eta bidean hitz egiteko atseden hartuko genuela ados jarririk, barrutiko polizia postu batean geratu eta han hitz-aspertu bat egin genuen.

         — Eta gero?

         — Besterik ez.

         — ………………………….

         — Hau gure artean esango dizut: polizia guztiok berdin pentsatzen dugu. Baina, poliziak garenez, eta polizia lanetan aspalditik gabiltzanez, arima zeharo kutsatuta daukagu, eta ikaragarri kostatzen zaigu barruko zorne hori garbitzea.

         Ryukichik burua zeharo berotuta zuen. “Hau oso garrantzitsua da” pentsatu zuen. Mitoberi begira zegoen, estreinakoz orduantxe ikusiko balu bezala. Mandarina-kaxa baten gainean eserita zegoen, korridore aldera jarrita. Sorbalda sendo eta zabalak zeuzkan, eta aurre aldera makurtu samartua zegoela ikustean, Ryukichik begikotasuna sentitu zuen harengana, eskueran besarkatzeko moduan zeukala iritzirik. Arropa zaharren sorbalda parean buruko zahiaren edo hautsaren arrastoak ikus zitezkeen zuri, eta Ryukichik eskua bertan pausatu eta “Aizu” esateko puntuan egon zen, bihotza alai eta pozik.

 

 

[9] Tokko (Tokubetsu Kootoo Keisatzu) 1911n Japoniako Inperioak ezarri zuen polizia politikoa.

 

 

1928-03-15
Takiji Kobayashi

euskaratzailea: Hiromi Yoshida
armiarma.eus, 2013